Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=berriro 2 sarreratan aurkitu da.

berriro

1 adb. Berriz, beste behin. Beharrezko zen berriro hirugarren aldiz erortzea. Egizu berriro. Orain berriro argitara emana. Gauza guztiak desegin eta berriro egin ditzakeena.

2 adb. Berrikitan, duela gutxi.

berriro ere adb. berriro-ren indargarria. Zer, berriro ere hemendik?

orain berriro adb. Duela gutxi. Orain berriro hil da etxearen jabea.

behin

1 adb. Aldi bakar batean. Behin egin du, behin bakarrik eta ez bi aldiz. Behin, birritan, hirutan. Beste behin. Behin ardoa edango balu. Behin eskuineko besoaz, behin ezkerrekoaz. Behin bederen. Behin behintzat, besterik ez bada, gure alda nahiak aurkitu du non ase.

2 adb. Lehenaldiko une bat ahotan hartzeko erabiltzen den hitza. Ik. behin batean. Behin, asteazken arratsalde batez (...). Begira behin zer gertatu zitzaidan.

3 adb. (Maiztasuna adieraziz; ezkerreko denbora hitzak -n atzizkia hartzen du eta forma mugatuan doa; ezkerreko hitza zenbaki batek mugatzen duenean, berriz, -tik edo -z ere har dezake; -tik-duna, forma mugatuan nahiz mugagabean joan daiteke eta -z-duna, mugagabean). Egunean, astean, hilabetean, urtean behin. Lau urtetik behin. Bost egunez behin etortzen da.

4 (Perpaus txertatu bati sarrera emanez, aditz nagusiaren ekintza noiz hasten den adieraziz). Ik. behin ...-z gero. Behin abiada hartu zuenean, ez zegoen mutila isiltzerik. Jainkoaren hitza behin bihotzean harturik, leheneko bekatuetara berriz bihurtzen dena. Behin gure nahimena ekinaldi bizkor batez bere asmoari lotzen bazaio, ez da hartatik lasaituko aldez besteko asmo bat hartu arte.

behin baino ...-ago(tan) adb. (Maiztasuna adierazten duten adizlagunekin). Auzi hori behin baino gehiagotan arakatua izan da. Kapitalismoari izen-abizenak jarri dizkiodanean isilarazi nahi izan naute, behin baino sarriago. Hori joko berean gerta daiteke behin baino gehiago. Bataioa behin baino haborotan hartzen ahal da?

behin bakarrik adb. Behin bakarrik bizian. Ekin zion ez behin bakarrik, baizik askotan, baina beti alferrik.

behin banan Bizk. g.g.er. Banan-banan. Behin banan aztertu behar dira aginduak, jakiteko zenbat bekatu egin dugun agindu bakoitzean.

behin batean Lehenaldiko une bat ahotan hartzeko erabiltzen den esaldia; euskal ipuinen ohiko hasiera-esapidea. Aitortu behar zaio behin batean argitaratu zuen iritziak baduela oinarri sendorik. Behin batean Loiolan. Behin batean, Pernando Amezketarra bazihoan bide baten barrena (...).

behin bateko adj. Garai batekoa. Hitza eskatzen dut, hala eta guztiz, eta lotsa gutxirekin gainera, gure behin bateko neskatxen irudira.

behin batez g.er. Behin batean. Behin batez, otoitz egiten ari zela, (...).

behin-behinean adb. Betiko izan gabe, oraingoz, aldi baterako. Behin-behinean aske utzi zituzten. Erabaki hau behin-behinean hartu dugu. Lanpostua lortu nuen, baina behin-behinean.

behin-behineko adj. Behin betikoa izan gabe, hura taxutu bitartean haren ordez dagoena edo erabiltzen dena. Behin-behineko idazketa. Behin-behineko egoitza. Erabaki hori behin-behinekoa da.

behin-behinekotasun iz. Behin-behinekoa denaren nolakotasuna. Ministro berriak lanaren behin-behinekotasunaren aurkako hainbat neurri iragarri ditu.

behin-behinekoz adb. Behin-behinean. Behin-behinekoz espetxeratu dute. Proiektua behin-behinekoz geldirik dago, epaileek aginduta.

behin-behingo adj. [Oharra: Euskaltzaindiak, behin-behingo-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. behin-behineko].

behin berriro adb. [Oharra: Euskaltzaindiak, behin berriro-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, esapide hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. behin eta berriro; behin eta berriz].

behin betiko 1 adb. Betiko. Gizon odolgiro hura begietatik behin betiko kentzeko.

2 adj. Betikoa; berriro ikusi eta aztertu beharrik ez duela finkatu dena. Behin betiko erabakia. Behin betiko zerrenda. Agiriaren behin betiko idazketa.

behin betikoz adb. Ipar. eta Naf. Behin betiko. Zer atsegina, ikusi zuenean mutikoa zenbait egunen buruan sendo, behin betikoz sendo.

behin edo behin 1 adb. Noizbait; inoiz edo behin. Behin edo behin egin behar zela eta. Behin edo behin joan izan naiz. Beharbada, nire zuzenketak izango dira behin edo behin zuzen ez daudenak.

2 adb. Zoaz behin edo behin: zoaz behingoz, zoaz betiko.

behin edo berriz adb. g.er. Inoiz edo behin. Ez da nahikoa baratzezain batek belar gaiztoak behin edo berriz jorran ebakitzea, beti kontuan egon behar du.

behin edo beste adb. Inoiz edo behin. Ederki itzulia dago, hitzez hitz ia; behin edo beste, bai, uzten du hitzen bat itzuli gabe, ezinbestean.

behin edo bitan adb. Behin edo behin; behin edo bi aldiz. Honekin ere egin nuen bertsotan behin edo bitan.

behin ere 1 adb. (Ezezko esaldietan). Inoiz ez. Behin ere huts egin gabe. Behin ere ez zait ahaztuko. Behin ere ahituko ez dena. Zigor hori ez al da behin ere bukatuko?

2 adb. (Erkaketetan). Inoiz. Osasunez behin ere baino hobeki. Behin ere baino garrazkiago jazarri zion bere buruari.

3 adb. (Galde eta baldintza perpausetan). Inoiz. Ardoaren edo beste zerbaiten espiritua ikusi al duzu behin ere su eman eta garretan? Ez dakigu mihi azpira behin ere behatu dioten.

behin eta behin adb. Ipar. Behin eta berriz. Zure ezpainetako irriño eztiak bihotza behin eta behin goxatu dit.

behin eta berriro adb. Maiz. (Errepika zentzuaz). Behin eta berriro eragile gisa agertu naizenez gero. Kale-plazetan behin eta berriro entzunak.

behin eta berriz adb. Maiz. (Errepika zentzuaz). Behin eta berriz esan duenez. Barka, behin eta berriz harri horretan behaztopa egiten baldin badut.

behin eta betiko adb. Heg. Behin betiko.

behin eta birritan adb. Behin eta berriz. Eredu horretara nondik nora jo dugun behin eta birritan kontatua izan da.

behin hutsik adb. Naf. Behin bakarrik. Aldiz, behin hutsik agertzen den forma horrek, halakoa izateko egiantz gehixeago du.

behinik behin lok. Behintzat. Erostunak baditu behinik behin, eta irakurleak izango ahal ditu. Hitzen auzi hau ez da, nire ustez, ez auzia ez ezer; ez luke behinik behin izan behar. Estatuaren zerbitzari bihurtzeko asmotan zebiltzan behinik behin.

behin ...-z gero (Aditz baten partizipio burutuarekin). Ondoren. Behin aitortzen hasiz gero, guzti-guztia esan nahi dizut. Behin luzatuz gero, nekez laburtuko duzu. Beti doa, eta behin joanez gero, ez da joan denaren bihurtzerik.

Oharra: azken eguneraketa 2021-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper