Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=erori 4 sarreratan aurkitu da.

erori, eror, erortzen

1 da ad. Zerbait, bere pisuak eraginik, beherantz joan; lurrera erakarria gertatu, oreka edo euskarria galduz. Behaztoparik gabe erortzen den harria. Behaztopatu eta erori. Erori eta jaiki. Lurrera erori. Atzerantz erori. Ahuspez erori zen. Belauniko erori. Amilka erori ziren zaldizkoak eta zaldiak. Korde gabe erori. Zerraldo erori zen. Maldan behera erori. Hilda erori. Harresiak erori ziren. Putzura erori. Zalditik ez erortzeko. Hostoak zuhaitzetatik erortzen hasi dira. Hegazkin bat erori zenean.

2 da ad. (Hedaduraz). Hortzen erdiak erori zaizkio. Oinaztarriak erori. Eguzkia zerbait erori artean. Zure zigorra eror bedi gure eta gure umeen gainera. Ondoko bokala erortzen zenean.

3 da ad. Nahigaberen batek eraginda, goibeldu. Bihotza, gogoa erori. Eroria egon.

4 da ad. Egoera oker edo gaizto batera erakarria gertatu. Gatibu, preso erori. Etsaien eskuetan eroriko balitz. Ez gaitzazula utz tentaldian erortzen. Bekatu itsusi batean erori zen. Besteren senarrarekin erortzen den neskatxa.

5 da ad. Zoriaz-eta mintzatuz, egokitu. Zortea erori zen Matiasen gainera. Loteria erori zaio.

6 da ad. (Dagokion osagarriak -ra atzizkia hartzen duela). Norbaiten iritzi, ohitura edo bizimodua onartu edo haietara egokitu. Zure nahira erortzen naiz. Baina, azkenean, erregeren otoitzetara erori zen. Orok behar genuke horretara erori, orok bat eginez.

7 (Partizipio burutuan, dagokion osagarriak -ra atzizkia hartzen duela). Lerratua, makurtua. Gizon ona eta ontasunera eroria. Zein bekatutara garen erorienik.

8 (Partizipio burutua izenondo gisa). Sudurra luzea eta eroria. Haritz eroriari orok egur (esr. zah.). || Ahuldua, hondatua. Aurpegi erori tristea. Mundua egun hauetan horren nahasia, hain eroria eta hondatua ikusirik.

9 (Partizipio burutua izen gisa). Erorikoa. Hitzak zazpi ziren, odoljarioak ere zazpi, batez ere, eta gero ikusiko dugunez, eroriak zazpi. Jose Luis Arrietak, izandako eroria dela medio, denbora galdu zuen.

erorian adb. (Batez ere ia erorian edo erdi erorian esapideetan). Erori beharrean, erortzeko zorian. Galtzak ia erorian. Erdi erorian diren monasterio eta komentu xarmagarriak. || (Aditzaren osagarriak hartzen dituela). Egiten zituen balantzekin, sasira ia erorian.

erortzeko min iz. Ipar. Epilepsia. Eri batek ardura izaten zuen erortzeko mina. Idiak edo behiak erortzeko mina duenean. Erortzeko minak hartzen zuen eta sinetsarazi zuen gaitz hori aingeru batek ematen zion zoraldi bat zela.

kontu1

1 iz. Kopuru bat zenbatzea edo mugatzea. Irabazien eta galeren kontua. Kontu zehatza. Hutsen kontua laster egingo dut. Silaben kontua izan da neurkeraren muina. Gramatika alorrean ilunpetan dauden auzien kontua ezin konta ahalakoa litzateke. Dendetan erdarara jotzen da askotan kontuetan. Hizkuntza horiek bi zirela, gutxieneko kontuan. Neure Jainkoa, zure egunak konturik gabeak dira eta zure urteek ez dute akabantzarik. Bere bekatuen neurria bete arte, kontua konplitu arte.

2 iz. Irabazien edo xahutzeen zenbatekoa dakarren agiria. Jatetxeko kontua ordaindu. Jauna, bost erreal da berorren kontua. Hileko gastuen kontua.

3 iz. Banku kontua. Ik. kontu korronte. Kontu bat ireki.

4 iz. Inform. Ordenagailu, webgune edo aplikazio batean sartzeko sistema, erabiltzaile izena eta pasahitza eskatzen dituena. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Twitter kontua ireki du. Erabiltzaileak behin kontuan sartzea nahikoa du aplikazio guztiak atzitu ahal izateko.

5 iz. Arreta, ardura, arta. Gurasoen kontu onari ongi erantzunik. Kontu hobea dute gariaz. Gauza guztien kontua duena. Kontu eta arreta handiarekin hilduratu behar da grina nagusia. Kontu handia ipini behar dugu horretan. Elizkizunetan laguntzeko eta behartsuen kontua edukitzeko.

6 iz. Arazoa, auzia, egitekoa. Hori da kontua. Hori beste kontu bat da. Hori ez da nire kontua. Gure kontuak zuzentzeko ordua heldu da. Zeharo bat gatoz kontu horretan. Ez dela txantxetako kontua. Aspaldiko kontuak. Adin kontua da hori. Sorgin kontua dirudi. Kontuak egiteko orduan izaten dira kontuak. || Elkarrekin betiko kontuak esaten.

7 iz. Ipuina. Munduko alferrikako esamesak, gezurrezko ipuin edo kontuak.

8 (Artikulurik eta kasu markarik gabe, adizlagun balioko hitz elkartuak osatuz). Behi kontu jartzen ninduten askotan: behiak zaintzen. Amona falta zenean, ordea, eguarte gehiena haur kontu galdu behar nik.

9 interj. Kontuz. Eta kontu, ez duzu esan behar nor izan duzun lagun bekatuan. Kontu, kontu, ate zahar hori puskatu gabe. Kontu, gero!

banku kontu, banku-kontu iz. Aurrezki kutxa edo banku batean ezarritako dirua; diru gordailu horren zor-hartzekoen agiria. Ik. kontu1 3. Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa hasi berri du auzipetuak Suitzan banku kontuak dituen jakiteko. Lapurrek milioika erabiltzaileren posta elektronikoen helbideak zituzten, eta banku kontuetatik dirua ebatsi nahi zutenean, banku eta kutxen izenean mezuak bidaltzen zituzten.

-en kontura 1 Aipatzen denak ordaintzen duela. Bazkaria norberaren kontura izango da. Majo bizi da hura aitaren kontura.

2 Aipatzen dena barre- edo iseka-gaia dela. Jendearen kontura barre egingo dugu. Gu baino ahulagoak direnen kontura barre egitea, alegia, ez da umorea, zapalkuntza baizik. Txantxetan ibili ginen haren kontura, iraindu egin genuen behin eta berriz.

3 (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean). Inoren mende egon gabe (lan egin, bizi...). Ik. beregain. Lan egin, neure kontura bizi, hori zen nik behar nuena.

4 (-en atzizkiaren eskuinean). -en ardurapean. Ik. nire (zure...) kontu. Eginbehar handi hau zure kontura har ezazu. Neure kontura, goizean zuri dei egitea. || Behor haiek aitonaren konturakoak zirela uste dut.

kontua(k) eman Kontu eman. Etxeko gorabehera guztiaren kontua eman zion. Kontuak eman behar zituenean. || Zein kontu estua eman beharrak zareten Jainkoaren aurrean!

kontua(k) garbitu Zorrak kitatu. Itzuli zen morroi haien nagusia eta haiekin kontuak garbitzen hasi zen.

kontua(k) hartu Kontuak eskatu. Kontuak hartu dizkidate euskal idazle bakoitzari liburu batean opa nizkion edo ez nizkion lerroak direla eta.

kontuak atera 1 Kalkulatu. Kontuak arretaz ateratzen baditugu. || Ez zitzaizkion kontuak ateratzen.

2 (Aginterako formetan). Zerbaitetatik halako ondorioa atera. Ik. pentsatu 9. Bestela hemendik zer datorkigun, orain kontuak atera. Hortik atera kontuak, nola ibili naizen.

kontuak egin Irabazien edo xahutzeen zenbatekoa kalkulatu. Ez da aski jatea, nagusia; kontuak egin behar ditugu. Orduan kontuak egingo eta zorrak pagatuko dituzula. Euskararekiko kontuak ere garbiro egin beharrean aurkitzen gara.

kontuak errendatu Kontuak eman. Ik. kontu eman. Jainkoari kontuak errendatu dizkio.

kontuak eskatu 1 Egintza bati buruzko azalpenak eskatu; irabazien edo xahutzeen azalpena eskatu. Nor naiz, beraz, herri oso bati kontuak eskatzeko?

2 Irabazien edo xahutzeen azalpena eskatu.

kontuak galdetu Ipar. Kontuak eskatu. Jaun horri behar zizkioten kontuak galdetu.

kontuak kontu Nolanahi ere, dena dela. Kontuak kontu, baikor agertu zen etorkizunari begira. Ondo pasatzen genuen, kontuak kontu.

kontuan eduki Kontuan hartu. Ik. aintzat eduki. Irakurleak kontuan eduki gabe. Orain idazten diren euskalkiak kontuan edukitzekoak dira, batasun osorik ez duguno.

kontuan egon Erne egon. Gau eta egun kontuan egoteko, arerioak har ez gaitzan.

kontuan erori Gip. Konturatu. Etsaiz inguraturik gaudela kontuan erori gaitezen.

kontuan hartu Gogoan hartu, gogoan izan. Bere egoera kontuan hartu gabe. Hark ez zuen kontuan hartzen gu ere hara joango ginela. Urte horiek kontuan hartu gabe.

kontuan ipini Gaztigatu, abisatu. Ik. jakinaren gainean ipini (jarri). Kontuan ipintzen zaituztet, engaina ez zaitezten.

kontuan izan Kontuan hartu, gogoan izan. Kontuan izango dut iradokizuna. Kontuan izan koaderno honek hogeita bost urte inguru dituela.

kontuan jarri Gaztigatu, abisatu. Ik. jakinaren gainean ipini (jarri). Kontuan jarri naute ni, aurkitzen dela eri.

kontuan jausi Bizk. Konturatu. Geroxeago jausi zen kontuan; tabernan egongo zen.

kontu atera (atera kontu esapidean, kontuak aipatutakotik atera behar direla adierazteko). Atera kontu, zer konfiantza daukadan nik neure buruarengan!

kontu atxiki Ipar. Arreta jarri. Behar dute artzainek horretaz kontu atxiki, nahi ala ez.

kontu auditore, kontu-auditore iz. Enpresa edo erakunde bateko diru kontuak ikuskatzen dituen pertsona. Ik. auditore. Administratzaileek izendatutako kontu auditoreek balantze hori egiaztatu eta gero.

kontu eduki Arreta jarri. Izan bedi nire eginbidea zure loriaz eta ohoreaz kontu edukitzea.

kontu egin 1 Kasu egin; arduratu. Mundu hau ez da deus, egizu kontu beste munduaz. Kontu egin hazi on hau ez galtzeaz. Umekeria hutsa zelakoan, ez zion konturik egin lehenbizikoan. || Literatura ondareaz batere konturik egin gabe. Ez duzu kontu handirik egingo airean dabiltzan hitzez. Jainkoaren aginduez kontu gutxi eginik.

2 (Subjuntibozko edo aginterazko adizkiekin). Demagun, eman dezagun. Egin dezagun kontu begien aurrean daukagula ametsik zuri-gorriena egia bihurturik. Egizu kontu, itotzeko zorian eduki duela otsoak ardiren bat.

3 dio ad. Zaindu, begiratu. Hamasei soldaduk kontu egiten ziotela. Ardiei kontu egiteko.

kontu emaile, kontu-emaile iz. Zerbaiten kontu ematen duen pertsona.

kontu eman Zerbaiten azalpena edo arrazoiak eman. Ik. kontua(k) eman. Eta horietaz guztietaz kontu eman beharko dugu. Ez diot inori konturik eman behar.

kontu garbiketa, kontu-garbiketa iz. Kontuak garbitzea, zorrak kitatzea. Mayans-ekin kontu garbiketan ari zen.

kontu hartu Azalpenak eskatu; zaindu, begiratu. Zilegi al da ikasleari ikastetxetik kanpo egiten duenagatik kontu hartzea? Ez da bekatu otseinei kontu hartzea, jakiteko leialak diren ala ez.

kontu hartzaile, kontu-hartzaile iz. Kontu hartzen duen pertsona; bereziki, estatuko edo sozietate bateko kontuak aztertzen eta ikuskatzen dituena. Jesu Kristo izango da, bada, gure kontu-hartzaile eta epaile. Lege berriaren arabera, udal bateko idazkari edo kontu-hartzaile izateko euskaraz jakitea ez da nahitaezkoa izanen.

kontu hartzailetza, kontu-hartzailetza iz. Kontu hartzailearen jarduna edo zerbitzua. Udaleko Kontu Hartzailetza Saila.

kontu hartze, kontu-hartze iz. Azalpenak eskatzea; zaintzea, begiratzea. Zertarako da etsamina edo kontu hartze hau?

kontu ikuskari, kontu-ikuskari iz. Enpresa edo erakunde bateko diru kontuak ikuskatzen dituen pertsona. Ik. auditore. Kontu ikuskariek kontabilitate liburuak berrikusi zituzten.

kontu izan 1 Norbait zaindu, norbaiten ardura izan. Neronek, nonahi zutaz kontu izango dut.

2 Arreta izan, kontuz ibili. (Batez ere aginterako formetan erabiltzen da). Kontu izan zeuen buruarekin! Kontu izan etxeko zerbitzua kontratatzean. Ardoarekin kontu izan. Gutxienez, ikasi beharko genuke zorrekin kontu izaten.

kontu kontari, kontu-kontari adb. Berriketan. Kontu-kontari ari zen. Denbora pasatu genuen kontu-kontari atean. Etxetik hasiko naiz kontu-kontari.

kontu korronte iz. Banku edo aurrezki kutxa bateko kontua, bezeroari bertan ezarritako dirua nahi duenean eta nahi duen kopuruan eskuratzeko aukera ematen diona.

kontuz 1 adb. Arretaz, artarekin. Ik. kontuz ibili. Entzun kontuz. Bizi gaitezen kontuz. Orduko idazleek kontuz erabili zituzten hitz asmatu berriak. Kontuz-kontuz lagundu zioten autoraino. || Kontuz baino kontuzago ibili behar da horretan.

2 interj. Norbaiti erne ibiltzeko adierazteko erabiltzen den hitza. Ik. kontu 9; begira-. Kontuz, gero!

kontuz ibili Argi ibili, erne ibili. Ik. kasu eman. Kontuz ibili eta bazterretik joan. Zabiltza kontuz agintedunekin.

kontuzko 1 adj. Arretazkoa. Kontuzko azterketa egin. Gauza kontuzkoetan ala arinetan.

2 adj. Arduratsua. Gauza txikietan kontuzkoa dena gauza handietan, eskuarki, kontuzkoago izaten da.

nire (zure...) kontu Nire (zure...) ardurapean. Gainera, gizadia zaintzea ez dago nire kontu. —Lehenbailehen egin behar duzu lana. —Nire kontu, jauna, nire kontu. Nik ekarriko ditut zezenak, eta gainerakoak, zuen kontu. Uzten du bere kontu mahaia.

mando

iz. Asto ar eta behorraren edo zaldi eta asto emearen umea. Mando arra beti da antzua, eta emea, gehienetan. Ez dut uste Avignongo aita santuaren mandoa baino ahazkorrago naizenik.

mando azienda, mando-azienda iz. Mandoa. (Batez ere multzokari gisa erabiltzen da).

mando-mula iz. Ipar. Mando emea. Ik. mula.

mandotik astora erori Egoera txar batetik beste okerrago batetara igaro. Baina orain ohartzen dira Kuban mandotik astora erori direla.

tentazio

iz. Tentaldia. Tentazioan erortzeko bidean. Etsai gaiztoen tentazioak. Tentazioak garaitzeko. Politikaren tentazioa.

tentazioan erori Tentazioaren aurrean amore eman. Goizero eta gauero Ama Birjinari errezatzea, gorde gaitzan bekatuko tentazioan erortzetik. Aldamenekoekin hitz egin nahi duzu lehenbailehen, baina ez zara tentazioan erori. Goazen tarteko pasabideetan sartu gabe, alferrikako produktuak erosteko tentazioan erori gabe.

Oharra: azken eguneraketa 2021-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper