Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=zain hileko sarrera bakarrean aurkitu da.

zain1

1 iz. Sustraia, erroa, bereziki azalekoa. Haritz tantai baten zainetan jarrita. Harrarazten zaio abereari belar horren zain haustua. Zainetatik atera zuen arbolatxoa. || Irud. Karitatea baita bertute ororen zaina. Zuhaitz honen zaina aita santua da. Gezurrak zainak laburrak ditu. Destaina honi hasieratik zainak ebakitzeko.

2 iz. Odola dabilen hodia. Ik. odol hodi. Nire zainetako odol guztia. Zainetatik odola isurtzen. Eskugain argaletan zainak agerian zituen, zuhaitz-zuztarrak bezalaxe. Lotan zegoela eman zion eztulak hain gogorki, non eten zitzaion bularreko zain bat eta geratu zen hila. Lepoko zain guztiak odolez hantuak. Zainak odolusturik. || Med. Odola ehunetatik bihotzera itzularazten duen hodia. Zainak eta arteriak.

3 iz. Giharra hezurrari itsasteko egitekoa duen zuntz sorta. Zainak indartsuak dituen harri-jasotzailea. Izter zaina ihartu zitzaiolako, herrenka zihoan. Mutilzahartuta, egina dauka hanka-zainetan herdoila. || Irud. Quevedoren tankerako zain eta hezur besterik ez zuen prosalaria.

4 iz. Nerbioa. Ematen dio ezpata kolpe bat zezenari eta non botatzen duen hankaz gora, dar-dar; zainen bat ukitu zion eta, horrela elbarritu zuen. || Irud. Maisu bi hauek azaldu dute barruan daukaten zaina. Ehizarako grina handia zainetik dutelako.

5 iz. Hostoa zeharkatzen duen nerbio modukoa, hostoaren azpialdetik gainaldetik baino irtenagoa dena, eta landareak lurretik ateratzen duen izerdia banatzen duena. Hosto eroriaren zainek osatzen zuten hieroglifoan neure heriotza irakurri nuen.

6 iz. Zerbaiten azalean gertatzen den zerrenda mehea, beste kolore bat edo beste tasun batzuk dituena. Harri arras gogorra, horia, eta zainak arrosa kolore dituena. Gurutzearen besoan pitzadura luze bat zegoen, zuraren zain batetik irekia.

7 iz. Meategi, harrobi eta kidekoetan, harrian txertatua ageri den mea zerrenda. Mea zain bat aurkitu zuen, baina ez zion inori deus esan. Zilar eta urre zainak diren lekuan.

zainak eman dio ad. Susmoa hartu. Era guztietako ezbehar eta lazeria izugarriak gaineratuko zaizkizula zainak ematen dit.

zain eta muin 1 adb. Ahalegin handiz, gogotik. Ik. buru-belarri. Badakizue nik zain eta muin zuen aitarentzat lan egin dudala.

2 adb. Sakonki, erabat. Greziako beste irakasle zaharragoetara berebat jo behar duzu, Platon zain eta muin ulertu ahal izateko.

zain-hil adj. Pertsonez mintzatuz, geldoa, odolgabea, motela. Ik. zain hileko. Gizon zain-hila. || Eskuak lanerako zain-hil.

zain hileko adj. Pertsonez mintzatuz, geldoa, odolgabea, motela. Ik. zain-hil. Zain hileko gizona. Langile zain hilekoak lan gutxi egingo du.

Oharra: azken eguneraketa 2021-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper