Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=bere 16 sarreratan aurkitu da.

bere1

adb. Bizk. Ere.

bere2

1 haren-ek hartzen duen era, perpauseko nor, nork edo nori-ri dagokionean (pluralean bere zein beren). Andoni bere etxera eraman nuen. Andonik bere etxera eraman ninduen. Andoniri bere etxea erosi nion. Erregeren abokatu bidezkoari, bere jaun eta jabe Bernard Leheteri, Bernard Etxeparekoak, haren zerbitzariak, gogo onez goraintzi, bake eta osagarri. Augusto enperadoreak nahi izan zuen jakin bere erresumako indarren berri, eta zenbateraino heltzen ziren haren azpiko guztiak. Bere gain hartu duen lan eskerga. Besteek beren aldetik, berdin egin dute. Mairuak beren turbante zuriekin sartu ziren.

2 (Perpauseko nor, nork edo nori-ri ez dagokiola). Gip. eta Bizk. Itziar eta bere lagunak etorri zaizkigu etxera. —Ezagutzen al duzu Peru Arrieta? —Bai horixe! Sarritan izan naiz bere etxean.

3 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Bakoitzari berea zaio zor. Jainkoaren jauntasuna ezagutzen duenak badaki nori berea ematen. Berea zuen baserria, bereak lurrak, berea basoa.

4 (Genitiboan oinarritzen diren beste kasu batzuekin). Honela mintzatu zitzaien Juda berekin zituen gizonei. Erregela idatzi zuen hitz gutxitan beretzat eta anaientzat. Anaia hiltzeko gogoa beregan zerabilen.

5 (Esapideetan). Berea egin: nahi duena egin. Egin zituen ahalegin handiak berearekin irteteko. Han atera zen, poz-pozik, azkenean berearekin atera zela-eta.

bereak eman Norbaiti merezi duen zigorra eman, dagokiona eman. Neskari bereak ematera joan zen.

bereak entzun Eztabaida, liskar eta kidekoetan, norbaitek entzun beharrekoak entzun. Joan zen, baina bereak entzunda.

bereak esan Eztabaida, liskar eta kidekoetan, norbaitek beste norbaiti egundokoak esan. Emaztea sutan jarri zen eta esan zizkion pintoreari bereak.

bereak eta asto beltzarenak Bereak eta bi. Ik. bereak eta bost. Bereak eta asto beltzarenak entzun beharko zizkidan lotsabako horrek. Jakina, bereak eta asto beltzarenak erran dizkiot alproja horri.

bereak eta bi (eta nireak, hireak...). Berebizikoak, egundokoak. Ik. bereak eta asto beltzarenak; bereak eta bost; epelak entzun. Aditu behar dizkit bereak eta bi. Zer esanik asko ez duen bertsolariak bereak eta bi ikusi beharko ditu aukeratu duen egitura luzea itxuraz betetzeko. Bereak eta bi egin bazituen ere, Henryk ez zuen modurik aurkitu izurriari aurre egiteko.

bereak eta bost (eta nireak, hireak...). Bereak eta bi. Bereak eta bost esango dizkiote elkarri, ez bata ez bestea ez baitira isilik egotekoak.

bereak hartu Handiak hartu, berebizikoak hartu. Irabazi egin zuen borroka, baina bereak hartuta.

bere-bere bere-ren indargarria. Bere-berea zuen hizkera bakar horretan mintzatzen zaigu. Bere-bere eskuz lerro pare bat idatzi dit. Bere-bereak zituen bideak ikasteko.

bere egin Bereganatu. Besteren borondatea bere egin zuen. Ebanjelioko hitz hunkigarriak bere egiten bezala zituelarik.

bere gisako adj. Berezia, berekia. Ik. -en gisako 2. Stephen mugatua da, bitxia, bere gisakoa, autista. Liburuetarik beretua du bere gisako euskara batu bat. Hizkera berezia zor zaio poesiari, bere gisakoa. Hain da poetikoa eta bere gisakoa, amonak Jainkoarekin duen harremana...!

bere hartan adb. Egoera berean. Gizaldiz gizaldi bere hartan iraun duten gauza asko aldatzeko. Hainbat gaiztoago harentzat, bere hartan tematzen baldin bazen! Bere hartan utzi zituzten kontuak.

bere horretan adb. Bere hartan. Berera itzuli zen eta, bere horretan, lagun eta adiskide ospetsuz inguraturik, lanean iraun zuen kemenak agortu arte.

bere kasa adb. Bere oldez, inoren eraginik edo laguntzarik gabe. Bakoitza bere kasa bizi da lur honetan. Utz haurrari bere kasa jolas dadin.

berekiko adb. Bere artean. Etxe hotza duk hau, ostatu lehorra duk hau, zioen berekiko.

bere kontu Bere ardurapean. Ik. kontu. Uzten du bere kontu mahaia.

[Oharra: perpauseko osagaietan hirugarren pertsonako bat baino gehiago aipatu denean, subjektuari badagokio bakarrik erabiltzen da bere, batez ere Sortaldean; Sartaldean, dena dela, bere ezartzen da: Andonik Jose bere etxera eraman nahi zuen (Andoniren etxeaz ari garenean; Joserenaz ari bagara, Sortaldean haren, Sartaldean haren edo bere)].

artean

1 postpos. Aipatzen diren gauzek mugatzen duten leku edo denbora-hedaduran. Ik. arte2 2. Europa eta Afrikaren artean. Gaztaroaren eta zahartzaroaren artean daudenak. Gauza bat beste biren artean jarri. 5aren eta 9aren artean dauden zenbaki osoak. Bizitzaren eta heriotzaren artean. || Bi aukeraren artean zalantzan. Ezberdintasun franko badago bataren eta bestearen artean.

2 postpos. (Multzo bati dagokiolarik). Aipatzen diren pertsonen edo gauzen erdian, haiekin, haiek parte hartuz, haien lagunartean. Kanpotarren artean gaudenean. Han zeudenen artean banatu zituzten. Heldu zirenen artean emakumezko bat zegoen. Euskaraz ongi mintzatzen direnen artean. Gure artean gertatzen diren gauzak. Ilunpe beltzen artean, haatik, agertu zitzaigun argia. Zure eta nire artean konponduko dugu. Lauren artean egin dute. Galduak izango gara berriz otso harraparien artean. Malko artean jaioak. Dantza eta kanta artean.

3 postpos. Arte. Zaude ni itzuli artean.

4 adb. Bitartean. Ik. anartean. Anbrosio zumeak zuritzen ari zen atari aurrean; artean Bikendi zume zuriak jasotzen ari zen. Orduan guztia esango dut, baina artean ez. || postpos. (Perpaus erlatibo baten eskuinean). Bide horretatik zabiltzan artean zaude lasai. Mundu triste honetan gauden artean.

5 adb. Oraindik (lehenaldiko testuinguruetan). Artean jaio gabea zen. Baina ordua ez zen artean bete. Artean gaiztakeriarik egin gabea, eta dagoeneko zigorra buru gainean?

neure, bere... artean Neure, bere... baitan. Ik. -en kolkorako. Apala denaz dio gaiztoak bere artean inozoa dela. Nik neure artean: "Egia ote duk?". Neure artean hori pentsatzen egon nintzen.

atan bere adb. [Oharra: Euskaltzaindiak, atan bere-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. hartan ere].

atera, atera, ateratzen

1 du ad. Zerbait edo norbait dagoen tokitik at ezarri, barnetik kanpora eraman. Kanpora atera. Kutxako gauza guztiak atera zituenean. Argitara, jendartera atera. Geure bihotzetatik atera dezagun. Hagin bat atera diote. Lege berri bat atera behar dute horretaz. Espetxetik atera zutenean. Umea paseatzera atera. Harrika atera zuten hiritik. Beren lurraldetik atereak izan ziren arte.

2 da ad. Irten (adiera guztietan). Ik. ilki. Gauez atera behar izan zuen. Etxetik atera zenean. Bihar aterako dira. Ezin atera naitekeen oihanean. Zer ordutan aterako da trena? Eta garaile aterako da handik. Baina askotan gauzak ez dira espero bezala ateratzen. Estatistika bat egin zen, eta begira zer atera zen. Ikaragarrizko pilotariak atera ziren horiek biak.

3 du ad. Janariez edo edariez mintzatuz, mahaira ekarri. Ik. zerbitzatu 3. Atera ardoa denentzat, dirua badago eta! Intxaurrak eta gazta atera dizkit.

4 du ad. Lortu. Salamancan titulua atera zuen edozein paperjalek. Dirua ateratzeko era berri bat. Ez zuten ondore zuzenik atera. Harri horietatik aluminioa ateratzen dute. Azken hauteskundeetan diputatu gehien atera duen alderdia.

5 du ad. Ondorioztatu. Ik. deduzitu. Hortik ateratzen dut egia dela. Atera hortik nolakoa izango zen piztitzar hau. Ez beza inork hartatik atera gure adiskide handiaz ahaztu garenik.

6 du ad. Ezagutarazi, jendartera agertu; plazaratu, argitaratu. Lege berri bat atera behar dute horretaz. Saritutako lanekin, gainera, liburua atera du Hezkuntza Sailak. Bertso berri batzuk nahi nituzke atera. Kontuz gero!, berori ere bertsoetan ateratzeko esan didate eta.

7 du ad. (Esapideetan). Ez dute hitzik atera: ez dute ezer esan. Mesedez, ez zaratarik atera. Iritsi orduko argazkiak ateratzen hasi zen. Gero okerrik gerta ez dadin, orain kontuak atera. Sei tantoren aldea atera zion. Bere burua onez atera nahi duenak. Dirua bildu zuten meza bat ateratzeko. Gure bekatuen zorrak atera behar ditugu. Den guztia ezerezetik atera zuelako deritzo "egilea" Jainkoari.

8 du ad. Zenbait kiroletan, baloia edo pilota jokoan jarri. Bederatzi korner atera zituzten zuri-urdinek. Lehen tantoan, sakea atera eta lesionatu egin nintzen.

bere (neure...) onetik atera Norbait dagokion edo berezkoa zaion egoeratik atera. Hitz horiek entzutean, bere onetik atera zen. Ezertarako ez diren txotxolo hauek neure onetik ateratzen naute. Hori gauza bere onetik ateratzea izango litzateke. Gaur mundu guztia pixka bat bere onetik aterata ikusten dugu.

nagiak atera Besoak eta zangoak luzatu eta zabaldu, luzaz geldirik egon edo lo egin ondoren suspertzeko. Ik. tiragaleak atera. Elizan bertan, aho zabalka, erdi lo edo nagiak ateratzen? Katua, bizkarra harrotu eta nagiak ateratzen gelditu da.

berehala

adb. Oso denbora gutxiren buruan. Ik. segituan; aurki2; bertatik. Ematekorik baduzu, emaiozu berehala. Deitu nuen, eta berehala ireki zuten. Berehala sinetsi zuten. Ihesari berehala eman zioten. Bere anaia hil eta berehala. Handik berehala hil zen. Gauerditik berehala. Berehala behar dugu, gerora gabe.

bere-berehala adb. berehala-ren indargarria. —Noiz egongo da prest? —Bere-berehala. Hark erantzun zion bere-berehala.

berehalakoan adb. Berehala. (Batez ere ezezko perpausetan erabiltzen da). Denak aipatzen hasiz gero ez genuke berehalakoan bukatuko. Ez zaigu berehalakoan ahaztuko. Ez zion berehalakoan antz eman. Azal zuria berehalakoan gorrituta.

berehalako batean adb. Berehala; oso denbora gutxian. Ez dakigu zeren beharrean garen berehalako batean, eta zeren premian geroxeago. Berehalako batean jaitsi ziren. Nik Arantzazun ezinezkotzat, berehalako batean ezinezkotzat, jo nuen eginbidea.

berehalako hartan adb. Berehalakoan. Etsaia askojakin eta malmutza da, berehalako hartan bere itxura nazkagarria behin ere ez du agertzen.

berez

adb. Bere izate edo funtsari dagokionez, kanpoko eraginik gabe, inguruko zertzeladak albora utzita. Ik. izatez. Erbi txakurrak berez dakar erbitarako grina. Otarraina ere berdea da berez, baina egostean gorritzen da. Gaia, berez, hain limuria izanik (...). Berez zen gizon ona. Hitzak, berez, ez zaizkio ardura. Zahartuta, berez hil zen. Berez ibiltzen direnak. Ona da beldur-damua; ordea, berez, hutsik eta aitortza gabe, ez da bekatuak barkatzeko dina.

bera berez Bere kabuz, bere gisa. Ipinarazi omen zuen hartza lau oinen gainean, bera berez bizirik balego bezala. Berak berez egin zituen ikasketa guztiak.

bere-berez Izatez, berez. Fedea ere, obrak ez baditu, hila da bere-berez. Bere-berez zebiltzan nire hatzak teklatuan: teknika eta sena elkarrekin dantzan.

bere-berezko adj. Gure leinuak bere-berezko zuen atrofia zahar-zahar batekin loturiko larritasuna. Haur-literaturan irabazia duen aitzindaritzaren ereinotz sinbolikoa aitortuko genioke, bere-berezko literatura-balio duda-mudazkoen gainetik.

berezko 1 adj. Gizonaren berezko argia. Berezko joera, grina, akatsa. Badu liburuak berezko jario etengabeko bat, behin ere ahitzen eta agortzen ez dena. Landareen berezko hazkundea. Bataioa berez apaizen eginkizuna da, eta bere emaile berezkoa apaiza da. Zaletasun hori berezkoa du gizonak. Literaturaren kondairak berezko dituen eskariak eta galderak. Otoitza izan daiteke berezkoa edo eliz legezkoa.

2 iz. Zerbaitetarako berezko dohain edo gaitasuna. Ik. talentu 2. Baina Jose Migelek, nire iritzirako, berezko ikaragarria zuen, eta beharko gainera. Berezkoa dakar ume honek dantzarako.

bost

1 zenbtz. Lau eta bat, 5. Eskuko bost hatzak. Bost edo sei lagunekin. Bost hilabete igaro zirenean. Bost mila gizon bezalatsu ziren. Berrehun eta hogeita bost. Bosten bat urte zituela. Lau haiek bostei eraso zietenean. Gure bost bokaleko sistema. Gipuzkoan seitatik bostek ez zekien euskara besterik. || Esr. zah.: Adinon da bost ume, alaba bi eta hiru seme. Hobe txori bat eskuan, ze ez bost ezkurrean [=arbolan].

2 iz. Zenbaki arrunten segidan bosgarrena. Zenbaki bakoitza artelan bilakatzen zen bere esku trebeetan; bosta zen gehien gustatzen zitzaiona. Bost eta bi zazpi dira.

3 (Data adierazteko). Gaur, urtarrilak bost. Apirilaren bostean joango gara. Datorren hilaren bostean.

4 (Orduak adierazteko). Bostetan etorri zen. Goizeko bostak arte. Hirurak bost gutxi. Laurak bost gutxitan.

5 zenbtz. (Oso handitzat jotzen den zenbaki mugagabe bat adierazteko; dagokion sintagma beti mugagabean, eta aditza batez ere singularrean). Ik. hamaika 5. Bost negar egiten dituzte (edo dute) Euskal Herria utzirik. Bosti eman die sabeleko mina.

bost axola izan Ezer axola ez izan. (zaio motakoa da hedatuena). Bost axola zaizkigu auzokoak. Bost axola zaizkio mutil hari amaren aginduak.

bostetan 1 adb. Bost aldiz.

2 adb. Ipar. Askotan. Bostetan geroztik negar egiten dut.

eta bost (neureak, bereak edo kideko baten eskuinean, entzun, esan eta kideko aditzekin). Ikaragarriak. Ari gara entzuten geureak eta bost. Argibideren bat edo beste itzuri bazaigu ere, ez da inoiz izan geureak eta bost ez ditugulako egin bilaketan. Ez dago gustura lantegian, bereak eta bost maiz aski esaten dizkiotelako. || Ez dut ikusten inork gaitzesten dituenik horrelakoak eta bost hizkuntzaren aldetik.

(nor) bere bostean Iritzia edo jokaera inondik ere aldatu gabe. Maizterrak beti beren bostean gogor.

buru

1 iz. Gizakiaren edo animalien gorputzaren goiko edo aurreko zatia, ahoa eta zentzumenak kokaturik daudena. Zezen burua. Burua estaltzeko. Adarrak, zenbait gizasemeren buru-kopetak zinetan eta benetan apaintzen dituzten edergarri horiek. Burua (apustu) egingo nuke berandu heltzen dela. Buru gaina. Burt Lancaster buru-urdinak. Gizon buru-luzea. Gizon iletsu buru-beltza.

2 iz. (Esapideetan). Inori burutik behera kaka egin: iseka larria egin. Norbaitek burua lehengo lepotik, betiko lepotik izan: iritzietan, ohituretan ez aldatu. Zerbaitek bururik ez hankarik, bururik ez buztanik ez izan: zentzugabea, itxuragabea izan. Jakinduriaz eta sakontasunaz diozunak ez du ez bururik ez zentzurik. Besteren buruan zentzatu, ikasi.

3 iz. Burua adimenaren eta oroimenaren iturburutzat hartua. Bihotz euskaldunaren eta buru erdaldunaren arteko borroka amaigabea. Haizea buruan eta ibili munduan; joan bazen, joan zen; ez lanerako eta ez ezertarako. Buru-loka izan: buruarina izan. Buru gogorra duen gizona (Ik. burugogor). Gaizki egin dudala ezagutzeko adina buru badut. Norbaitek buru argia izan. Buru argikoa izanik, argi jabetu zen asmo horietaz. Urrestarazu jaunaren adorea, kemena, buru jantzia eta bihotz kartsua. Norbaitek buruan gatza izan: buruargia izan. Burua oso duenak: zoraturik ez dagoenak. Buruak huts egiten ez badit. Filologoarentzat zail eta buru-nekagarri izan ohi diren hitzak. Buru-berotzaileak.

4 iz. Gauzaki baten mutur zabala edo biribila. (punta-ren aurrez aurre). Ik. buru orratz. Iltze, torloju baten burua. Orratz buru-zuria.

5 iz. Hainbat gauzaren muturra. Mahaiaren buruan zeudenak (Ik. mahaiburu). Titiaren burua (Ik. titiburu). Zoazte bide buruetara. Haritzaren buru orritsuan.

6 iz. Zerbait bukatzen den gunea. Errotik bururaino ezagutu. Buru batetik bestera, dena da ongi aukeratua eta egoki euskaraz emana. Etxe bat gaitza, ordoki baten buru-buruan. Urtearen bururaino.

7 iz. Buruzagia. Elizaren burua. Leinu santu haren buru egin zuen.

8 iz. Buruxka. Ik. galburu; artaburu. Bihiak ereiten eta buru beteak biltzen.

9 iz. Hainbat landareren hosto zabalek osatzen duten bilduma biribil antzekoa. Ik. azaburu.

10 iz. Zerbait hasten den gunea. Ik. izenburu. Hitz buruan maiz aurkitzen da b-, d-, g-/p-, t-, k- aldaera.

11 iz. Kapitulua. Liburuaren laugarren burua. Legearen lehen burua, zazpigarren atala.

12 iz. Aziendaz edo jendeaz mintzatuz, banakoa. Bi mila, bi mila eta bostehun buru izaten ditu artalde bakoitzak.

13 iz. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean, aditzaren era bihurkaria gauzatzeko erabilia). Jonek bere burua hil du. Bere burua bota du zubitik behera. Erantzi soinekoa eta han bota nuen neure burua uretara. Geure buruaren jabe gara. Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik. Zeuen buruak salduz. Bere burua eta Barthes aipatzen ditu liburu horretan. Geure buruen kaltean egin dugu hori. Zeure burua zeure eskuko zenuenean. Zeure burua erakusteagatik egin ohi duzun hainbat gauza.

(bere...) buruaz beste egin (Bere...) burua hil. Bere buruaz beste egin du, etsipenez.

burua agertu Azaldu; nabarmendu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Erizain batek burua agertu zuen atetik. Ez zuen bere burua aitaren aurrean agertu nahi. Lebita eta ginbail ederrik badu etxean baina ez du bere burua agertu nahi izaten.

burua altxatu 1 Burua gorantz higitu. Ikusten zuen nola zerbait idazten zuen burua altxatu gabe.

2 Harro azaldu, nabarmendu. Euskaldun den gizon orok altxa beza burua.

burua apaldu Burua makurtu. Bazterka so egiten zidan halako irri maltzur batekin eta burua apaltzen zuen. Burua apaldurik zebilen. Ez bururik apaldu inongo jaunekin.

burua arindu 1 Kezkak eta nekeak arindu. Joan zen behin ehizara, burua arintzera.

2 Buru gaitasuna galtzen hasi. Gauza onik ez dago zahartuz gero: burua arindua eta odola bero.

burua bat egin Bizk. Norbaitekin elkar hartu, bereziki azpilanean aritzeko. Ez dut nahi nik burua bat egin zuekin, ez eta zuen antzeko beste batzuekin ere.

burua beheratu Burua makurtu. Jesusek bere burua beheratzean, borreroari egin zion keinua. Gaizki egin ote dut, zuen goratzeko ene buruaren beheratzea.

burua berotu 1 Burua hautsi. Gutxi dira Jaunaren borondatea ezagutzeko burua berotzen dutenak.

2 Norbait zerbait egitera bultzatu. Nire semeari burua berotu diozu, niri dirua lapurtzeko.

burua erakutsi Burua agertu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Jesusek erakusten duenean bere burua arantzez inguratua. Eraztunez josia eta erdara harroa dariola dabil, hor zehar, bere burua erakutsi beharrez.

burua galdu Zentzua galdu, zoratu. Horrek nauka bada burua galdurik. Zahartu zenean, burua erdi galdu zitzaion.

burua gora adb. Harro, harrotasunez. Burua gora itzuli zen bere herrira.

burua hautsi 1 Burezurra hautsi. Azpijokoren bat egiten saiatuz gero, burua hautsiko ziotela mehatxu egin zioten.

2 Zerbaiti buruz behin eta berriz pentsatu, zerbaiten inguruan hausnartu edo kezkatu. Zuk oraindik ez duzu bururik hautsi arimaren onari dagozkien gauzetan. Hori horrelaxe izan dela jakiteko, burua hautsi beharrik ez dago.

burua jaso 1 Burua gorantz higitu. Jesusek burua jaso eta esan zien: (...).

2 Beheralditik atera, adoretu. Zorrez beteta, bururik jaso ezinda. Burua jasorik ibili. Euskal Herriak gehiago burua jasoko ez zuelako etsian. Euskarak burua jasotzea Jainkoak nahi du.

burua joan Konortea galdu, zorabiatu.

buruak eman dio ad. Bururatu. Zoro hari buruak eman dio, ikusi duen neska bat behar duela. Esan behar nuenik ere ez niri eman buruak.

burua makurtu 1 Burua beherantz higitu. Burua makurtu eta besoez aurpegia estaltzen zuen.

2 Umildu. Burua makurtzen dutenak edo umiltzen direnak. Ez daki burua makurtzea beharrezkoa dela sarritan. Jaunaren esanari burua makurturik.

burua nahasi Burua galdu. Burua pitin bat nahasi zitzaidan, nahi ez nuena esateko.

buruan eduki Gogoan izan, eduki. Adibide hau eduki behar da buruan meditazio guztietan.

burua nekatu Pentsatzen nekatu. Gehiago burua nekatu gabe, baratzean sartzea erabaki zuen. Horrek pentsatzen ez du bururik asko nekatu.

buruan erabili Zerbaitetan pentsatu, hausnartu. Ik. gogoan erabili. Ametsetan ere beti bere praka berriak darabiltza buruan. Gazte haiek gezur zoroak eta auzi-borrokak zerabiltzaten buruan.

buruan hartu 1 Gogoan hartu, aintzat hartu. Jendearen esanik ez har buruan. Adi ezak, Mattin, eta har ongi buruan erratera noan hau.

2 Sinetsi, konbentzitu. Handiak holakoak dira, buruan hartua dute guztiak haientzat jaiotzen direla.

buruan ipini Buruan jarri. Zer zabiltza, buruan traste hori ipinita? Etsaiak buruan ipini zidan asko galduko nuela nire faman aitortzen banuen nire bekatua.

buruan izan du ad. Gogoan izan. Beste kezkarik deus ez dugu buruan, Loiola ikustea baizik.

buruan jarri 1 Buruaren gainean jarri. Txapela buruan okerka jarria.

2 Bururatu, zerbait buruan sartu. Guztiek bere lepotik barre egiten zutela jarri zitzaion buruan.

buruan pasatu Bururatu. Ik. burutik pasatu. Buruan orduan pasa zitzaizkidanak!

buruan sartu 1 Gogoan sartu. Mutil koskor hauei ingeles apur bat buruan sartzeko asmoz. Gauza bat buruan sartzen zaizunean. Hizkuntzen iraupenari eta azkenari buruz buruan sar adina gai ikasi behar izan ditut.

2 Bururatu. Buruan sartu zaio gauza txarren bat gertatuko zaiola.

buruaren jabe 1 adj. Askea, burujabea. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik.

2 Bere egintzen erantzule dena. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Harrotua dabil, ezagun du ez dela bere buruaren jabe.

buru-argi Ik. buruargi.

buruari eman 1 Ipar. Kontu egin, imajinatu. Emaiozu buruari eguzkia argizko itsaso bat dela.

2 Naf. Burua nahasi. Buruari emana dabil, semea istripuan hil zitzaionetik.

buru-arin Ik. buruarin.

buru atxiki Buru egin, aurre egin. Ez duzu oraino buru atxiki odoleraino.

burua urratu 1 Buruan zauriak edo urratuak egin. Burua eta lepoaldea ebaki zabalez urraturik.

2 Burua hautsi (irudizko adieran). Burua gehiegi urratu gabe, badaukat zer jan eta zerekin jantzi.

buru babes, buru-babes Kaskoa, burua babesteko estalkia.

buru babeski, buru-babeski Buru-babesa.

buru-belarri 1 adb. Ahaleginean, gogoz eta lehiaz. Auzian buru-belarri sartu gabe. Zintzoa izaten saiatu zen buru-belarri. Lanean ari da buru-belarri.

2 adb. Adi-adi.

buru-bero Ik. burubero.

buru-bihotz pl. Burua eta bihotza. Eta kaletarron buru-bihotzak ez izaki beti lehengo euskaldunenak bezain garbi.

buru-buztan pl. g.er. Zentzua. (Ezezko esaldietan erabiltzen da). Kantu horietako hitzek ez dute buru-buztanik.

buru-buztanka adb. Atzekoz aurrera, alderantziz.

buru egin 1 dio ad. Aurre egin. Ik. gogor egin. Tentaldiari buru eginez.

2 Buruzagi izan. Hurreratu zitzaion morroien artean buru egiten zuena.

buru eman 1 dio ad. Amaitu, burutu. Lanari buru emateko denbora iritsi zen.

2 dio ad. Buru egin, aurre egin. Haizeari buru emanaz. Bere gauza guztiak saldu zituen zorrei buru emateko.

buru estalki, buru-estalki Burukoa, burua estaltzeko erabiltzen den jantzi edo zapia. Emakume zaharrenak ile zuri ondo orraztuak buru-estalki zuri garbi baten azpian gordetzen zituen.

buru-gogor Ik. burugogor.

buru-gorri Ik. burugorri.

buru-handi Ik. buruhandi.

buru-harro Ik. buruharro.

buru-has adb. Buru hutsik. Buru-has agurkatu. Bi lerrotan jarririk, guztiak buru-has. Buru-has eta ortutsik gelditu zen.

buru hausgarri, buru-hausgarri iz. Buruhausteak ematen dituen gauza.

buru hezur, buru-hezur Burezurra.

buru hutsean, buru-hutsean adb. Buru hutsik. Baserritar bat buru hutsean sekula ez zen ikusten.

buru hutsik, buru-hutsik adb. Buruan txapelik edo antzekorik gabe. Ik. buru-has; buru hutsean. Buru hutsik eta paparra zabalik.

buru-jantzi adj. Ikasia. Prosan ere badira edozein euskaldun buru-jantzik ezagutu behar lituzkeen obrak.

buru kasko, buru-kasko Burezurra.

buruko adj. Ik. buruko. Pentsatze hutsak buruko ile guztiak lazten zizkidan. Haizeak buruko kapela eraman zion.

buru kolpe, buru-kolpe 1 Burukada.

2 Burutazioa.

buruko min 1 Buruan sentitzen den mina. Buruko minez nago. Buruko mina dut.

2 Ardura, kezka. Auzitegietan nahiko lan eta buruko min badarabiltzagu. Gurasoei buruko min bat ez nahigabe bat eman ez dieten seme-alaba zintzoak.

buru lan, buru-lan Batez ere adimenaz baliaturik zertzen den lana. Buru-lanetako aproposagoa zen eskulanetako baino. Elizgizonen eskuetan utzi dugu hemen buru-lana.

buru langile, buru-langile Batez ere adimena erabiltzea eskatzen duen lanean aritzen den pertsona. Eskulangile eta buru-langileak. Buru-langileen zereginak.

buru-makur Ik. burumakur.

buru-motz Ik. burumotz.

buru nahaste, buru-nahaste Buruhaustea.

buru orratz, buru-orratz Orratz buruduna, lepoko zapiak eta kidekoak lotzeko erabiltzen dena.

buru oskol, buru-oskol g.er. Buru-babesa, kaskoa.

burura ekarri Gogora ekarri. Ik. bururatu. Zuen gabon-kantak gure ama xaharraren oroitza ekarri dit burura.

burura eman Ipar. Bururatu, burura ekarri.

burura etorri Gogora etorri. Gauden pixka bat, ea zerbait datorkigun burura.

burura igo Zerbaitek burua ilundu, burua lausotu. Ardoa burura igo zitzaion eta ez zekien zer egiten zuen.

bururako (-en atzizkiaren eskuinean, batez ere ezezko esaldietan). Ez da hori zure bururako egiten den gauza: ez da hori zuri dagokizun gauza.

bururen buru Burutik burura, hasieratik bukaeraraino. Laburra da erreka: bospasei kilometro baino gehiago ez duke bururen buru.

buru-soil Ik. burusoil.

burutan atera Bururatu, amaitu. Utz ezazu ene gainean zure egitekoen arta, nik burutan aterako ditut zein bere denboran.

buru(ta)tik adb. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean). Kabuz, kasa. Heure burutatik hoa, ala aginduta? Hobe da beti mundu zabalean ontzat hartuak dauden hitzez eta izenez baliatzea nor bere burutik asmaketan abiatzea baino.

burutik aldaratu da ad. Burutik egin, zoratu. Bere anaia hil dela esan diote eta burutik aldaratu da.

burutik behera adb. Goitik beherantz; burutik hasi eta oinetaraino. Burutik behera jantzi behar den soinekoa. Burutik behera bustia agertu zen.

burutik beherako 1 iz. Marranta, hotzeria.

2 iz. Buruko isuria.

burutik buru Bururen buru. Liburua burutik buru irakurriz gero.

burutik burura Buru batetik bestera, hasieratik bukaeraraino. Liburua burutik burura irakurri zuen.

burutik egin zaio/du ad. Zoratu. Ik. burutik jauzi; burutik joan; burutik jo; burutik egon; burutik nahasi. Hori aditu zuenean, burutik egin zitzaion. Burutik egin zaizu? Eroetxera daramate bukaeran, burutik egin duelakoan. Burutik egina bezala zegoen. Burutik eginda al zaudete?

burutik egon Zoratuta egon. Burutik dagoela, zentzua galdu duela.

burutik izan du ad. Ipar. eta Naf. Burutik egon. Trufatzen zara nitaz, ala baduzu burutik? Ni kapitalista?, baduk burutik?

burutik jauzi da ad. Burutik egin. Sinetsi ez zioten, esanaz burutik jauzi zela.

burutik jo Burutik egin. (Ia beti burutik jota (egon) esapidean erabiltzen da). Burutik jota zaude ala?

burutik joan 1 da ad. Burutik egin. Burutik joan zara? Gizon hori burutik joanda dago.

2 da ad. Ahantzi. Ez zait burutik joango esan didazuna.

burutik kendu Zerbait pentsatzeari utzi. Burutik ezin kendu dut haren agur tristea. Burutik ez zitzaion kentzen herriko norbaiten jukutria zela.

burutik nahasi Burua, zentzua galdu. Ik. burutik egin. Bestela esango dute burutik nahasia zaudela. Jaunak burutik nahasten ez banau.

burutik oine(ta)ra adb. Goitik behera. Ik. burutik behera. Zazpi arrarik ez zuen burutik oinera. Burutik oinetara guztia legenarrez eta gaitzez betea nago.

burutik oine(ta)raino adb. Burutik oinera. Etxekoandrea burutik oinetaraino begira gelditu zitzaion. || Burutik oinetarainoko aldakuntzak.

burutik pasatu Bururatu. Ik. buruan pasatu. Ez zitzaion burutik pasatzen ere, ate hura bere aurrean itxi ziezaioketenik.

buruz ari izan Oroimenaz bakarrik baliaturik ari izan. Buruz ari naiz eta beharbada hutsen bat egingo dut.

buruz aurrera adb. g.er. Muturrez aurrera. Buruz aurrera erori da.

buruz beheiti adb. Ipar. eta Naf. Buruz behera. Baina, etxekoandrea, buruz beheiti emana duzu-eta zure liburua!

buruz behera 1 adb. Ahuspez, beherantz begira. Buruz behera etzan da ohe gainean.

2 adb. Gorputzaren goialdea beherantz dagoela. San Pedro gurutzean buruz behera josita hil zen. Buruz behera erori beharrean zutik gelditu zen.

buruz buru adb. Aurrez aurre. Uharteari buruz buru zegoen etxea. Aukera egokia da buruz buru hitz egiteko. Buruz buru, bi bitara, eta lau lauren kontra aritu ziren bertsolariak.

buruz buru egin 1 Topo egin. Hola doalarik, buruz buru egiten du gizon batekin: Agur, adiskidea!

2 Talka egin. Elkar ez ikusirik, bi trenek buruz buru egin dute.

buruz buruka adb. Buruz buru, aurrez aurre. Iluntzean eta arratsean eginen dira finalerdiak esku-huska, bai buruz buruka eta bai binaka.

buruz buruko adj. Aurrez aurrekoa; banakakoa. Buruz buruko borrokan indartsuenak ziren. Buruz buruko txapelketa. Buruz buruko txapeldun izandako sei pilotari.

buruz esan Buruz ikasitakoa esan.

buruz gain 1 adb. Buruaren gainetik. Buruz gain labana luze bat jaurti zuen airean.

2 adb. Ahalbideen gainetik. Buruz gain egin: gainditu. Anitz urte baino lehen buruz gain egiten diote bere zor zahar eta berriek. Buruz gain ibili: erabat lanpeturik ibili. Gure buruz gain bizi nahiak egiten du gure malurra.

buruz gora 1 adb. Ahoz gora, gorantz begira. Emakumea buruz gora etzanda zegoen.

2 adb. Gorputzaren goialdea goian dagoela. Buruz gora edo buruz behera zuenik ere jakin gabe, egunkariari begira.

buruz ikasi Hitzez hitz errepikatzeko eran ikasi.

buruz jakin Oroimenaz bakarrik baliaturik jakin. Hutsa dela dotrina buruz jakitea, ulertzen ez bada.

buru-zuri Ik. buruzuri.

buru-zut Ik. buruzut.

-en buruan Aipatzen den denbora-bitarteaz gero. Ik. barru 7. Bost urteren buruan: bost urte igaroz gero. Hiru egunen buruan piztuko naiz. Denboren buruan: munduaren azkenean. Ororen buruan. Azterketa nekagarrien buruan baizik ez du jakingo. Han hil zen zenbait urteren buruan.

-en buruko -en buruan. Zenbait egunen buruko osoki sendatua zen.

-i buruz 1 -rantz, -ganantz. Gizona heriotzari buruz doa. Nik ez dakit jendea zeri buruz doan.

2 -z, -en gainean, -i dagokionez, -a gaitzat harturik. Nahikoa hitz egin dugu gai honi buruz. Arana Goiri eta Azkue ez ziren talde berekoak euskarari buruz. Ez da hizkuntzarik Europa osoan euskara bezain ilun ageri denik bere jatorriari buruz.

-i buruzko -i buruz esapidearen bigarren adierari dagokion izenlaguna. Mogelen lanei buruzko argitasun asko dator ikerketa horretan.

(neure, zeure...) buruarekin (egin, egon, esan aditzekin). g.er. Neure, zeure... artean. Neure buruarekin egin dut, zuregana behar nuela etorri. Nengoen neure buruarekin, ez ote nuen zuk baino gehiago sufritzen. Behin baino gehiagotan egona naiz neure buruarekin, nola onartzen dituzun horiek zure etxean.

eskuko

1 esku hitzari dagokion izenlaguna. Eskuko hatzak.

2 (-en atzizkiaren eskuinean, artikulurik eta kasu markarik gabe, izan, jarri, egon edo utzi bezalako aditzekin). -en mendeko; eskura. Holako gizonen eskuko gareno, ez dukegu deus onik. Jesus Hura bere adiskide, bere eskuko duenak, zer indar ez du? Zeren borondatea libre eta geure eskuko baitugu. Neure burua neure eskuko nuenean. Jaunaren eskuko jarri zen. Bere ondasunak ez ditu bere eskuko.

3 (-en osagarria ezabaturik). Munduan den on guztia duelarik eskuko. || Hain eskuko duen euskara alde batera utzirik, nobela aldera zorroztu behar luke orain arreta idazleak.

bere (neure, zeure...) eskuko (izan aditzarekin batez ere). Inoren mende egon gabe, norberaren buruaren jabe. Ik. beregain. Bere eskuko da, beraz, ikuslea, nahi duena aukeratzeko. Ni neure eskuko naiz. Zeure eskuko zaren bitartean. Hizkuntza bera da soil-soilik, bere eskuko eta bere buruaren jabe. Bere eskuko utzi zuten.

hartu, har, hartzen

1 du ad. Norbaitek bere eskuan zerbait jarri, erabiltzeko, edukitzeko edo hartaz jabetzeko. Anton. utzi1. Hartuko dut esku batean gezia, bestean zuzi irazekia. Liburua mahaitik hartu. Bi eskuez hartu. Eskutada bat hartu. Ezpata biluzia eskuan harturik. Haren eskuak bere eskuetan hartuz. Nire arkatzak hartzen ditu beti nire anaiak. Kalera ateratzerakoan, aterkia hartu du. Aulki bat hartu esertzeko. Kutxatilatik dirua hartu.

2 du ad. Zerbait edo norbait nonbait jarri, edukitzeko edo garraiatzeko. Bere semea besoetan hartu zuen. Beldurra ematen dit halako ume txikia altzoan hartzeak. Lebitek hartu zuten arka sorbaldetan. Lepoan hartu eta segi aurrera! Hartu ura balde batean eta txoko batera joan dira, lanera. Hiru bidaia egin ditu Istanbulera, ordenagailu eramangarria bizkar zorroan hartuta.

3 du ad. Norbait ibilgailu batean eraman. Hartzen ditu hiru anaiak gurdian eta badaramatza isil-isilik. Jaun batek bere karrozan hartzen du merkataria.

4 du ad. Norbaitek beste norbaitengandik zerbait bereganatu edo eskuratu. Ik. jaso1 3. Hartu dut zure eskutitza. Sari bat hartuko duzu. Hartzekoak hartzeko edo kobratzeko. || Esr. zah.: Hartzen duena zorduntzen da. Dakienak hartzen, dakike ematen.

5 du ad. Uzta eta kidekoak jaso, bildu. Bada, hamarrenaren izenak berak dioen legez, hartzen denetik hamarretik bat zor zaio Jaungoikoaren Elizari. Zaldibiako bikario jaunak bere etxeko baratzean txila erdi bat txitxirio erein eta hartu izan dituela zazpi lakari. Izerdia ugari, soroetan hartzeko arto eta gari.

6 du ad. Ehizan, arrantzan eta kidekoetan, atxiki, harrapatu; pertsonez mintzatuz, atxiki, ihes ez egiteko moduan atzeman. Ik. ehizatu; arrantzan egin; preso hartu. Hartu ditudan arrainak dakartzat portura. Iaz ere ez genuen atun askorik hartu. Azeriak burdin lakio bat ipinirik hartzen ditu. Han sarritan ibilia zen Nikanor sugandilak hartzen. Gerran hartutako gatibuak. Nire herriaren kontra hasi zirenean, sutu nintzen eta prest nengoen edozeinekin borrokan hasteko; gero poliziek hartu ninduten. || Zure bihotza hartzeko botako dut sarea.

7 du ad. (Gauza abstraktuez mintzatuz, aditz arin gisa). Ik. aintzat hartu; arnasa hartu; atseden hartu; atsegin hartu; damu hartu; esku hartu; min hartu; ontzat hartu; ostatu hartu; parte hartu; poz hartu; su hartu... Goitizen bat hartu. Hartu duen ohitura hori. Indar berriak hartzeko. Argitaratze lana hartu zuenari. Euskarazko eskolak hartu. Hartu zuen aingeru hark gizon baten irudia. Autore zaharretarik hartutako aipuz egina. Erdaratik hartutako hitzak. Hartu duen jokabidea. Hil edo biziko erabakiak hartu beharrean aurkitzen garela. Neurriak hartu.

8 du ad. Norbaiti, leku batean ostatu eman; harrera egin. Apopiloak hartzen dituen etxea. Bere etxean hartu zituen ihes zihoazenak. Ministroa errukitu egin zitzaion eta bere jauregian hartu zuen.

9 du ad. Norbaitek beste norbait, lan hitzarmen edo kideko baten bidez, lan baterako lotu. Beste morroi gazte bat hartu zuten eurei laguntzeko lan guztietan. Hartu dudan artzain berriak gauza onik ez dit egiten.

10 du ad. (senarra, emaztea, laguna eta kideko hitzekin 'ezkondu' adieran). Fidagaitz hutsa delako dabil andrerik hartu ezinda. Oraindik ez daukadala senarra hartzeko gogorik. Laster laguna hartzekoa du gure haurretan gazteenak, lehendik ere bi baditugu ezkondurik daudenak.

11 du ad. (Era adieraziz). Zerbait edo norbait ongi, gaizki, gogorki hartu. Nola hartuko ote nau, gauza den bezala esaten badiot? Esaldi bat hitzez hitz hartu. Erabat harturik, ongi dago. Txantxetan hartu. Onera, txarrera, gaitzera hartu. Indarrez hartu.

12 du ad. Bereziki janariez mintzatuz, gorputzean barneratu. Zer hartuko duzu gosaltzeko? Hartzen dituen janariak eta edariak. Sendagai bat hartu. || Jauna hartu. Eguzkia hartu.

13 du ad. (Kolpeez, gaitzez eta kidekoez mintzatuz). Ik. jaso1 3; jasan 3. Bekainean hartu zuen muturrekoa. Nahiago zukeen ukabilkada bat hartu. Zorionekoak zuzentasunagatik gorroto eta erasoak hartzen dituztenak. Nekeak, penak, tormentuak eta heriotza pozik eta zeruagatik hartu. Etxeak hartu dituen kalteak nolabait konpontzea.

14 du ad. Leku batez, bereziki hiri edo gotorleku batez, indarrez jabetu. Ik. okupatu; inbaditu. Hiri bat etsaiei hartu. Kartago ere hartuko zutela. Siriako errege batek hartu zuen Jerusalem. Pixkanaka beti aurrera zetozen, Donostia inguruko mendi eta herri denak hartuaz.

15 du ad. Kendu, lapurtu. Ugazabari isilik lukainka hartuta nator. Gezur txiki bat esatea, sagar gordin edo azaburu bat norbaiti hartzea, nahigabe bat besteri ematea. Hartzen edo kentzen dela besteren gauza jabearen borondatearen kontra. Zazpiko urrearekin bostekoa hartu dio.

16 du ad. Zerbitzuren bat emateko prestatua den ibilgailu, gela edo beste zenbait baliabide denbora-bitarte jakin batez baliatu. Ik. okupatu 3. Aulki guztiak hartuta daude, ehundik gora lagun. Taxiak hartuta zeudela ematen zuen, eta hartuta ez zeudenak ez ziren gelditzen. Telefono linea harturik zegoen. Mahai bat hartu eta menua arretaz irakurri zuen.

17 du ad. Gaitz, sentimendu edo kidekoek norbaitengan erabateko eragina izan; (gauak, ekaitzak...) ustekabean harrapatu. Loak hartu du (Ik. lokartu). Oinaze ikaragarri batek harturik. Egiteko batek hartzen zaituenean. Dardara batek hartu nau, burutik hanketara. Ilunak hartu zituen Jakob eta Laban. Gauak etxera baino lehen hartu ninduen. Ekaitz beldurgarriak itsas handian hartzen dituenean. Beldurrak hartu zituen etsaiak eta izuturik gelditu ziren.

18 du ad. Tokiren baterantz joan. Ik. jo 10; egin1 13. Hiri aldera hartu du. Egun hartan bertan Bordele aldera hartu zuen. Esan digute honantz hartu zutela. || Donostiarako bidea hartuz.

19 du ad. Ibilgailu batean sartu norabait joateko. Autobusa hartu. Bordelen hartuko du itsasontzia. Elkarrekin taxi bat hartuko dugu. Hamabietako trena hartu behar zuen. Autoa hartu eta ziztu bizian irten naiz harantz.

20 du ad. Alokatu, errentan hartu. Paristar horiek gure herrian bazuten hartua etxeño bat polita. Ordurako Anak gela bat hartua zuen Bordeleko hotel txiki batean.

21 du ad. Tresnaren baten bidez (hotsak edo irudiak) jaso. Aski luke behin magnetofonoan hartzea gure kantaldia. National Geographic ekoiztetxeko kamerak Iruñean dira egunotan, sanferminetako irudiak hartzen. Telebista kamerek hartu zuten haren irudia, eta albistea mundu osoan barreiatu zen ordu gutxian.

22 du ad. (Artikulurik edo kasu markarik ez duen izen batekin). Norbait zeregin baterako edo laguntzaile gisa onartu. Ik. lagun hartu. Bera hartzen dut lekuko. Inazio hartu zuten buruzagi. Ararteko har dezala Ama Birjina. || (Izena ezabaturik). Joan zen Jauna dizipuluak harturik. Lehorrera denean, lagun bat hartzen du Frantziskok eta Talamora abiatzen da.

23 du ad. (Dagokion osagarriak -tzat atzizkia hartzen duela). Norbaitek beste norbait aipatzen den mailakotzat onartu. Alabatzat hartu zuen. Jesus erregetzat hartu behar zutela. Neska gazte bat hartu zuen andretzat. Antzinako liburuak eredutzat hartu.

24 du ad. (Dagokion osagarriak -tzat atzizkia hartzen duela). Norbait edo zerbait aipatzen dena dela uste izan. Ik. eduki1 4. Zorotzat hartzen zuten.

25 du ad. Ipar. Ulertu. Ik. hartze2. Ezin har dezaket nola daitekeen gauza hori.

26 du ad. Zerbait beste zerbaiten gainean hedatu, zabaldu, zerbaitek beste zerbait estali. Etxe guztia hartu zuen erre usainak. Mendi guztia hartua da kanaberazko sasi batez. Gure behe lainoak hartu ditu mendiak bazkalostean. Emeki-emeki gau beltzak hartzen ditu bazterrak.

27 du ad. Barnean hartu. Eguzkialdeko neurri batek gutxi gorabehera 40 litro hartzen zituen; beraz oso handiak ziren upel haiek. Hiru bat kilo baba hartzen zuen lakari batek. Poltsa sendoak dira, hainbat kilo har ditzakete apurtu gabe. || Gaitasunen bat gutxitua duten pertsonek gizartean normal parte hartu behar dute, eta, horretarako, denok barruan hartzen gaituen gizartea behar da.

28 du ad. Gorputzeko pisuaz edo kiloez mintzatuz, gehitu. 85 kilo ditut; bi kilo hartu ditut. Garai horretan irensten dituen esnearen eta elikagai osagarrien azukreek eta gantzak pisua hartzeko beharrezkoa den energia emango diote haurrari.

29 du ad. Norbait (elkarte, kongregazio edo kideko batean) onartu. San Frantziskok ez zuen bere Ordenan inor hartzen, munduko gauzentzat zerbait amodio zuenik. Nekazariek elkarrekin bildu behar lukete, euretarikoa ez denik baltzu horretan hartu barik.

30 du ad. (nor osagarririk gabe). Landareez mintzatuz, sustraitu, sustraiak egin. Hiru pago landare sartu nituen eta batek bakarrik hartu du.

31 du ad. (nor osagarririk gabe). Ipar. Isurkari, ore eta kidekoez mintzatuz, gogortu. Zementuak ez du ongi hartu.

32 (Era burutua izenondo gisa). Maitatua, estimatua. Emakume batzarretan ere bazituen Mariak lagun hartuak. Txakurra guztiz hartua zuen, baina katua ezin begiz ikusi zuen. Bere bizitzan bi debozio guztiz hartuak izan zituen.

bere (neure...) buruaz hartu (Era burutua izenondo gisa). Bere buruaz iritzi onegia duena, harroa. Baldin bazen gizon isilik, bere buruaz gutxi hartua zenik, eta bizkitartean hedadura eta jakitate handiko gizonik, hura izan da Armand David. Beretzat bizi dena, bere buruaz hartua bizi dena, ez da gizona, ez da deusetako bizi.

bere (neure...) gain hartu Erantzukizuna bereganatu. Bere gain hartu beharko lukeen lana. Gure bekatuak bere gain hartu eta gurutzeraino eraman zituen. Eginkizun hori neure gain hartzeko eragozpenik ez nuen. Geure gain hartu beharko ditugu eraikuntza lan gehienak.

elkar hartu Elkarrekin aritu; ados etorri, bat etorri. Familia-elkartasuna egiten zen, aita-semeek elkar harturik baserria batera lantzeko. || Ezkonduek elkar ongi hartzeko.

hartua egon Egiteko asko izan. Aste honetan ezin dut, oso hartua bainago.

ilki, ilki, ilkitzen, ilkiko

1 da ad. Batez ere Ipar. Atera, irten. Ik. jalgi. Etxetik ilki zenean. Arima gorputzetik ilki bezain sarri. Kanpora ilki. Samuel hurbiltzen ikusi zuenean, ilki zitzaion bidera. Inprimaturik argitara ilki dadin. Eguzkia sartu zenetik ilki arteraino. Babiloniako dorretik ilki ziren hizkuntzetarik bat. Hireganik ilkiko duk juduen erregea. Jainkoaren etsaitasunetik ilkitzeko. Nahi ez duenak ilki dadin kerik, ez dagiela surik (esr. zah.).

2 du ad. Batez ere Ipar. Atera. Infernuko bideetarik ilki nauzu.

bere onetik ilki Bere onetik atera.

irten, irten, irteten

1 da ad. Norbait toki batetik kanpora joan. Ik. jalgi; ilki; atera 2. Kalera irten da. Hainbat egun etxetik irten gabe igaro ondoren. Lau urte hauetan ez omen da ia kanpora irten. Sartu eta irten ibili. Herritik irtetea debekatu ziolako. Arimak gorputzetik irten eta berehala Jainkoari kontu ematera joan behar du. Nor edo zer ikustera irten zarete eremura? Plazara irten: jendaurrera irten. || Lapurrek, bidera irtenda, zeraman guztia kendu eta erdi hila utzi zuten. Samuel Saulen bidera irten zen.

2 da ad. (Gauzez mintzatuz). Eguzkia irten aurretik. Haur bati hortzak irteten hasi. Odola irteten zitzaion zauritik. Hitzak ahotik irten orduko. Argitara irten den liburua.

3 da ad. Toki batetik beste baterako bidea hartu. Ik. abiatu. Goizeko trenean irten gara. Arratsaldeko bostetan irten ziren. Ihesi irten zen.

4 da ad. Zerbait, egon behar lukeen tokitik kanpora joan. Beribila bidetik irten da. Ibaia txit bizia eta neurrietatik irtena zetorren.

5 da ad. Toki edo egoera jakin batean egoteari utzi. Espetxetik irten zirenean. Eskolatik irten eta lanean hasi zen. Israeldarrei bere mendetik irteten uzteko. Behartasunetik irten ezinik. Zer egingo dute arima argal eta bekatutik irten berriek? Arriskutik irteteko. Baina Balaan, aingeruak erakutsi zizkion esanetatik ez zen irten. || Ez haiz hortik onik irtengo.

6 da ad. Gertatu, aipatzen den ondorioa izan. Haren laguntza gabe bizirik nola irten? Galduan irten. Garaitzaile irtengo balira. Usteak ustel irten zaizkio.

7 da ad. (Alde, aurka) azaldu, agertu. Moises neskatxen alde irten zen eta lagundu zien. Jabin-en aurka irten ez zelako damuturik.

8 (Era burutua izenondo gisa). Begiak biziak, sudur-kakoa irtena.

9 (Era burutua izenondo gisa). Ausarta, lotsagabea. Irtenegiak datoz semeak.

bere (neure...) onetik irten Bere (neure...) onetik atera. Bere onetik irtenda, horman zegoen ezpata bat hartzera joan zen.

modu

1 iz. Era, gisa, moldea. Ik. manera. Ez dugu oraintsu arte modu erosorik izan, idazle zaharragoen lanak irakurtzeko. Mintzatzeko moduak. Ez nuen eskatzen zidana bidaltzeko modurik. Guk, behintzat, bizirik etxera joateko modua izango bagenu! Pentsatu modu batean eta bestera egin. Modu berean. Modu jatorragoan idazten. Modu askotara gorde daitekeena. Zenbat modutakoa da fedea? Ea nolako moduz eta bidez buru eman behar zioten beren asmoari. Gizonak munduan zabaltzen ziren eran, gaiztakeria ere berekin zeramaten, halako moduan non gizona sortua eta egina Jainkoari damutu zitzaion (Ik. halako eran... non...). || Betiko hizkera modua darabil: sendoa, zolia, argia eta garbia. Zer gizon modu dugu euskalduna? Horrelako jende moduarekin. Sailkatze modu horren bitartez.

2 (Leku atzizkiekin singularrean, berdintasunezko erkaketa adieraziz). Ik. bezala. Ahal zen moduan. Ez dakite berbak behar den moduan erabiltzen. Jende gutxi bizi da zure moduan. Besteren eragile moduan ari dena. Elkarrizketa moduan egina. Gehiegikeria deritzat batek eta bestek, Sansonen modura, etsai guztiak geurekin batean zapaltzeko agertzen dugun grina biziari. Geuk egin behar ditugu geure legeak, gura dugun modura. Buruko zapia frantses modura jarria. Zuretzako moduko lana.

3 iz. Hizkl. Aditzaren gramatika-kategoria, aditz ekintzari buruzko hiztunaren jarrera adierazten duena; modu jakin bat adierazten duten adizkien multzoa. Ik. indikatibo; subjuntibo; agintera; ahalera.

4 iz. Mus. Eskala barneko bitarteak antolatzeko era. Modu maiorrak eta minorrak.

bere moduan 1 adb. g.er. Bere kontura.

2 adb. g.er. Neurriz, neurrian.

3 adb. g.er. Nolabait.

modua(k) egin Zerbaitetarako bidea egin, zerbaitetan ahalegindu. Beren buruak bizirik gordetzeko modua egin zuten.

modu on Bizk. eta Gip. Harrokeriarik eza, nabarmenkeriarik eza, bereziki sexuarekiko lotsari dagokionez. Kalean zebilenean ere, lotsa, modu ona eta bildutasuna erakusten zituen. Jan-edanean neurri ona eta modu ona gordearazten duen bertutea.

modu onean 1 adb. Begirunez, hitz egokiekin. Modu onean, modu txarrean erantzun. Hain modu onean eskatu zaidanari erantzunez.

2 adb. Prezio onean. Modu onean erositako tresna.

modu oneko 1 adj. Modu ona erakusten duena; neurrizkoa; egokia.

2 adj. Diruduna, etxe onekoa. Modu oneko jendea.

moduz adb. Egoki. Aski moduz eta neurriz mintzatu ginen.

zer modu 1 Gip. eta Naf. Zer moduz? Aitarekin zer modu izaten zara?

2 (Norbait ikustean, diosal esapide gisa). Kaixo osaba!, zer modu?, ondo?

zer modutan 1 (Norbait ikustean, diosal esapide gisa). Zer moduz?

2 (Zehar-galderetan). Heg. Nola. Argi ikusi dugu zer modutan behar dugun bizi.

zer moduz 1 Gip. Nola? Ik. zer modu. Zer moduz zaude? Zer moduz bizi zara? Zer moduz atzo?

2 (Norbait ikustean, diosal esapide gisa). Zer moduz, Txomin?

olde

1 iz. Borondatea, nahia, gogoa. Zeru eta lurrean zure oldea egin bedi. Aukera beza nork bere gogara eta oldera.

2 iz. Oldarra. Barneko olde biziak laguntzen du zentzua. Han datozkit irakasle guztiak oldean.

3 iz. Kopuru handia, talde handia. Ik. andana. Zomorro olde baten antzera zeharkatu dute ibaia. Jende oldean nahasirik irten da bagoitik.

(neure, bere...) oldez (Neure, bere...) nahiaz. Bere oldez egin gabe utzi badu. Ez zeure oldez ager aberatsen aitzinean. Ene oldez eginen duzu gauza.

oldezko 1 adj. Borondatezkoa.

2 adj. Oldarkorra, ausarta. Herria edo maitalea maitatzen den bezalaxe maite dut, oldezko maitasun sakon menderaezin batez.

on1

1 adj. Bere egitekoa ongi betetzen duena; espero den bezain egokia edo onuragarria dena. Anton. txar. Horrexegatik beragatik da ona aizkora zorrotza, ebakitzeko sortua delarik; eta aizkora kamutsa, berriz, txarra. Ohe ona. Belarri onaren jabe denak. Idazle horietan gauza on asko ikas daitezke. Bere landan hazi ona erein duen gizona. Europako haizeak onak ala kaltegarriak ditugun, ikusteko dago oraindik. Gure alde onak eta bertuteak. Euskara onean idatzia. Aholku onaren bila. Harrera ona izan. Berri onak ekarri ditu. Egoera onean. Ezkon zaitez ordu onean. Modu onean. Hala bizitzeak ere deus onik ez zuela. Eguraldi ona denean. || (Pertsonez mintzatuz). Langile ona. Irakasle ona izan duelako. Adiskide on batzuek eskatu didatena. || (Izen gisa). Ona eta txarra bereizten dakitenei.

2 adj. Ongi egina. Hiztegi onak behar ditugula. Presta zaitez aitortza on bat egiteko.

3 adj. Handia, ederra. Ukaldi on bat hartu du. Orraztaldi on bat behar du argitaratu baino lehen. Irabazi ona ateratzen dutela.

4 adj./iz. Zintzoa; moralak eskatzen duena betetzen duena. Anton. gaizto. Gizon prestu eta kristau onak. Morroi on eta leiala. Sarituko ahal ditu zeruan Jainko onak! Onak izan. Onegia zela etsairik inon izateko. Eguzkia onen eta gaiztoen gainean altxarazten baitu. Onei betiko zoriona emateko. || Gizon bezala, nor zen bera baino zuzenagorik, onagorik, jatorragorik, euskaltzale jakintsu eta porrokatuagorik? (Ik. hobe) || Liburu onak irakurriz.

5 adj. Ontasuna adierazten duena. Bihotz oneko gizona. Egin denaren fede ona erakusteko. Jaidura onak. Obra onez hutsik bezain asmo onez beterik.

6 adj. (Zenbait esapidetan). Esker onez eta beldur gaiztoz beterik. Gogo onez eta inork behartu gabe. Erabaki hori jendeak begi onez ikusi zuen. Merezi onez irabazi duen izena. Ez du onik izango bere xedera heldu arte: ez du bakerik izango bere xedera heldu arte.

7 iz. Zerbaitentzat edo norbaitentzat egokia edo onuragarria den gauza. Ez da gaitzik, onik ez dakarrenik. Erostunaren ona eta saltzailearena ez omen datoz bat beti. Zein da gure helburua, geure buruaren atsegina ala euskararen ona eta bizia? Edozein izakik bere ona bilatu ohi du. Herriaren onari begiratu behar dio herri gizonak.

8 iz. Ongia. On eta gaizkiaren arteko borroka.

9 iz. pl. Ondasunak. Aberatsak bere onetarik behartsuari emanez.

(neure, bere...) onean (egon, jarri...) Lasai, norberaren onetik atera gabe. Orduak aurrera eta ez zela ageri ikusita, ez nengoen neure onean.

(neure, bere...) onetik atera (irten, ilki) (Neure, bere...) senetik atera; dagokion edo berezkoa zaion egoeratik atera. Hitz horiek entzutean, bere onetik atera zen. Ezertarako ez diren txotxolo hauek nire onetik ateratzen naute. Gaur mundu guztia pixka bat bere onetik aterata ikusten dugu. Hori gauza bere onetik ateratzea izango litzateke.

on beharrez adb. Hobe beharrez. On beharrez esan nion esan niona, baina txarrera hartu zuen. Barka iezadazu, on beharrez samindu bazaitut.

onean 1 adb. Borondatez, indarra erabili gabe. Ik. onez onean 2. Onean ez bada txarrean egin beharko duzu. Ikusiko duzu nola aitortuko duzun, onean nahi ez baduzu, nik jakingo dut zer egin zurekin.

2 adb. Jarrera onean. Onean nago, eta gozoro-gozoro hitz egingo dizut.

3 adb. Onerako. Nork daki, ni urtebeterako aldentzea bion onean ez ote den. Txorakeriak esan dira hartaz, onean eta txarrean, baina, gogoko dugun ala ez, ez du gutxi galdu zinemak bere heriotzarekin.

on eduki Eutsi, atxiki, bere hartan iraun. Lekukoek on eduki zuten hala zela. Erromako enperadoreak iraun zueno, latinak ere on eduki zuen.

on egin 1 Hitz haiek Andoniri on egin zioten. Jan dugun arrainak ez digu onik egin. Ikusteak ere ez dit onik egiten. Adiskideei on egitea eta etsaiei gaitz egitea dela zuzenbidea. || Aireak on handia egiten die belar eta zuhaitz guztiei. Zenbat on egiten duen jaunartzeko sakramentuak. Bizkaian hainbeste on egin duen liburu hau. Hori ikasteak ez digu on baizik egingo. On baino kalte gehiago egiten duten liburuak.

2 (Jaten ari denari esaten zaizkion jendetasunezko formuletan). On egin! —On degizula! —Baita zuri ere. On egin diezazula!

onenean 1 adb. Beharbada, agian. Onenean, zuk ere zigarroak erreko dituzu. Egunen batean zu ere, onenean, aita edo ama izango zara.

2 adb. Kasurik onenean. Iraupen laburra dute gehienetan; zenbait segundo, onenean, zenbait minutu.

onenean ere adb. Kasurik onenean. Ez zuela erdizka baizik egin, onenean ere.

onenera jota (ere) adb. Onenean ere. Onenera jota ere, bihar bukatuko dugu.

onera egin Hobetzeko bidea hartu. Eguraldiak onera egin du. Lucyk ez du onera egiten.

onera ekarri (bere, neure eta kidekoen eskuinean). Senera ekarri, konortea berreskurarazi. Horiek guztiak ez dira nahikoa izango bere onera ekartzeko.

onera etorri 1 (bere, neure eta kidekoen eskuinean). Senera etorri, konortea berreskuratu. Ondoeza egin eta ordu erdian ez zen bere onera etorri. Lo pisu batetik esnatzen den baten gisa, neure onera etorri naiz.

2 (Gauzez mintzatuz). Espero dut gauzak bere onera etorriko direla. Gerrak lur jota utzi zuen Guatemala eta oraindik ez da bere onera etorri.

onera itzuli 1 Ipar. Onbidean jarri, on bihurtu. Gorputzak ez du huts egiteko desirarik izango, guztiz egongo da onera itzulirik.

2 (bere, neure eta kidekoen eskuinean). Onera etorri, senera etorri. Neure onera itzultzean, sarrera nagusian etzanda nengoen. Bere onera itzuli zenean, anbulantziak ospitalera eraman zuen.

3 (bere, neure eta kidekoen eskuinean). Lasaitu, baretu. Norak, bere onera itzulirik, barkamena eskatu zion Andreasi.

4 (Gauzez mintzatuz). Elur ekaitza gaindituta, bere onera itzultzen ari dira Euskal Herriko errepideak pixkanaka-pixkanaka. Urak bere onera itzul daitezen.

onerako 1 adb. Ondorio onerako, onuragarri. Ik. onean 3. Emaztegaia aurkitu, eta onerako izan dadila. Mundua itxuraldatzen ari zaigu, onerako edo txarrerako. Ikerlana beti onerako delakoan nago.

2 (-en atzizkiaren eskuinean). Agintariari dagokiola, guztion onerako eta bakerako, gaizkileak zigortzea. Euskararen onerako izan zitekeelakoan.

onetan (-en atzizkiaren eskuinean). Ipar. Mesedetan. Saiatzen bagara lagunen onetan, sari ederra dugu guretzat gain hartan.

onez 1 adb. Borondatez, indarra erabili gabe. Atera zuen sastakai bat, onez ez bazen gaitzez, nahi zuena eragiteko.

2 adb. Asmo onez, fede onez. Onez al zatozte, ala gaiztoz? Onez emandako aholkuari ez zion jaramonik egiten.

3 adb. Onik. Etsaiengandik onez atera gaitu. Nire aitaren etxera onez itzultzen banaiz.

onezkoak egin Bakeak egin, adiskidetu. Zoaz lehenik zure anaiarekin onezkoak egitera.

onez onean 1 Asmo onez, fede onez; liskarrik gabe. Onez onean esan zien. Ez direla haserretuko, onez onean atzeratuko direla. Bere ahal guztiak egin ditu, onez onean gobernamenduko gizonekin bakean bizi nahiz.

2 Borondatez, indarra erabili gabe. Onez onean ematen ez duzuna bortxaz eman beharko baituzu. Ikusirik onez onean ezer egiterik ez zegoela. Onez onean ez baduzu aitortu nahi.

onez onez Onez onean.

on-gaitz pl. Alde onak eta txarrak. Proposamen baten on-gaitzak.

onik ez izan Bakerik ez izan, atsedenik ez izan. Ez zuen onik, bere Zumaia maitean baizik. Alaba ikusi gaberik, amak izango ez luke onik. Gure bihotzak ez du onik izango, Zuregan atseden hartzen ez duen arte. Hura margotu arte ez du onik izango.

onik onenean 1 Unerik onenean. Eta asko gelditzen dira ezer irabazi gabe eta onik onenean guztia galdurik.

2 Onenean ere.

on iritzi 1 dio ad. Maitatu. Ik. oniritzi. Bere emazteari on deritzanak bere buruari on deritza.

2 dio ad. Ongi iruditu, ongi iritzi. On deritzot zauden lekuan gelditzeko hartu duzun xedeari.

on izan 1 da ad. Antxumea, gazte deno, on da jateko. Gezurra on da, bidegaberik egiten ez duenean. On da euskaraz egitea. Uko egingo diet zuretzat on ez diren gauza guztiei. Izate hori on den ala gaitz, ez dut nik esango. On litzateke, ez da ordea premiazkoa.

2 zaio ad. Gizonari ez zaio on bakarrik egotea. Bakoitzari on zaiona emanez.

3 du ad. Oiloek on dute mihura egosirik.

on izate, on-izate Ontasuna. Bere emaztearen maitasunak eta on-izateak zeharo irabazi zuen. Mundu guztiak daki zuk gizonen on-izatean fedea duzuna.

ontzat eduki Ontzat hartu. Bidegabekeriok ontzat dauzkan elkartea ona ezelan ere ezin izan daiteke.

ontzat eman Ontzat hartu. Erabakia ontzat eman zuten, eta auzia bukatu zen. Gobernuak egiten duen guztia ontzat ematen dutenak.

ontzat hartu Ik. onartu. Batek ontzat hartzen duena, ezinbestean, bestek arbuiatuko du. Mundu zabalean ontzat hartuak dauden hitzak. Azkenik, Euskaltzaindiak ontzat hartu du eta berretsi euskal aditz laguntzaile batua.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper