Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=berba 2 sarreratan aurkitu da.

berba

iz. Hitza. Ik. ele2. Berba zantarrak. Berba labainez. Harrokeriazko berbak. Gogoz, berbaz eta egitez. Berba batean: esan duzun guztia, gezurra. Berba barik gelditu. Indartsua, berba gutxikoa, ona eta baketsua zen.

berba egin Hitz egin. Gaur berba egingo dizut erleen gainean. Norekin berba egiten duzu? Ezin dut berbarik ondo egin.

berba eman Hitzeman, agindu. Beharbada, berba emanda egongo zara beste batekin ezkontzeko.

berba jan Hitza jan, agindutakoa ez bete.

berba joko, berba-joko Bizk. Hitz jokoa.

berbarako Adibidez. Egunero bere buruari gogoko gauzaren bat ukatu, berbarako, zaleen den jatekoren bat.

berbaz 1 adb. Bizk. Hitzez. Inori, ez egikeraz, ez berbaz, ez gogoz, kalterik ez egitea.

2 adb. Bizk. Berbetan. Adiskidearekin berbaz luzaro egonez gero. Garrantzi handirik gabeko kontuei buruz jardun dugu berbaz.

ezkontza

1 iz. Bi pertsonaren arteko legezko elkartzea, ezkontideen elkarbizitza erabateko eta iraunkorrerako konpromisoa eskatzen duena. Ezkontza elkartasun bat da. Elizazko ezkontza. Legezko ezkontza. Sansonen bigarren ezkontza. Ahaideen arteko ezkontzak. Ezkontza hartatik sei ume jaio ziren. Diruagatik egiten diren ezkontzak. Kristau ezkontza. Ezkontzako sakramentua.

2 iz. Elkartze hori gauzatzen den ekitaldi edo zeremonia. Ezkontza batera joan ginen. Ezkontza egunean.

3 iz. Irud. Ez da gehienetan zorionekoa izaten euskal idazle eta euskalariaren arteko ezkontza.

ezkontza agiri, ezkontza-agiri Norbait ezkondua dela erakusten duen agiria. Bikote homosexualei ezkontza-agiririk ez emateko agindu du Kaliforniako Auzitegi Gorenak.

ezkontza egin Ezkondu. Hamabostetik hamabi dira ezkontza egin zutenak; hiru bakarrik ikusten ditut orain ezkongai daudenak. || Semeek egiten dutenean gurasoek nahi ez luketen ezkontza. Mutilzahar geratu baino, ezkontza on bat egitea hobe dela. Ezkontza aberatsa egin zuen Luisa Agirrerekin.

ezkontza galdu Egin aurretik, ezkontza bat bertan behera utzi edo gelditu. Horrela izanez gero, ezkontza galdu beharko duzue. Antoni eta Anjelen arteko ezkontza galduko zela berriro. || Ezkontza hura galarazteko.

ezkontza hauste, ezkontza-hauste 1 Dibortzioa. Jesusek, ordea, bere Lege Berrian kentzen du baimen hori; edozein ezkontza-hauste debekatzen du.

2 Adulterioa.

ezkontza hautsi Dibortziatu; ezkontzatik sorturiko elkartzea hautsi. Jesusek esan du ezin daitekeela ezkontza hautsi.

ezkontzako berba Ezkontzeko promesa. Behin ezkontzako berba emanez gero (...).

ezkontzako hitz Ezkontzeko promesa. Ezkontzako hitza eman.

ezkontza nahasle, ezkontza-nahasle Ezkontidea ez den pertsona batekin sexu harremanak dituen pertsona. Beste gizonak bezala, lapur eta ezkontza-nahasle ez naizelako.

ezkontzaz adb. Ezkontzaren bidez; ezkontzaren ondorioz. Kainen ondorengoak hasi ziren ezkontzaz elkarganatzen, eta mundu guztia zikindu zen bekatuz. Bere alaba eman zion ezkontzaz. Ezkontzaz batu ziren. Jaiotzaz ez bazen handizki, ezkontzaz bihurtu zen.

ezkontzazko adj. Ezkontzazko ahaidetasuna. Zenbat aldiz ez dira iturri bidean aipatu ezkontzazko lehen solasak!

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper