Euskara eskuz esku

Euskararen estatusa Ipar Euskal Herrian

Era orokorrean, hizkuntza baten estatusa da gizarte jakin batean beste hizkuntzen aldean duen lekua. Ipar Euskal Herrian gaur egun, euskararen ondoan, beste hizkuntza bat badugu indarrean dena, frantsesa. Beste batzuek eragina zinez ttipiagoa badute, ingelesa adibidez, haren lekua indartzen baldin bada ere hezkuntzan edo ekonomian, edo gaztelania neurri ttipiago batean eta immigratuen hizkuntzak. Beraz, euskararen kasuan estatusa azaltzeko, frantsesarena zein den aztertu beharko da ere.

Oro har, Ipar Euskal Herrian euskarak duen estatusa aztertzeko, alde batetik haren estatus juridikoa, eskualdeetako hizkuntzek Frantzian duten legezko koadroa bezalakoa delarik, eta, bestetik, Ipar Euskal Herriko gizartean betetzen dituen erabilera-esparruak eta funtzioak aurkeztuko ditugu. Aurkezpen hau aski laburra izanen da, orokorra, lehen urratsa soziolinguistikan adituentzat. Testu honez gain, euskararen estatusa hobeki ulertzeko, Sarrera honen «Euskara batua Iparraldean gaur egun» testua irakur daiteke. Testu horretan ere hemen aztertuak diren euskararen erabilera-eremuak aurkeztuak dira beste molde batez; euskara batua nola sartu / sartzen den eta erabilia den erakusten da.

Hemen, bistan da, egoera aldakorra denaren argazki bat baizik ez dugu emanen, bizi den hizkuntza baten egoera aldatzen baita, etengabe. Hasteko, ikus ditzagun laburki hizkuntza baten erabilera-esparruak eta funtzioak zein izan daitezkeen.

1. Hizkuntza baten erabilera-esparruak eta funtzioak

Has gaitezen hizkuntza batek bete ditzakeen funtzioekin. Hauek dira, guti gorabehera, aldaera zenbaitekin soziolinguisten arabera: nazioartekoa (ez da euskararen kasua, bi estatu zatiri mugatua baita, eta diaspora), ofiziala (hiztunei edo herritarrei eskubideak aitortzen dizkie; Ipar Euskal Herrian ofiziala ez da, ondoko atalean ikusiko dugun bezala), nazionala (eskubiderik ez, baina hizkuntza pertsona-nortasunaren ezaugarri bat da), hiriburukoa edo probintziala (ez bata, ez bestea, Ipar Euskal Herrian gutiengo baten hizkuntza baita), tokikoa (bai, hemengoa baita, lurralde ttipi batean erabilia), berezkoa (hori bai, beste hizkuntzak geroago etorri baitira), zibilizazio-hizkuntza (kalifikatzaile hori aski konnotatua da), kultura-hizkuntza (oro har bai, zailtasunekin oraingo mundu modernoan ikusiko dugun bezala), komunikazio-hizkuntza (ez, frantsesez langue véhiculaire, ingelesa, gaztelania edo swahilia bezala), eskolatze-hizkuntza (bai, lorpen berria da Ipar Euskal Herrian), erlijiozkoa (izan zen, baina orain gero eta gutiago), lan-hizkuntza (ez, edo zinez guti), familia-hizkuntza (lehen bai, orain guti), nortasun-hizkuntza (bai, ohar gaitezen euskaldun hitzaren adiera euskaraz mintzatzen dena litzatekeela), eta abar.

Funtzioei lotuak, euskararen erabilera-esparruak hauek izan daitezke: administrazioa, irakaskuntza, komunikabideak, kultura eta kirola (aisialdiak), lan-mundua eta gizarte-bizia, lagunartea, familia... Erabilera-esparru horien bereizketa osoki zehatza ezin da izan, esparruak bata bestearen gainean joan baitaitezke. Adibidez, kultura bizi ekonomikoan edo lan-munduan sar daiteke, zati batez bederen. Irakaskuntza ere bai, izan dadin tresna pedagogiko ekoizpena edo irakaslegoa. Halaber komunikabideen alorra. Ondoko ataletan, erabilera-esparru horietan Ipar Euskal Herrian euskararen egoerari buruzko ikuspegi orokor bat emanen dugu.

Baina, lehenik, ohar gaitezen hizkuntzaren estatus juridikoa garrantzitsua dela, bereziki hizkuntza gutxitu batentzat. Halere, beharbada, ez da han-hor erraten den bezain erabakigarria. Hizkuntza gutxitu hori bizi den gizartearen jarrera eta hizkuntza horri hizkuntza-komunitate propioaren atxikimendua garrantzitsuagoak dira, ene ustez, hizkuntza horren aldeko legeria baikorra mesedegarria izanik ere. Legeria onuragarria ukanik ere, hizkuntza bat mehatxatua izan / egon daiteke (gaelera Irlandan da kasu aipatuena).

2. Euskararen estatus juridikoa

Frantses legeria

Espainian ez bezala, Frantziako hizkuntza propioek ofizialtasun izpirik eskuratu ez dute oraino, frantsesak ez ezik, eta legegintza bat baizik ez da, estatuarena. Frantses konstituzioaren 2. artikuluak hau dio: «Errepublikaren hizkuntza frantsesa da» (1992)(1) eta 75-1. artikuluak: «Eskualdeetako hizkuntzak Frantziaren ondare dira» (2008). Eta geroztik 2. artikulu hori beti baliatu da eskualdeetako hizkuntzen aldeko aitzinamenduak oztopatzeko (gero adibide bat emanen dugu) eta, itxuraz baikorra izanik ere, 75-1a ez da lagungarri izan. Gainera, Frantziak Europako Eskualdeetako Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Ituna 1999an izenpetu badin bazuen, geroztik ez du sekula berretsi. Ondorioz, Europako mailan Frantziako Errepublika zinez berankorra da hizkuntzen alorrean.

Lege bakar bat frantsesetik kanpo Frantziako hizkuntzei osoki emana da, «Tokiko hizkuntza eta dialektoen irakaskuntza» (Enseignement des langues et dialectes locaux) edo Deixonne delako legea (1951). Biziki murritza zen eta orduz geroz eskualdeetako hizkuntzen irakaskuntza urrunago joan da, bereziki euskararena eta euskarazkoa, ikusiko dugun bezala.

Euskararen estatus juridikoa Ipar Euskal Herrian

Beraz, Hego Euskal Herrian Eusko Jaurlaritzak ez bezala, Ipar Euskal Herriko tokiko kolektibitateek, Euskal Hirigune Elkargoak adibidez (ikus beherago), ezin dute euskararen aldeko lege bat sortu. Halere, 2017ko urtarrilaren 1ean sortu zen Euskal Hirigune Elkargoak 2018ko ekainaren 23an «ofizialki» euskara eta okzitaniera gaskoia bere lurraldeko hizkuntza gisa onartu zituen, frantses hizkuntzaren ondoan. Sinbolikoa izanik ere, onarpen horrek erakusten du tokiko kolektibitateak prestik direla euskarari ofizialtasuna emateko, aldiz Frantziako estatua ez.

Ipar Euskal Herrian, aspaldidanik, euskararen alde lan egiten zuten elkarteei esker euskararen egoera txarra gogoan hartu izan da emeki-emeki, eta duela gutxi botere publikoek hizkuntza-politika bat abian ezarri dute, euskararen aldeko politika politika publikoen alor bat zela onartuz (Euskararen Erakunde Publikoaren sortzearekin bereziki, 2004). Elkarte horiek, dei ditzakegun euskararen aldeko gobernuz kanpoko erakundeek, erabilera-esparru anitz ireki zituzten. Ekintzen eta ondorioen balorazioa egiteko, 80ko hamarkadara atzera egin beharko genuke, urrunago ez bada: Euskaltzaindia (1919, euskararen arautzea eta sustatzea), lehen ikastola 1969an (murgiltze eredua), lehen klase elebidun publikoa 1983an, euskara hutsezko irratiak 1981ean (Gure Irratia) eta 1982an (Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza), helduen euskalduntzea (AEK), pedagogia tresnak (Ikas), haurrentzako euskarazko aisialdiak (Uda Leku), etab. Elkarteak eta gizarte zibilaren zati bat izan dira euskararen aldeko hizkuntza politikaren lehen eragileak.

3. Euskara Ipar Euskal Herriko administrazioetan

Estatua, Eskualdea eta Departamendua

Kolektibitate publikoen mailan, lehen urratsa, dudarik gabe, 90eko hamarkadan Departamenduak bide seinaletika elebiduna ematen hastea izan zen eta geroztik Ipar Euskal Herriko bide denetan hedatu da, modu normalizatu batean (alor horretako gorabeherez «Euskara batua Iparraldean gaur egun» testua irakur). Udal batzuk karriketan hasi dira ezartzen, herriko zerbitzuetako barne seinaletika elebiduna, komunikazioa partzialki elebiduna...

Frantses estatua Euskararen Erakunde Publikoaren kide da (EEP). Interes Publikoko Elkargo horren beste kideak dira Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, urte oroz dirulaguntza ekartzen dio EEPri. 2006tik geroz, EEPk eramaten duen politikak aitzinamendu batzuk ekarri ditu, euskararen eta euskarazko irakaskuntzan bereziki. Baina bere metodologiak, ahalmenek eta baliabideek mugak ere erakusten dituzte. Ez gara hemen xehetasunetan sartuko, lekuz eskasarengatik. EEPn izanik ere, Estatuak Ipar Euskal Herrian bere zerbitzuetan euskarari lekurik ez dio ematen. Departamenduak, Ipar Euskal Herritik hurbilago izanez, Eskualdeak baino gehiago egiten du zerbitzuetan, langileen euskalduntzean, komunikazioan. Baina balizko elebitasun orekatua urruneko ametsa da.

Hala ere, euskararen erabilera idatziaz, 2007ko maiatzaren 11n orduko Pirinio Atlantikoetako prefetak Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariarekin batera Ipar Euskal Herriko auzapezei denei gutun biziki garrantzitsua idatzi zien. Aipatzen dut:

« Bizitza publikoan euskararen erabilpenari doakion arau eta legezko esparruari dagokionez, argitu nahi dugu euskara erabil daitekeela frantsesaren parean, dokumentu, zigilu eta komunikazio euskarri ofizial ezberdinetan, balio juridikoa frantsesezko bertsioek bakarrik dutelarik ». Hots, Herriko Etxeetan, administrazioetan, baina bai mundu pribatuan ere ekoizten diren dokumentu eta euskarri denetan euskara ager daiteke, baldintza horren pean, frantsesa ere hor izatea. Hor legeriaren interpretazio baikorra badugu. Eta, mementoko, interpretazio horrek baimentzen duenetik urrun gaude Ipar Euskal Herrian.

Euskal Hirigune Elkargoa

Erran bezala, Euskal Hirigune Elkargoa 2017an sortu zen. Ipar Euskal Herriko 158 udalak batzen ditu, hiru probintzia historikoenak (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa). 10 herri elkargo ohiak ordezkatzen ditu. Legeak onartzen duen lurralde kolektibitate berri bat da (Code général des Collectivités territoriales, Notre legea). Bere autonomia eta ahalmen propioak baditu (principe de libre administration, Konstituzioaren 72. artikulua). Gorago aipatzen den euskararen « ofizialtasuna »-rekin batera, bere Elkargo Kontseiluak euskararen aldeko hizkuntza politika proiektua, «Euskara jalgi hadi plazara» deiturikoa, onartu zuen 2018ko ekainean. Halere goizegi da errateko bidean den euskararen biziberritzeko prozesuan zer ekarriko duen.

Udalak

Teorian, herritarrekiko hurbiltasun-erlazioarengatik, euskararen egoerari eta beharrei udalak kolektibitate publiko handiagoak baino sentsibilizatuagoak izan behar litzaizkieke. Errealitatean jokabideak aski ezberdinak dira. Izenik edo dominarik eman gabe, batzuek euskara teknikari bat hartu dute (herri elkargoetan ari zirenek jarraikitzen dute Euskal Hirigune Elkargoan), batzuetan bi, eta egiazko hizkuntza-politika bat sortu dute. Beste batzuek, usu ttipiagoak, ahalbiderik falta aitzinatuz, ekintza sinboliko batzuetarik kanpo ez dute gauza handirik egiten. Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen laguntza balukete eta orain Euskal Hirigune Elkargokoena ere. Batzuek baliatzen dute. Oro har, argi da Ipar Euskal Herriko udalek euskararen alde gehiago egin lezaketela eta diru-eskasia ere oztopo bakarra ez dela. Nahikeria garrantzitsuagoa eta erabakigarriagoa da. Dena den, mentalitateak aldatu dira norabide onean: orain euskararen kontra dela erraten duen hautetsirik ez da Ipar Euskal Herrian, lehen baziren bezala. Usuenik borondate politikoa da falta dena.

4. Euskara irakaskuntzan Ipar Euskal Herrian

Lehen oharra hau litzateke, ene ustez: eskola Ipar Euskal Herrian frantsesaren inposatzeko eta euskara desagertarazteko tresna sine qua non izan bazaio Frantziako Errepublikari (XIX. mendearen hastapenetik XX. mendearen erdi arte), orain euskara berpizteko lehen tresna bilakatu da. Hau da euskarara ordezkatzeko ordez, eskola-irakaskuntza euskara transmititzeko lehen tresna bilakatu da Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian bezala. Eta horretan Hezkuntza nazionalak paper handia badu, irakasleen soldatak ordainduz, lanpostuen sorkuntza edo kentze programazioa kudeatuz, eta abar. Bistan da tokiko kolektibitateek ere alor horretan parte hartzen dute eta Seaska federazioak, murgiltze ereduzko ikastetxe pribatuak garatuz.

Jakin behar da murgiltze ereduak legegintza errespetatzen ez duela Estatu Kontseiluaren erabakiaren arabera (2002/11/29), « legeak onartzen dituen salbuespenetarik urrunago joaiten baita ». Erabaki horren ondorioa da murgiltze eredua, jasana bada ere, ofizialki onartua ez dela. Aldi berean, irakaskuntza eredu hori etengabe garatzen da Ipar Euskal Herrian (4.000 ikasle Seaskaren sarean ama-eskolatik lizeoraino, eta esperimentazio moduan sare katoliko eta publikoko ama-eskoletan). Halaber, ber erabakian Estatu Kontseiluak parekotasuneko elebidun eredua mugatu zuen, ikasgai ororen irakaskuntzaren zati bat frantsesez egin behar zela erranez. Irakaskuntza eredu pedagogiko hori ere garatzen da, erabaki hori kontuan ez hartuz iduriz.

Hona, laburki, euskararen eta euskarazko irakaskuntza zertan den gaur egun. AEK elkarteak nagusiki kudeatzen duen helduen euskalduntze eremua ere aipatzeko litzateke, baina testu honen luzera mugatua da. 2017-2018ko ikasturtean, lehen mailan, Ipar Euskal Herriko haurren % 39,4 ziren murgiltze edo parekotasuneko elebidun sailetan, ama-eskolan % 46,2 ziren. Lehen mailan berriz, eraginkorrena den murgiltze ereduak haurren % 10 biltzen zituen. 2016an euskaldunak 16 urtetik gorako biztanleen % 20,5 zirela jakinez (51.200), euskararen eta euskarazko irakaskuntza arrakastatsua dela erran dezakegu, gero eta gehiago. Guraso erdaldun anitzek ere beren haurrek euskara ikas dezaten nahi dute. Aldiz bigarren mailan ikasle gutiago badira, % 20,4 kolegioan eta % 10,6 lizeoan.

Euskararen eta euskarazko irakaskuntza garatze horrek alde baikorrak baditu. Adibidez, 2016ko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 35-49 urte arteko adin-taldean euskaldunak % 14,6 ziren, 25-34 urte artekoetan % 15,7 eta 16-24 urte artekoetan % 18,9. Etengabeko goratze hori irakaskuntzak du egin. Halere, era orokorrean, inkesta soziolinguistikoek euskara eskolari esker ikasi dutenen hizkuntza-maila etxean ikasi dutenena baino apalagoa dela erakusten dute eta euskara-erabilera ere ahulagoa dela.

Hots, oraingo Ipar Euskal Herrian nagusitzen den frantsesaren parean, euskararen eskola-transmisioaren garatzea beharrezkoa baldin bada, familia-transmisioa ahula baita, transmisioaz gain erabilera gizartean indartu behar da euskara ikasgai bat baizik ez dadin egon. Hau da hizkuntza politikaren desafio nagusia, transmisioa (ezagutza) eta erabilera garatzea eremu publiko eta pribatu denetan. Irakaskuntzatik kanpo hizkuntza politikaren aitzinamenduak gutxi dira eta emaitzak ez hain ikusgarriak. Halere, tokiko kolektibitateetan Euskararen Erakunde Publikoak garatzen lagundu zuen euskara-teknikarien sarea (12 bat 2018an), orain Hirigune Elkargoak kudeaturik, aipa genezake adibidez, edo haurtzaindegi elebidunen labelizazioa.

5. Euskara kulturan Ipar Euskal Herrian

Atal honek ere aurkezpen zinez luzeagoa mereziko luke. Hemen gogoeta batzuk baizik ez ditugu eginen, euskara biziarazteko alde indartsuak eta ahuleziak non diren azpimarratuz. Bistan da euskarazko kulturari mugako bi aldeetarik so egin behar diogula, harremanak gero eta handiagoak baitira. Fenomeno hori, mugaz gaindiko ikuspegiaren beharrezkotasuna, euskarazko komunikabideekin hobeki agertuko zaigu (ikus beherago 6. atala).

Kantua, dantza, antzerkia, bertsolaritza

Naturalki euskara eta kultura tradizionala lotuak dira eta, oro har, erran dezakegu kultura tradizionala aski indartsua dela Ipar Euskal Herrian, Frantziako beste kultura tradizionalei konparatuz. Borondatezko lanean oinarritua da, nagusiki. Profesionalak guti dira. Bertsolaritzak berriztatu egin du, bertso eskola anitz sortu ditu (17 ziren 2018an, egoitza ikastoletan dute) eta bertsozaleak anitz dira gaur egun, euskararen faboretan. Halaber, pastoralak, ihauteriek, maskaradek, libertimenduek, toberek bizi-indarra erakusten dute. Pastorala Zuberoatik kanpo hedatzen da orain, Lapurdin edo Nafarroa Garaian. Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa egiten da, zailtasunak izanik ere. Kasu batzuetan, pizkundea da kalifikatzaile egokiena. Denetan emazteek gero eta leku handiagoa hartzen dute, batzuetan diziplina salbatuz. Zuberotar dantza tradizionalaren kasua da, hizkuntzarendako garrantzi gutiagokoa dela ohartuz.

Zinema, ikus-entzunezko ekoizpena

Euskarazko zinema ekoizpena Hego Euskal Herrian egiten da nagusiki, salbuespenak salbuespen, Xora zubererazko lehen film luzea bezala (2012). Hegoaldeko produkzio hori orain hobeki hedatua da Ipar Euskal Herrian. Erreportaje eta film dokumentalen alorrean, Aldudarrak bideo / Kanaldude elkarteak euskarazko web telebista parte-hartzailea kudeatzen du eta aste guziz erreportajeak, emankizunak ekoizten ditu euskaraz, Iparraldeko barnealdean bereziki. Ondoko atalean, komunikabideenean, ekoizpen hori aipatuko da berriz, mugaz gaindiko harremanak garatzen direla azpimarratuz.

Literatura

Euskarazko literaturaren egoera Ipar Euskal Herrian ezagutzeko, euskara batuari buruzko Sarrera honetan «Euskal literatura Iparraldean (1960-2020)» testua irakur daiteke. Hego Euskal Herrikoari konparatuz, ahula izanik ere, literatura horrek bere bidea jarraikitzen du, kezka nagusia irakurlegoa delarik berezik gazteengan.

Kirolak

Stricto sensu kirola ez da sartzen kulturan, baina era batez bai. Kulturarekin batera, oraingo munduan garrantzi handia hartu duten aisialdietan sartzen da. Baina ikus-entzunezko ekoizpen kontsumoa ere bai: prentsa, irratia, telebista, Internet, sare sozialak... (ikus beherago 6. atala).

Sarrera honetako «Euskara batua Iparraldean gaur egun» testuan, euskararen leku murritza kiroletan aipatzen da. Kirol tradizionaletan ere, pilotan bezala, lehen beti erabilia zen euskara kasik desagertua da, pilotari bakan batzuen arteko harremanetan salbu. Baina horiek pilota jokotik kanpo ere euskara baliatzen dute. Euskararen Erakunde Publikoak ekintza batzuk bidean eman ditu, errugbi talde ospetsu batzuekin edo Pilotako Komitearekin hitzarmenak izenpetuz adibidez, baina, mementoko, emaitza handirik gabe, sinbolikoak bereziki. Euskararen erabilera garatzeko, kirolaren irakaskuntzan esperantza gehiago badago (2018-2019an pilota hezitzaile batek erakasten du ikastola eta eskola katoliko elebidunetan Zuberoa eta Amikuze aldean).

6. Euskara Ipar Euskal Herriko komunikabideetan

Hemen ere, euskara bezalako hizkuntza gutxitu batentzat erabilera-eremu estrategiko bat badugu. Etengabe aldatzen den oraingo mundu gero eta konektatuagoan eta globalizatuagoan, erabilera komunikabideetan bere lau formetan (entzumena, irakurmena, mintzamena eta idazmena) gero eta erabakigarriagoa da. Ipar Euskal Herrian zein da euskararen lekua alor horretan?

Prentsa

Euskarazko prentsaren irakurlegoa, literaturaren kasuan bezala, aski murritza dela pentsa dezakegu (datu fidagarririk ez dugu). Euskara osozko prentsa motza da: Baionan egiten den Herria astekaria eta Euskal Herri osoko Berria egunkaria (ostiraleko Ipar Euskal Herriko Hitza gehigarriarekin). Beste aldizkarietan, euskararen agerpena ttipia da, batzuetan sinbolikoa.

Irratia

Sarrera honen «Euskara batua Iparraldean gaur egun» testuaren “Euskara batua medietan” atalean, Euskal Irratiak euskarazko bost irratien asoziazio-sareak euskararen hedapenean zeregin handia duela erraten da Ipar Euskal Herrian zehar. Irrati publikoak, France Bleu Pays Basque irrati publikoak, egunean oren bat euskaraz ematen du Baionatik.

Telebista

Ipar Euskal Herrian berean euskarazko telebista-ekoizpenak pisu guti du. France 3 kate nazionalak egunean minutu batzuk bakarrik ematen dizkio euskarari, batzuetan deus ez. TVPI kate pribatuak Kanalduderen emankizunak egun oroz hedatzen ditu, oren batez, berriz hedatuak aldi batzuez (Kanaldude 5. atalean ikus gorago).

Halere, orain, lurralde osoan, EITBren euskarazko bi kateak errezibitzen dira, Euskal Gobernuaren telebistarenak: ETB1 eta haurrentzako ETB3. Euskal Autonomia Erkidegoan (Euskadi), non euskaldunen ehunekoa handiagoa den (% 33,9), ETB1ek entzuleria osoaren % 1,8 eskuratzen du (2019ko martxoa). Pentsa dezakegu Ipar Euskal Herrian entzuleria hori apalagoa dela. ETB1ek astegunetan 10 minutuko Ipar Euskal Herriari buruzko Iparraldearen orena emanaldia proposatzen du. Horren ikus-entzuleen kopurua ez dugu ezagutzen.

Oro har, orain satelitearen eta Interneten bidez eskura ditzakegun mundu osoko telebistetan euskarazkoak ito dira, baina eskuragarriak dira.

Internet eta sare sozialak

Baina, orain, kontsumo ohiduretan telebista edo irratia baino garrantzitsuagoak dira Internet eta sare sozialak, bereziki belaunaldi gazteengan. Hemen, are gehiago, euskararen egoera Ipar eta Hego aldeetan elkarrekin aztertu behar dugu. Digitalizazioak mugak ezabatzen ditu. Euskarak iraultza horren uhina hartzen jakin izan du. Hona datu batzuk.

2018an, munduko hizkuntzen % 5a besterik ez da erabiltzen Interneten, eta horietako bat euskara da. Twitterreko lehenengo 33 hizkuntzen artean dago euskara. Wikipedia entziklopedia askea 292 hizkuntzatan dago, eta euskara horietako bat da ere. 2019ko apirilaren 1ean Euskarazko Wikipedian 333.001 artikulutik gora daude, eta 31. postuan dago euskara, Europar Batasunean ofizialak diren hainbat estatu hizkuntzaren gainetik. Facebook, Google eta beste sare sozial zein web-zerbitzu ezagunetako anitz (Firefox nabigatzailea, Wordpress plataforma, Moodle LMSa...) euskaraz erabiltzeko aukera badugu. Orobat, Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala, itzultzaile automatikoa (euskara/gaztelania, frantsesa ez oraino), telefono mugikorretarako euskarazko aplikazioak, etab. Hori Eusko Jaurlaritzari, ikerketa erakunde eta laborategi batzuei (Elhuyar, IXA…) eta norbanako engaiatuei esker egin da.

Halere, Euskal Herriko webguneak oro kontuan hartuz, euskarazko edukia dutenak % 16 ziren bakarrik 2017an. Ingurune digitalean ikus-entzunezko edukiek, bideoek bereziki, orain leku handiena hartzen dute eta YouTube edo Netflix gisako plataformetan euskarazko edukiak zinez urriak dira. Oro har, etengabe aldatzen den alor zabal honetan, euskaraz mintzatzeko, idazteko, trukatzeko, jolasteko, lan egiteko, hots bizitzeko parada baldin badu Ipar Euskal Herriko euskaldun (alfabetatu)ak, euskararen bizitasun digitala etengabe erreberritu eta indartu beharko da.

7. Euskara Ipar Euskal Herriko bizi ekonomiko eta sozialean

Hizkuntza baten balizko erabilera-eremuen itzulia bukatzeko, euskararen lekua Ipar Euskal Herriko lan munduan eta zerbitzuetan azter dezagun laburki. Kolektibitate publikoen politika lan honetako 3. atalean aipatu dugu. Euskararen Erakunde Publikoak alor horretako eragile zenbaitekin hitzarmenak izenpetu ditu euskararen ahozko eta idatzizko erabilera bultzatzeko.

Lan luze eta zaila da, euskara usuenik ez baita enpresa eta erakunde horien lehentasunetan. Baina hau da hizkuntza politikak erantzun behar dion galderetarik bat: zergatik euskara eta euskaraz ikastea ama-eskolatik batxilergora edo doktoregora arte, ondotik, lan-munduan sartu eta, euskara sekula ez baliatzeko? Hori da Ipar Euskal Herriko gazte gehienen errealitatea, euskara irakasleez eta euskal komunikabideetan edo kulturan lan egiten dutenez kanpo.

Komertzioa

Komertzioko alor batzuetan, euskara tokiko produktuak saltzeko tresna baliagarria dela ulertu da, gero eta gehiago, baina ez eskulangintzako edo laborantzako produktuak bakarrik. Horrela, Frantzian eta munduan zehar Euskal Herriak irudi ona duen baliatuz, produktuaren etiketan edo sustapen-euskarrian euskal hitz bat agertzen da hemen, ikurrina hor, lauburua han. Euskara baliatzea erakargarria izan daiteke, benetakotasuna ematen dio saltzen den produktuari edo zerbitzuari. Sarrera honen «Euskara batua Iparraldean gaur egun» testuan erakusten da nola komertzioan, turismoan eta zerbitzuetan, interes ekonomikoengatik, euskara erabilia den, baita nola batzuetan gaizki erabilia den ere (ortografia, hitz asmatuak...). Frantsesez hori ez litzateke posible. Euskara normalizazioaren bidean dago eta ildo horretan lan anitz egiteko bada oraino Ipar Euskal Herrian.

Oro har, erran dezakegu komertzioan euskarak urrats ttipi batzuk egiten dituela, adibidez Euskararen Erakunde Publikoak altzari eta dekorazio enpresa multinazionalarekin eramaten dituen modukoak.

Zerbitzuak

Medikuntzaren eta norbanakoaren osagarri zaintzearen eremuan, Euskararen Erakunde Publikoak ospitale eta klinika garrantzitsurekin lankidetza-hitzarmenak izenpetu ditu, euskararen agerpena eta erabilera garatzeko. Baina, oro har, beste bizi ekonomiko eta sozialaren alorretan bezala frantsesa da hizkuntza nagusia. Bi hizkuntzen arteko oreka prozesu luze baten emaitza izanen da, gauzatzen baldin bada. Frantses botere publikoek euskara eta euskarazko irakaskuntza onartu baldin badute, iduriz, urrunago joateko prestik ez dira edo, bederen, laguntzeko ez.

La Poste enpresak (postetxeetan eta beste zerbitzuetan) edo telekomunikazio enpresek euskarazko zerbitzurik eskaintzen ez dute, Hego Euskal Herrian Euskaltelek adibidez egiten duen moduan. Halaber, SNCF tren garraio-enpresak, ekintza sinboliko batzuetarik kanpo, euskarari lekurik ematen ez dio. Ur edo argindar zerbitzuetan bezala. Orain arte, kontzientzia, gizarte-presioa edota euskararen beharrezkotasuna ez dira aski gora. Mementoko, euskara ez da aski errentagarria, baina alda daiteke. Hori da ere euskararen aldeko hizkuntza politikaren helburuetarik bat.

Turismoak berak atal berezi bat mereziko luke. Jarduera ekonomiko horren eta euskararen arteko loturak gero eta argiagoak dira.

Industria

XX. mendeko hastapenera arte, laborantzan, arrantzan, eskulangintzan edo oinetako-industrian euskararen erabilera nagusitzen zen Ipar Euskal Herrian, gizarte osoan bezala. Orain ordezkapena osoki bukatua ez baldin bada, argi da erabilera hori industrian garatzea biziki zaila dirudiela. Hegazkingintza, surf industria edo industria elektronikoa nazioarteko industriak bilakatu dira, merkatua bezala, eta ingelesa litzateke frantsesa ordezkatzen duen hizkuntza, edo bederen laguntzen duena. Halere, Hego Euskal Herrian eramaten diren esperientziak baliagarriak lirateke euskararen erabilera bultzatzeko eta, bistan da, mugako bi aldeetako industrien arteko harremanak. Garatzeko lankidetza eta merkatu bereziak badaude, euskarari lotuak.

Familia eta ingurune hurbila

Hau da egin den ibilbide honen bizi sozialaren azken erabilera-esparrua. Familian eta ingurune hurbilean euskararen erabileraz zer erran? Hemen, bizi publikotik bizi pribatura iragaten gara eta euskararen aldeko politika publikoentzat zailagoa da eragitea. Seigarren atalean euskarazko komunikabideak aipatu ditugu. Horiek etxeetan, autoetan, ordenagailuen eta telefono mugikorren bidez norbanakoen bizian sartzen dira edo sar daitezke bederen. Beraz euskararen erabilera biziarazteko eta garatzeko erabakigarriak dira.

Baina familia gune erabakigarria da ere euskararen transmisioan, ezagutza eta erabilera lotuz modu naturalean. Duela guti arte, erran dezagun Bigarren Mundu Gerlatik landa arte, familia euskararen transmisioa segurtatzeko tresna kasik bakarra zen Iparraldeko euskal gizartean non, era orokorrean, autarkia handiagoa zen etxaldeetan, herri ttipietan, ibar isolatuetan.

2016ko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Ipar Euskal Herrian 65 urtetik gorako adin taldean % 3,6k bakarrik euskara etxetik kanpo ikasi zuten. Aldiz 16-24 urteko adin taldean familiatik kanpo ikasi zutenak % 52,9 ziren. Transmisioa, gero eta gehiago, eskola-irakaskuntzaren bidez egiten da (ikus 4. atala). 1996an, lehen hizkuntza gisa euskara izan zutenak biztanleen % 26,4 ziren (gehi % 5,2k euskara eta frantsesa); 2016an % 15,9 ziren (gehi % 5,8k euskara eta frantsesa). Beraz familia transmisioa apaltzen da. Baina Hego Euskal Herrian han-hor ohartzen den gisan, eskolan euskara ikasi duten guraso gazte horiek haurrei gero eta gehiago transmitituko dutela espero daiteke.

8. Ondorioak

Testu honetan euskararen estatusa Ipar Euskal Herrian aztertu da laburki, erran nahi baita betetzen dituen funtzioak eta dituen erabilera-esparruak. Ñabardurarekiko taula bat agertu zaigu, egiazko legezko babes gabezia, aitzinamendu zenbait euskararen eta euskarazko irakaskuntzan edo Hego Euskal Herriari esker teknologia berrietan adibidez, azken bizpahiru hamarkadetan, eta epe luzeagoko atzerapen larriak familian edo laborantzan bezala. Euskararen erabilera-esparruen ezaugarrietarik bat, gero eta gehiago, « mugaz gaindikotasuna » da, instituzioen mailan, ikerketa eta irakaskuntzaren mailan, euskal elkarteen mailan. Eta hori garatzeko da euskararen onurako.

Euskararen geroa segurtatzeko, lan mundua (administrazioa, komertzioa, turismoa, zerbitzuak, laborantza, industria...) eta aisialdiak (kultura, kirola, teknologia berrien erabilera...) erabakigarriak ditugu, irakaskuntzaren bidez euskara ikasia baliatzeko. Are gehiago, euskara ikasi hori familian, lagunartean guti erabilia dela kontuan hartzen baldin badugu. Bistan da, garatua izanik ere, euskarazko hezkuntza indartzeko izanen da ere datozen urteetan, bai eta, baina horretan zuzenki eragitea zailagoa da, euskararen familia-transmisioa.

Horretarako, euskararen aldeko gizarte-mugimendua indartsua izan behar da Ipar Euskal Herrian. Hizkuntza politiken teorian erabilia den komanditario (commanditaire) / prestazio egile (prestataire) / onuradun (bénéficiaire) eredua baliatzen baldin badugu, botere publikoak, Euskararen Erakunde Publikoa, Hezkuntza nazionala, eragile ekonomiko eta sozialak komanditarioak dira. Batzuetan prestazio eragile ere izan daitezke (Euskararen Erakunde Publikoaren eta Hezkuntza nazionalaren kasua argi da), hizkuntza politikaren eragileak diren euskal elkarteekin (AEK, Seaska, Ikas, Uda Leku, Euskal Irratiak, etab). Baina, era zabalagoan, baita itzultzaileak, idazleak, kazetariak, artistak edo beste lanbide batzuetan euskara baliatzen eta hedatzen dutenak ere. Erosleari euskaraz mintzatzen zaion okina barne! Eta onuraduna? Era orokorrean gizartea, bistan da, euskal komunitatea baina zeharka ere euskaldun ez den gizarte handi hori: euskara ikasten duten haurrak edo helduak, euskarazko Wikipediaren erabiltzailea, Herria astekaria irakurtzen duena, Herriko Etxean galderari erantzuna euskaraz eskuratzen duen herritarra, bidaian zehar seinaletika elebiduna irakurtzen duen turista...

Zerrenda etengabekoa litzateke, euskara normalizatua balitz Ipar Euskal Herrian, erran nahi du gizartearen funtzio eta esparru publiko eta pribatu denetan zabaldua izan balitz, frantsesa den gisan.

Jean-Baptiste Coyos
Euskaltzain osoa
2019-10-01


(1) Toubon eta Lamassoure diputatuek 1992an sartarazi zioten Frantses konstituzioari emendakin horrek, hizkuntzalari edo soziolinguista argiki ez zirenek, frantses hizkuntzan sartzen zen ingelesa oztopatu behar zuen. Badakigu nolako arrakasta ukan zuen! Ingelesa gero eta gehiago bazter oroetan Frantzian ere. Halere, ondoko argibide honek diputatu ohi horiek lasai ditzake, eta frantsesak ere: Oro har, ingeles hizkuntzan 25.000 hitz inguru frantsesetik datoz. Hau da, bi heren.

Azkue Biblioteka eta Artxiboa

ORDUTEGIA
9:00 - 14:00

Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.