Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=dakidala sarrera bakarrean aurkitu da.

jakin, jakin, jakiten

1 du ad. Zerbaiten berri eskuratu edo izan. Badakizu zergatik ez den etorri? Nondik dakizu hori? Ez daki zer dioen. Ez daki gaurko ikasgaia zein den. Ongi daki gauza horiek nola diren. Zer genioen jakin gabe. Nahi nuke ere jakin ea zergatik agertzen den hitz hori frantsesez. Nork lapurtu zuen ez baleki bezala. Bere etxean gertatu zena jakin zuenean. Laster jakin zen nongoa zen. Badakit maite nauela. Dakienak daki eta ez dakienak ez daki. Buruz dakit hori. Oraindik jakiteko nago zer nahi duzuen. Jakinik ez zitzaiola horrelakorik gertatuko. Mundu guztiak dakien gauza. Nork ez daki hori? Jakina da leku izenak leku kasuetan agertu ohi direla. Berak ezertxo jakiteke egin ziotena.

2 (ez dakit zer, ez dakit zenbat eta kideko esapideetan, ziurra ez den zerbait edo ongi gogoratzen ez den zerbait adierazteko, indargarri gisa). Horregatik ezagutu ninduen Andonik gaur dela ez dakit zenbat urte. Kalte berriak ekarri dizkiotela euskarari, ez dakit zer kasketaldi egoskor dela medio.

3 du ad. Gai bati buruz aski ezaguera izan, zerbait erabiltzeko trebetasuna izan. Ez daki gaurko ikasgaia. Hizkuntza ongi dakiten guztiak. Ongi daki ingelesez. Ez zekien bere Oiartzungo hizkera besterik. Euskaraz ikasten edo dakitena hobetzen ari direnentzat. Badaki irakurtzen, idazten, josten. Pilotan jakin. Ez daki dantzan. Dakienak daki haizea burruntzian sartzen (esr. zah.).

4 (Partizipio burutua izenondo gisa). Gauza jakina da erlijio liburuak ditugula batez ere ugari. Jakina denez, bi aldiz agertu da liburu hori.

5 (Partizipio burutua izenondo gisa). Mugatua, zehaztua izan dena. Indar jakin bat behar da pisu jakin bat jasotzeko. Azentu hori silaba jakin batean zegoela. Toki eta une jakin batean kokatua.

batek (ba)daki Auskalo. Ik. batek jakin. Batek badaki etorkizunak zer dakarkigun! Etena egin zuen orduan, batek daki zergatik. Mutil txikitxoak zirela erne zen euren artean gorrotoa; zertatik?, batek badaki!

batek jakin Auskalo. Ik. batek (ba)daki. Lehenbailehen aurkitzea hobe; batek jakin noraino irits zitekeen!

berri jakin Zerbaitez jabetu, zerbaiti buruzko informazioa izan. (Dagokion osagarriak -en edo -ko atzizkiak hartzen ditu). Badaki gertatu denaren berri. On da atzerriko zenbait gauzaren berri jakitea. Berak ezagutu zuenaren berri jakiteko. Munduko berri badakitenak. Horrek ez daki hemengo berri. Inork ez daki egun haren berririk. Ez daki otordu on baten berririk. Elkarren berri jakin gabe. Lanbidearen berri ongi ez dakien langilearen ohiturarik eza.

dakidala (dakiela...) 1 adb. Ohartuki, jakinaren gainean, nahita. Nik zugana, dakidala, faltatu ez dut bizian. || Nik, dakidalarik behintzat, ez dut horrelakorik egin.

2 adb. Dakidanez (dakienez...). Eliza eta komentua dagoen tokiari, nik dakidala, ez zaio esaten Azkartza, Arantzazu baizik.

dakidanez (dakizunez, dakigunez...) adb. Dakidanaren (dakizunaren...) arabera, ezagutzen dudanaren (duzunaren...) arabera. Ik. dakidala 2. Dakidanez, Madrilen bizi zen. Ez diot, dakidanez, ukorik egin neure herriari.

ez jakin (Jokatu gabe, osagarritzat zehar-galdera bat hartzen duela). Ik. jakin ez. Bi maite ukan eta ez jakin zein hauta. Aldaketa egin zenean, ez jakin zer pinu mota izango zen onena. Lehen hala, orain hola; gero ez jakin nola.

ez jakinarena egin Zerbait ez dakielako itxura egin. "Zer gertatu da?" ekin zion Mattinek, ez jakinarena eginez. Jakinda, ez jakinarena egitea.

Jainkoak daki Hitz egiten duenak zerbait inondik ere ez dakiela adierazteko erabiltzen duen esapidea. (Bera bakarrik, erantzunetan erabil daiteke; ondoan galdetzaile bat edo galdetzaile batez hasten den perpaus txertatua har dezake). Ik. auskalo. Errudun edo errugabe, Jainkoak daki. Noiz arte? Jainkoak daki. Idatzi baino 80 urtez geroago argitaratua, eskuizkribu batetik eta Jainkoak daki nola. Zorion betean bizi izan ziren, Jainkoak daki zenbat urtez. Jainkoak daki non ibilia den!

jakina adb. Esaten dena ezaguna dela edo begien bistakotzat hartzen dela adierazten duen hitza. Ik. noski. Beste asko ere, jakina, mintzatuak dira auzi horrezaz. Lerro hauek, jakina, aski da urteari begiratzea, Londrestik datoz. Gobernariek, jakina, goramenez bete dute. Eraginok, jakina, ez zuten beti nondik norako berdina izango.

jakinaren gainean adb. Zer gertatzen, egiten edo esaten den jakinik, ohartuki, ezagueraz. Jakinaren gainean esaten ditu honek horrelakoak: zer dioen badakiela esaten ditu honek horrelakoak. Ongi jakinaren gainean egin du. Jakinaren gainean nahiz ezjakinean.

jakinaren gainean egon (izan) Dagokionak zerbaiten berri izan. Hara! jakinaren gainean al zeunden? Zuen arteko ibileraz jakinaren gainean dago.

jakinaren gainean ipini (jarri) Dagokionari zerbaiten berri eman. Badaezpada ere, jakinaren gainean jartzen zaitut. Jakinaren gainean ipini gabe bidali ditugu.

jakinaren gaineko adj. Ohartuki eta ezagueraz egiten edo esaten dena.

jakin-behar 1 iz. Jakin behar den gauza. Gure hizkuntzarekiko oinarrizko jakin-beharrak.

2 iz. Jakiteko gogo bizia; bereziki, besteren gauzak jakiteko irrika. Ik. jakin-min; jakin-nahi 2. Haren jakin-behar mugagabea ez zen letra larriz idazten diren jakintzetara mugatzen.

3 adj. Jakin behar dena. Erakutsi zizkien gauza jakin-behar asko.

4 adj. Jakiteko gogo bizia duena. Ik. jakin-nahi. Iraulka zebiltzan bazter orotara begi jakin-beharrak.

jakinean adb. Jakinaren gainean. Jakinean egiten dute gaizki. || Anaiaren jakinean lapurtu zion dirua amari.

jakinean egon (izan) Jakinaren gainean egon, izan.

jakinean ipini (jarri) Jakinaren gainean jarri, ipini.

jakin-egarri 1 iz. Jakiteko nahi bizia. Ik. jakin-gose. Bere jakin-egarria asetzeko elementuak.

2 adj. Jakiteko nahi bizia duena. Jakin-egarriago dira burudun baino.

jakin ez (Jokatu gabe, osagarritzat zehar-galdera bat hartzen duela). Ik. ez jakin. Egia den ala ez den, seguru jakin ez. Neskatila, zer esan jakin ez, eta txintik ere atera gabe zegoen.

jakin-gose 1 iz. Jakiteko nahi bizia. Ik. jakin-egarri. Jakin-gose ergel batek bultzaturik.

2 adj. Jakiteko nahi bizia duena.

jakitera adb. Jakinez gero, jakin izan balu (banu...). Ondorioak jakitera ez zen lan horretan hasiko.

jakitera eman du ad. Aditzera eman.

nik al dakit 1 Gip. Auskalo. (Galdetzaile bat har dezake). Ik. batek jakin; nik dakita. Auskalo zer-nolako laguntza espero ote zuen handik, belar-enplastu edo sorginkeriaren bat seguruena, nik al dakit. Begira egon nintzaion nik al dakit zenbat denboran. Halaxe zeramatzan nik al dakit zenbat urte.

2 (Zerrendatze modukoetan, aipatzen ez diren beste elementu asko ere badirela edo izan litezkeela adieraziz). Gip. Etortzen da gitarra pare bat, txistua eta nik al dakit zenbat tramankulu gehiagorekin eta berak bakar-bakarrik egiten dizu kontzertu bat. Haren musika taldean abestuko duela, supermerkatuko biltegian entseatzen dutela, nik al dakit zer esan didan.

nik dakita 1 Ipar. Auskalo. Ik. batek jakin; nik al dakit. Orain dela zenbait urte gertatu zitzaidan; hamar, hamabost agian; nik dakita?

2 (Zerrendatze modukoetan, galdetzaile bat hartzen duela, aipatzen ez diren beste elementu asko ere badirela edo izan litezkeela adieraziz). Ipar. Ez ziren adituak, zientzialariak edota nik dakita nor; herritar xumeak ziren mintzo. Presozain, zigorkari, eskale eta nik dakita bertze nor!

nork daki Auskalo. Ik. nork jakin. Nork daki, ama, ez ote zaigun oraindik gaur etorriko! Nork daki nondik eta nola eskuratua. Nork daki zer pasatzen den horren baitan! Menturaz bai; nork daki?

nork jakin Auskalo. Ik. nork daki. Nork jakin egunen batean Popeieren indarra izango ez ote dugun. Eta egokiera etorrita, nork jakin!

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper