- etxe-abade
- apate
- apat
- apatia
- arol
- Aitor
- apala
- balda
- at
- athendustatü
- atamüstatü
- ari
- bagant
- lumera
- parada
- barbildu
- barga
- barrandan
- barrundatu
- barruki
- barik
- mazka
- barrabaska
- ardanburu
- ardangrina
- ituten
- ekera
- geun
- daragun
- sorna
- fiat
- fiodera
- gingil
- karkaila
- garbeltxagi
- gargale
- garhi
- gari ‘garatxo’
- gartu
- gesu/gesi
- guda
- ats
- olagarro
- zainezo
- naflatu
- lapar
- makulu
- putiko
- sendor ‘sorta’
- txortan
- urre gorri
- urritu
- erruki
- oxatu
- uztargi
- platuxa
- zumai
- zirotz
- zilar zuri
- bipotz
hats. Erro honen azpian hats, hasi, ase eta atso sarrera-buru nagusiak bildu dira. Hats-en azpisarrera modura arnasa, asaskatu, asti, astin(du), astun, atseden, atsegin, atsekabe, haserre, hausnar eta asaldatu (asalda, asaldu1, asaldu2 eta asaldura azpisarrerekin) daude; hasi-ren azpisarrera modura, askari dago; ase-ren azpisarrera modura, aski, asko eta aspaldi.
Ongi lot daitezke, oro har, familia honetarako bildutako hitzak. Formazko xehetasunak ez dira erabat argiak hausnar-en eta aspaldi-ren kasuan, eta, atso-ri dagokionez, esanahiarenak suertatzen dira ilun.
♦♦ hats (1538: NavInj; ik. atsegin, haserre…). ■ Hitz orokorra. ‘Arnasa’ adieran ia osoki galdua dago historikoki arab.-bizk.-gip. eremuan (RS-ko adibide batean gelditu da arrasto bat, dollorra otuago, atsa putzago adibidean; arnasa, haserre, kirats eta, segur aski, atsegin, atsekabe, atseden bezalako elkartuek ‘arnasa’ adieraren antzinako hedadura orokorra erakusten dute); besteak beste, ‘ufako, puzkada’ (Larg artiki zuen hats bat heien gainerat) eta ‘lurrun’ ere bada (Duv beroaren hatsa). Mendebaldean (bizk. testuak, Kardab eta, dudazko adib. batean, Lazarg) ‘kirats’ adierarekin gorde da (Kardab atsez ta kiratsez betea, Mogel usteltasuna ta atsa; cf. behean atsitu); bizk. ekialdekoan bada ants/antz aldaera ere (Mogel antz edo usain dongia). Izenondo moduan ere erabili izan da, ‘zikin, higuingarri’ esanahiarekin (NavInj erroi atsa, Lazarg traidore atsa, Ax bekhatu hatsa). Hats tzar, ats putz eta holakoetarik abiatu behar da ‘arnasa’ ← ‘kirats’ bilakaera semantikoa ulertzeko; ‘zikin, higuingarri’, funtsean, ‘kirats’-en izenondo erabilera besterik ez da.
● hasperen ekialdeko hitza; OihAtsot (-perren), EtxZib (hats beheren), Tartas; cf. behean hasbeherapen.
● hatsalbotu ‘hatsantu’: Maister; Larrasketek halbo(tü) dakar hitzaren osagai gisa, baina ez dugu aurkitu beste inon; Morvanen ustez (1994: 542) albo ‘alde’ dago, eta fr. (avoir un) point de côté dakar paralelo semantiko moduan, baina albo mendebaldeko hitza da (Mitxelena 1967c: 607).
● hatsanka Lizarg; hatsan(tu) + -ka atzizk.?
hasbeherapen (Materra (hatsb-)), hasgorapen (Pouv (hats-)), hasti (“qui a l’haleine forte” Harr), hatsaldi (Larm, Lizarg), hatsanditu (Arak (gnaf.), Lizarg), hatsantu (Oih [beldur handitan, / net hatshanturik]), hatsaren gainean (Ax [pausatuki, hatsaren gainean]), hatsarte (‘atseden’: Duv [hatsarte eta kontsolamendu]), hats-bahitu (EtxZib [hats bahituren naizela, ez banauzu laguntzen]), hats-bizi (“qui n'a plus que le souffle” Duv; Duh [hats-bizi balego bederen]), hatsean (‘azken hatsean’: EtxZib [hatsean den presuna]), hats egin (Urte, LanDot), hats eman (Leiz), hats-gabetu (EtxZib [hats gabetu zaienean erhasunaz ahoa]), hats gaitzean (Zubiri [hats gaitzian, hasperen haundian]), hats gaiztoan (‘haserre’: Duv [hats gaixtoan bizi zare zure buruaren kontra]), hats hartu (Etxep [hats hartzeko airia]), hats-hartze (EtxZib), hats-ukaldi (LanDot).
(sorreraz ‘kirats’-ekin zerikusia dutenak):
● atsitu bizk. testuetan ageri da; Azk-k gip. ere erabiltzen dela dio; ‘kirastu, usteldu’: Añib (pestez atsiturik dagoan gaixo bat), Mogel (odol aterate ta edari atsitu baga); hats + -i + -tu.
hasgarri (‘higuingarri’: Duv), haskeria (‘zikinkeria’: Ax [munduko hatskeria guztiak ifernura]). Cf. ahats, urats…
► *Has berreraiki behar da; zenbait eratorritan gorde da jatorrizko igurzkaria (cf. haserre, hasi; berantiarragoa datekeen hats-en gainean osatu dira atseden, atsegin, etab.). Ez dakigu zein neurritan den esanguratsua ants (antz) forma, eta horren arabera kontsonante sudurkaridun formarik berreraiki daitekeen. Forma horretatik gora, agian *khats errora eraman daiteke berreraiketa, cf. ikasi.
Ez dago argi zenbait kolore izenetako -ats atzizkia (cf. berdats, gor(h)ats, horats…) hitzarekin zerikusirik duen: hitz horietan (h)ats-ek ‘tankera, antz’ adiera hartu duela onartuta, bilakaera semantikoa ‘berde/gorri/hori hats’ ← ‘berde/gorri/hori antz’ izan liteke. Cf., argiagoa agian, urats ‘ur sufretsu’. Bestela, agian ‘hasi’ esanahia har genezake atzizkiaren azalpenerako oinarri gisa, eta pentsatu ‘berde izaten hasia’ edo zela jatorrian berdats.
arnasa (~1638: EgiaKant). ■ Hego-mendebaldeko hitza (gnaf. zati bat barne). Bukaerako -a gabeko formak gip. testuetan agertzen dira bereziki, XIX. mendetik aurrera; asnas(a)/-se ere gip. testuetan aurkitzen da gehienbat.
‘Hats’ da esanahi nagusia (EgiaKant kristiau zireanak arnasa esturik, Larm egiazko asnase / oi zegoena hilgunaz, Añib gaixo baten arnasea, Bilintx maitetxo kutuna, / nere asnasia ta / nere osasuna); ‘ufako’ ere bada (Beobide espirituko amoriozko asnasarekin bota zuan airian) eta orobat ‘atseden’ (Arrue begien itxi-idiki bateko arnas pixka bat).
arnasestu (Urkizu [akaburengo arnasa estubakaz]; cf. goian EgiaKant; arnasestuka OñatEsk (arnas estuka)), arnas hots (Mogel (arnasa ots); arnas-hoska ArreseB), arnaska (Mburu [asnasea ezin idukiz asnaska asitzea]).
► Lehen osagaian hats ikusi ohi da (van Eys s.v. ats, eta lehenago Harriet), eta disimilazioz azaltzen da arnasa, -e aldaera (Gavel 1921: 227, FHV 294). Dena den, ez dago argi nola azaldu behar den hitzaren bigarren partea: *has-nas moduko bat proposatuta, erreduplikazioaren aukera dator gogora, baina zaila da sudurkaria azaltzen (cf. ants aldaera?); asnas litzateke zaharrena, eta berranalisiz azalduko genuke -e, eta orobatsu -a, artikulua itsatsita edo mug. asnasea → mugag. asnasa. Bestelako aukera da hitz elkartu gisa analizatzea, baina ez legoke argi zein litzatekeen bigarren osagaia.
asaskatu (~1820: Zabala). ■ Bizk. hitza. Aldaerak dira asaskau (Totor/Garate), asazkatu (Zabala, -au ArreseB eta Otxol) eta azazkau (Azk). Esanahiak dira ‘asebete’ (Zabala aragiaren atsegintasun zikinez euren buruak asazkatu ezinik), ‘atseden hartu’ (ArreseB oso nekauta asazkau nairik), ‘(barrua, gogoa) hustu’ (Azk beren barrua azazkatearren edu onetan berba egin eutsan), ‘(eguraldia) hobera egin’ (Azk), eta, izond. balioarekin, ‘(jantzi) nasai’ (Totor).
asaskaldi (‘asealdi’: Zabala [asazkaldi on bat pozez / niri nox elduko yadak?]).
► Pentsa daiteke hats + askatu dela: ‘arnasa askatze’ esanahia dago oinarrian, eta hori aplikatu zaio aseari, atsedenari edo barru-husteari. Badirudi ‘hustu, arindu, goxatu, eztitu…’-tik ulertu behar dela ‘(eguraldia) hobera egin’; bestalde, ‘barren huts’ dago ‘(jantzi) nasai’-n.
Ase eta hats-en arteko lotura berresten dute adiera hauen guztien hurbiltasunak.
asti (~1496: RS). ■ Hitz orokorra. Adiera nagusiak dira, izen moduan, ‘zerbait egiteko denbora’ (Etxep arranguren khondatzeko asti nuien frangoki, Mogel nundi dakizu emongo deutsula Jangoikuak epe, asti edo denporia?), eta ‘zereginik gabeko denbora’ (Ax amorio desordenatua astia duena baithan… ostatatzen da). XX. mendeko hegoaldeko zenbait autorek ‘denbora’ adieran erabiltzen dute, eta Añibarroz geroztik ‘une’ adieran aurki daiteke.
Izenondo moduan, RS-n agertzen da (egun astia “día vagaroso”), eta Harrt-ek (“lent”) eta Azk-ek ere (“calmoso” (bizk.)) jasotzen dute; cf., bestalde, BMogel asti doa (asto-ren etimologia azaltzeko). Baditu bestelako adierak ere, hala nola gnaf. ‘ogia, orea hartzitu, altxatu’ (Iraizoz ore guzia asti (yaiki) arte sartzen duen orantza), eta Larramendik ‘astindu, jipoitu’ ere badakar (“azotado, astia”); hitz bera da, ziur asko. Baliteke hitz bera izatea Oñatiko asti! ‘atzera’ interjekzioa (Izag), behientzako erabilia, eta ekialdean esanahi berarekin aurki daitekeena: zub. a(i)xti, aisti, erronk. axte. (Azk); ik. halaber astitu.
Mendiburuk beste inon aurkitzen ez dugun hasierako h- batekin idazten du.
astialdi (Mburu [estudi-tarteko hasti-aldietan]), astiarte (Haranb), astidun (“lent au travail” Hbarren), astiki (‘astiro’: Harrt), astimin (“el sabor que le queda al pan por haberlo tenido demasiado sin meter en el horno” Izag (gip.); cf. asti-ren ‘ogia hartzitu’ adiera), asti onean (‘astiro’: Goihetxe), asti-ordu (EtxZib [baldin asti orduetan nahi baituk ikhasi]), astirekin (Pouv; genitibo mugagabe arkaikoarekin, cf. plazerekin, etab.), astiro (OihAtsot), astiro egon (‘lasai egon’: Añib), astiroki (Pouv), astirotasun (Jauretxe), astirotsu (Hbarren), astirotu (‘egitekoetatik askatu’: TEtxeb (bizk.)), astirotxo (Mogel), astiroz (‘astiro’: Elexp (bizk.)), astitasun (“lenteur” Harrt), astitsu (“lento”, “detenido, tardo” Larm), astitu (‘egitekoetatik askatu’: ArreseB [bear ei ditu ondo zortzitxo bat ordu, / kontetako astiro (eta zelan modu) / guztiz ederra daukan berbetan miñean, / itxaroten ei dago astitu artean], Izag AranOñ [aurten ez naiz astittu “este año no he tenido tiempo”]; ‘zigortu’: Larm; ‘behiei atzera eginarazi’: Azk (zub.), Gèze (axtitu); bigarren adierarako, cf. goian asti ‘astindu’), astiune (Añib [yadetsi al neikezan astiune ta era aldiak]), astiz (‘astiro’: Mburu).
► Osaeraz, hats + -ti da, izenondoak sortzen dituen atzizkiarekin (cf. ezti, eta hasti modernoa); atzizkia -di alomorfoa ere izan liteke, txistukari ondotik ahoskabetuta, cf. geldi, handi, hordi (ik. *edin).
Hitza izenondoa da jatorriz; erabilera horretan aurkitzen diren “vagaroso”, “calmoso” esanahiak, eta zenbait eratorrirenak (astiro, astitsu, etab.), ongi lotzen dira hats-en eratorri atseden eta atsegin-en ‘atseden, pausatu’ adierarekin: jatorrian, “hatsarekin ibiltzea” edo izango zen asti izatea. Izen gisako erabilera hortik eratorriko zen. Bestalde, ‘ogia hartzitu’ adieran badirudi ‘hats hartu, puztu’ dagoela oinarrian, ik. jarraian astindu; hitz hauek guziak familia berekoak direla zedarritzen laguntzen digu ‘astindu, jipoitu’ adierak, eta agian adiera horri lotu behar zaio ‘behiei atzera eginarazi’.
astin(du) (1562: Land (astindu); astin 1745: Larm). ■ Hitz zabaldua (arab., bizk., gip., bnaf.). Izen moduan eta izendondo moduan agertzen da. Izen moduan honako esanahi hauek ageri dira: ‘iruteko kirru’ (Larm, Duv, Harr (bnaf.)), ‘inarrosaldi’ (Larm) eta ‘harrokeria’ (Mogel); izenondo moduan berriz ‘harroputz’ (Mogel ugazaba astin ta deunga bat), ‘(gauza) harro’ (Azk zugatzetatik… iausten direan azi astin edo arro arroak), baita ‘arin’ eta ‘elastiko’ ere (Izag (bizk.)).
Aditz moduan, bi esanahi nagusi ditu: Land-z geroztik, ‘(gauza bat) harrotu’ (Kkiño bildotsari uliak zerbait astindu yakozan, Orixe oge baltza astindu neban) eta ‘inarrosi’ (Larm nik astinduko nuke, nik beeratuko nioke bere andiustea); ‘harrotu, harropuztu’ adiera ere aurkitzen da (Mogel apainzaliak edo soñoko biar baño obiaguakaz astindurik dabiltzanak) eta, XX. mendeaz geroztik, izen moduan ere ageri da (TxAgir arrisku andiak emoten deutsa biotzari astindurik andiena: ‘inarrosaldi’).
◊ Cf. Labayruk dakarren 1579ko “vestimenta de astin azul”, Bilbon.
astin-astin egin (Otxol [bere buruba astin-astin egin dau burutik biatzetara]), astimen (‘jipoi’: EuskEsn 1915), astinaldi (‘inarrosaldi’: Izt), astinalditxo (TxAgir), astindari (“sacudidor” Larm), astinduera (‘astinaldi’: Añib), astingarri (BMogel [itz labañ ta astingarriai]), astinkeria (‘harrokeria’: Mogel), astinketa (‘harrotze’: Mogel [eztakije… mustur astinketarik egiten]), astintasun (‘harrokeria’: Mogel), astintza (“sacudimiento, sacudidura” Larm), astintzaile (“sacudidor” Larm), astintze (“zurra, castigo” Añib).
► Osaeraz, hats + -din da, cf. berdin, gordin, lotin, urdin, etab.; Mitxelenak, esanahiaren gorabeherengatik, ez du garbi ikusten hats izatea lehen osagaia (1970b: 73-74), eta hauts-en aukeraz mintzo da (FHV 487, 1987a: 481).
Pentsatzekoa da ‘(gauza) harro’ dela jatorrizkotik hurbilen dagoen esanahia, ‘hats hartua’ ← ‘puztu, harro’ moduko bilakaeraren batekin, eta ‘arin’ adiera hortik hurbil legoke. ‘Iruteko kirru’-ri dagokionez, ohargarria da Larramendik ematen duen azalpena, esaten baitu dela artilezko, zetazko kotoizko… mataza bat, barrena hustuta prestatzen dena ardatzean sartu eta iruteko: ‘barne hustu’ horretan dago ‘harro’-rekiko lotura (gogoan har bedi harro-ren beraren etimologia, eta ‘barren-huts’ adiera). Bestalde, ‘inarrosi’ ongi azal daiteke ‘barren-huts, harro’ horretatik beretik: zerbait harrotzen denean, zerbait astintzen denean, hanpatzen denean, barrena hustuko balitzaio bezala da.
astun (1653: Mikol; ik. Erdi Aroan). ■ Erdi-mendebaldeko hitza (Egiategigan ere aurkitzen da, baina Larramendiren zordun handia da). Aztun aldaera, XX. mendeko zenbait autorek erabiltzen dutena, iritzi etimologiko batean oinarritzen da segur aski (cf. Bera: “aztun (azta-dun = que tiene peso), pesado”).
Esanahi nagusiak dira ‘pisu handiko’ (Olaetx imini eutsen lepoan krutze astun bat), ‘baldar’ (Mburu zein nagi-astuna gauz onerako gure gogoa), ‘larri’ (Kardab deseetea zerbait Jangoikoen kontra gauza astun edo andiren batean), ‘dorpe, nekezko’ (Mogel penitenzija astunegi ta larregijak), ‘(eguraldi) sargori’, eta beste irudizko adiera batzuk. Azkuek ‘heze, lizun’ esanahiarekin ere biltzen du (bizk.).
Izen moduan Larramendiz geroztik (“pesadez”, “gravedad, peso”) aurkitzen da. Hitzarekin zerikusia izan dezakeen astun “alacha (cierto pez de mar)” ere badago (Azk (bizk.)).
□ Onomastikan, baliteke hitzaren adibide izatea Guyçon Astuna (AlcBilb 1483).
● astun eman Izag (bizk.) (ura ástun emon “echar mucha agua… a la masa”). Cf. lodi-ren erabilera adberbiala, edurra lodi da eta eztiak lodi balio du modukoetan.
astundu (‘pisuago egin’: Larm), astungarri (“agravante”, “gravoso” Larm), astunki (‘pisuki’: Zink; ‘astun, pisu handiko’: TEtxeb (bizk.)), astunkiro (“pesadamente” Larm), astunkizun (“aditivo para aumentar peso” TEtxeb (bizk.)), astunko ((txik.) JJMogel), astuntasun (Mburu [bere gorputzaren astuntasunarekin urpean sartzea]; astundasun Larm), astuntsu (TEtxeb (bizk.)), astuntsutasun (“densidad” TEtxeb (bizk.)), astuntxo (txik.: Astar [berba astuntxubago edo garratzagoren bat]; ‘pezeta’: EuskEsn 1920).
► Osaeraz, hats + -dun. Esanahiari dagokionez, pentsatu behar da “hatsa duena” zerbait puztua, larria eta, ondorioz, pisutsua dela; ‘dorpe, nekezko’ adiera ‘pisu, handiko’ horretatik eratortzen da. Bestela, pentsa liteke bizidunekin, batez ere pertsonekin erabiltzen zela izenondoa hastapenean, eta pisu handikoa, dorpe eta baldarra dela arnaska dabilen jendea.
Hitzaren erabilera metaforikoa dugu ‘(eguraldi) sargori’ adieran, eguratsak izan dezakeen izaera astunari erreferentzia egiten diona; cf. egurats bera, hats baitu bigarren osagai gisa. Bestalde, hatsak berezkoa duen umitasunari egon daiteke lotua ‘heze, lizun’ adiera. Ez dago argi arrain-motaren esanahiaren nondik norakoa.
atseden (~1496: RS). ■ Hego-mendebaldeko hitza. Atseren Arak (gip.), Mogel, Añib eta Etxag-engan aurkitzen da; atseen frBart eta JJMogel-engan; atxen OñatEsk eta ZegHizt-en; atsen XX. mendean.
Esanahi historiko erabiliena ‘pausatu, deskantsatu’ da (Lazarg eben atseden eta gero, Mburu atsedeteko batek mundu onetan, edo ar dezakean deskansua artzeko, Mogel gure biotzetan atseretia). Badu ‘itzali’ adiera ere (RS lastategi zaarra, etxeki azkero, gatx da atsedeiten); badirudi RS-ko esaera batean (atsedenaz atseden dait, “con morir descansaré”), biak agertzen direla, aurrenekoa ‘itzali, hil’ litzatekeelarik. Izen moduan XVIII. mendetik aurrera aurkitzen da (Kardab nere atsedena, atsegiña ta betiko gloria, Mogel atseren au ez da bidia largatia, ta bai indar ta arnasa artutia; badu ‘atsegin’ adiera ere: Ubill gloriaz ta atseden-kontentuz, Mogel atseren zital bat).
● atsedengarri Larm, ArreseB (atsedengarri oia dauka lur zorua); atzizkiaren balio aktiboarekin.
atsedenaldi (Mburu [arratseko atseden aldia]), atsedendu (Larm, JJMogel [sosegau edo atseendu]), atsedenondo (“atxéenondua, egon aldixa” Izag AranOñ), atsedentegi (Larm, Ubill), atseden-toki (Larm, Mburu), atsedentxo (Lardiz), atsedepen (OñatEsk [jana, edana, jantzia eta atseepenak]), atsedete (Mburu [zeruko nekeak dakarren atsegin ta atsedetea]).
► Osaeraz hats + eden da. Afrikatua da txistukaria, haserre-n ez bezala (FHV 289), baina hasperena galdu du (orobat atsegin-en). Atseren aldaeran bokalarteko -d- > -r- bilakaera gertatu da (FHV 227).
Esanahiari dagokionez, eden-en ‘hartu, kabitu’ adierak har litezke kontuan; ‘lasaitu’ adiera ere badu, eta ‘hatsa lasaitu’-ren hurbileko zerbaitetik azal liteke atseden-en esanahia. Bestela, eden-en esanahi etimologikoari begira (cf. edeki ‘kendu’ eta eten ‘moztu’), hatsa kentzea edo etetea balitz bezala uler liteke atsedetea, hatsa bera apaltzen delako, pertsona indargabetzen delako.
Dirudienez ‘itzali, hil’ adiera ‘pausatu, deskantsatu’ ← ‘itzali, hil’ bilakaeraren bitartez azaldu behar da (cf. pausatu-ren beraren ‘deskantsatu’ eta ‘hil’ adierak); aipatzekoa da, hala ere, RS-ko gatx da atsedeiten horretan balio iragankorra duela atseden-ek, itxuraz.
atsegin (1350: PobNav [Sancho Asseguina]). ■ Hitz zabaldua; zub. testuetan oso bakan ageri da (ik. plazer). Izena da alde batetik (Etxep nizaz atseginik ezin dukezu, NavIntel aseguin asco <-nasno> guinduquea [Altsasu, 1568], Lazarg atseginik sar ez dakidan / oi biotzeti barrura, OihAtsot atseginak atsegin dekharke; badu ‘atseden’ adiera ere: Añib bake ta atseginik baga, Astar nekatuben atsegina), eta izenondoa bestetik (Ax bide atsegina eta plazenta, Ubill (zeruko) egoera atsegiña). Partizipio gisa ere aurkitzen da XVIII. mendetik aurrerako testuetan (Ubill Jainkoari atsegiteko, Uriarte atsegiten dot jakitiaz; cf. orobat ZegHizt “descansar, atxen, atsegin”).
□ Leku-izenetan ere aurki liteke, cf. Aseguinolaza (ArchElgoi 1452), eta gaur Atsegindegi (EAETop), Atseginleku, Atseginsarobe (NafTop), etab.
● atsegin egin Land (atsein e.), Leiz; egin pleonastikoarekin, aditz lexikalizatuaren gainean.
● atsegingarri iz.: Pouv (presenteko atsegingarri bat); izond.: Mburu (ezaguntz edo barruntantz atsegingarri hau); atzizkiaren balio aktiboarekin.
atseginaldi (Mburu), atsegindu (Añib), atsegindun (Mburu [amets labur atsegindun bat]), atsegineko (‘atseginezko’: Kardab), atsegin eman (Pouv), atseginez (Larm, Mogel [itzketa zatarra atseginez entzutea]), atseginezko (Pouv [zenbait atseginazko khilikamendu]), atsegin hartu (frJZum), atsegin izan (NANPel [ez orok atsegin], Lazarg [nik atsegin dot… egin zure mandamentua]), atseginkeria (Duv [atseginkeria labur batzugatik]), atseginkor (‘atsegingarri’: FedProp 1898; atzizkiaren balio aktiboarekin), atseginpe (Xurio [bethi atsegiñpean eta maiñapean]), atsegin-sari (‘gogoz, dohainik’: Ax [ez eman nahiz, ez atsegin sari]; ‘eskupeko’: Mogel [eskupeko edo atsegin sarijak]), atsegintasun (-darzun EspGut), atsegintegi (Mburu [atsegin-tegi soseguduna]), atsegintsu (EtxZib [zathozte lekhu atsegintsura]), atsegintza (Harand), atseginzale (Urte, Mburu).
► Osaera hats + egin da. Afrikatua da txistukaria (orobat atseden-en), haserre-n ez bezala (FHV 289); iturburuaren ikuspegitik, pentsa liteke berritasun zantzua dela afrikatua, nahiz eta atsegin-en lehen lekukotasuna haserre-rena baino lehenagokoa den. Hasperenaren galera arrunta da eratorrietan, cf. azaro, anartean, etab. (FHV 525-526; cf. orobat atseden).
Esanahiari dagokionez, atsegina lotua legoke arnasa (ondo, lasai, gustuz…) hartzearekin edo botatzearekin; badago —testuetan eta hiztegietan— hats egin, ‘arnasa hartu/bota…’ esanahiarekin.
atsekabe (-kaba 1562: Land; -kabe 1564: Amendux). ■ Hitz zabaldua; zub. testuetan Intxauspegan bakarrik aurkitzen da. Atsekabe da forma erabiliena; -kaba bukaeradun aldaerak arab.-bizk. eremuan ageri dira, eta atsa- hasieradunak bizk. testuetan ia soilik; atsegabe lap.-bnaf. eremukoa da, eta XIX. mendetik aurrera aurkitzen da.
‘Nahigabe, pena’ da esanahi nagusia (Amendux plazerak… atsekabe biurturik, Leiz hanbat atsegin nola ukhan baitut atsekabe, Lazarg atsekaba garratz asko); ‘laido, irain’ moduan ere erabili izan da (Pouv atsekabeak eta bidegabeak pairatzen dituztela, Mogel anbeste atsakabe edo ofensa).
● atsekabada hapaxa: BustDot (atsakabada edo injuriak); jatorri erromantzea izan lezake atzizkiak (cf. gazt. puñalada), baina ez dago hain argi -kada haren aldaera soila denik, cf. ehunkada, ahokada, etab. (ik. Morf §15, §102).
atsekabedun (Urte, Duv), atsekabegarri (iz.: Mogel [dongaro egiña kastigetako atsakabagarrijakaz]; izond.: Duv [ez du bozgarri iduri, bainan-bai atsekabegarri]; atzizkiaren balio aktiboarekin), atsekabekor (Ax [gauza… atsekabekorren begi-estea]), atsekabetsu (Ax [zein ondore hotza eta atsekabetsua]), atsekabetu (‘atsekabe bihurtu’: OihAtsot [nekez denean egina, / atsekabetzen da atsegina]; ‘nahigabetu’: Pouv, Mburu), atsekabezko (Lazarg [atsekabazko salsea]), atsekabeztatu (Ax).
► Hitzaren bigarren osagaia gabe da, ezbairik gabe. Mitxelenaren ustez, atseden da lehen osagaia, konposizioan *atsede- > *atset- (FHV 584). Beste aukera bat da pentsatzea atsegin dagoela lehendabiziko osagaiaren oinarrian: *atsek- litzateke hemen konposizio forma (< *atseg < *atsegi). Bigarren aukeraren alde bi puntu nabarmendu daitezke: batetik, atsekabe ia orokorra da, atsegin bezala, eta atseden ez bezala, eta, bestetik, atsegin eta atsekabe elkarren ondoan eta kontrajarriak maiz erabiltzen dira.
Mendeb. atsekaba aldaerarentzat, cf., besteak beste, lore/lora, labe/laba (FHV 128). Badirudi atsegabe aldaeran -gabe osagaiaren berezko forma berrezarri dela (cf. artizar/argi izar).
haserre (1489: ArchTafII [Martin Aserrea]). ■ Hitz zabaldua (ez zub., bai OihAtsot; Leizarragak samurtzia dakar aserretzea-ren Zuberoako baliokidetzat; cf. halaber Axular: “batak [erraiten du] haserretzea, eta bertzeak samurtzea”). (H)asarre aldaera asimilazioduna XVII. mendean hasten da agertzen testuetan (JElizalde, Gaszar), eta gero-eta gehiago erabiltzen da, XX. mendean forma erabiliena bihurtu arte. Iparraldean, hasperenik gabe, jad. XVI. eta XVII. mendeetako autore batzuengan aurkitzen da (OihAtsot, Leiz, EtxZib, Gaszar).
Harrieten hitzez esanik, hitzak adierazten du “tout sentiment de colère, de fâcherie, d’irritation, de fureur, d’humeur, etc.”; haizeaz eta itsasoaz ere esaten da (TxAgir aizea… aserre amorratuan). Izenondo gisa ere erabiltzen da (EtxZib furia aserrea, Pouv itsaso haserrea; cf. goian M. Aserrea), eta aditzondo edo predikatibo moduan ere bai (EtxZib aserre ethorriren da, Kardab aserre ta deadar andiakin diote). Azkuek eta bestek ‘sendo, handi, betea…’ adieran jasotzen dute (bizk. gorputz/sagar-arbola/mozkor… asarrea).
□ Erdi Aroan, Tafallako adibideaz gain (beste behin ere agertzen da, ArchTafIII 1494), cf. martie ximenorena alias asserrea de elgorriaga (OnomVasc 7 1556). Bestalde, Sarako Hasserretegui (1609) deitura dakar Auñamendik.
● haserretu aserra- GaribAtsot, Land; aserre- Leiz; datiboarekin: Mogel ((jokolarijari) aserratuten jako = ‘jokalaria haserretzen da’), bizk. eta gip. autore batzuengan ageri da egitura hau.
haserramendu (Pouv), haserrealdi (EtxZib), haserrearazi (Leiz (aserre erazi)), haserrebide (Mburu), haserredura (Ax), haserre egin (‘agiraka egin’: Apaol), haserregarri (Pouv), haserregin (frBart), haserrego (Birjin), haserre izan (Leiz [Iainkoa gure kontra aserre dela]), haserreka (Iraultza [joan gabe hasarka]), haserrekor (Ax), haserrekuntza (Mburu (aserkunz)), haserrerik (EtxZib [aserrerik ene kontra iaiki dire]), haserretasun (Leiz (as-)), haserretsu (Pouv), haserretzaile (Ax), haserrez (Pouv [haren urrikariz, ezen ez haserrez]), haserrezko (Kardab).
► Hats eta erre dira hitzaren osagaiak; hitz amaieran -ts afrikatua agerzen den arren, hitz barruko -s- frikariak erakusten digu jatorrizko ahoskamodua: cf. gatz/gazi, ugatz/ugazama (FHV 288-289). Hasperenik gabeko formetarako, ohar bedi arrunta dela galera eratorrietan: cf. azaro, anartean (FHV 525-526) eta, hats-en familian, atsegin, atsekabe, atseden…
Hatsa eta haserrearen arteko loturarako, cf. Duv zu hain hats gaixtoan bizi zare zure buruaren kontra, eta Etxam beha zazu etsaia / zer hats gaixtoan den: / azkarki oldarturik / gaitu mehatxatzen.
! hausnar (hausnaur/hasnaur 1643: Ax). ■ Hitz zabaldua (bizk., gip., gnaf., lap., bnaf., zar., erronk., zub.). Aldaerak dira hausnar (bizk., gip., gnaf., lap.), hausnaur/hasnaur (Ax), ausnarre (Duv), ausmar (bizk., gip., gnaf., lap., bnaf.), auznar (bizk.), asnaur (gnaf.; Pouv), asmar (gnaf.), hasmarru (Duv), hasmauri (bnaf.), asnabar (gip.), azmar (gnaf.), aznabar (gip.), agoznar (zar.), aizenar (erronk.), aiznar (erronk.), esnaur (bizk., gnaf., lap.), esñaur (zub.) eta esnar (zub.).
Iparraldean hasierako hasperena idazle batzuengan ageri da (Ax, Goihetxe, HiriartU), beste batzuengan berriz ez (EtxSar, Hbarren, Duv, Arradoi…); zub. esñaur-ek azentua azken silaban du, Larrasketen arabera.
Ugaztun hausnartzaileen txegoste bereziaz esaten da, maiz hausnar egin eta hausnarrean esapideetan (ik. behean) (EAzk ausnar bakarrean); ‘gogoeta’ irudizko adiera ere badu (HiriartU lerro bat irakurtu-ta… hasmarru pixka bat ondotik). Adond. moduan ere erabiltzen da (GureH 1928 han-heben partzen tügü behi zunbait naban etzanik, esnaur).
hausnar egin (Ax [animalia suerte batzuek gauaz hausnaur egiten duten bezala]), hausnarka (‘gogoetan’: Arbelb [Jesu-Kristoren erranak… maiz hasmarruka gogoan ibiliz]; ‘hausnarrean’: Orixe [(ardiak) auznarka daude]), hausnar-leku (‘hausnar-toki’: ausmarleku Izag (bizk.)), hausnarrean (asnauren Pouv), hausnartatu (esñaurtatü Larrasket (zub.)), hausnarti (‘hausnartzaile’: auznarti Orixe), hausnar-toki (“cavidad donde guardan los rumiantes lo que hay que rumiar” Izag (bizk.)), hausnartsu (Azk (bizk.: beiak ausmartzu badagoz)), hausnartu (‘hausnarrean egon’: ausmartu Larm; ‘gogoan erabili’: Mogel [ausnartu itzazuez itz oek]), hausnartzaile (Olab [ausnartzalle bai, bañan apo-bikoitz ez diranak]), hausnarzale (Duv [ausnarrezaletarik… kamelua eta gainerakoak]).
► Argudia liteke hats dagoela lehen osagai gisa, eta bigarrenerako labur ere proposa liteke: *haslabur > *haslaur > hasnaur > hausnar litzateke bilakaera, bokalarteko -b- herskariaren galerarekin, eta bokalen metatesiarekin; zailagoa da l > n azaltzen, labur-ek berak ez baitu **nabur aldaerarik; agian asimilazioz, sl > sn. Bestalde, -n- > -m- bilakaerarako, cf. usmatu > usnatu, aurkako norabidean; -u- bokalaren hurbiltasunarengatik azaltzen du Mitxelenak (FHV 292), eta cf., bestalde, Luno > Lumo, zunhar > zumar, etab., nahiz eta hauetan atzeko bokala eta kontsonante sudurkaria elkarren ondoan diren (FHV 304). Zeinahi ere den soluzio zehatza, holako elkarketaren batean pentsarazten du zubererazko azentuera oxitonoak.
Esanahiari dagokionez, hipotesi honetan pentsatu beharko genuke ‘arnas labur egitea, arnas laburrean izatea’ zela jatorrian hausnartzea.
♦ asaldatu (1635: Haranb). ■ Erdi-ekialdeko hitza (gip., gnaf., lap., bnaf.). Azaldatu aldaera gip. eta lap. jasotzen du Azkuek, eta AgirAst-ek badarabil (cf. gainera bnaf. azaldo).
Esanahiak dira: ‘aztoratu, nahasi’ (Harab Zure baithan baldin bada gure pausua, zerk asaldatuko gaitu? Pouv ez gindezke horrein errazki asalda eta trubla gure guthiziak gure kontra iarriak gatik, AgirAst (egazti) oen otsarekin asaldatzen ditue Elizan daudenak), batzuetan itsasoari buruz esana (Mburu itsasoa etzen aldi artan arkitzen asaldatua), eta ‘kontra altxatu, matxinatu’, batez ere gip. erabilia (Ubill judutarrak asaldatu ziran erromatarren kontra). Zenbait autorek ‘eraso’ adieran darabilte (Izt datorrena datorrela nondik nai Probinzia au asaldatzera) eta, XX. mendean, baita ‘sortarazi’ (EAEg agindu onen bideak makiñabat eztabaida eta auzik [sic] asaldatu dituzte) eta ‘mugitu’ (SMitx ezker-eskuan lizar-arbazta, / gora asaldatuz bestea /… mintza oi zan alkatea) adieretan ere.
asaldadura (“fâcherie, importunité” Pouv; FedProp 1881), asaldagarri (Urte), asaldagarriki (Duv), asaldaketa (“motín” az- Azk), asaldakor (FedProp 1910 [errateko xehe hoik zinez ere asaldakor dire, zeren eta non nahi den minbera baitugu gorphutza]), asaldaldi (“estado… de alarma” EAEg), asaldamen (Irig), asaldamendu (“fâcherie, importunité” Pouv), asaldantza (Mburu [zertako zuen orrenbat asaldanz eta arazo?]), asaldaratzaile (Larg [populuaren asaldaratzaille bat]; ik. asaldarazle), asaldarazi (Urt; asalderazi Mburu [anima asalderaz lezaken gaitzik bage]), asaldarazle (Duv), asaldari (Mburu [zaude isillik, bazterren asaldaria]; Duv-en arabera, “ce mot diffère de asaldatzaile, asaldarazle, en ce qu’il marque l’habitude de créer des troubles tandis que les autres désignent simplement l’auteur d’un trouble”), asaldaritza (‘matxinada’: EAEg), asaldatu eragin (Urte), asaldatuxe (FedProp 1911), asaldatzaile (Urte, Larg), asaldatze (Lardiz), asaldazio (Mburu).
► Osaeraz, hats + aldatu, eta horixe bera litzateke esanahi etimologikoa, ‘hatsa aldatu’, ezaguna baita egoera psikologikoari loturiko hitzen oinarrian egon ohi direla munduko hizkuntzetan ‘hats’ izenak. Euskararen barrenean, cf. haserre bera, eta, beste hizkuntzetarako, gogoan har bitez Françoisen hitzak (2008: 188): “[i]n some languages, the {breathe} noun embraces the psychological activity of an individual, in its various manifestations”. Jarraian, lat. animus aipatzen du, zeinak, besteren artean, ‘sentipenen eta pasioen egoitza’ esanahia duen; lat. spīritus ere aipatzen du, gogoratuz egoera psikologikoei dagozkien esanahiei lotua ageri dela, hizkuntza erromantzeetan are gehiago zabaldu direlarik halako erabilerak (cf. fr. avoir l’esprit à rire). Bere ideiak batera bilduz, Françoisek dio azterturiko esanahiek (‘arima’, ‘gogo’, ‘izaera’, ‘aldarte’…) multzo zehatz bat osatzen dutela ‘hats’-en mapa semantikoan, “covering the domain of psychological and mental qualities of the socialized person” (2008: 189).
Euskararen barrenean, ‘aztoratu, nahasi’ litzateke esanahi etimologikotik hurbilena —berau da zabalduena eta lehenik dokumentatzen dena—, eta oinarrizko horren hedatzez ulertzen dira erabilera urriagoko ‘kontra altxatu, matxinatu’ lehenik, eta ‘eraso’ ondotik.
Ez dago argi nola esplikatu behar den gip., lap. azaldatu aldaera; azal hitzaren gurutzaketaz edo?
AgudTov-ek (s.v. asalda) ontzat ematen dute gutxienez van Eysengandik datorren hipotesia (s.v. asalda), zeinaren arabera errom. asaltar-i lotu behar zaion euskal hitza; gazt. asalto-tik eratortzen du asalda/asaldo van Eysek, eta gazt. asaltar aipatzen du Lhandek. Eragozpen larriak ditu ikuspegi honek: formaren aldetik, espero izatekoa izan zitekeen **asaltatu moduko aldaeraren bat; esanahiaren aldetik, erromantzezko hitzetan ‘eraso’ eta ‘norbaiten aurka oldartu’ esanahiak dira oinarrizko, “ennui, déplaisir, contrariété” eta “épreuve, maladie” sekundario eta dialektalen ondoan (FEW 1, 158a, *assalire eta *assaltus; ik. halaber FEW 25, 503b-507b), eta honek ez du bat egiten euskal hitzaren esanahiek testuetan dituzten kronologia eta hedadura dialektalekin, hain justu kontrakoak baitira.
asalda. ■ Larramendiren hiztegian agertzen da aurrenekoz, eta Mburu, Hirib eta XX. mendeko zenbait testutan ageri da. Esanahia ‘asaldu’ da (Mburu ez dela lurrean Jesusen amoreak gatik beren buruak nekatzen dituenak bezain bizitza berdiña daramatenik, edo asalda gutxiago erakusten duenik).
asalda-aro (EAEg), asaldan eman (Hirib [gibelakoan zuen erre Iruñea / eta asaldan eman menditar semea]).
► Atzeranzko osaeraz sortua, asaldatu partizipioari -tu partizipio marka kenduz (cf. uztatu → uzta).
asaldu1 (1635: Haranb). ■ Lap. eta bnaf. hitza (XX. mendeko hegoaldeko zenbait autorek ere badarabilte). Azkuek azaldo aldaera ere bnaf. jasotzen du (“extrañeza” adierarekin). Esanahiak dira ‘asaldazio, nahasmendu’ (Haranb tristeziak akometatzen, izterbegiek entoxatzen eta berzela berze asalduk premiatzen banau, Larg gudu, asaldu eta gerlate guzien buruan) eta ‘eraso’ (Harand ez da horrengatik (etsaia) gelditzen, hirurgarren asaldu eta atakhada bat eman gabe). Cf. asalto, hegoaldeko testuetan XIX. mendearen bukaeraz geroztik erabilia.
asaldutan sartu (Duv [hori aditzearekin, asaldutan sarthu zen Herodes]), asalduzko (Duv).
► Atzeranzko osaeraz sortua, cf. pentsatu → pentsu, eta -o duen azaldo-rako, cf. asmatu → asmo. Ez dago argi nola esplikatu behar den bnaf. azaldo-ko txistukari bizkarkaria (ik. goian). Ageri denez, hegoaldeko asalto gaztelaniatik hartua da, eta, esanahi hurbiltasuna gorabehera, ez du lotura etimologikorik euskal hitzarekin.
asaldu2. ■ Azkuek gnaf., lap., bnaf. jasotzen du, “turbarse” esanahiarekin. Hegoaldeko zenbait autorek badarabil (Etxaide tiro otsak asalduta). Ik. asaldatu.
► Pentsatzekoa da asaldu1 izenean duela jatorria, eta partizipio gisa berranalizatu dela bukaerako -du.
asaldura. ■ Lap. eta bnaf. testuetan erabilia, XVIII. mendearen bukaeraz geroztik, ‘asaldu, nahasmendu’ esanahiarekin (Larg galdu zuen… bere barneko bakea, etzen asaldurarik baizen haren kontzientzian, Barbier asaldura handi bat, oihu bortitz batzu entzuten dire); Larg-ek ‘eraso’ esanahiarekin ere badarabil (gerize segur bat etsaien asalduren kontra).
► Atzizki erromantzearekin, cf. betedura, aztura, etab.; atzizki honen antzinatasunerako, cf. belçadura (FuerJaca 1328; ik. belztura).
♦♦ hasi (1448: