Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

gutizioso

adj. Gutiziatsua.

gutti zenbtz. [Oharra: Euskaltzaindiak, gutti-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. gutxi].

gutun

iz. Eskutitza. Gomendiozko gutuna. Gasteizko Gotzainaren artzain gutuna. J. P. Ulibarriren gutun liburua.

gutun azal, gutun-azal Eskutitzei jartzen zaien estalkia. Gutun-azaletako zigiluak. Gutun-azalean amonaren izena irakurri nuen.

gutuneria

iz. Gutunak, gutun multzoa. Ik. korrespondentzia 2. Txostenak eta gutuneria.

gutunontzi

iz. Postontzia (adiera guztietan). Oharra gutun-azal batean sartu, eta kale kantoiko gutunontzira jaitsi nintzen. Badaezpada ere eskailerapean zeuden gutunontzietako izen-abizenak begiratu nituen.

gutxi

1 zenbtz. Kopuru txiki zehaztugabea adierazten duen hitza. (Izen sintagmaren eskuinean doa eta mugagabean erabiltzen da; dagokion izena zenbakarria denean, aditzarekiko komunztadura singularrean nahiz pluralean egin daiteke). Anton. asko; anitz. Liburu gutxi erosi genituen. Duela urte gutxi gertatua. Egun gutxi barru. Ogi gutxi jaten du. Lotsa gutxi dute. Eskola gutxi ikasia. Egur gutxi den tokietan. Janari gutxi da hori lau lagunentzat. Euskaldun gutxi da horren berri ez dakiena. Berri on gutxi. Buruhausterik asko eta nahigabe ez gutxi. Zabaldu omen dira munduan ohitura gaizto ez gutxi. Edale on gutxi langile on. Oso gauza gutxi. Mihi gutxik dute hain dohain ederra. Sineste gutxiko gizona. Indar gutxirekin. Aste gutxiren buruan. Hitz gutxitan esateko. Denbora gutxian. Bertute hori gauza gutxitzat daukate. Denbora gutxiz egiten du anitz. || Eta sudurrak ere ez zion arazo gutxi-gutxi ematen.

2 (Izenordain gisa). Horrelakorik gutxi ageri da gure artean. Anitz dira deituak, baina gutxi hautatuak. Benetako nekazariak gutxi dira han. Esnea ere gutxi izaten zen. Ez da gutxi. Giza eredu jatorra dugu, gutxi bezalakoa. Gutxik ezagutzen duten hizkuntza. Gutxiri gustatzen zaiona. Gutxiren gose dena gutxik asetzen omen du.

3 (Adizlagun gisa). Gutxi edaten du. Gutxi landutako idazlana. Gutxi balio duten liburuak. Gutxi axola dio. Haietako askok pairatu beharko dute ez gutxi. Oso gutxi daki horretaz. Hain gutxi maite badugu. Ahal bezain gutxi.

4 (Orduak adierazteko). Hamarrak hamar gutxi. Hamarrak hamar gutxitan. Hamarrak hamar gutxiago. Hamarrak hamar gutxiagotan.

5 (Izen gisa). Ikaskizun gutxi utzi digute aurrekoek, eta utzi diguten gutxia ere aise zuzen dezakegu. Gutxi baduzu, eman ezazu gutxi hartatik zerbait.

6 (Izenondo gisa). Jateko laburra eta lo gutxia. Zuen sineste gutxiagatik.

den gutxiena (ere) 1 (Adizlagun gisa). Ezertxo ere. (Baiezko ez diren esaldietan erabiltzen da). Ik. den mendrena. Ez dut adierazi nahi, inolaz ere, bere eginkizun nagusiaz den gutxiena ere ahaztu zenik.

2 (Izenordain gisa). Oi, egiazko karitatetik den gutxiena bagenu!

den gutxieneko adj. Gutxienekoa. Den gutxieneko itzalik gabe.

den gutxienik (ere) Den gutxiena. Plaza aldera den gutxienik ez hurbiltzea.

ez gehiago (eta) ez gutxiago adb. (Indargarri gisa, aurretik esan dena azpimarratzeko erabiltzen da). Kalizan dagoen guztia, ez gehiago ez gutxiago. Nik oraindik ez diat mila pezeta baino gehiago pagatu lepazuri larrurik, eta hau ere horixe ordainduko diat, ez gehiago eta ez gutxiago.

ezta gutxiago(rik) ere Ezeztapen bat indartzeko erabiltzen den esapidea. Ez naiz asmatzen ari, ezta gutxiago ere. Ez ginen horrezaz bakarrik mintzatu, ezta gutxiagorik ere. Larramendiren garbitasuna ez zela, ezta gutxiagorik ere, beste geroagoko batzuen mailara heldu.

guti bada guti Ipar. Gutxi bada ere. Guti bada guti, emendatuz doazela. Afganistanen badira, guti bada guti, musulmanak ez diren batzuk.

gutxiago 1 Errazago eta neke gutxiagorekin. Hitz gutxiagotan esateko. Gutxiagok uler dezaten. Orain gutxiago idazten du. Ez dik gutxiagoan emango. Gutxiagotan entzun ditugu horrelakoak. Ez zuen gutxiagorik merezi. Arta gutxiagoz antolatuak. Askoz gutxiago. Amore eman beharrean aurkituko gara guztiok, zeinek gehiago, zeinek gutxiago. Zuk baino diru gutxiago dut.

2 (Ezezko esaldietan, izenondoaren ezkerrean). Beste bat, ez gutxiago ederra.

gutxiago edo gehiago adb. Ik. gutxi-asko. Gutxiago edo gehiago, denek zuten zer egin. Hala eta guztiz ere, gutxiago edo gehiago, bikote egonkorrak osatzen ditugu.

gutxiago izan Maila apalagokoa izan. Ik. gehiago izan. Bere idazlanak beti izan dira zorrotz eta trinkoak, eta oraingoa ez da gutxiago. Eurek etxean jokatuko dutela, alde horixe ikusten dut nik, baina kirol arloan ez gara gutxiago.

gutxiagoko adj. Gehiagoko edo gutxiagoko neurrian. Berori oso-oso erotzat daukala kaleko jendeak eta ni ez gutxiagoko inozotzat. Bera baino gutxiagokoa izateagatik jaiotzez. || (Izen baten eskuinean). Estatua baino bihotz gutxiagoko ugazabarik ez dagoela. Hau barexeagoa da bestea baino, zalaparta gutxiagokoa.

gutxiagorako ez izan (Singularreko 3. pertsonan, aipaturiko jokaera (poza, beldurra, haserrea...) ulergarria eta egoerari dagokiona dela adierazteko). Pozez zoratzen nago, eta ez da gutxiagorako, munduko txapelketa batean parte hartzea itzela delako. Zeharo ikaratuta zeuden; eta, egia esan, ez zen gutxiagorako: ikusi egin behar ziren aurpegi gorrotozko haiek.

gutxi-asko 1 adb. g.er. Gutxi gorabehera; gutxiago edo gehiago. Asmatuko nuke, gutxi-asko, zertaz ari diren. Begiak etengabe ari zaizkigu gutxi-asko mugitzen.

2 (Izenondo baten ezkerrean). Grina gutxi-asko tristeak. Argitasunaren edo koloreen aldakuntza gutxi-asko jarraituak.

gutxi bat 1 Pixka bat, apur bat. Eman ur gutxi bat edatera. Orain gutxi bat jasatea, gero guztia baino, ez ote da hobe?

2 (Denborari dagokiola). Entzun nazazu gutxi bat arreta handiarekin. (Denbora) gutxi batean horri buruz pentsatzen.

gutxi batzuk Heg. Batzuk, bakar batzuk. Ik. bakarren batzuk. Lagun on asko ez dago gaizki; adiskide gutxi batzuk askoz hobe. Gutxi batzuei mesede eta gehienei kalte egin ohi dien legea.

gutxi edo asko adb. Gutxiago edo gehiago. Ik. gutxi-asko. Denok dugu, gutxi edo asko, Mendebalde Urrun hartako euskal artzainaren berri. Errimak beti lotu egiten du, gutxi edo asko, neurtizgilea. || Gure iritziak denborak gutxi edo gehiago aldatzen baditu ere.

gutxiegi 1 Anton. gehiegi. Xehetasun gutxiegi dugu hartaz. Gehiegi ikasten duk, ala gutxiegi jaten?

2 iz. Ikasketetan, azterketa edo proba gainditu ez dela adierazten duen kalifikazioa. Matematikan gutxiegi atera duen lehen aldia da.

gutxiegiz adb. Normaltzat jotzen denera ez iristeagatik. Kosta egiten da esatea, baina hobe da gehiegiz bekatu egin gutxiegiz baino.

gutxien 1 adb. (-a artikuluarekin, edo maizago, artikulurik gabe). Dagokion aditzak adierazten duena mailarik txikienean. Orixe gramatikaria da gutxien asetzen nauena. Euskaraz ahal duten gutxien aritzen dira. Ahalik eta gutxien hitz egitea. Jokorik hoberena, gutxien dirauena. Gutxiena uste duenean.

2 zenbtz. (Izen sintagma baten eskuinean, kasu atzizkirik gabe, singularrean, -a artikuluarekin edo gabe). Zerbaiten kopuru txikiena. Huts gutxien egiten duenari. Ahalik eta denborarik gutxiena hartzen zuelarik. Usterik gutxiena zuten lekura eraman zituzten. || Bat nentorren Txillardegirekin, baina hori zen gutxiena.

gutxienean adb. Gutxienez. Urtean behin gutxienean aitortzea.

gutxieneko 1 adj./iz. Izan daitekeen gradu, kopuru edo balio txikiena duena edo iritsi duena. Gutxieneko ahaleginari gehieneko etekina atera. Bi urte markatu behar genituzke gutxieneko kontuan: 1848 eta 1870. Bada gehieneko eta gutxieneko bat. || Ez dakigu denak bat diren edo beren artean bereiz daitezkeen, baina hori da gutxienekoa: hori da gutxien axola duena.

2 adb. Gutxienez.

gutxienez (ere) adb. Behetik jota. Ik. behintzat. Duela ehun urte gutxienez. Argitasunak eta erraztasunak balio dute, gutxienez, laburtasunak adina.

gutxien-gutxienez adb. gutxienez-en indargarria. Baina, gutxien-gutxienez, eta gustatu ez arren, mirespen apur bat zor diogu.

gutxienik 1 adb. Gutxien. Gutxienik uste zuen lekuan. Ahalik eta gutxienik higitu.

2 adb. Gutxienez. Gutxienik, indarrean diren legeak bete ditzatela.

gutxi gorabehera Egiatik aski hurbil dagoen esaldi bati ezartzen zaion adizlaguna. Hogeiren bat, gutxi gorabehera. Bi litro, gutxi gorabehera. Denak, gutxi gorabehera, berdin samarrak. Hau esan zuen, gutxi gorabehera. Bazekiten, gutxi gorabehera, zertaz ari zen.

gutxi gorabeherako adj. Ezkontzaren betikotasuna ez da gutxi gorabeherako gauza, hil edo biziko baldintza baizik.

gutxik egin (du, zuen aditz laguntzaileekin, ezezko esaldi bat ondoren duela, ia-ia-ren baliokide den esapidean). Gutxik egin du hil ez nauenean. Gutxik egin zuen, nihaur ere ez bainintzen negarrez hasi.

gutxitan adb. (Denbora adieraziz). Gutxitan gertatzen den gauza. Gutxitan joaten da zinemara.

gutxiagotasun

iz. g.er. Gutxiago denaren nolakotasuna. Hori emakumearen gutxiagotasuna frogatzeko erabili izan da. Izan ere, inolako gutxiagotasun usterik izateko batere motiborik ez nik.

gutxiagotu, gutxiago/gutxiagotu, gutxiagotzen

du/da ad. Gutxitu, areago gutxitu. Beldurra gutxiagotzen zihoakion eran. Eskariari eusteak ezin izan zuen langabezia gutxiagotu. Inguruetako gaztetxoak gutxiagotzen ari zirela.

gutxiarazi, gutxiaraz, gutxiarazten

du ad. Gutxitzera behartu. Deusek ere ezin gutxiaraziko duen maitasuna.

gutxiegitasun

iz. Gutxiegi izateko nolakotasuna. Ik. urritasun. Giza arrazoimenaren gutxiegitasuna.

gutxiena

Ik. gutxien.

gutxiengo

iz. Gehiengoa osatzen ez duen taldea edo alderdia. Gutxiengoen ordezkaritza. Gutxiengoaren iritzia. Biztanleriaren gutxiengo txiki bat.

gutxiesgarri

1 adj. Gutxiesten duena. "Minimalismoa" ez omen zuen gogoko, eta hitza bera ere gutxiesgarria iruditzen zitzaion. Imintzio gutxiesgarri bat egin zuen.

2 adj. Gutxiestea merezi duena. Ik. arbuiagarri; baztergarri. Bozketan parte hartzeko eskubidea dugun euskaldunen kopurua ez da, ez, batere gutxiesgarria.

gutxiespen

iz. Gutxiestea. Gutxiespena mirespen bihurtuko balitz ere.

gutxietsi, gutxiets, gutxiesten

du ad. Gutxitzat hartu edo eduki. Ik. mespretxatu. Euskaldun nekazaleak ez du zeren bere burua gutxietsi. Gutxietsi nauelako. Eskolatuek gutxietsi duten hizkuntza.

gutxika

adb. Apurka, pixkanaka. Burua gutxika goitituz.

gutxika-gutxika Gutxika. Gutxika-gutxika urrutira joan daiteke.

gutxinaka

adb. Gutxika, apurka. Ik. pixkanaka. Presidenteak soldaduen kopurua gutxinaka murrizteko asmoa agertu du behin baino gehiagotan.

gutxitasun

iz. g.er. Urritasuna.

gutxitu, gutxi/gutxitu, gutxitzen

1 da/du ad. Zerbaiti bere gisakotik edo motakotik zati bat kendu, zerbaiten kopurua txikiago bihurtu. Ik. txikitu; urritu. Anton. gehitu; handitu1 1; hazi1 7. Galerak eta zorrak gutxitu. Arrantzaleak gehitzen, arraina gutxitzen. Haien nekeak gutxitzeko. Gutizia gutxituz zihoakion. Haizea gutxitzen bada. Loa eta jana gutxituaz. Sua egurren edekitzeaz gutxitzen eta txikitzen da. Gure iritzien desberdintasuna gutxitu egin du denborak. Bide horretatik ez da anarkia gutxitzen, areagotzen baizik.

2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Frantzia berriz ere hizkuntza gutxituen ofizialtasunaren aurka agertu da.

gutxitxo

zenbtz./adb. Adkor. Gutxi; aukeran gutxi. Ik. gutixko. Gauean lo gutxitxo egina nengoen. Laugarren izatea gutxitxo iruditzen zaie. Itxaron gutxitxo bat.

gutxitze

iz. Zerbaiti bere gisakotik edo motakotik zati bat kentzea, zerbaiten kopurua txikiago bihurtzea. Norberaren askatasunaren gutxitze bat. Lan gutxitze horrek ez ninduen kezkatzen.

gutxixeago

Zerbait gutxiago. Urte gutxixeago zituenean. Egunetik egunera gutxixeago ematen zion. Pezetak baino gutxixeago balio duen dirua.

gutxixko zenbtz. [Oharra: Euskaltzaindiak, gutxixko-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. gutixko; gutxitxo].

gutxiz gehien

adb. [Oharra: Euskaltzaindiak, gutxiz gehien-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. gutiz gehien].

guyanar

1 adj. Guyanakoa, Guyanari dagokiona. Guyanar agintariak.

2 iz. Guyanako herritarra.

guzi

zenbtz. Guztia.

guzti

1 zenbtz. Osoa. Egun guztia igaro dut burutik ezin kenduz atzoko gertakizuna. Frantzia guztiaren jabea. Gau guztian. Liburu guztia irakurri zuen. Familiaren diru guzti-guztia xahutu zuen. Pitxerreko ur guztia. Biltegiko ardo zuri guztia. Lortu zuen zur guztia erabili zuen. Nire ahal guztiaz. Urte guztiko meza-bezperak. Beste guztiarekin. Euskal Herri guztikoa. || (Denbora adierazten duen izen baten eskuinean, egon, ibili eta kideko aditzekin). Urte guztian egotea jai eta dantzetara joan gabe. Egun guztian hara eta hona ibili ginen. Egon zen gau guztia otoitzean.

2 zenbtz. (Izenordain gisa, mugatua). Ik. dena; oro 4. Guztia daki. Ez du erdia nahi, guztia baizik. Guztirako Jaunarengana jo behar dugu. Bere maisuari guztian obeditzen zion. || Gainerako guztia. Aitak agindutako guztia. Egin dugun guztiaren berri daki.

3 zenbtz. (Artikulu mugatzaile pluralarekin, izen sintagma bati dagokiola). Multzo osoa, inongo salbuespenik gabe. Gauza guztiak. Haren ardi guztiak zuriak ziren. Han izan ziren euskaldun guztiek ikusi zuten. Munduko hizkuntza guztietan. Lurralde guztietako ordezkariak. Alde guztietatik. Sasi guztien gainetik. Beste guztientzat. Herri guzti-guztietan. || Adamen seme guztiok.

4 zenbtz. (Izena ezabaturik). Ik. dena. Ez dute guztiek lortzen maila hau. Oso trikitizalea naiz, baina, guztien gainetik, Kepa Junkera eta Joseba Tapia dira niretzat nagusiak (Ik. guztien gainetik). Guztietan lehena da Santxo Azkarra. || Gainerako guztiak. Ikusi zituen guztiei esan zien. || Guztiok dakigunez. Guztioi dihoakigun auzi larri honetan.

5 zenbtz. (Dagokion izen sintagmaren mugatzailea erakusle bat dela; guzti-k erakusle bera har dezake artikuluaren ordez, eta erakusleak kasu markaren bat daramanean, guzti-k atzizki bera hartzen du). Beretua zutela mundu hau guztia. Bide hartan guztian. Aurrerapen galant horiek guztiek ez dute asko balio. Gizon haiei guztiei. Hau guztia. Hau guztiau. Hori guztia. Hori guztiori. Horiekin guztiekin. || Hauek guztiok. Horien guztion ama.

6 zenbtz. (Gu eta zuek izenordainekin). Gu guztion ama. Zuek guztiok. Bakea dela zuekin guztiokin. Gu guztiak errebelatuak ginen.

eta guzti 1 (Mugatzailerik ez duen izen sintagma baten eskuinean). Aipatzen denarekin batera, aipatzen denaz horniturik. Jantzi eta guzti sartu zen ibaian. Ez dugu guk hizkuntza hori, euskalki eta guzti, asmatu. Han agertu ziren beren akuilu eta guzti.

2 (Izen sintagma mugatu baten eskuinean). Ik. ere 1. Sari nazionalak eta guzti irabazi ditu: sari nazionalak ere irabazi ditu. Batzordea eta guzti osatu dute horretarako. || (Bestelako sintagma baten eskuinean). Pozik eta guzti dagoela ematen du. Gero gainera, ordaindu eta guzti egiten dizute.

3 (Izen sintagma mugatu baten edo mugatzailerik ez duen baten eskuinean, bakarrik nahiz ere eskuinean duela, aurkaritza balioaz). Ik. nahiz eta; arren. Eta hura, bere herren eta guzti, beti aurrera. Hau eta guzti ere, maite nuen.

guztiagatik ere lok. Guztiarekin ere. Guztiagatik ere, hori anitzetan gertatzen da.

guztian (Erlatibozko esaldi baten eskuinean). Aldi guztietan. Behar duen guztian eskatzeko. Gogoak ematen dion guztian egiten du.

guztiarekin ere lok. Dena dela, hala ere. Ik. guztiagatik ere. Kontu honetan ez dago lege gogorrik ezartzerik; guztiarekin ere hobe litzateke, dudakoetan, arauari eustea.

guztiaz ere lok. Zah. Guztiarekin ere. Guztiaz ere Israelen baziren arima onak.

guztien gainetik adb. Gauza guztien gainetik, batez ere. Ik. oroz gainetik. Guztien gainetik erregutzen dizuet, neure anaia maiteak, juramenturik batere ez dagizuela. Guztien gainetik, geure heriotzako orenean.

guztietan adb. (Erlatibozko perpaus baten eskuinean). Aldi guztietan. Ik. bakoitzean. Deus ikustekorik den guztietan sar-jalgi eginez. Txakur bati, gauza bat egiten duen guztietan bizkarra berotzen bazaio.

guztira adb. Osagai guztiak batuz edo zenbatuz. Hiru handi eta bost txiki; guztira zortzi. Badira hor, guztira, ehunka galdera. Guztira ehun mila libera.

guztiz 1 adb. Maila goran; oso neurri handian. Ik. erabat 1; zeharo 1; osoki 1; arras1; arrunt 5. Euskaldunen artean guztiz maitatua. Jainko guztiz ahaltsua. Guztiz ederki apainduak. Hor dago guztiz harritzen nauen kontua. Guztiz aldatu zuen bere bizitza.

2 adb. Ipar. Batez ere. Egunero, eta guztiz igandeetan. Guztiz, ezkondua bada.

guztiz ere adb. Batez ere. Gero, XIX. mendean guztiz ere, sortu ziren gorabehera eta tirabirak.

guztiahaldun

adj. Ahalguztiduna. Jainkoa zergatik da guztiahalduna? Jaunaren esku guztiahaldunak.

guztiahaltasun

iz. Erabateko ahala, ahalmen mugagabea. Ik. ahalguztiduntasun. Jaungoikoak ez du hori egin beharrik bere guztiahaltasuna erakusteko.

guztiro

adb. g.er. Guztiz. Haserre hori guztiro kentzeko.

guztitara

adb. [Oharra: Euskaltzaindiak, guztitara-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. guztira].

guztiz gehien [Oharra: Euskaltzaindiak, guztiz gehien esapideak euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, esapide hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. gutiz gehien].

guztizko

1 adj. Osoa, osotasunari dagokiona, erabatekoa. Haren guztizko handitasuna. Zuhurtzia guztizko bat agertzen zuen hitz egitean. Ez dela egiazko bakardaderik izan, guztizkoa behintzat.

2 iz. Osagai guztiak batuz edo zenbatuz ateratzen den kopuru edo zenbatekoa. Biztanleen guztizkoa. Gastuen guztizkoa.

guzur

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, guzur-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. gezur].

h

1 Ik. hatxe.

2 ordu-ren nazioarteko sinboloa.

ha1

adj./izord. Bizk. Hura. Inork ez zekien nongoa zen neskato ha. Ez da hau ha baino balio txikiagokoa.

ha2

hektarea-ren nazioarteko sinboloa.

haatik

lok. Halere, hala eta guztiz ere. Ik. alabaina. Idazlan gehienak erdarazkoak ditu; hiruzpalau, haatik, euskaraz. Ilunpe beltzen artean, haatik, agertu zitzaigun argia. Zigor horren kontra oldartzen da haren espiritua; haatik, begiak berehala altxatzen ditu zerura.

habaila

iz. Eskuaz birarazten den larruzko uhala, harriak jaurtitzeko arma gisa erabiltzen dena. Harri bat hartu eta ezarri zuen bere eskuko habailan. Habailaz bota, jaurti. Habailari eragin. Habaila-harria. Habaila-ukaldia.

habailari

iz. Habailaz armatutako gudaria. Habailariek eraso zioten.

habanar

1 adj. Habanakoa, Habanari dagokiona. Habanar kantariak.

2 iz. Habanako herritarra.

habanera

iz. Mus. Kuban sorturiko bi aldiko dantza, erritmo geldokoa dena; dantza horren musika eta kantua. Torreviejako habanera-lehiaketa.

habano

iz./adj. Zigarroez mintzatuz, Kuban egindakoa. Hitzeman behar didazu habano hau erreko duzula nire izenean. Habano bana piztu zuten. Zigarro habanoak.

habe1

1 iz. Eraik. Makurdurazko kargei eusteko gai den egitura-elementua, horizontala edo ia horizontala, eskuarki zurezkoa, altzairuzkoa edo hormigoizkoa, luzera beste bi dimentsioak baino askoz handiagoa duena. Teilatupeko habeetan. Etxeari habe berriak jarri. Zeharkako habe lodiari atxikitzen zaizkiola gapirio lerroak. Habe hauek solibei eusten diete.

2 iz. Harroina, zutoina; bereziki, teilatuaren edo haga baten euskarri dena. Ik. zutabe. Jesu Kristo habeari lotu eta zigortu zutenean. Jauregiaren horma nagusi eta habe handiak. Zeruak ez du habe beharrik. Habearen idulkia. || Irud. Haren zangoak suzko habeak bezalakoak ziren. Hodeizko habea.

3 iz. Euskarria. Egiaren habe eta sostengua. Izan zaitezen beti ene habe eta jabe sendoa.

habe harri, habe-harri Zutabea. Etxean habe harria bustita dagoenean, laster euria.

habe2

iz. Ipar. Ezpara. Ez dakit zer habek jo duen!

habearte

iz. Habe edo pilare lerroen arteko hutsunea. Hiru habearteko eliza. Habearte nagusiko aldarea.

habetu, habe/habetu, habetzen

du ad. g.er. Habeen bidez eutsi; finkatu, heldu. Borda hau habetzen ez bada, laster lurrean da. Ezin dut besoa jaso, bestearekin habetzen ez badut.

habetxo

1 iz. Habe txikia.

2 iz. g.er. Zuhaixka.

habia

1 iz. Hegaztiek arrautzak erruteko, txitatzeko eta umeak hazteko egiten duten babesgunea. Udaberrian habia bila joaten ginen. || Esr. zah.: Iazko habietan aurten txoririk ez. Edozein txoriri eder bere habia. Habia egin deneko, txoria hil.

2 iz. Hainbat animaliak arrautzak erruteko edo umeak hazteko egiten edo baliatzen duten babesgunea. Azeriak beren habia edo zuloetan zeuden. Suge askoren habia. Arratoi habia.

3 iz. Egoitza, babesgunea. Garai bat iristen da, gurasoen habia aski izaten ez dena. Maitasun habia epela. Fabrika hura komunista habia bat zen.

habia egin 1 Kukuak ez du habiarik egiten, besteren baten habietan erruten ditu arrautzak. || Irud. Zuen aitak herrian, hainbeste amesten zuen herrian, egin zuen bere habia.

2 Pentsamenduez eta sentimenduez mintzatuz, kokatu. Harrotasuna edonon bizi da, edozein tokitan egiten du bere habia kutuna.

habilitazio

iz. Gaikuntza.

habitat

iz. Animalia edo landare mota baten berezko eremua. Habitatak suntsitzea animalia eta landare espezie askoren desagerpena eragiten ari da.

haboro

1 zenbtz./adb. Zub. Gehiago. (Izen sintagma bati dagokionean, haren eskuinean edo ezkerrean joan daiteke; kasu atzizkiak hartzen baditu, mugagabean hartzen ditu; aditzarekiko komunztadura batez ere singularrean egiten da). Ez dio deusek irabazi haboro ematen laborariari aziendak baino. Anitz daki saguak, baina haboro katuak. Behin baino haborotan. Karakoil bat baino haboro ez zaituztegu estimatzen. Besteak baino haboro izateko gogoa.

2 adb. Zub. Hemendik aurrera. Haboro ene kontra ez haiz mintzatuko.

3 zenbtz. (Kasu atzizkiekin, pluralean). Zub. Gehienak. Hala ari diren gizon eta emazteak, edo oro, edo haboroak, salbatuak dira.

haborokin

1 iz. Soberakina.

2 iz. Ekon. Salgai edo diru haborokina. Ekoizpen haborokina. Haborokinak direla eta, 800 tona mertxika lurperatu ditu Nafarroak.

haboroxe

1 adb. Zub. Gehixeago. Besteak baino haboroxe den bati zor zaion errespetua.

2 zenbtz. Zub. Gehien. Bizitza haboroxea Bordelen iraganik. Iparraldeaz batere axolarik ez dutela Hegoaldeko abertzale haboroxeek. Geroztik pastoral haboroxeetan agertzen dira.

habuin

iz. Zah. Haguna. Ik. lerde; adur1.

hacker

1 iz. Inform. Baimenik gabe inoren sistema informatikoetan sartzen den pertsona, ezkutuko informazioa lortzea edo sistema horiek manipulatzea helburu duena. Hackerren eta birusen erasoen aurrean ahulen agertu den sistema Microsoften Windows izan da. Hacker batek Deustuko ikasle batzuen argazki pribatuak zabaldu ditu.

2 iz. Inform. Programatzaile edo teknikari trebea. Hacker zintzoen xedea sistema informatikoen ahuleziak gaiztoek baino lehenago aurkitzea da, segurtasun arazoak berandu baino lehen zuzendu ahal izateko. Norbaitek bilaketaren bat edo beste egin ote zuen aztertuz hasi zuen ikerketa Ertzaintzako hacker taldeak.

hadear

1 adj./iz. (Izena denean, H larriz). Geol. Kanbriarraurrea banatzen den eonez mintzatuz, duela 4.570 milioi urte ingurutik duela 3.800 milioi urte inguru arteko garaia hartzen duena.

2 adj. Geol. Hadearrekoa, Hadearrari dagokiona.

hadrianopolistar

1 adj. Hadrianopoliskoa, Hadrianopolisi dagokiona.

2 iz. Hadrianopolisko herritarra.

hafnio

iz. Kim. Metal harikor zilarkara, zirkonioaren antzeko ezaugarri kimikoak dituena, izadian harekin nahasi agertzen dena (Hf; zenbaki atomikoa, 72). Zirkonioa eta hafnioa izadian ia beti batera agertzen dira.

haga

1 iz. Pieza zuzena, luzea eta mehea, gehienetan zurezkoa, eskuz erabil daitekeena. Gaztaina-haga, intxaur haga: zuhaitzetatik gaztainak edo intxaurrak eraisteko erabiltzen dena. Labe haga. Arropak esekitzeko haga. Atea ixteko haga. Sukaldeko ketan, lukainkak hagan eskegi. Biharamunean Josuek bost errege haiek hilarazi eta ipini zituen bost hagatan zintzilik. Txalupa ibaian haga batez bultzatu. Haritz gazteak, denak adin berekoak, hagak bezain zuzen eta lerden.

2 iz. Masta. Ontzixka andana bat, dena haga eta bela. Frantziak, dolu seinaletzat, haga erdi jaisten du bere bandera.

3 iz. Habea, zurezko pieza lodia, bereziki teilatuari eusteko zutabeen gainean ezartzen dena. Ik. gapirio.

hagaka

adb. Haga-kolpeka. Ik. makilaka. Harrika edo hagaka norbaiti burua haustea.

hagatu, haga/hagatu, hagatzen

du ad. g.er. Hagaz jo.

hagaxka

iz. Haga txikia; bereziki, gauza edo tresna baten egitura edo armazoia eratzen duen haga mehe eta txikietako bakoitza. Abadiñoko lantegian malgukiak eta metalezko hagaxkak egiten dituzte. Palmondo berdea hagaxka bat bezain malgua da. Gerruntzearen hagaxkena izan da kirrinka hori?

hagin1

1 iz. Letaginen atzean dauden hortzetako bakoitza, janariak birrintzeko gai dena. Hortz-haginak. Hagin bat atera diote. Min duen haginera mihiak laster (esr. zah.).

2 iz. Bizk. Hortza. Berbak hagin artean nahasi gabe. || Esr. zah.: Haginak hurrago ahaideak baino. Ogi gogorrari hagin zorrotza.

3 iz. Artropodo batzuen, bereziki krustazeoen, gorputz adar atzitzailea, elkarrengana hurbiltzen diren bi atal zurrunek osatua dena. Ik. pintza 2.

haginak berdindu Heldutasuna iritsi, zentzua izatera heldu. Aspaldi berdindu zitzaizkidan niri haginak, gauza horiek sinesteko. Haginak berdinduta dauzkat.

haginak erakutsi Hortzak erakutsi. Haginak erakutsi behar dizkiogu etsaiari.

haginak estutu 1 Hortzak estutu. Haginak estutuaz ezpainetatik odola ateratzeraino.

2 (Eginahal guztian jardutearen edo haserreari edo amorruari eusteko ahaleginaren irudi gisa). Azken kilometroetan atzean geratzetik gertu egon zen, baina memento erabakigarrietan haginak estutu eta hainbestean amaitu zuen. "Ez duzu lotsarik" esan nion, haginak estututa.

hagine(ta)ko min Haginetako mina oso gauza txarra da.

hagin2

iz. Hosto iraunkorreko zuhaitza, azala gorrixka, zura oso gogorra, eta hosto eta hazi pozoitsuak dituena (Taxus baccata). Gipuzkoako armarriko haginak. Hagin hostoak. Hagin-haziak. Hagin arrak eta emeak.

haginka

adb. Hozka, ausikika. Txakurrak ohi dabiltza elkarri haginka, zaunkaka eta gorrotoz haginak erakusten. Haginka eta atzaparka. Haginka eraso. Haginka hasi zen.

haginka egin Hozka egin. Ik. kosk egin. Txakurrak haginka egin dio.

haginkada

iz. Hozkada. Ahoa zabaldu eta haginkada ematera zihoakion. Berriz ere urdaileko harra marmar bizian zeukan, haginkadak ematen, zeharo haserre. Egin zidan haginkadaz, orbaina laga zidan betiko. Txakurraren haginkada, txakurrak osatu (esr. zah.). || Irud. Ez du sentitzen bere bihotzean bekatuaren haginkadarik.

haginkari

adj. Haginka egiten duena. Esaten dute txakur zaunkaria ez dela haginkaria. Arimako har haginkaria.

hagiografia

iz. Santuen bizitzen historia; horri dagokion literatura-generoa. Irudi militarrak ohikoak ziren Erdi Aroko hagiografian.

hagiografiko

adj. Hagiografiarena, hagiografiari dagokiona. Erdi Aroan ohikoak ziren eskema hagiografikoei jarraitzen die.

hagiografo

iz. Hagiografiak idazten dituen idazlea. Nola hagiografoen hala kritiko sutsuenen aldetik.

hagitz

1 adb. (Aditzaren osagarri gisa). Asko. Betiereko gudu horrek penatzen nau hagitz. Hagitz haserretu zen. Hagitz maite duzun gauza.

2 adb. (Izenondo edo adizlagun baten ezkerrean). Oso. Bihotz hagitz garbia zuelako. Ez dakigu hagitz argi zertan datzan. Ezagutzen zuen badirela ondasunak lurreko ondasun guztiak baino hagitz eta hagitz handiago direnak.

hagitzez ...-ago Hagitzez handiago: askoz (ere) handiago. Hagitzez eztiago.

hagoan

adb. Zah. Orekan, erori edo aldatu gabe. Ezin hagoan egonez, behera eroria. Hagoan eduki.

hagoatu, hagoa, hagoatzen

da/du ad. Ipar. Akitu, leher egin. Zamaria hagoatu da jan gabe egoteaz. Egarriak hagoatua dagoena.

hagun1

iz. Aparra, bereziki ahoari dariona. Ik. lerde; adur1. Begiak sutan, haserre gorrian, haguna dariola. Itsasoko baga dorpeek egiten duten haguna.

hagun2

iz. Gurpilaren metalezko egitura, pneumatikoaren euskarri dena. Ik. uztai 3. Garbitu bizikleta zapi busti batekin eta egiaztatu gurpilak behar bezala lerrokatuta daudela eta hagunak zentratuta.

haguntsu

adj. Haguna duena; haguna dariona. Ik. apartsu; lerdetsu; adurti. Gizon zahar haguntsua. Txokolate-esne haguntsua.

haia-haia

adb. Ipar. Arin, laster. Azkaineko bidean haia-haia zihoan. Haia-haia urrundu zen.

haidor

iz. Ipar. Burgoia, harroa. Gizon haidorra eta buru bipilekoa.

haikatu, haika, haikatzen

da ad. Ipar. Jaiki, altxatu. Haika mutil, jaiki hadi.

haikatze

iz. Jaikitzea, altxatzea. Hastapeneko erortzeak, maiz haikatze nekea.

haiku

iz. Liter. Jatorriz Japoniakoa den olerki mota, 5, 7 eta 5 silabako hiru lerroz osatua dena. Lan horretan, poema laburrak jaso ditu Markuletak, epigramen edo haikuen modukoak, umorez, ironiaz beterikoak.

haima

iz. Afrikako iparraldeko herri nomaden denda edo etxola, oihalezkoa edo larruzkoa izaten dena. Eguneko ordu beroenak haima baten gerizpean eman arren, bidaiaren nekea gero eta eramanezinago gertatzen zitzaien.

hain

1 Halako mailan. (Erkaketaren oinarria agerian azaltzen ez denean erabiltzen da; adizlagun, izenondo edo -ko-ren bidez eratutako izenlagun bati dagokio, hots, nolakotasunari, eta, berez, beti hauen ezkerrean ezartzen da; berez, hirugarren graduko erakusleari dagokio, baina honen eta horren-en ordez ere erabil daiteke). Ik. bezain. Ez nuen uste hain berandu helduko zenik. Hark hain ederki ezagutzen duena. Zerk zakartza hain estu eta larri? Hain sarritan gertatua. Ez hain gora eta ez hain behera. Jende arruntak eta ez hain arruntak. Hain ederra. Bi gauza hain desberdinak elkarrekin batzen baditu. Egia horrek hain egiazko ez den beste puntu bat zeraman ondotik. || (Izenondoa, dagokion izenarekin agertzen denean, hain izen horren ezkerrean ezartzen da gehienbat). Ez da egundaino hain emakume ederrik sortu. Hain lotsa eta atsekabe handia.

2 (Ondoriozko perpaus baten hasieran, perpausaren bigarren zatiak non, eze, ezen edo bait- hartzen duela). Hain zen eder eta galaia, non hura ikusteagatik leiho eta balkoietara irteten ziren damak. Hain zinez eta laster abiatzen zara, non bi orenen bidea batez egiten baituzu. Maite behar dugu hain bihotz prestuarekin, non prest egon behar dugun edozein neke irozotzeko. Hain gozo eta egoki hitz egin zien, eze guztiak harritu ziren. Hain zuhur da, non ez baitu bere parerik.

3 (Esaldi hanpatuetan, aditzaren aurrean). Hori gabe, bizitza hain da tristea!

4 (Berez, honen edo horren-i dagozkien testuinguruetan). Zuk hain ongi dakizunez. Ondorioei bagagozkie, ez da hori hain garbi agertzen. Ez nuen uste hain aberatsa nintzenik. Hain maite dugun garo usaina.

hain gutxi Ezta ere. (Ezezko esaldi baten ondoren erabiltzen da). Ez dut nirerik behirik, hain gutxi idirik.

hain justu (ere) Heg. Hain zuzen. Horixe da, hain justu, hemen dihoakidan auzia. Eta hori du, hain justu ere, kontra.

hain laster 1 adb. Ipar. g.g.er. Berehala. Nahi izatea aski eta haien nahi guztiak hain laster beteak dira.

2 adb. (ez hain laster... non... esapidean, 'bezain laster', 'berehala' adierarekin). Ipar. g.g.er. Berri ikaragarri hori ez zen hain laster barreiatu herrian, non aurpegi guztiak goibeldu baitziren: berri ikaragarri hori herrian barreiatu bezain laster, aurpegi guztiak goibeldu ziren.

hain sarri Batez ere Zub. Berehala. Orduan hasi zen zin egiten ez zuela gizon hura ezagutzen; eta hain sarri oilarrak kantatu zuen.

hain segur Ipar. Segur aski. Hori emaztearen kaltean egin zuten, eta hain segur bere gogoaren aurka.

hain xuxen (ere) Adkor. Hain zuzen ere. Gizon hau baitzen, hain xuxen, tratuan ari zena martxant batekin.

hain zuzen (ere) Esaten denari edo erabiltzen den argudioari nolabaiteko indarra emateko, aipatzen dena azpimarratzeko edo biribiltzeko erabiltzen den esapidea. Hori da, hain zuzen, guk nahi genukeena. Eta horixe gertatu zen, hain zuzen. Behar bezainbat ezagutzen ez ditugulako, hain zuzen. Badirudi, aitzitik, gaurko edozeinek ontzat hartuko lituzkeen eskabideak direla, hain zuzen ere, baztertu direnak.

haina1

izord. (Mugatua). Delako pertsona hura. Nor ere etorriko baita, haina ene laguna da.

haina2 [Oharra: Euskaltzaindiak, haina-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. adina].

hainbako

adj. Bizk. Aipatzen dena falta duena. Botoiduna hainbakoa baino gehiago gustatzen zaio.

hainbanaketa

iz. Zerbaiten banaketa proportzionala.

hainbanatu, hainbana/hainbanatu, hainbanatzen

1 du ad. Banatu.

2 du ad. Hainbaten artean proportzionalki banatu.

hainbarik

adb. Bizk. Aipatzen dena gabe. Dela txokolatearekin, dela hainbarik, ondo gozo dago pastel hori.

hainbat

1 zenbtz. Hainbeste. Zer naiz ni, bada, zuk nitaz hainbat arta hartzeko? Ez nuen hainbat merezi.

2 zenbtz. Batzuk baino gehiago, asko. (Dagokion izenaren ezkerrean ezartzen da eta izen hori mugagabean erabiltzen da; izena zenbakarria denean, aditzarekiko komunztadura batez ere pluralean egiten da). Hainbat lagun batu ginen han. Hainbat eta hainbat aldiz errepikatuagatik. Hortik etorri dira hainbat kalte.

3 Ipar. Hain.

hainbatean Hainbestean, ez hain ongi eta ez hain gaizki.

hainbateko 1 adj. Halako tamainakoa. Ik. hainbateko. Hainbateko amodioagatik, nik zer ez dizut zor?

2 adj. (Ezezko esaldietan). Handia, ona, aintzat hartzekoa. Ez da hainbateko kantaria.

hainbat ...-en (Adberbioekin). Batez ere Bizk. Ahalik ...-ena. Hainbat lasterren erabaki. Bekatuak hainbat sarrien aitortuz.

hainbatenaz ...non Horra heldu zaiola abiatzeko tenorea; hainbatenaz lazgarriago, non enperadorea gerla berri bati lotzera baitoa: are lazgarriagoa, kontuan izanik enperadorea gerla berri bati lotzera doala.

hainbatetan Hainbestetan.

hainbatetaraino adb. Hainbeste.

hainbatez 1 adb. Era horretan, horrekin. Ik. hainbestez. Zeren duenak duena emanez, hainbatez pobretzen da.

2 (zenbatez, zenbatenaz edo zenbat ere-rekin korrelazioan). Orduan eta ...-ago. Saindu guztiak zenbat ere baitira zeruan gorago, hainbatez dira beren baitan umilago.

3 lok. Horrenbestez. Hainbatez, erabaki da egokiak diren lege berezien esku uztea gai bakoitzari dagokion zigor-arauketa.

hainbat gaizto(ago) Okerrago. (Atsekabea adierazteko erabiltzen da). Hainbat gaiztoago egiten ez dutenentzat. Hainbat gaizto guretzat, ez badugu sinesten.

hainbat gutxiago Are gutxiago. Ez da alderdi politiko bat; hainbat gutxiago elkartasun ongile bat.

hainbat hobe(to) Onespena edo asebetetzea adierazten duen esapidea. (Maiz ironiaz erabiltzen da). Ikusten dut zenbaiten aurpegia arintzen: hainbat hobe!

hainbatik hainbatean Zah. Egoera berean; aukeran, aukeratzen utziz gero. Hainbatik hainbatean, ederrago zaizkio Jainkoari gaztetasuneko obra onak, zahartasunekoak baino.

hainbat izan da ad. Berdin da. Bizkaitar guztientzat hainbat da sartzea edo sartutea.

hainbat... nola... 1 Zah. Adina, bezainbat. Ona izateko, lurrak izan behar du hainbat buztin nola legar: ona izateko, lurrak izan behar du legar adina buztin. Egiteko handiek ez gaituzte hainbat nahasten nola txikiek: egiteko handiek ez gaituzte txikiek adina nahasten. Hainbat dela zatitxoan nola baita osoan: zatitxoan adina dela osoan.

2 Zah. Hala... nola..., bai... bai... Desonesta, hainbat emailearen nola hartzailearen aldetik.

hainbateko

iz. Kidekoa. Dios te salve esaten da Ave-ren hainbatekotzat.

hainbertze

zenbtz. Lap. eta Naf. Hainbeste.

hainbertzenarekin adb. Une horretan, orduan. Baina hainbertzenarekin eta bet-betan, elkarrengandik urruntzen dira bi gizonak.

hainbeste

1 zenbtz. Halako kopuruan. (Erkaketaren oinarria agerian azaltzen ez denean erabiltzen da; izen bati dagokio —inoiz ez izenondo edo adizlagun bati— eta haren ezkerrean ezartzen da; berez, hirugarren graduko erakusleari dagokio, baina honenbeste eta horrenbeste-ren ordez ere erabil daiteke). Ez zuen uste hainbeste diru zuenik. Lotsatzen dira hainbeste gauza lohi eginaz. Hainbeste gorroto badio bere anaiari. Hainbeste urtetako etxe zaharra. Kasu horrek zapuztu egiten du hainbeste aldiz entzun dena. Hainbeste bider irakurria dugun hitzaurrea (Ik. hainbestetan). Denbora bateko hainbeste eta hainbeste "argitu" hartzen ditut lekuko. || (Berez honenbeste edo horrenbeste erabiltzen den testuinguruetan). Ik. honenbeste; horrenbeste. Zu, hainbeste bekatu eta hain handiak egin dituzuna!

2 zenbtz. (Izena ezabaturik, mugagabean). Baldin hoben bakar bat ikara eragiteko aski bada, zer izango dira hainbeste eta hain dorpeak? Hainbesteren artean bat hautatzeko. Bertatik hil zezaketen, berak bere aldian hainbesterekin egin izan zuen bezala.

3 zenbtz. (Kopuru edo zenbaki ezezaguna edo ezin zehaztuzkoa adieraziz). Eman dezagun hainbeste balio duela.

4 adb. (Aditzaren osagarri gisa soilik). Ez zuen uste hainbeste balio zuenik. Ni bederen, ez naiz hainbeste harritu. Zertarako hainbeste nekatu ondasunak biltzen?

beste hainbeste 1 Aipatu den kopuru edo ekintza bera. Hamar bat metro luze, beste hainbeste zabal. Hogei mila hil badira; beste hainbeste baino gehiago kolpatuak. Zuek ere beste hainbeste egin zenuten. Eraman dituzu nire lagunak; nirekin zoaz beste hainbeste egitera. Hiru aldiz eginahalak egin zituen haren oinpetik ateratzeko, eta beste hainbestetan bota zuen.

2 (Izen sintagma baten ezkerrean). Berrogei mila oinezko eta beste hainbeste zaldizko.

3 Beste asko. Automaten teoriak, zibernetikak eta beste hainbestek behartu ditu azkenean hizkuntzalariak beste jakiteetara begiak iraultzera.

hainbestean 1 adb. Kopuru edo zenbaki ezezagun edo ezin zehaztuzkoan. Orduko hainbestean lan egiten dute. Ehuneko hainbestean.

2 adb. Ez oso ongi eta ez oso gaizki. Geure baserri lanarekin hainbestean bizi ginen orduan. Hitzaldietan hainbestean legokeena, ezin daiteke idazlanetan. —Zer moduz? —Hainbestean...

hainbesteko 1 adj. Halako kopuruan dena, halako kopurukoa. Ik. hainbesteko. Ez du oraino hainbesteko epea, auzoko soro bat guretua dugula. Ez ziren hainbestekoak izan ekaitzaren kalteak.

2 adj. Ez oso ona eta ez oso txarra. Hainbesteko ikaslea atera nintzen.

3 adj. Kopuru edo zenbaki ezezaguna, ezin zehaztuzkoa edo esan nahi ez dena duena. Hainbesteko prezioan saldu.

hainbestenarekin adb. Ipar. Orduan, une hartan; berehala. "Zer duzu?" galdatzen dio Dabidek; eta hainbestenarekin ohartzen da musker batek izutu duela. Hainbestenarekin, oihu bat aditzen da hor.

hainbeste... nola... Adina, bezainbat. Azkainen ez da egundaino hainbeste sos sartu nola orduan: Azkainen ez da egundaino sartu orduan adina sos. Ematen da kasik hainbeste aguardient nola ziropa, gustuaren arabera. Ez dio hainbeste begiratzen eskaintzen zaion gauzari nola borondateari.

hainbeste(ta)raino adb. Hainbesteko punturaino. Ez da hainbesteraino luzatuko. Errient hori hainbestetaraino nuen hastiatu, ez baininduen gehiago nehork eskolara moldatzen ahal izan.

hainbeste(ta)rainoko adj. Hainbestekoa. Baina hainbesterainokoa izan da zure gorrotoa Jesusen kontra, non kontentatu ez zaren behin igaro zuen heriotzarekin. Gaiak, beharbada, garbiro esateko, ez dira hainbesterainokoak, ezta beti trebeki erabiliak ere.

hainbestetan adb. Hainbeste aldiz. Halako batean, hainbestetan entzuna nion pasartea kontatzen hasi zitzaidan.

hainbestez adb. g.er. Horrekin, era horretan. Iruditzen zaizu ezen baldin aitor ematen baduzu, hainbestez konplitzen duzula.

hainbesteko

iz. Halako kopurua. Ik. honenbesteko. Janari kontuan, abere mota bakoitzak hainbesteko bat behar du; hainbesteko honi janari neurria esaten zaio. Jokatu nahi duenak hainbesteko bat jarri behar du.

haiotz

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, haiotz-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. aihotz].

haitada

iz. Ipar. Saioa, jardunaldia. Bazkalondoan gaur izan dira bertso haitada beroak.

haitiar

1 adj. Haitikoa, Haitiri dagokiona. Haitiar agintariak.

2 iz. Haitiko herritarra.

haitz1

iz. Harrizko masa handi samarra, lurraren gainetik edo ur-bazterrean goititzen dena. Ik. harkaitz; arroka. Mendiaren gainean ikusten ziren haitzetara. Haitz lerroa. Haitz arrainak. Haitz gain batean. Haitz tontor honen gainera igotzen bazara, ikusiko duzu harri pila bat. Basahuntza haitzetik haitzera jauzika ibili ohi den bezala. Haitzez haitz eta amildegiz amildegi. || Esr. zah.: Emaitzak hausten ditu haitzak. Haitzean jaioak haitzera nahi.

haitz2

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, haitz-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori 'haritza' adieran ez erabiltzea gomendatzen du; ik. haritz].

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper