Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=bizkar muin sarrera bakarrean aurkitu da.

bizkar

1 iz. Giza gorputzaren atzeko aldea, besaburuetatik gerrirakoa; (pluralean nahiz singularrean) bereziki, goiko aldea. Ik. sorbalda. Bizkarra izerdiz bustia. Bizkarrean konkorra zuen. Ardi larruz bizkarrak estalirik.

2 iz. (Esapideetan). Egilearen bizkarrera erruak egotzi. Harria bizkarrean berdindu (harri-jasotzaileak). Bizkarra jaso, altxatu: norbaitek zerbaitez ezer ez dakiela edo jakin nahi ez duela adierazi.

3 iz. Animalia baten gainaldea, lepotik isatsera. Arropa horiek zuk baino lehen erabili zituen bere bizkarrean ardiak. Astoaren bizkar gainean jarrita. Herensuge haren bizkarreko ezkatak. Bizkar hegala.

4 iz. Mendi baten gainaldea, bereziki zabala dena. Elorretako bizkarrean bazkaldu genuen. Toki goretan arranoak egiten ohatzea; hala du mendi bizkarretan Euskaldunak etxea.

5 iz. Teilatuaren goiko ertza. Ik. gailur 3. Etxe bizkarra. Bizkar teila: gailur teila.

6 iz. Liburuetan, orriak josten edo itsasten diren aldea, orriak ebakirik dauden aldearen kontrakoa.

bizkar besta, bizkar-besta Ipar. eta Naf. Eraikitzen ari diren etxe bateko bizkarra jartzen denean ospatzen den festa. Ik. monjor. Etxe berriari teilatua eman genionean bizkar-besta egin genuen.

bizkar(ra) eman 1 Zerbaiti edo norbaiti bizkarraldea erakutsiz jarri. Atea itxi eta ateari bizkarra emanaz gelditzen da.

2 Norbaiten edo zerbaiten aurrean, hura ez balego bezala jokatu; norbaiti laguntza ukatu. Baina horixe da errealitatea, ezin diogu bizkarra eman. Europako gobernuek, baina, mugak itxiz eta bizkarra emanez erantzun diote errefuxiatuen etorrerari.

bizkar muin, bizkar-muin Bizkarrezurreko muina. Ik. orno muin. Eritasun horrek burmuina eta bizkar muina suntsitzen ditu.

bizkarra berotu Jipoitu. Baserritarrari behi bat kendu eta bizkarra berotu.

bizkarra hautsi g.er. Bizkarra berotu.

bizkarra makurtu (Zama astun baten eragina nabarmentzeko). Fatalismoari eta halabeharrari burua eta bizkarra makurtzen dizkiete. Hainbat urteko lanaren kargaz bizkar denak makurtuta.

bizkarrean Pisuez eta kidekoez mintzatuz, bizkar gainean. Zakua bizkarrean zeramala. Bizkarrean hartuta ekarri. Lanetik etxerat zihoala, tresnak bizkarrean. Urtea franko dauka horrek bizkarrean.

bizkarrera 1 Pisuez eta kidekoez mintzatuz, bizkar gainera. Zeinek garo zama handiagoa bizkarrera jaso.

2 (Erruaz, ardurez eta kidekoez mintzatuz, irudizko adieran). Egilearen bizkarrera erruak egotziaz.

bizkarrez Bizkarra emanda. Bizkarrez itzulirik, badoa ingelesa. Mailegatu nahi dizunari ez jar bizkarrez. Aldude bizkarrez dago, baina anaia du Baztan.

bizkar zorro, bizkar-zorro Bizkarrean eramateko zorro edo zaku uhalduna. Bizkar zorroa sorbaldan, txanoa, mendiko botak eta praka motzak soinean.

bizkar zur, bizkar-zur Teilatuaren bizkarreko haga. Ik. petral2 1.

-en bizkar 1 -en gain, -en kontura. Bere bizkar hartu duen eginkizuna. Argitaratzea bere bizkar izan zuenak ere ez zuen lan makala hartu. Besteren bizkar utzi nahi nukeela neuretzat hartu nahi ez dudan lana. Besteren bizkar mantentzea, hori zer gauza ona den. Gurasoen bizkar jaso dira ikastetxe berriak. Ederki ikasia dut, neure bizkar, ikastaldi neketsu batek bakarrik eraman gaitzakeela geure buruaren jabe izatera.

2 -en kontura, aipatzen dena barre- edo iseka-gaia dela. Kritikaririk zorrotzenek ez dute, dirudienez, kritika ontzat hartzen, beren edo kideen bizkar doanean. Hamaika barre egin dute gure bizkar.

-en bizkarretik -en bizkar. Langilearen bizkarretik mantentzen dira alferrak. Andrearen bizkarretik bizi da. Zertara etorri da, inoren bizkarretik jatera? Besteren bizkarretik larritu edo negar eginez gero.

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper