Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=ondo 7 sarreratan aurkitu da.

ondo1

1 adb. Nahi, espero edo behar den bezala; era onean, egokitasunez. Ik. ongi; ontsa; bapo. Ondo bizi da. Ondo da. Nahiko ondo atera zaizkio kontuak. Ondo al dira etxekoak? Esanak ondo hartu beharrean. Ondo ikasi hori. Ezteiak ondo, Miren? Txit ondo. Agur, osaba, bihoa ondo! Ondo pasa. Txalupak ondoen ikusten ziren lekuan. Alaba ahal zen ondoena apainduta bidaltzeko. Gure beldurra hori da, ondoegi erre beharrez, opil goxo hori ez ote diguten emango sekula. Azaldu zen Lesakara emakume ondo jantzi bat. Berak egiten zituen salaketak guk eta beste askok ondo ikusten genituen.

2 adb. Adkor. Ederki, oso. Ondo dakizu ez direla isilduko. Barrua ondo berotua Nafarroako ardo beltzez. Ondo damututa daude, bai. Ondo galanta da zuen mutikoa. Ondo ederra huraxe! Ondo asko dakizu nire bihotzak nor duen aukeratua.

ondo baino hobeto adb. Oso ondo. Ik. ongi baino hobeki; ondo bai ondo. Ondo baino hobeto apaindua joaten da. Ez duzu besterik behar ondo baino hobeto izateko. Ondo baino hobeto dakit Anton ikusi duzula.

ondo bai ondo adb. Oso ondo. Ik. ondo ere ondo; ondo baino hobeto. Ez ote letorkiguke guztioi ondo bai ondo, noizik behin ume bihurtzea?

ondo beharrean adb. Ondo beharrez. Ik. hobe beharrez.

ondo beharrez 1 adb. Asmo onez. Ik. hobe beharrez. Zuk ondo beharrez egingo zenuen.

2 adb. Okerrik ez dela, gauzak ondo badoaz. Ik. ondo bidean. Ondo beharrez, gure semeak iritsia behar zuen.

ondo bidean adb. Ezeren okerrik ez dela, okerrik ez bada. Ondo bidean, gaur sartuko da Cassini espazio zunda Saturnoren orbitan. Ondo bidean, udaberrian hasiko dituzte autobide berria egiteko lanak.

ondo da Adostasuna adierazteko erabiltzen den esapidea. Ik. ongi da; ados 2; konforme. —Erantzun iezadazu argiroago. —Ondo da, jauna; pozik erantzungo dizut. Ondo da, hori ere egingo dut, ba. Ondo da, ondo da; nahikoa jakin dugu.

ondo edo gaizki Nola edo hala, moduren batean. Gaia, gutxi gorabehera, ondo edo gaizki, adierazi dizut. Zertxobait, ondo edo gaizki, idazten ikasi dut.

ondo edo txarto Ondo edo gaizki. Ondo edo txarto, hark berea.

ondo egin 1 Ongia egin. Ondo egiozue gaitz egin dizuenari. Zuk badakizu ondo egiten zeini begiratu gabe.

2 On egin. Josetxori ez zion ondo egin soineko bustiarekin etxeratzeak.

3 Ongi jokatu. Uste dut ondo egin dugula. Ikernek ez du ondo egin zuri ezer esan gabe etorrita.

ondo ere ondo ondo-ren indargarria. Ik. ondo bai ondo; ondo baino hobeto. Hire ahotik irtendako edozer ondo ere ondo esanda egongo duk. Ondo ere ondo dakit denen gogoa ez dudala beteko.

ondo esan 1 du ad. (nor osagarririk gabe). Goraipatu, norbaiti buruz ondo hitz egin. Jendeak beragatik ondo esan dezan. Mundu guztiagatik ondo esaten zekiena.

2 du ad. Arrazoi izan. Ik. ongi esan. Ondo esan duzu, zure etxea baita hau.

3 du ad. Egoki adierazi. Ez nuke asmatuko ondo esaten. Erdia ondo esana dago; beste erdia, ez.

ondo-esan 1 iz. Laudorioa; hitz onak. Ik. ongi-esan. Ondo-esan, erregu eta balakuekin ekarri nahi gaitu. Zer balio dio pobreari zure ondo-esanak?

2 iz. Aholkua. Azkenez, ondo-esan bat nahi dizut eman, iloba.

3 iz. Ondo esan den gauza. Plazagizonek dioten moduan, ondo-esanak ondo hartu eta gaizki-esanak barkatu.

ondo hartu 1 Harrera ona egin. Ik. ongi hartu; onartu. Euskal Herrian ere jendeak beti ondo hartu gaitu.

2 Norbaitek egina edo esana ontzat eman edo, haserretu edo mindu gabe, alde onetik ulertu. Ez du ondo hartu egin zenutena. Esanak ondo hartu beharrean.

3 Bizk. Zerbaitek norbaiti on egin, mesede egin. Ez nau ondo hartzen neguak.

ondo hazi adj. Pertsonez mintzatuz, gizalegez jokatzen duena. Bederatzi urteko mutiltxo ondo hazi eta guraso onen semea. Ume ondo hazia, bizi guztirako irabazia.

ondo ibili interj. Bidaia, festa edo kideko batera doanari, harengandik urruntzean, agur esateko erabiltzen den gizalegezko esapidea. Ondo ibili, mutilak!

ondo ikusi (Partizipio burutuan, izan eta egon aditzekin). Estimatua, aintzat hartua. Ik. ikusi1 5. Lehen entzute handikoa eta ondo ikusia bazen, orain hainbat ospetsuagoa zen. Aurrerantzean, ama ez zen izan ondo ikusia etxe hartan.

ondo izan interj. Norbaitengandik urruntzean edo idatzi baten bukaeran erabiltzen den gizalegezko esapidea. Ik. ongi izan. Laster arte eta ondo izan. Tira, utzi egin behar zaitut; ondo izan.

ondo2

1 iz. Zerbaitentzat edo norbaitentzat, hura ukitzen duen edo hurbil dagoen aldea. Meta ondo batean etzan zen. Bide ondoetan eta bidegurutzeetan suak egitea. Ibai ondoetara irteten da gauetan. Etxe ondoetako soroetan.

2 iz. Ondorengo denbora. Ik. bazkalondo. Hitzaldi aurreak eta hitzaldi ondoak ez dira egokiera erosoak izaten berriketa lasairako.

3 iz. (Errepikatzen den hitz baten ondoan, erantzunetan, indargarri gisa). Ik. oste2 3. Zer hitz eta zer hitz ondo? Zer emazte eta emazte ondo!

ondoan 1 (Lekuzko testuinguruan; dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Zure ondoan jarri nahi dut. Zesarren gorputz odolduaren ondoan harriturik. Etxe ondoan. Ohe ondoan zegoen. Hona hemen elkarren ondoan hiru paradigmak. || Etxearen ondo-ondoan.

2 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Erdal itzulpena ondoan dakarrela. || Ondo-ondoan genuen.

3 (Erkaketetan). Aldean. Horren ondoan, beste guztiak eskas eta ezerez baitira.

4 Atzean, atzetik. Ik. ondotik. Zatozte nire ondoan. Laudorioen ondoan dabilena.

5 (Denborazko testuinguruan). Ik. ondoren 4. Meza ondoan. Gerra aurretik, gerratean eta gerra ondoan ikusi dudana. Oñatiko Batzarraren ondoan argitaratu zuten liburu lodia. Bizkai-Gipuzkoetako burdingintza galduan gelditu zen 1650 ondoan. Larretan sua hasi da hedatzen, eguerdi ondoxean. || Bokal itxien ondoan, a, e bihurtzen da euskalki batzuetan.

6 (Aditz baten partizipio burutuaren eskuinean). Batxilerra egin ondoan, fabrikan hasi nintzen lanean. Tratu eder bat egin ondoan sartzen dira ostatuan. Alaba ezkondu ondoan, ezkongaiak darraizkit ondoan (esr. zah.).

7 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Hastean bozkario arin bat, ondoan tristezia pisu bat. Ondoan datozenak ere bitarikoak dira.

ondoko 1 adj. (Lekuzko testuinguruan; dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Eliza zaharraren ondoko etxetxoan jaio zen. Sukalde ondoko aulki batean eseria. Oñati ondoko harrobi batean. || Elizaren ondo-ondoko etxe batean.

2 adj. (Dagokion izen sintagmarik gabe). Judea guztian eta ondoko bazterretan. || Trabarik handiena uraren harrabotsa genuen, ondo-ondoko errekatik.

3 adj. (Denborazko testuinguruan). Ik. ondorengo; ondoko. Meza ondoko otoitzean. Euri ondoko eguzkiaren irribarre bustia. Hurrengo egunaren ondokoa. || Handik ondoko maiatzaren 21ean.

4 adj. (Dagokion izen sintagmarik gabe). Hitzaldiak euskaraz eman nituen, nahiz ondoko elkarrizketak erdaraz izan ziren. Pazko bezperatik hasi eta ondoko aste guztia. Orduan Jesusek ondoko parabola hau esan zien: (...). Ikerketak ondoko egunean jarraitu zuen, egunsentian (Ik. biharamun). Ondoko egun batez, ama hark jakin zuen (...). Lehen partea dei daiteke gaztetasuna; ondokoa, adin ona; azkena, zahartasuna.

5 adj. (Aditzaren partizipio burutuaren eskuinean). Bekatutik ilki ondoko poztasuna.

6 adj. (Harridurazko esaldietan, errepikatzen den hitz baten eskuinean, entzun berri denarekiko desadostasuna edo nolabaiteko asperdura adierazteko). —Ipuin horrekin zure amamagana, mutil, berak sinetsiko du! —Ze amama eta amama ondoko!, egia da!

ondora 1 (Lekuzko testuinguruan; dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Mutikoa buruzagiaren ondora hurbildu zen. Heldu zen azeria etxe baten ondora. Ate ondora joan ziren. Paris utzi eta Hernanira dator, Donostia ondora. || Betor nire ondo-ondora. || Ate ondoraino hurbildu zen.

2 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Done Petriri ondora joan zitzaion, eta saihetsean jota, esnatu zuen. || Ondo-ondora hurbildu zaizkigu. || Joan zaitezte isil-isilik ondo-ondoraino.

ondorik Ondotik. Ondorik doazenak.

ondotik 1 (Lekuzko testuinguruan; dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Zaude hemen, ez higi ene ondotik. Pikondoaren ondotik igaro zirenean. Egon zen ohe ondotik aldendu gabe. || Orma baten ondo-ondotik ibili ginen.

2 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Apostolu maitea ez zitzaion ondotik kentzen. || Nire aurretik igaro ziren, ondo-ondotik.

3 Atzetik (espazioan nahiz denboran). Goazen aurrera, izarraren ondotik. Haren ondotik etortzeko zena. Gogoan hartzea bekatuak zein ondore gaiztoa uzten duen bere ondotik. Bigarren silabaren ondotik. Elkarren aldamenean eta bata bestearen ondotik datoz bi esaldiak. Gau luze baten ondotik. Hauts itzazu arrautzak bata bestearen ondotik.

4 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Ekonomiaren gorakadak ondotik ekarri zuen euskal literaturaren goraldia. Orduko berritsukeriari isilaldi luzea etorri zitzaion ondotik. Kontsonante bat ondotik duenean. Goiz jaikitzea baliatuko ez zaik, zoriona ondotik ez badarraik (esr. zah.).

ondotik(ak)o Ondokoa. Oraingo desmasiak eta hauen ondotikakoak.

ondoz ondo Bata bestearen atzetik. Ik. ondozka; hurrenez hurren. Nagusi batek bi mutil, ondoz ondo, elkarren berririk jakin gabe, leku berera igorri zituen.

ondoz ondoko adj. Ondoz ondoko hitzak.

ondo3

1 iz. Batez ere Ipar. Enborra; zurtoina. Badira arbolak adarretara sobera ematen dutenak, ondoa meharregi gelditzen delarik.

2 iz. Batez ere Ipar. Zenbait landare edo zuhaitzen banakoa. Ondo zaharraren muskil berriak. Belar ondo bat. || Ezta ile ondo bat ere: ezta ile izpi bat ere.

begi

1 iz. Ikusmenaren organoa. Begi handiak, biziak, erneak, ederrak, urdinak, beltzak, eztiak, samurrak, sakonak, odolduak, erreak. Begiak altxatu, jaitsi, itzuli, itxi, ireki, zabaldu. Begiak itsutu, lanbrotu. Begiak errespetuarekin itzuliak Ostia Santuagana. Eta horrexek lausotu ditu zenbaiten begiak. Begi aleak. Zure begien dirdira. Begi eritasunak. Begietako lausoa. Begi ingurua. Begiko zuria. Neska begi-argiak irribarre distiratsua egin zion mutilari. Arrantzale begi-urdina. Gizon herren, begi-ezkel eta lepo-makurra.

2 iz. Irud. Informazio teoriak behartu ditu azkenean linguistak beste jakiteetara begiak iraultzera. Gogoan dut haren hitzaldia, begiak zabaldu baitzizkidan gai askori buruz. Egundaino ez da entzun, inork itsu jaiotako baten begiak ireki dituenik. Gizon bat aberasteari emana, diru pilak begia zorrozten ziona eta lurreko ondasunetara guztia itsututa.

3 (Esapideetan). Begi itxi-ireki baten bitartea (Ik. begi(en) itxi-ireki batean). Baduela zeruetan Aita bat, sekula ahanzten eta begietatik galtzen ez duena. Begi hutsez ikusten diren izarrak. Begiek ikus-ahala guztian. Begien aurrean. Badirudi neure begietan daukadala oraintxe. Haren begietan ez nintzela ezer. Behartsurik behartsuenak, ene begietan, nire herrikoak dira eta nire herria bera. Zoazte nire begien aurretik. Ikusten ez duen begiak ez du minik. Ez duzu izan begi txarra. Begiz hautatzen du ederrena, gizenena. Guri begiz ikusiak eta belarriz entzunak ere ahaztu egin zaizkigu, itxura denez. Txakurra guztiz gogokoa zuen, baina katua ezin begiz ikusi zuen.

4 iz. Hainbat lanabesetan, kirtena ezartzen den zuloa. Aizkoraren ahoa eta begia. Aitzur begia.

5 iz. Jostorratz batean, haria sartzen den zuloa. Errazago da gamelu bat jostorratz begitik igarotzea.

6 iz. Batez ere gaztaz eta ogiaz mintzatuz, mamian gertatzen den hutsunea. Gaztaren, ogiaren begiak.

7 iz. Zubietan, arkuen arteko hutsartea. Hamazazpi begiko zubia!

8 iz. Landareetan, kimua sortzera doan pikor modukoa. Ik. pinporta; lore begi. Ernatutako begiak udaberrian hamarren bat zentimetroko altsuma emango du. Aihen begia. Begitik edo azaletik txerta daitezke gereziak. Patataren begiak. || Pikondoa begi-handitzen hasten denean, uda hurbil da.

begia(k) argitu 1 Ikusmena eman, ikusarazi. Itsuen begiak argitzen dituen Jainkoa. Jainko jaunak argitu zizkien arimako begiak artzain on haiei.

2 Alaitu, alaiarazi. Bitxi eder batek begiak argitu zizkion.

3 Ohartarazi. Argituko ahal ditu Jainkoak guztion begiak, gure hizkuntzaren onerako!

begia atxiki Ipar. Zaindu, begia eduki. Bakean utzi zuten, zer gerta ere, haatik, begia haren gainean atxikiz.

begia(k) bete Atsegin izan. Loiolako ikusgarri omen handikoez begiak beterik. Begia betetzen ez dion lagunarekin ezkontzen bada dirua duelako.

begia(k) bihurtu Bizk. Begiak itzuli. (Dagokion osagarriak -ra atzizkia edo kidekoak hartzen ditu). Ik. begia irauli. Ni ez ikusteagatik begiak beste aldera bihurtzen dituzte.

begia bota (jaurti, egotzi...) Begiz jo; erreparatu, ohartu. Begia, zeini bota diozu? Hamaika damak bota zidaten begia. Orduan begia bota zion bere aurrean idazmahaiaren gainean zegoen loreontziari.

begia(k) eduki Zaindu; erreparatu, ohartu. Eta arranoak, airean doanean bere umeetara bezala, zuk ere enegana begia edukiko duzula esperantza dut.

begia(k) ezarri Begiz jo, hautatu. Entzun zutenean hango odolekoa zela, erregetzarako begia ezarri zioten. Gauza oso distiratsuetan edota ñimiñoegietan begiak ezartzen dituztenak.

begia(k) hedatu Begiak luzatu. Mintzaldi honen gaia, estu mugatu beharra denez gero, ezin begiak noranahi heda.

begia(k) ipini Erreparatu, ohartu. Nola inork ez zion kasurik egiten, herrian zegoen mutilik gizagaixoenarengan ipini zituen begiak.

begia(k) irauli g.er. Begiak itzuli. (Dagokion osagarriak -ra atzizkia edo kidekoak hartzen ditu). Ik. begia bihurtu. Informazio teoriek behartu dituzte azkenean hizkuntzalariak, beste jakiteetara, inguruko nahiz urrutikoetara, begiak iraultzera.

begi(en) aitzin Begien aurrea. (Leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da, singularrean). Iruditzen zait ezen oraino bizi zarela, begien aitzinean zaitudala. Gure gizonak ez zuen begi aitzinetik langile hura galtzen.

begia(k) itzuli Begiak biratu, begiratu. (Dagokion osagarriak -ra atzizkia edo kidekoak hartzen ditu). Ik. begia bihurtu; begia irauli. Itzul itzazu guregana zure begi miserikordiazkoak. Isabelen begiak aldarera itzuli dira.

begia(k) jarri Begiak ezarri. Biltzarrean zeuden guztiek begiak harengan jarriak zituzten.

begia jo 1 Begiz jo, zerbaitetan edo norbaitengan arreta edo interesa jarri. Begia jota daukat neskatxa horri, auzoko politena delako.

2 Zerbait deigarri gertatu. Harri argiagoz eginiko harresiak jotzen dio lehenik begia.

begia(k) josi Begiak landatu, zerbaitetan arreta jarri. Ik. begia zorroztu. Guztien begiak harengan josiak zeuden.

begiak ase Gauza bat ikusi orduko beste bat ikusi nahi nuen, ene oinak ez ziren nekatzen ez ene begiak asetzen.

begiak batu Begiak itxi, betazalak itxi; lo hartu edo lo egin. Ik. begiak bildu. Edo begiak zerura jaso eta altxatu edo begiak batuta egon. Bart, gau guztian ez dut begirik batu.

begiak bildu 1 Begiak itxi, betazalak itxi. Ik. begiak batu. Begiak bildu, eta irudika ezazu eskola bat.

2 Lo hartu edo lo egin. Badakizu zu etxeratu arte amak ez duela begirik bilduko. Gauez ez du begirik biltzen, eta eguna aho zabalka pasatzen du. Azkeneko gauetan lanak izan ditu begiak biltzeko.

begiak finkatu Begiak landatu. Begiak finkatu zizkidan ibiltzeari utzi gabe, eta esan zidan: (...).

begiak ilundu Ikusmena gutxitu edo galdu. Ilun bitez horien begiak, ikus ez dezaten.

begiak ireki Ikusmena eman; ohartarazi. Handik jango duzuen egunean irekiko dira zuen begiak. Egundaino ez da entzun, inork itsu jaiotako baten begiak ireki dituenik. Jazoera honek ireki eta zabaldu dizkigu begiak.

begiak itxi 1 Ez ikusiarena egin. Ezin ditugula begiak itxi inguratzen gaituen anabasaren aurrean.

2 Lo hartu; lo egin. Ik. begiak bildu. Bi egun zeramatzan begirik itxi gabe.

3 Hil. Haren begiak itxi dira eta nireak malkoz estali.

begiak kendu Norbaitengandik edo zerbaitetatik begirada beste leku batera eraman. Txakurrari begirik kendu gabe. Ezin zituen armatik begiak kendu.

begiak landatu Ipar. Adi-adi begiratu. Ik. begiak finkatu. Begiak finkaturik eta landaturik, emaztearen begiei.

begiak zuzendu Begiratu, begiak norabide jakin baterantz eraman. Itsasaldera zuzentzen ditu begiak. Geroztik ez didazu begirik zuzentzen aurpegira, hozkia emango banizu bezala.

begia(k) luzatu Begirada zabaldu. Begiak luzatu zituen batean hiru gizon bere ondoan zutik ikusi zituen. Zorigaiztokoak gu, inguruko mendietatik harantz begiak luzatzen ez badakigu.

begi(en) aurre (Leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da, singularrean). Ik. begi aitzin. Ikuskizun ederra zeukan begi aurrean. Ez zaituztet gehiago nire begien aurrean ikusi nahi. Etorri zitzaion begien aurrera egun hartako Mañasiren begirada gozoa.

begia(k) zorroztu Adi-adi begiratu, arreta handia jarri. Ik. begia josi. Bi begiak liburura zorroztuta ari zen.

begi-bakar Ik. begibakar.

begi-bakoitz Ik. begibakoitz.

begi bazter, begi-bazter Begiaren ertza. Ik. begi-ertz. Begi-bazterrez begira.

begi-belarri 1 adb. Erne, argi. Begi-belarri ibili beharra zegoen.

2 iz. pl. Begiak eta belarriak. Etxekoen begi-belarriak erneagoak izaten baitira honelakoetan kanpotarrenak baino.

begi-betegarri adj. Begiarentzat oso atsegingarria. Mota askotako zuhaitzak ernarazi zituen, begi-betegarri eta ahogozagarri.

begi bietaraino adb. Begietaraino. Bekatuetan begi bietaraino sarturik zegoen.

begi bista, begi-bista (Leku atzizkiekin, singularrean). Begien aurrean, aurretik, aurrera... Ik. begien bista. Begi bistan dago. Aztura onak eta bertuteak begi bistatik galduz gero.

begi bistako, begi-bistako adj. Begien bistakoa; nabarmena. Begi bistako egia gezurtatzeko.

begi eman Begiratu, so egin; kontuan hartu. Atzera begi emanez. Zuk eginei begi eman nien eta harritu nintzen.

begien bista (Leku atzizkiekin, singularrean). Begien aurrean, aurretik, aurrera... Ik. begi bista. Ahal den azkarren alde egin ezazu nire begien bistatik. Zoazte nire begien bistatik! Zure parerik ez zait jiten neure begien bistara. Erantzunik gabe utziko dut galdera, begien bistan baitago. Barbaro horiek begien bistan hilda nahi zuten ikusi.

begi-erre Ik. begierre.

begi ertz, begi-ertz Begiaren ertza, begi bazterra. Ik. betertz; begi-bazter.

begietako argi Ikusmena. Jesusek asko sendatu zituen orduantxe, beren gaitz, gaixotasun eta deabruetatik, eta itsu askori eman zion begietako argia.

begietako (begiko) min Begietan (begian) sentitzen den mina. Begietako minarentzat ona da arrosa egosiaren urarekin garbitzea. Ona da begiko mina sendatzeko.

begietan eduki Agerian eduki; gogoan izan.

begietan eman Gaizki iruditu. Egiten dituzu Jesusi begietan ematen dioten zenbait hutsegite.

begietaraino adb. Erabat, osoki. (Batez ere sartu eta kideko aditzekin erabiltzen da). Ik. begi bietaraino; bi begietaraino. Gerran ez zen ibili, baina zantarkerietan eta ustelkerietan begietaraino sartu eta ustelkeria horren hatsa alde guztietara zabaldu bai.

begi gaizto iz. Ipar. Begizkoa. Begi gaiztoa egin norbaiti. Haurra, begi gaiztoaz joa liteke.

begi-gorri Ik. begigorri.

begi-gose Janariaren itxurak sortzen duen gosea.

begi-ilun adj. Tristea. Ik. betilun.

begi itsuan adb. Itsu-itsuan.

begi(en) itxi-ireki batean Une batean, denbora-bitarte guztiz laburrean. Begien itxi-ireki batean eta hitz bakar bat esanez, sendatzen zituen eritasun guztiak. Begi itxi-ireki batean garbituko dizkizut aitzakia horiek guztiak.

begi keinu, begi-keinu Begi bat, bestea zabalik dagoela, une batez itxi eta irekitzea, gehienetan norbaiti zerbait adierazteko. Kearen artetik irribarre egin zidan, eta begi-keinu bat. || Oharkabean behin eta berriz bi begiekin egiten den keinua. Urduri jartzen denean begi keinuak egiten ditu.

begi kliska, begi-kliska 1 Kliska, begien itxi-irekia. Ik. begi keinu. Deus esan gabe, barrez, begi-kliska isekariak egiten zizkiola.

2 Denbora-bitarte guztiz laburra. Ik. begi itxi-ireki batean. Aldaketak ez dira begi kliska batez erdiesten! Ziztakoan, begi kliskan, azken turutaren hotsean.

begi kolpe, begi-kolpe Begiraldia; begi itxi-irekia. Ik. begi ukaldi. Lehenengo begi kolpera. Joango nintzela haran famatu haiei begi kolpe bat ematera.

begiko nini Begi ninia. Bere begiko ninia bezala zaindu zuen. Begiko ninia bezain maite duelako.

begi lauso, begi-lauso 1 iz. Begiaren alde gardenean agertzen den orbantxo zurixka, ikusmena iluntzen duena. Ik. katarata. 60 urterekin begi-lausoa izan zuen.

2 adj. Begi-lausoa duena. Begi-lausoa zen.

begi-luze Ik. begiluze.

begi-minbera adj. g.er. Makartsua.

begi nini, begi-nini Ninia, begiaren erdiko beltzune biribila. Begi niniak handituak. Begi ninia bezala zain nazazu.

begi-oker Ik. begioker.

begi ondo, begi-ondo iz. Begi ingurua; bekokia; bekaina. Ik. betondo. Orban bat zuen begi-ondoan.

begi ondoko, begi-ondoko iz. Begi ondoan ematen edo hartzen den kolpea. Ik. betondoko.

begi onez adb. Begi onekin. (Batez ere ikusi eta behatu / begiratu aditzekin erabiltzen da). Jainkoak begi onez behatu diola haren apaltasunari. Ea, zeruko erregina, limosna bat, andrea; pobre behar honi begi onez begira iezaiozu. Manueltxok begi onez begiratzen zion opil gozoari. Errodrigok Milia begi onez ikusten duela, garbi dago edozeinentzat. Begi onez ikusiko lukeela Euskaltzaindiak hori erabiltzea.

begi-orde iz. g.er. Betaurrekoak.

begitan eduki Higuindu, gorrotatu. Gaiztoek begitan naukate. Artzainek ere begitan daukate pinu hori.

begitan hartu Gorrotatu. Norbaitek begitan hartzen bazintuen, ez zizun barkatuko. Hartu zuten begitan eta ez ziren gelditu gurutze batean josirik hila ikusi arte.

begitan izan Begitan eduki. Zuzena maite duzu, eta okerra begitan duzu.

begi(e)tara eman Ikusarazi. Begietara eman zion zein zen handia egin zuen gaizkia.

begi ukaldi, begi-ukaldi Begi kolpea. Begi ukaldi batez ikusia dugu dena. Zelai bat gaitza, begi ukaldia hel ahal baino luzeagoa.

begi ur, begi-ur Kolirioa. Begi lainotsu eta ilundua begi urez sendatzen ari zen.

begi-urdin Ik. begiurdin.

begiz begi Aurrez aurre. Eguzkia eta ilargia begiz begi jarririk. Ez al haiz begiratzera ausartzen?, begira iezadak, begiz begi!

begi zeharka, begi-zeharka adb. Zeharka begiratuz. Ik. begi-bazter. Orduan pinuari oso begi zeharka begiratzen zitzaion; ziotenez, ez zuen ezertarako balio.

begiz jo Aukeratu, hautatu, begia ezarri. Aspaldian nuen nik begiz jota Azkarragako neskatxa zaharrena. Aurretiaz begiz jotako gerizpe batean. Hitz ugariegi izango ditut irispidean eta bat jo beharko dut begiz, gainerakoak baztertuaz.

begi zulo, begi-zulo 1 Begia kokatzen den barrunbea. Ik. betzulo. Kristalezko begia gauero oherakoan begi zulotik kendu eta arretaz ikuzten du.

2 pl. Begien azpian gertatzen diren ubeldurak, adibidez lo gutxi egiten denean. Ik. betazpi. Horiek ditun begi zuloak! Begi zuloak handituta.

bi begietaraino adb. Begietaraino. Bekatu lohietan bi begietaraino sarturik.

belar1

1 iz. Landare txiki, berde eta zurtoin-biguna, gehienetan urterokoa. Belar iharrak. Mendiko belar motak. Belar ura hartu. Belar ukenduak. Belar onak. Belar landarea. Tabako belarra. Edozein belar pila ez da meta.

2 iz. (Multzokari gisa). Belarra jaten. Belar zelaia. Belarra ebaki, irauli. Hilabete honetan abiatzen dira belar epaiteak. Belar ebaki berriaren usain gozoa. Belar iharra. Bi gurdi belar. Belarrean etzanik zeruari so. Belarretan etzan (Ik. belarretan).

3 iz. Belar ondua. Belarra mandioan gorde.

belar denda, belar-denda Sendabelarrak saltzen diren denda.

belar epaile, belar-epaile Belarra ebakitzen duen pertsona. Ik. segalari.

belar gaizto Baratze edo bestelako lur landuetan bere kasa hazten den belarra, han erein edo landutakoari kalte egiten diona. Gure sagardiak, belar gaiztoak menderatuta ikusten ditut erdiak.

belar hazi, belar-hazi Belarraren hazia.

belar idor Belar ondua. Egiten zuen lo lur hutsaren gainean edo belar idor batzuk bildu eta haien gainean.

belar izpi, belar-izpi Belar zatia. Txoriak ikusten ziren belar izpi bana mokoan.

belar lan, belar-lan Belarra ebaki eta garraiatzeko lana. Mutilak neskak begiz jotzera joaten ziren udan gari ebakitzen, arbi ereiten eta belar lanetan zebiltzanean.

belar meta, belar-meta Belarrez egindako meta. Afaldu zenean, etzan zen belar meta baten gainean.

belar on Usain oneko belarra. Untxiek, belar on pixka bat ematen bazaie hil baino lehentxeago, txit gustu oneko haragia izaten dute.

belar ondo, belar-ondo Belarra (landarea). Begien gozagarritzat ez duzu deus, bi aldeetako mendixka larrutuak baizik: lur-mamirik ez da ezagun, ez belar-ondo bat, ez zuhaitz bat. Axuantaren astoa, hilobien artean belar ondo bat edo beste marruskatuz, han-hemenka dabil.

belar ondu Ebaki eta ihartutako belarra, ganadu-janari gisa erabilia. Gurditik belar ondua hustu eta zabaltzen ari ziren.

belarretan adb. Belar lanean. Belarretan ari zen.

belar soro, belar-soro g.er. Belardia.

belar txar Belar gaiztoa. Soroan belar txarrak kentzen ziharduela. Gorrotozko belar txarrak erein.

belar-xut Ipar. Izpilikua.

ile

1 iz. Azalean edo larruan sortzen den adarkizko zuntz mehea. Ik. bilo. Gizonaren buruko ileak. Ile bakan batzuk buruan. Betazal ertzetako ileak (Ik. betile). Ile-sapa beltz zarratua. Gaztetasunaren kemena eta sua dario alde guztietatik, ile urdinak gorabehera (Ik. ile-urdin). Pentsatze soilak ile guztiak lazten zizkidan.

2 iz. (Multzokari gisa). Ileen multzoa. Luzea du ilea. Ile horaila, gorria. Ile beltz kizkurra. Zer polita dagoen bere ile kizkurrarekin (Ik. ile-kizkur). Jantzi luze eta ile harroz apaindurik (Ik. ile-harro). Gameluaren ile latza. Ile leuneko aberea. Aurpegiko ilea. Ilea moztu du. Ardi horri ilea moztu diote. Ilea ongi orrazturik. Zahartzaroan, ilea urdintzen denean. Ilea erortzen hasi zaion azeri zahar bat. Abere ile-beltza. Ugaztun ile-sarria. Ile ugari duen animalia edo gizakia. Ardia ahuntzari ile eske (esr. zah.).

3 iz. (Multzokari gisa). Abereen ilea, ehungintzarako gaitzat hartua. Ik. artile. Ardiaren ilea. Ile latzez egindako atorra. Ile xehea.

4 iz. (Multzokari gisa). Ilea kendu gabe ondu den abere larrua, berokiak eta kidekoak egiteko erabiltzen dena. Azeri ilezko berokia. Larruzko eta ilezko berokiak.

5 iz. Zenbait landaretan agertzen den zuntz izpi mehe-mehea. Ilez estalitako hostoak.

ile alde adb. Ilearen berezko noranzkoan. Abere bat ile alde ferekatu.

ile apaindegi, ile-apaindegi Ilea mozten eta apaintzen den tokia.

ile apainketa, ile-apainketa Ilea apaintzea; ile-apaintzailearen jarduna edo lanbidea. 34 urte darama ile apainketako irakasle. Ile apainketa eta sukaldaritza.

ile apaintzaile, ile-apaintzaile Lanbidez ilea mozten eta apaintzen duen pertsona.

ilea urdindu Ileak kolore urdina hartu. Hasia zuen ilea urdintzen.

ilea zuritu Ileak kolore zuria hartu. Gazte denboran neukan haizezko burua; ilea zuritzean bete zait kaskoa. Ilea zuritzen hasi zaizu.

ile-gorri Ik. ilegorri.

ile-harro Ik. ileharro.

ile-hori Ik. ilehori.

ile izpi, ile-izpi Ilea. Ez baitzuen huts egingo harri batekin ile izpi bat ere.

ile-kizkur Ik. ilekizkur.

ile kontra adb. Ilearen berezko noranzkoaren kontra.

ile mataza, ile-mataza Ile multzoa, adatsa. Ik. kalpar. Ezti koloreko ile mataza. Atzerantz orraztu du ile mataza.

ile motots, ile-motots Mototsa. Haren ile motots leporaino eroria.

ile moztaile, ile-moztaile Ilea mozten duen pertsona. Ik. moztaile. Ile-moztailearen aurrean isilik dagoen ardiaren irudiko. Ia burua zuritzeraino moztu zion ile-moztaileak ilea mutilari.

ile mozte, ile-mozte Ilea moztea; bereziki, abereei ilea moztea. Uztailean dute ardien ile-moztea.

ile ondo, ile-ondo Buruko ilea. Gizonak sortzen dira ile-ondo bat gabe. Ikaraz harrotzen ziren haren buruko ile-ondoak.

ile-urdin Ik. ileurdin.

ile-zuri Ik. ilezuri.

izan2, izan, izaten

1 da ad. Aditz kopulatiboa, ezaugarri iraunkor bat adierazteko erabiltzen dena. Gizona hilkorra da. Bi eta bi lau dira. Gaztea zen. Liburu hori oso ederra da. Esker onekoak izan zaitezte. Hori nirea da. Andoni irakaslea da. Zoriontsu izan zara? Egin nahi duzun lana egiteko trebea da gizon hori.

2 da ad. Gertatu. Lapurreta kalean izan zen. Han izan zen izatekoa! Zer izango da nitaz?

3 da ad. Gertatu, aipatzen den ondorioa izan. Hil-berri hori mingarria izan da guretzat alde guztietarik. Inoren begia zorrotzagoa izaten baita bereizketa horietan norberarena baino.

4 da ad. Halako egoeran edo tokian egon. Gure amona ongi da. Apaiza elizan da. Erroman izan nintzen iaz. Lehengo batean Arantzazun izana naiz.

5 da ad. (Singularreko 3. pertsonan). Aipatzen dena badela adierazi. Ik. egon1 11. Gauza onik nigan bada, jauna, zurea da. Infernuan ez da elurrik. Gose onarentzat ez da ogi beltzik. Alabatxoak pianoa jo zuen eta sekulako dantzak izan ziren.

6 da ad. (Singularreko 3. pertsonan, ezezko esaldietan, osagarritzat aditz izen bat hartzen duela). Ezin izan. Ik. egon1 12. Neke gabe ez da bizitzerik. Ez zen gibelera itzultzerik. Ez zen, inolaz ere, ihesi joaterik.

7 da ad. (Beldurra, lotsa, hotza, beroa eta kideko sentipenekin). Bero denak itzala ez du gaizto. Edaten ematea egarri denari. Ez dugu zeren ahalke izan gure hizkuntzaz. Fraideak ez ziren gose, baina bai egarri.

8 da ad. (Singularreko 3. pertsonan, eguraldiaz eta kidekoez mintzatuz). Ik. elurra izan; euria izan. Jaitsiko dira meza entzutera elurra bada ere. Bero handia zen. Hego haizea da. Euria denean estali eta haize denean babestu. Zein ilun den kanpoan!

9 da ad. (3. pertsonan, orduez, garaiez edo kidekoez mintzatuz). Barau eguna da. Uda da. Eguerdia da. Ordu biak dira. Gaua zen. Goiz da oraindik.

10 (Partizipio burutuan). Nire lagun eta adiskide izana. Ganboarren etxe izana dago mendiaren erpinean. Tolosako unibertsitateko irakasle izana. Seme bat Bilbon zinegotzi izana.

11 da/du ad. (3. pertsonan, denborazko testuinguruetan). Igaro, pasatu. Ik. dela; duela. Badira hogei urte hemen bizi naizela. Egun asko da elkar ikusi ez dugula. Hamasei bat urte dira liburua argitaratu nuela. Bi urte badu hemen dela. Sei hilabete zuen hor zela. Aspaldi du haren ezagutza dudala. Zenbat denbora du pena horietan zaudela?

12 (Aditz iragangaitzen laguntzaile gisa). Gaur etorri da. Neskame joan zen. Agertu izan balitz. || Aholkulari izendatua izan zen.

13 (Aditz iragankorren laguntzaile gisa, ekintzaren subjekturik ez dagoenean). Urre asko ekartzen zen Ameriketatik garai hartan. Erdal liburu gutxi saldu da aurten Durangoko Azokan.

14 zaio ad. (nor osagarria 3. pertsona singularrean). Ipar. Iruditu. Zer zaizue gure solasez? Zer zaizu?, emazte hori edo arras gutaz trufatzen da edo xoro eder bat da.

15 zaio ad. (nor osagarria 3. pertsona singularrean). Axola izan. Salomoni horiengatik ezer ez zitzaion, urruti zeudelako. Hiri zer zaik, esnezalearen iloba ezkontzen delako? Zer litzaizuke mundu osoa irabaztea, zure arima galtzen baduzu? || dio ad. (nork osagarririk gabe). Zuri zer dizu lagunen jardunagatik?, zuk egizu zeurea.

16 du ad. Aipatzen denaren jabetasuna edo gozamena izan. Ik. eduki1. Etxe bat izan. Diru asko du. Osasuna duenak. Eguraldi ona izan dugu azken bolada honetan. || Hiru seme-alaba ditu.

17 du ad. (Adinaz mintzatuz). Urte eta erdi du. Hogei urte zituenean.

18 du ad. (Subjektua den pertsona indartzeko edo nabarmentzeko; genitiboa edo destinatiboa hartzen duten da motako zenbait esaldiren baliokide indartu bezala erabiltzen da). Eske zetorkidana adiskide dudalako. Sarasketa jauna aspaldiko ezaguna dut. Nor duzue David hura? Gaur Pazko dugu. Berandu dugu.

19 du ad. Norbaitek beregan izan. Begi politak ditu. Ile horailak zituen. Zintzo itxura zuelako.

20 du ad. (Gauzez mintzatuz). Zuhaitzek hostoak dituztenean. Berrehun mila biztanle dituen hiria. Estalki biribila duen ontzia. Pentsabide horrek etorki jakina du.

21 du ad. Norbaitek beregan sentitu. Buruko mina izan. Sukarra du. Ez du ezertarako gogorik.

22 du ad. (Aditz iragankorren laguntzaile gisa). Bi ogi ekarri zituen. Ibaiak eraman zuen. Behar bezala azaldu izan balu. Behin eta berriro irakurria dut.

23 du ad. (nor osagarria singularreko 3. pertsonan, batez ere ezezko esaldietan, osagarritzat aditz izen bat hartzen duela). Ez dut hara joaterik izan. Ez zuen atzera egiterik.

baliteke, badaiteke Litekeena da. —Uste dut nonbait ikusi zaitudala... —Ni?, baliteke. Bai, baliteke hartu dudan bidea okerrekoa izatea. Gaixotasunak birikei eragiten die batik bat, baina badaiteke giltzurrunetan ere agertzea. Ez dakit, badaiteke.

daitekeena (da), litekeena (da) Izan daitekeen gauza da, gerta daitekeena da. Ik. posible izan. Bai, litekeena, baina... nola demostratu hori? Litekeena da Hegoafrikan erabateko gerra piztea. Oso daitekeena da pertsona horrek erailketa argitzeko adina datu izatea. Daitekeena horixe! Daitekeena al da hori?

dela (Denborazko mendeko perpausak eratuz, aditz nagusiko ekintzatik zenbat denbora igaro den adierazteko). Ik. orain dela. Gaur dela ez dakit zenbat urte. Oraindik egun asko ez dela. Denbora gutxi dela. || (Lehenaldiko testuinguruetan, zela forman). Aspaldi zela, bere amak (...). || (Pluralean, direla forman). Direla hamabost urte ikusi nuen.

direnak eta ez direnak Dena eta are gehiago. Ik. bereak eta bi. Harrezkero, direnak eta ez direnak egin ditu aurrera jarraitzeko. Direnak eta ez direnak entzun beharko ditu! || Kontatu zizkion ugazabari zirenak eta ez zirenak.

duela (Denborazko mendeko perpausak eratuz, aditz nagusiko ekintzatik zenbat denbora igaro den adierazteko). Duela berrogei urte gauza bera pasatu zen Japonian. Aspaldi ez duela. Duela gutxi. || (Lehenaldiko testuinguruetan, zuela forman). Hantxe hil nintzela zioen hilarriko testuak, 1997ko iraileko egun batean, zuela hilabete inguru. || (Pluralean, dituela forman). Dituela berrogeita hamar mende bezala diraute.

izan ere lok. Esan dena biribiltzeko, edo esaten dena esan berri denarekin lotzeko esapidea. Hala da, izan ere. Zer da, izan ere, hitzen bizia? || (izan ez den beste aditz bat duen perpaus batean). Nork edukiko dio begiramenik, izan ere, bere buruari begiramenik ez dion herri bati? Joera berriak mugagabeak mugatzen lagunduko baligu, ez litzateke laguntza makala; izan ere, argi berritze baten premia bazegoen hizkuntzalaritzan, inon bazegoen.

izan ezik Aipatzen dena salbuetsiz. Ik. salbu. Denak joan ziren, ama izan ezik. Barruan ez zegoen ezer, lau hormak izan ezik. Guztiak, ni izan ezik. Igandeetan izan ezik. Edozein hizkuntzatan, euskaraz izan ezik. Hotzik ez, gauetan izan ezik. || Nor ausart zitekeen, horrenbeste arriskuren erdian, Ulises izan ezik?

izan ondo interj. Norbaitengandik urruntzean edo idatzi baten bukaeran erabiltzen den gizalegezko esapidea. Ik. ondo izan. Eskerrik asko, Segundo; izan ondo.

izan ongi interj. Norbaitengandik urruntzean edo idatzi baten bukaeran erabiltzen den gizalegezko esapidea. Ik. ongi izan. Egun on eta izan ongi ni berriz etorri arte. Izan ongi eta laster arte!

izatekoa izan 1 (Batez ere hi haiz izatekoa eta kideko harridurazko esapideetan, norbaiten izaera berezia azpimarratzeko). Hi haiz izatekoa, hi! Sagar guztiak harrapatu dizkigu; hori da izatekoa, hori!

2 (3. pertsonako esapideetan, harridura adierazteko). Jesus, hori da izatekoa! Honen hutsa ezagutu zutenean, han ziren izatekoak!

izatekotan (ere) Aurretik adierazi dena osatzen duen esapidea, halako baldintzazko edo aurkaritzazko balioa eransten diona. (izan aditza ez den beste aditz bati ere erreferentzia egin diezaioke). Ik. izatekotz. Serioak, izatekotan ere, beste horiek dira. Halaber, gogorarazi du jardun horiek zigortzea, izatekotan ere, legeari dagokiola. Izatekotan ere, hor. Eta hori ez da niri dagokidana; zuri, izatekotan. Edonola ere, PSko hautagaiak nekez nagusituko dira lehen itzulian; izatekotan, bigarren itzulian erabakiko dira diputatu berriak. Ez genuen gaizkile itxurarik inondik ere; izatekotan ere bikote maitemindu berriaren trazak izango genituen. Izatekotan ere, beti egon den lekuan baino ez baitago bidea: abertzaleen batasunean.

izatekotz (ere) 1 Ipar. Aurretik adierazi dena osatzen duen esapidea, halako baldintzazko edo, batez ere, aurkaritzazko balioa eransten diona. (izan aditza ez den beste aditz bati ere erreferentzia egin diezaioke). Ik. izatekotan; aitzitik. Alde honetan Xanpun dugu, izatekotz, hortaz dohatua. Ez da Zuberoan sekula ikusten taulen gainean ez Jainkorik, ez Jesusik, ez Ama Birjinarik; izatekotz, zenbait aingeru eta zenbait satan. Halere, zuen amodioa ez da hautsi; izatekotz, azkartu. —Hontza ote zen hori? —Ez... izatekotz ere, gau-belea! Delako arrangura hura ttipitu ote da ala izatekotz handitu? Fraide horiek ez baitira besteak baino gutxiago kartsutasunez, baina izatekotz, sentikorrago. Gero eta mozkin gehiago? izatekotz gero eta mozkin hobeak!

2 lok. Ipar. Izan ere. Diotelarik, Korsikan berean, Frantziaren alderako atxikimenduak manatzen duela, izatekotz, ezaren alde agertzea. Jakin-minez betea zuen soa, izatekotz, lehen aldiz ikusiko balu bezala. Beste batzuek gogoan dute, izatekotz Mendekoste biharamuna.

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper