Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=berriz 6 sarreratan aurkitu da.

berriz

1 adb. Beste behin, berriro. Berriz esan. Berriz gerta ez dadin. Ni berriz etorri arte. Huts beretan berriz ez erortzeko. Gero berriz oihu handi bat eginez. Galdu zitzaigun papera berriz atzematen dugunean.

2 lok. Aldiz. Ik. aitzitik; ostera2 2. Nik nahi dut, zuk, berriz, ez. Zenbait egokiak dira, beste zenbait, berriz, guztiz desegokiak. Aurpegia barrez, bihotza, berriz, negarrez. Beti nekez ari izan naiz, eta ongi, berriz, bakan.

berriz ere adb. berriz-en indargarria. Sustraia geldituz gero, garoa egon den tokian berriz ere garoa dator. Bestetan esan dut eta berriz ere esatea ez da alferrik izango. Maiz gertatu zaigunez, ardi galduak izango gara berriz ere otso harraparien artean.

berriz eta berriz adb. Behin eta berriz. Otoitz bera berriz eta berriz erranez.

berrizko 1 adj. Berriz egina. Jesusen berrizko agerpena apostoluei.

2 adb. Hurrengorako. Erdia jan zuen eta gainerakoa berrizko gorde zuen.

atzera2

1 adb. Berriz, ostera, beste behin. Atzera zu hemen! Asko makaltzen zen astetik astera eta ez zuen ekarri nahi osasuna atzera. Atzera diotsut, andrea onbidezko iturria dela. Bi egunetan han egon naiz, eurekin atzera ez etortzeagatik. Arima gorputzera atzera itzultzea. Ezjakinean aspaldidanik irekirik dauden bideak atzera urratzen ibiltzea.

2 adj. Batez ere Bizk. Atsegina ez zaion egoera batean halako nagitasuna edo atzera egiteko gogoa agertzen duena. Jainkoaren gauzetarako nagi eta atzera izan dena. Hizketan atzera samarra zen.

atzera berriz adb. Berriz, ostera. Orain, nonbait, gauzak lehengora ekarri dira atzera berriz. Harro zegoela egindako izugarrikeriez, eta atzera berriz egingo zituela.

behin

1 adb. Aldi bakar batean. Behin egin du, behin bakarrik eta ez bi aldiz. Behin, birritan, hirutan. Beste behin. Behin ardoa edango balu. Behin eskuineko besoaz, behin ezkerrekoaz. Behin bederen. Behin behintzat, besterik ez bada, gure alda nahiak aurkitu du non ase.

2 adb. Lehenaldiko une bat ahotan hartzeko erabiltzen den hitza. Ik. behin batean. Behin, asteazken arratsalde batez (...). Begira behin zer gertatu zitzaidan.

3 adb. (Maiztasuna adieraziz; ezkerreko denbora hitzak -n atzizkia hartzen du eta forma mugatuan doa; ezkerreko hitza zenbaki batek mugatzen duenean, berriz, -tik edo -z ere har dezake; -tik-duna, forma mugatuan nahiz mugagabean joan daiteke eta -z-duna, mugagabean). Egunean, astean, hilabetean, urtean behin. Lau urtetik behin. Bost egunez behin etortzen da.

4 (Perpaus txertatu bati sarrera emanez, aditz nagusiaren ekintza noiz hasten den adieraziz). Ik. behin ...-z gero. Behin abiada hartu zuenean, ez zegoen mutila isiltzerik. Jainkoaren hitza behin bihotzean harturik, leheneko bekatuetara berriz bihurtzen dena. Behin gure nahimena ekinaldi bizkor batez bere asmoari lotzen bazaio, ez da hartatik lasaituko aldez besteko asmo bat hartu arte.

behin baino ...-ago(tan) adb. (Maiztasuna adierazten duten adizlagunekin). Auzi hori behin baino gehiagotan arakatua izan da. Kapitalismoari izen-abizenak jarri dizkiodanean isilarazi nahi izan naute, behin baino sarriago. Hori joko berean gerta daiteke behin baino gehiago. Bataioa behin baino haborotan hartzen ahal da?

behin bakarrik adb. Behin bakarrik bizian. Ekin zion ez behin bakarrik, baizik askotan, baina beti alferrik.

behin banan Bizk. g.g.er. Banan-banan. Behin banan aztertu behar dira aginduak, jakiteko zenbat bekatu egin dugun agindu bakoitzean.

behin batean Lehenaldiko une bat ahotan hartzeko erabiltzen den esaldia; euskal ipuinen ohiko hasiera-esapidea. Aitortu behar zaio behin batean argitaratu zuen iritziak baduela oinarri sendorik. Behin batean Loiolan. Behin batean, Pernando Amezketarra bazihoan bide baten barrena (...).

behin bateko adj. Garai batekoa. Hitza eskatzen dut, hala eta guztiz, eta lotsa gutxirekin gainera, gure behin bateko neskatxen irudira.

behin batez g.er. Behin batean. Behin batez, otoitz egiten ari zela, (...).

behin-behinean adb. Betiko izan gabe, oraingoz, aldi baterako. Behin-behinean aske utzi zituzten. Erabaki hau behin-behinean hartu dugu. Lanpostua lortu nuen, baina behin-behinean.

behin-behineko adj. Behin betikoa izan gabe, hura taxutu bitartean haren ordez dagoena edo erabiltzen dena. Behin-behineko idazketa. Behin-behineko egoitza. Erabaki hori behin-behinekoa da.

behin-behinekotasun iz. Behin-behinekoa denaren nolakotasuna. Ministro berriak lanaren behin-behinekotasunaren aurkako hainbat neurri iragarri ditu.

behin-behinekoz adb. Behin-behinean. Behin-behinekoz espetxeratu dute. Proiektua behin-behinekoz geldirik dago, epaileek aginduta.

behin-behingo adj. [Oharra: Euskaltzaindiak, behin-behingo-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. behin-behineko].

behin berriro adb. [Oharra: Euskaltzaindiak, behin berriro-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, esapide hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. behin eta berriro; behin eta berriz].

behin betiko 1 adb. Betiko. Gizon odolgiro hura begietatik behin betiko kentzeko.

2 adj. Betikoa; berriro ikusi eta aztertu beharrik ez duela finkatu dena. Behin betiko erabakia. Behin betiko zerrenda. Agiriaren behin betiko idazketa.

behin betikoz adb. Ipar. eta Naf. Behin betiko. Zer atsegina, ikusi zuenean mutikoa zenbait egunen buruan sendo, behin betikoz sendo.

behin edo behin 1 adb. Noizbait; inoiz edo behin. Behin edo behin egin behar zela eta. Behin edo behin joan izan naiz. Beharbada, nire zuzenketak izango dira behin edo behin zuzen ez daudenak.

2 adb. Zoaz behin edo behin: zoaz behingoz, zoaz betiko.

behin edo berriz adb. g.er. Inoiz edo behin. Ez da nahikoa baratzezain batek belar gaiztoak behin edo berriz jorran ebakitzea, beti kontuan egon behar du.

behin edo beste adb. Inoiz edo behin. Ederki itzulia dago, hitzez hitz ia; behin edo beste, bai, uzten du hitzen bat itzuli gabe, ezinbestean.

behin edo bitan adb. Behin edo behin; behin edo bi aldiz. Honekin ere egin nuen bertsotan behin edo bitan.

behin ere 1 adb. (Ezezko esaldietan). Inoiz ez. Behin ere huts egin gabe. Behin ere ez zait ahaztuko. Behin ere ahituko ez dena. Zigor hori ez al da behin ere bukatuko?

2 adb. (Erkaketetan). Inoiz. Osasunez behin ere baino hobeki. Behin ere baino garrazkiago jazarri zion bere buruari.

3 adb. (Galde eta baldintza perpausetan). Inoiz. Ardoaren edo beste zerbaiten espiritua ikusi al duzu behin ere su eman eta garretan? Ez dakigu mihi azpira behin ere behatu dioten.

behin eta behin adb. Ipar. Behin eta berriz. Zure ezpainetako irriño eztiak bihotza behin eta behin goxatu dit.

behin eta berriro adb. Maiz. (Errepika zentzuaz). Behin eta berriro eragile gisa agertu naizenez gero. Kale-plazetan behin eta berriro entzunak.

behin eta berriz adb. Maiz. (Errepika zentzuaz). Behin eta berriz esan duenez. Barka, behin eta berriz harri horretan behaztopa egiten baldin badut.

behin eta betiko adb. Heg. Behin betiko.

behin eta birritan adb. Behin eta berriz. Eredu horretara nondik nora jo dugun behin eta birritan kontatua izan da.

behin hutsik adb. Naf. Behin bakarrik. Aldiz, behin hutsik agertzen den forma horrek, halakoa izateko egiantz gehixeago du.

behinik behin lok. Behintzat. Erostunak baditu behinik behin, eta irakurleak izango ahal ditu. Hitzen auzi hau ez da, nire ustez, ez auzia ez ezer; ez luke behinik behin izan behar. Estatuaren zerbitzari bihurtzeko asmotan zebiltzan behinik behin.

behin ...-z gero (Aditz baten partizipio burutuarekin). Ondoren. Behin aitortzen hasiz gero, guzti-guztia esan nahi dizut. Behin luzatuz gero, nekez laburtuko duzu. Beti doa, eta behin joanez gero, ez da joan denaren bihurtzerik.

gainera

lok. Esan berri denari zerbait gehitzeko erabiltzen den hitza. Ederra da eta gainera merkea. Badakit badela gure artean unibertsitatean barrena ibiliei zeharka begiratzen dienik; badute, gainera, zergatik. Poemaz landa, gainera, ez zegoen geldirik Orixe. Hitz horrek, gainera, ez du hor ezarri nahi zaion zentzurik. Hori esanik, diodan gainera, etxeko arropa zikina nahiago dudala etxean garbitu. Herri oso bat itzultzaile bihurtzeak baditu bere arriskuak, ongi agerikoak, gainera. Linguisten lanetan ez ezik, baita, eta batez ere gainera, filologoenetan ere.

gainera berriz lok. g.g.er. Gainera. Beti izan da gozoagoa auzoko janaria; gainera berriz, ez du janak bakarrik gizentzen gizona.

-z gainera postpos. (Izen sintagma mugatuari edo kideko bati dagokiola). Euskaraz ongi ikasteaz gainera, lan ikaragarria egin zuelako. Hitz batek baduela, formaz eta adieraz gainera, beste zerbait. Demagun erregeak seme bat duela eta honez gainera semetzat hartu nahi duela beste bat. Jainkoa zerbitzatzeak badu, beste mundukoaz gainera, mundu honetan ere zenbait sari eta atsegin.

hara

1 adb. Toki hartara. Ik. hona; horra. Hara joan zenean. Hara heldu baino lehen. Hara agertzeko. Paristik hara. Hara bertara.

2 (Denborazko testuinguruetan, -tik atzizkiaren eskuinean). Haurrak beti gizon eta emazte izan nahiak dituk adin batetik hara. Ekainaren hamabitik hara, aroa edertuko da emeki.

3 (Izen sintagma baten ezkerrean, hark adierazten duena aurkeztuz edo; oso hurbil ez dauden pertsonei edo gauzei dagokie berez, baina hona eta horra-ren ordez ere erabil daiteke). Ik. hara han; hara hemen; hara hor. Hara erregina. Hara gure herriko mendiak. Hara zenbait adibide. || (Zehar-galdera baten ezkerrean). Hara zergatik. Hara non diren mendi maiteak, hara non diren zelaiak. Hara zer dioen orduko erabakiak. Hara zer ergelkeria! (Ik. a zer)

4 (Zerbait azaltzeko esaten den esaldi bat hastean). Zergatik ez naizen goizean etorri? Hara: (...).

5 interj. Zerbait ikusteak edo gertatzeak eragiten duen harridura adierazteko hitza. Hara!, zu al zinen? Hara!, berdinak dira eta! Hara besteak!

hara bada 1 (Izen sintagma edo esaldi baten ezkerrean, hark adierazten duena aurkeztuz edo). Ik. hara 3. Hara bada, hartu behar dituzuen erremedioak.

2 (Zerbait azaltzeko erantzuna hastean). Ik. hara 4. Hara bada, jauna, ni txalupako patroia naiz eta (...).

hara berriz interj. Zerbait ikusteak edo gertatzeak eragiten duen harridura edo arbuioa adierazteko erabiltzen den esapidea. Ik. hara 5. Hara, berriz!, honek aterako zizkiguk eltzetik babak!

hara bestea interj. Lgart. Norbaitek esan, galdetu edo egin duena ergelkeriatzat hartzen dela adierazteko erabiltzen den esapidea. —Zuk ez duzu ezer ulertzen, ezta? —Hara bestea!, zozoak beleari, ipurbeltz. —Hik zer ote dakik?, garraiatu behar direnean, belearena egiten duk-eta beti. —Jakina, bizkorra naizelako, hara bestea! —Eta zertarako atera nahi dut nik film batean? —Ospeari esker bizitzeko, hara bestea! —Ez diok ezer esan, ezta? —Hara bestea!, erraza duk ba!

hara eta hona adb. Toki batetik bestera, alde batetik bestera. Ik. hara-hona; hara-honaka. Lagunen bat aurkitu nahirik, hara eta hona, geratu ere egin gabe. Etengabe dabil hara eta hona bere bizikleta gainean.

harago iz. Urrutiago. Bata hemen jausi, bestea harago amildu. Bazter horietaz harago badira beste mila mundu. Txinara eta haragoko lurretara.

hara han Ik. hara 3. Hara han baserria.

hara hemen Ik. hara 3. Hara hemen, hitz gutxitan adierazia, munduaren hasiera. Hara hemen papera eta luma.

hara-hona adb. Hara eta hona, alde batetik bestera. Ik. harat-honat. Hara-hona ibiltzen ziren. Geroztik zenbat alditan berarekin hara-hona!

hara-honaka adb. Hara eta hona, alde batetik bestera. Hara-honaka zebilen. Ikusten zuen egun oroz bazkalorduan erretorea hara-honaka galerian.

hara hor Ik. hara 3. Hara hor zuk maite dituzunak.

haraino adb. Toki hartaraino. Zoaz haraino. Haraino nahi zintuzket lagundu.

harakoan adb. Harako bidean. Harakoan bidaia ederra egin zuten.

harantz adb. Toki hartarantz. Neska-mutilak, berriz, harantz joan, honantz jira, han ibiliko dira, eta gu begira. Orain harantz, gero honantz eta hurrengoan besterantz.

harantzago adb. Harago. Argi bat hemen, beste bat harantzago. Etxetik hur zegoen, kale batzuk harantzago.

harantz-honantz adb. Hara eta hona, alde batetik bestera. Buztana harantz-honantz erabiliaz.

haranzkoan adb. Harako bidean. Haranzkoan ogia hartuko dut Bolintxon.

inoiz

1 adb. (Baiezko ez diren testuinguruetan). Noizbait, egunen batean, uneren batean; ezein unetan, behin ere. —Izan zara inoiz Parisen? —Ez, inoiz ez naiz Parisen izan (Ik. inoiz (ere) ez). Horrelakorik ikusi duzu inoiz? Inoiz ikusten baduzu. Ez duzu inoiz bakerik izango (Ik. inoiz ere). Inoiz erori gabe. Inon eta inoiz agertzen ez diren hitzak erabiliz. Azkenaldiko uholdeak inoiz ikusi ez den adina erdaldun ekarri du gure artera. || (Erkaketetan). Inoiz baino gehiago behar dugu orain. Gau beltzaren hurbilak eguna inoiz baino desiragarriago bihurtzen duenean. Inoiz baino harrokeria handiagoz. Ez zegoen geldirik Orixe; bere euskal lanak, inoiz ez bezala, samaldan zetozkigun, bata bestearen gain. Zure bihotzak inoiz ez bezalako taupadak ditu. Inoiz ere ez bezalako eran. || Eta badu negar bide oraingoan, inoiz izan badu.

2 adb. (Baiezko testuinguruetan). Noizbait. Inoiz ikusi ditut horiek elkarrekin hizketan. Euskaldun batek letra sailean inoiz burutu duen egitekorik larrienetakoa. Beste inoiz aintziretan izainak atzematen ditinagu.

3 (Izen gisa). Noizik ez den tokian inoizik ez da.

inoiz edo behin adb. Inoiz, noizean behin, oso gutxitan. Ik. noizik behin. Neskatxa batenganako maitasun berorik ez zaio ernatzen; haragizko jolasetara iraultzen da gehienez inoiz edo behin, gogo gaiztoz bezala.

inoiz edo berriz adb. Inoiz edo behin. Izango balitz inoiz edo berriz sua itzali beharra.

inoiz ere (Ezezko esaldietan). Inoiz ez. Ik. behin ere; sekula ere. Inoiz ere zahartzen ez dena. Bekatu larririk bat ere, inon ere eta inoiz ere ez egitea. Inoiz ere ezer ez ukatzea.

inoiz (ere) ez (Erantzunetan, aditza ezabaturik). —Izan zara inoiz Parisen? —Ez, inoiz ere ez. —Ezingo ote da aldatu? —Ez, inoiz ere ez. —Noiz irtengo naiz hemendik? —Inoiz ez.

inoiz gutxitan adb. Gutxitan.

inoizko 1 adj. (Baiezko testuinguruetan). Noizbaiteko. Eta harriturik gelditzen dira, inoizko andregaia besterekin ezkondurik aurkitzen dutenean. Inoizko ohiturak.

2 (Superlatibo batekin, "inoiz baino -ago" adierarekin). Bizk. Ik. behin ere 2. Fedean behintzat, inoizko sendoen jarri nintzen. Aurten etorri zaigu inoizko goizen. || (-rik atzizkia hartzen duela). Inoizkorik zoriontsuen. Inoizkorik azkarren zihoazen Frantzia aldera.

Oharra: azken eguneraketa 2021-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper