Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=hobe beharrez 2 sarreratan aurkitu da.

beharrez

1 adb. (Osagarritzat aditz bat, partizipio burutuan, duela). Osagarritzat duen aditzak adierazten duena gauzatzeko asmoz edo lehiaz. Erorikoa bigundu beharrez. Zergatik zabiltza ni hil beharrez? Bazekien milaka kristauk odola isuri zutela turkoei Jerusalem kendu beharrez. Besoak zabalik dauzka, laztan eman beharrez.

2 adb. -tzeko zorian. Zurrungaka, arnaska, ito beharrez.

3 adb. (Osagarritzat, batez ere aditza, partizipio burutuan, edo izen soila dituela). Aditzak edo izenak adierazten duena behar delarik, behar delako. Euskaltzaindia, gainerako helburuak gainerako, batasun beharrez sortua izan baitzen. Lan beharrez joan zen Parisera. Penaturik geratu zen harekin mintzatu gabe etxera itzuli beharrez. Jolas lagunen beharrez, elkarrekin zebiltzan etxe batekoak eta bestekoak.

4 adb. Beharrak eraginda, behartua; nahitaez. Egiazki beharrez dabil eske. Beharrez egin dut.

hobe beharrez adb. Asmorik onenaz; hobe delakoan. Santa Kruzek egiten zuena hobe beharrez egiten zuen, beti asmatzen ez bazuen ere. Zeure hobe beharrez esaten dizut.

labur beharrez adb. Laburtu beharrez. Ik. labur-zurrean. Horrela izendatuko dut, labur beharrez. Baina hemen utzi beharko, labur beharrez, haren hitzak aldatzea.

on beharrez adb. Hobe beharrez. On beharrez esan nion esan niona, baina txarrera hartu zuen. Barka iezadazu, on beharrez samindu bazaitut.

hobe

adj. on izenondoari dagokion konparatibozko era. Ik. hobeki; hobeto. Pilota hau bestea baino hobea da. Gurea baino hobea, jatorragoa iruditzen zait. Hitz eskas hauek baino hobeak merezi ditu liburu honek sarrerako atean. Janari ona, edari hobea. Hau askoz hobea da. Gutarik onenek, gehienek ez bada ere, bazituzten alde on baino hobeak. Eredu hau da guztioi eskaintzen diguna, hobea nahiz makurragoa. Hazibide ezin hobea hartu zuen gurasoengandik. Antzezlariak, ezin hobeak. Gogo hobearekin jaten dute orduan. Ez duzu hura baino sendagarri hoberik aurkituko. Lurrean zer hoberik? Txarragoak hobetzat salduz. Umilagoak eta esker hobekoak izateko. || Esr. zah.: Hobea maiz onaren etsai. Txarrena hobeaz ahalke.

hobe beharrez adb. Asmorik onenaz; hobe delakoan. Ik. on beharrez; ondo beharrez; ondo beharrean; hobe ustean; hobe ustez. Santa Kruzek egiten zuena hobe beharrez egiten zuen, beti asmatzen ez bazuen ere. Zeure hobe beharrez esaten dizut.

hobe ez Bizk. Zalantzarik gabe. (Ironiaz erabiltzen da). —Orduan gaur hemen geratuko naiz... —Hobe ez!

hobe izan, hobe izaten, hobe izango/hobeko da/du ad. (da aditza denean 3. pertsonako adizkiekin bakarrik). Hobe da ez izatea, gaizki izatea baino. Hobe duzu ezkondu, moja joan baino. Hobe dugu isildu, lotsagarri gelditu baino lehenago. Hutsik egin nahi ez duenak hobe du beste lanbide bati ekin. Hobe izango da isilik egotea. Hobe izango zuen sekula jaio ez balitz. Hobe litzateke askatu eta lagatzea. Hobe zenuke gutxiago erreko bazenu. Itsu baino hobe da oker izatea (esr. zah.). || Zenbat eta argiroago mintzatu, hobe. Errient ona baino hobe aita ona. Hobe bakarra balitz.

hobera egin Hobetu. (Batez ere osasunaz eta eguraldiaz mintzatuz erabiltzen da). Gera zaitez nirekin, eguraldiak hobera egin arte. Agurearen osasunak, ostera, ez zuen hobera egin eta handik gutxira hil zen.

hobe ustean adb. Hobe delakoan. Ik. hobe beharrez. Berrikeria horiek salatu behar genituzke, hobe ustean dabiltzanak kontura daitezen.

hobe ustez adb. Hobe ustean. Ik. hobe beharrez. Hobe ustez egin zuen horrela.

[Oharra: Euskaltzaindiak, hobe esan esapideak euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, esapide horren ordez hobeki esan erabiltzea gomendatzen du].

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper