Euskara eskuz esku

Euskal literatura Iparraldean (1960-2020)

Euskal literatura aipatzen denean Hegoaldetik, iparraldeko idazleak ez dira askotan zerrendetan ageri, salbuespenak salbu. Hegoaldean, hondar hamarkadetan, idazlearen profesionalizatzea eta liburuaren merkatuaren osatzea ekarri duen sistema literario bat muntatu da. Iparraldeko sorkuntza bezala, erran dezagula, neurri batean, poesia ere pasatu dela trapatik. Orokorrean, literaturaren alorrean, Iparralde honetako ekoizpen literarioarekiko halako inbisibilitate edo ikusezintasun bat instalatu da Euskal Herrian.

Bada, alta, bizitza literario bat, idazle berriak plazaratzen dira, hemen ere nabarmentzen ahal dugula lerroen feminizazioa eta literaturaren kontzepzio (post)-modernoaren eragina. Apezen eta notableen eskuetatik ihes joan da, zeregin laikoa bilakatuz, laikoa eta irakaslez zein kazetariz haziriko klase ertainekoa, horretan fidel geratuz aitzineko klerikoen klasekoak izatearen ohiturari.

Idazle bihurtzeko lehen urratsak astekari eta aldizkari ezberdinetan konplitzen ziren, Eskualduna-tik Herria-ra. Bideak ugaritu dira, sariketa eta bekak direla medio, gaur egungo komunikazio baliabideak erabiliz ezagun egiten ahal baita edonor, hala nola blogekin. Maiatz elkarteak, aldizkaria eta argitaletxea, biak kudeatzen dituela, biltzen ditu nagusiki Iparraldeko idazleak, istorioa pertsonal anitzen metaketa, iraganaren eta orainaldiaren arteko lotura, 80ko hamarkadan gauzatu zen haustura kulturala markatuz.

Iparraldeko literatura produkzioari interesatuko gatzaizkio, Bigarren Mundu Gerra ondoko egile enblematikoen itzaletik abiatuz, bere egitura sakonki aldatu duten aldaketak aztertuz, gaurko egoera arte. Mugaren alde honetan argitaratzen den euskarazko literatura, argiki, Hegoaldean egiten denari lotzen zaio, bere nortasuna ukatu gabe. Nortasuna eta hizkera bistan dena. Azkenik, Iparraldean izkiriatzen duenak frantses edo/eta europar ereduak barneratuak ditu, Hegoaldeko idazleak gazteleniazkoak bereganatzen dituen bezala…

Ezin da ahantzi euskaraz inprimatu eta gure hizkuntza kometitu zen, hitz hori biziki gogoko zuen Piarres Lafitte kalonjeak, lehen liburua Eiheralarreko (Nafarroa Beherea) erretorearen eskutik etorri zitzaigula 1545an, literaturaren Pandora kaxaren ateak irekiz. Historia luzea izan da beraz, askotarikoa, Hegoaldeko idazle zenbaitentzat altxor lexikal bat bilakatuz. Hori da, bai, eta zerbait gehiago.

1. Oinordetza anitza

1.1. Iparraldeko tradizioa

XIX. eta XX. mendeen gurutzamenean, bizi-biziak ziren Iparraldean, literaturarako joerak: Jean Etxeparek (1877-1835), Elizaldek (1883-1961), Hiriart-Urrutik (1850-1915) eta Zaldubik (1828-1907), nagusiki, idazten zuten Eskualduna (1887-1944) astekarian, euskaradun irakurleak loriatuz. Narratzaile paregabeak ziren eta denbora berean kazetari lan xehea eramaten zuten, bereziki Hamalauko Gerraren garaian trintxeretatik berriak zuzenean igortzen zituztelarik. Lehen mundu gerrak iraun zuen lau urteetan (1914-1918) astekariak hamar milako tirada zeukan eta etxe bakoitzean, gutxienez hiru jendek leitzen zuten.

Idazle horien artean ezagunena eta originalena naski Jean Etxepare Aldudeko medikua dugu. Buruxkak (1910) eta Beribilez (1931), tradizioa bulkatzen duten bi obra dira: batean ipuingintza lantzen du eta bestean, Kanbo eta Loiola artean, Iruñean gaindi, bere lagunekin egin zuen autozko bidaia bat kontatzen digu. Platonen Banketea-ren sarea baliatuz idatziriko “Amodioa” narrazioa desagertu zen, eskandalosoa zitzaiolako, gorago aipaturiko Piarres Lafittek (1901-1985) onduriko Buruxka-ren berrargitalpenetan.

Fikzioa jorratzen zuen bakarra agian, beste Jean Etxepare bat genuke. Jatsun sortu zen 1937an eta gazte-gazterik zendu, Hazparnen, 1961ean. Inazio Mujika Iraolak, Erein etxean, Mendekoste Gereziak (1991) ipuin bilduma berriz publikatu zuen, sarrera distiratsu batekin. Liburu horretan, laborari munduaren azkentzea, hiritartzea, urbanizazioa, Aljeriako gerraren oihartzunak, laborari haurren exodo errurala kontatzen zituen, minberaki, auhen kanta lanzinante baten moduan. Piarres Xarritonek (1921-2017) 1963an, bildu zituen idazle zenduaren testuak, liburu gisa irakurleei eskaintzeko.

Aipatu gabe ezin utzi: Parisen idazten zuen Jon Mirandek (1925-1972), batez ere bere Haur Besotakoa nobela, Donostiako Lur-en argitaratu zena, 1970 urtean, poesia sozialaren pontekoa zen Gabriel Arestiren sarrerarekin. Oraindik ere lantzen da, Nabokoven Lolita-k (1955) inspiraturiko eleberria. Askok bezala, Jon Mirande Herria-n idazten hasi zen 1949an. Igela aldizkari satirikoaren orrazteran parte hartu zuen Txomin Peillenekin batera 1962tik goiti.

Herria astekariak, kolaborazionismoa leporatu eta 1944an debekatu zuten Eskualduna-ren hauts ilaunetatik sortuak, idazle-gaientzat laborategi baten moldean funtzionatzen zuen, Piarres Lafitte buruzagi. Interesgarria da azpimarratzea jende arruntak, herrietan, Zuberoatik Lapurdiko kostara, irakurketarako nolako joera edo gosea zuen, batzuen ustez, alta, analfabetoa zelarik, frantsesa trebukatzen zuelako! Piarres Lafitte, mende erdiz Uztaritzeko seminarioan irakasle egona, Iparraldeko literaturaren eminentzia grisa bezala kontsideratzen ahal da: euskaraz izkiriatzen zen guztia bere begi zorrotzaren azpitik pasatzen zen eta bazuen beti zer erran…

1.2. Euskara, plazara

Bigarren Mundu Gerratik landa, literatura baino gehiago, antzerkigintza eta bertsolaritza landu ziren. Euskarazko ekoizpen kulturalen eramaileek jendearen hurbiltasuna bilatzen zuten, herriko plazetan eta Eskualdun Gazteriak elkarteak eraikiarazi antzokietan. Herririk txikienek bazuten beren antzerki taldea, herritarrez osatua, bai aktoreak eta bai zuzendariak. Frankotan, parrokiako apezak zituen multzoak kudeatzen. Pazko arratsaldez eskaintzen zen saiora etortzen ziren den-denak, haur hotzak eta adinekoak batera, egun bateko izarrak gogotik txalotzera.

Guztien gustuko antzerkiak idazten zituzten Piarres Lartzabalek (1915-1988), Telesforo de Monzonek (1904-1981) eta beranduago Daniel Landartek (1947). Euskal historia jorratzen zuten, garaian garaiko arazo soziopolitikoak, oroz gainetik, gauza latzen errateko, umorea baliatuz. Besteak beste, Lartzabalen Bordaxuri, Monzonen Hazparneko Anderea edo Daniel Landarten Hil Biziak, Ama edo Noiz lanek, ikusleria zabala mugiarazten zuten, garunak eta zentzuak inarrosiz. Zuberoako muturrean bizkitartean, pastoralaren ohitura berriz biziarazten zuen Etxahun Irurik (Piarres Bordazarre 1908-1979), hor ere ikusgarrien muina euskal historian sustraituz, Etxahun Barkoxeren biografia edo Bereterretxen Kantorea bezalako tematikak garatuz, lau orduz, orduan gizonak baizik ez zirela tauladetara igotzen!

Euskarak eta euskarazko kultur produkzioek kontsumitzaileekiko hurbiltasunaz gozatzen zuten beste alorra bertsolaritza zen: Xalbador (1920-1976) eta Mattinek (1916-1981) bazterrak zoratzen zituzten, bataren malenkonia bestearen ironia trukulantak balantzatzen zuela. Xanpun (1922-2006), Alkat (1951-2008), Mendiburu (1946), Arrosagarai (1949-1998) edo Ezpondaz (1937) gogoratzen gara. Plazaz plaza ibiltzen ziren, zikiroak eta bestaburuak animatzen, hausnar eta mozkor artean. Bertsotik kantara urrats bat baizik ez delako, euskal kantagintzak halaber gaztetze bat jasan zuen: Etxahun-Irurik Zuberoan pieza berriak sortzen zituen arraiki, abertzaletasunaren sabeletik Michel Labegueriek Lapurdin, eta Nafarroa Beherean Manex Pagola eta Eñaut Etxamendik, barnealdearen egoera latza musikatzen zuten, oraindik ere hunkitzen gaituzten antologiako kantekin.

Plaza publikoa, antza, debekatua bezala zitzaien emazte sortzaileei ordu horietan. Baziren emakume bertsolariak, baina Piarres Lafittek Literaturaz deritzon artikulu bilduman, bitxiki, ez du izenik oroitzen. Adibidez, Hazparneko Aña Debrua (Maiana Etxegarai, 1887-1935) koblakariaren figura memorietan txertatu da Oraiko dama gaztiak biribilkatu zuelako. Gehienetan, Maiana Hargain (1860-1925) kanboarrarekin kantatzen zuen. Hemen bada historia bat egiteko…

1.3. Trantsizio aroak

1970ko urteetan zehar, Hegoaldeko literaturaren panorama erabat aldatu zen Lur argitaletxeko Gabriel Aresti (1933-1975), Ramon Saizarbitoria (1944) edo Arantxa Urretabizkaiaren (1947) inguruan. Europar kutsuko nobelak plazaratu zituzten, Frantziako nouveau roman delakoaren bahetik, 1968ko iraultza oldeen ondotik, jendartea kezkatzen zuten gaiak landuz, hala nola abortua (1969, Egunero Hasten delako) eta ETAren ekin anbiguoa (1976, Ehun Metro) Saizarbitoriaren eskutik. Iparraldean, Daniel Landarten Hogei Urte (1968) bilduma arrakastatsua izan zen, ezen orrialde horietan atzeman zituztelako Anje Duhalde eta Mixel Ducau, Errobiko musikariek kantuak egiteko mamia. Irakurketa intimistaz gozatzeko literatura idatzia baino, literatura abestua izateko indarrean zegoen. Peio eta Pantxoa, Etxamendi eta Larralde a capella, Beñat Axiari edo Niko Etxart zebiltzan euskal autore askoren hitzak melodiaz troxatzen.

Idazleek beren aldetik Herria astekarian jarraitzen zuten poemak, artikuluak eta bertsoak publikatzen. Auxtin Zamora (1943) horrela hasi zen, halaber Luzien Etxezaharreta (1947) eta Itxaro Borda (1959). Ikertzaileek, 1976an azken zenbakia eman zuen Gure Herrian edo Euskal Erakustokiko Boletinean plazaratzen zituzten testuak. Baina, 1970eko hamarkadako bihurgunean, politika abertzalea ardatz zeukaten azterketa kutsuko idazkiak ziren gehienbat agertzen Enbata, Hitz, Zabal, Euskalduna, Gernika, edo Herriz Herri zein Ateka ezagunetan. Denbora haietan sortu zen Elkar argitaletxea eta Zabal liburu denda ireki zen Baionako Pannecau karrikaren 52 zenbakian. Hegoaldeko ekoizpen literarioa (Txillardegi, Atxaga, Pott banda, Sarrionandia…) hemengo kontsumitzaileen eskura zetzan ordutik hara. Publikatzen zen guztia irakurtzen ahal zutela erraten zuten batzuek eta Durangoko azoka (1965) handitzen zihoan. Gainera, 1968tik hara, euskara bera batze olde batean sartu zen, kemen eta kritika artean, aburu emaileen ideologiaren arabera.

Hargatik, literatura soila ez zen begi onez ikusia. Apezez osatu kultura arduradunentzat literaturak ez zuen baliorik, non ez zituen helburu pedagogikoak betetzen. Nobela batean, adibidez, moralak hobetsi zerbait ikasi behar zen. Eta literatura gizonezkoen zeregina zen: idazlearen figura maskulinoa zen derrigor, oraino ere, hala da nagusiki, eta jendailak hezteko, argitzeko, hausnarrean emateko izkiriatzea galdatzen zitzaion. Herria-ko burua zen Piarres Lafitte batek, lan baten egokitasun maila horren edukia kontrolatzen zuen, liburu aipamenak lerrokatzen zituen ber. Emakume idazle zenbait izan ziren, bide-irekitzaileak: Sarako Maddi Ariztia (1887-1972), Alozeko Maialen Jauregiberri (1873-1939) eta Bankako Marijane Minaberri (1926-2017), Andereño edo Atalki goitizenez ezaguna Herria-ko zutabeetan.

Iparraldean, fikzioak ez zuen interesik pizten, mesfidantza alderantziz, non ez zen haurrentzat egin lanetan, Esoporen edo Otsobiren (1888-1958) alegiak ustiatuz. 1965an, publiko gaztearentzat, Xoria Kantari publikatu zuen Ikas-en Marijan Minaberrik, eredu horietatik pixka bat aldenduz eta bere inspirazioari bidea emanez. Ez nuke zati hau bukatu nahi, Manex Erdozaintzi-Etxart (1934-1984) aipatu gabe: Arantzazuko frantziskotarren Jakin aldizkarian ari izan zen Iparraldeko idazle bakarretatik zen 60ko hamarkadan. 1982an, Elkarren, plazaratu zuen Gauaren Atzekaldean eleberria, fikzioa eta Euskal Herriko egoera erreala ezkontzen zituela!

2. Maiatz aldizkariaren ekarria

2.1. 1981eko sorrera

Iparraldean (eta Frantzian) lehen aldiz presidente sozialista baten boterera heltzeak 1981ean egoera sozio-politiko-kultural orokorra aldatu zuen. Mitterrand-en presidentetzaren denboran legeztatu ziren irrati libreak, eta kultura lehentasunetan jarri zen. Arazoak baziren bistan dena, batez ere hemen, euskal errefuxiatuen tratamenduan, baina bizitzeko erak kanbiatzen joan ziren eta dena zela posible iruditzen zitzaion belaunaldi bat jesarri zen, euskal literaturaren alorrean halaber. Testuinguru euforiko horretan sortu zen Maiatz, besteak beste Luzien Etxezaharretaren ekimenez, inguruan hogeita hamar bat idazle biltzen zirela, deliberatuak, errebistaren proiektua aurrera eramateko ideiaren egiaztatzeko.

Bilkura ezberdinetan, hor ziren, besteak beste, Aurelia Arkotxa, Marikita Tanburin, Auxtin Zamora, Txomin Peillen, Manex Erdozaintzi-Etxart, Emilio Lopez Adam, Eñaut Etxamendi, Mayi Pelot, Itxaro Borda, Piarres Xarriton, belaunaldiak, idatz jaidurak, aldizkaria sortzerako bakoitzak zeuzkan ametsak bilduz, baina denak xede bakar horretan inplikatuak. 1982ko otsailean atera zen lehen zenbakian, testu klasikoen omenez bezala eman zuten Irakurtzaileari abisu hartan, literatura, bizitzari eta errealitateari josteko partekatzen zuten pentsamendua etzan zuten paperean. Azalaren kolorea beltza zen eta aldizkaria sorkuntzaren, itzulpenaren eta literatura hutsaren laborategia bilakatu zen. Neurri batean, oraino ere hala izaten jarraitzen du, kasik berrogei urteren buruan, presentzia publikoa segurtatuz eta urtean bi zenbaki eskainiz.

1984an, Maiatz argitaletxeari eman zitzaion hasiera, bi libururekin: Marc Legassen (1918-1997) Concerto Guerrillero eta Itxaro Bordaren Bizitza nola badoan. Geroztik, ehun bat tituluk irakurleen gosea zorroztu dute. Elebi saila martxan eman zen euskaratik erdaretara edo erdaretatik euskarara itzuli lanen plazaratzeko, bi hizkuntzak liburu berean aurkeztuz. Zehar atalean aldiz, aurkitzen ahal dira Jean Louis Davanten testu politikoak, Marikita Tanburinenak agotez edo Beltzarenak borroka armatuaren historiari buruz.

Maiatz aldizkariaren gerizpean juntatu idazleentzat, aldizkariaren osaketa materiala, banaketa, salmenta mahaiak, aurkezpena eta mintzaldiak bizitza literario berri baten urratsak dira: testuak, bakartasunean idaztetik irakurleengana heltzen ikusten zituzten, halatan, musika edo kantua bezala, literatura ere sozializatua suertatzen zelarik. Maiatzek gainera urtean behin, 1984tik hara, hasieran Biltxoko taberna zuloan eta beranduago Baionako Euskal Museoan Maiatzen solasaldiak antolatzen ditu, euskarazko literatura ohoratzeko asmoz, azken liburuak presentatuz, eztabaidak piztuz eta idazleak beren lanaz mintzatzera gonbidatuz.

2.2. Esperientzia biderkatuak

Maiatz elkarteari esker, idazle belaunaldi bat jesarri da Iparraldean, dagoeneko Euskal Herri osoko literatura ospakizunetan parte hartzen duena. Bi egilek Euskadi Literatura Saria eskuratu zuten: Itxaro Bordak 2002an %100 Basque nobelarekin eta 2006an Ur Apalategik Fikzioaren Ixterrak ipuin bildumarekin, lan biak Susa argitaletxean. Autore askok beren kronikak argitara ematen dituzte Euskaldunon Egunkarian (1990-2003), Berrian, Gara-n edo Argia astekarian, zutabeak izkiriatzen, Hegoaldeko idazleekin batera. Horretaz aparte, argitaletxeek (Gatuzain, Elkar, Maiatz), liburu feriek (Pazko astelehenez Saran, Kanbon irailean…), liburu aurkezpenek, Euskal Kultura Erakundeak edo Euskararen Erakunde Publikoak luzatu dirulaguntzek, idazleari bidea irekitzen diete aktore kultural oso izateko. Sare horretan, itzulpen sistema da falta dena: itzulpengintza literarioak ez du interesik sortzen, beldurra eta galdera existentzialak hazten ditu, gaur egungo hizkuntzaren egoera agonikoa eta diglosikoa delako!

Ez dira bakarrik idazleak ugaritu, baizik eta idatz eremuak eta idazmoldeak. Manex Lanathuak, Txomin Hegik, Jakes Ahamendaburuk, Auxtin Zamorak, Kepa Akixok edo Xabier Soubeletek olerkien lurraldea hautatu dute, Mattin Irigoienek eta Pantxo Irigaraik antzerkiarena, Luzien Etxezaharretak, Mikel Dupak, Antton Lukuk, Eric Traormilinek eta Mailux Legorburuk, arrakastaz, narrazioena, Mikel Hiribarrenek eta Nine Goihenetxek artikulu bildumak osatzearena, Mixel Tikoipek eta Koldo Ameztoik ipuin herrikoiena, Pierre Mestrot-ek eleberri beltza lantzen du, Ur Apalategik bere lehen testuak Maiatzen eman zituen eta Piarres Aintziartek, Jean Etxepareren beribilezko bidaia bizikletaz egin zuen 1989 urtean. Egile gehienek liburu bakarra dute, baina Jean Louis Davanten trakako idazleek 60ko hamarkadan irekiriko xendra dute Maiatzen orrialdeetan jarraitzen. Saiakera, eleberri eta poema liburu askoren kometitzailea den Itxaro Bordaren kasua ere da.

Hiru autore enblematiko daude berezien lerroan: Mayi Pelot (1947-2016) lehenik, euskaraz aurrenekoz zientzia fikzioa landu zuena, bi ipuin bilduma publikatuz, 1985ean Biharko Oroitzapenak eta Teleamarrauna 1987 urtean. Bere izena ari da ospea hartzen, Sareinak batasunak omenaldia eskaini baitio 2019ko otsailean Zizpa Gaztetxean Baionan; gero, poesia, narrazioa eta arte garaikideak uztartuz, Eric Dicharry Ziburukoak hausnarketa bat harilkatzen du, etengabe, hiru ardatzak bilduz; aipagarria azkenik, Maiatzen eskutik irakurlearen gomendiora eraman da, bost liburukitan, Eñaut Etxamendik, bizitza luzean zehar, izkiriatu artikulu, ipuin, nobela labur eta kantuen altxorra.

Maiatzen baitan lumak zorroztu zituzten Iparraldeko idazle frankok, lanak Elkarren, Susan, Alberdanian edo Pamielan plazaratzea lortu zuten. Hegoaldeko idazle bakarrek ere, halaber, Maiatzera igorri dituzte beren testuak: Amaia Lasak, Ainara Maiak, Juanma Sarasolak, Pablo Sastrek, Josu Jimenezek edo Urtzi Urkizuk. Literaturaren uhinak ez du mugarik ezagutzen.

2.3. Maiatzez beste

Maiatz elkarteaz besteko bizitza literario bat ere bada Iparraldean. Azken hamarkada hauetan, erran dugu jada, egikerak bezain irakurlearengana heltzeko moduak aniztu dira. Baina molde zaharreko idazkiak beti estimatuagoak dira, edozein saio esperimental baino. Maite ditugu haur denboretako oroitzapenak edo biografia zintzoak. Fikzioarekiko mesfidantzak irauten du. Daniel Landarten Aihen Ahula (1978, Elkar) bezalako liburuko kontakizunek edo Xipri Arbelbideren zein Jean Louis Davant zuberotarraren Aljeriako gerrari buruzko narrazioak, edozein autofikzio intimista baino errazago iristen publikoaren interesa piztera.

Euskal liburuaren merkatu orokorrean tira gutxiago duen arren, poesiak du gure panorama literarioa apaintzen, 1545an Bernat Etxeparek bere Linguae Vasconum Primitiae harekin urratu bideari ekinez. Aurelia Arkotxak (1953) eta Jon Casenavek (1957) olerkien lurra zapatzen dute, biek nolabait, Keneth White (1936) idazle eskoziarraren itzaletik abiatu direla. Aurelia Arkotxaren obra, Atari Ahantzieta-tik (1993) Septentrio-ra (2001) garatzen da, Hendaiako itsas altzotik Ternuako elurretaraino eramaten gaituela, XV.-XVI. mendeko lapurtar nabigatzaileen urratsetatik. Halaber egin du Jon Casenave irakasleak, 1985ean Elkarren publikatu zuen bere Ordu alferren segida poema liburuan: neguko goiz hozkirrietara akuilatzen gintuen, jendearen naturaz meditatzera, idazle haboroxeenak, poesia soziala edo aldarrikatzailea lantzen ari ziren garaian.

Maiatzen inguruko idazleak adinean hara doaz eta bada, belaunaldi berri bat ernatzen ari, bere aldian, mugak eta hesiak are urrunago eramateko xedearekin. Bemol bat hala ere: euskal mugimendu literarioa garatu da, indartu, aniztu, baina irakurleak eskas dira garrazki, ikastoletatik literaturazale gutxi atera delako. Ikasleek euskara ikastea dute eta irudiz aski zaie. Eta nehork ez ditu euskaldunak gogokoak (politikoki, kulturalki) ez dituen lanak irakurtzera behartuko, militantismo soilez ere ez. Hori da, hondar urteotan entzuten dena. Eta nolabait arrazoiz. Arriskua liteke idazleak, txarra delako ez dela irakurtzen uste izatea, eta idazteari uko egitea!

3. Belaunaldi berria

3.1. Gazte Luma beka

Sinesten zen, ikastolen eredua hedatzearekin, euskara ikasiko zuten gazteak, haietatik zenbait bederen, aitzineko belaunaldi autodidaktak baino aiseago bihurtuko zirela idazle. Baina ez zen baitezpada hala gertatu, hizkuntza bat ezagutzeak ez baitu norbait derrigor idazle egiten, ez eta artikuluak edo testu politikoak izkiriatze soilak. Maiatz elkartean 60-70etako sortzaileek parte hartzen zuten, bezperan plazara agertuen aldamenean. Baina denborak aldatuz joan ziren eta belaunaldien arteko leizea handitu. Orokorrean, euskaraz jakin arren, gazteak euskarazko literaturatik urrun gelditzen dira, euskaraz eskaintzen diren ikus-entzunekoak hurbilago dituztelako: irratiak, telebista programak, antzerkiak, bertsolaritza, kantagintza, zinema…

Bat-bateko belaunaldiko autorerik ez zela plazaratzen ikusirik, hutsune horren betetzeko, Elkar argitaletxeak eta Elkar Fundazioak, Euskal Kultura Erakundearen partaidetzarekin Gazte Luma beka eman zuten plantan bokazioak sustatzearren. Bi urtetatik behin antolatzen dute, hiru mila euroko saria du eta 40 urtez azpiko idazlegaiei zuzendua da. Iparraldeko euskaraz (!) idatzia izatea hobesten da. 2002an lehen irabazlea ezagun egin zen: Eneko Bidegainen (1975) Anbroxio nobela. Geroztik, zazpi lan ohoratu dira, salbu 2008an, hautagai faltan. Eleberriak gero Elkarrek argitaratzen ditu, idazleak hala edizio-etxe handi baten egiturez baliatzen direla. Obra originalak dira, kazetaritzan edo irakaskuntzan, edo bietan, lan egiten duten idazlegaien eskutik. Lehen urratsa eginik, euskarazko fikzio literatura idaztearen bidean jarraituko dutela espero da.

Ohartzen garenez, listak aztertzen ditugunean, liburu bakar edo biko bibliografiekiko izkiriatzaileak ditugu. Lau-bost lanekin jada, edozein autore, obra oparo eta nasaikoa da. Gazte Luma beka erdietsi duten izkiriatzaileak aurreneko saioetan dira oraindik, literaturaren munduan geratzen diren bitartean, mintzaldietan edo mahai-inguruetan parte hartuz. Betikoa da, dena dela, idazlea edonondik jalgi daiteke… baina egia da euskaraz idazteak ez duela bizitzeko adina diru ematen, ohore askorik ere ez: lan bakartia eta nekea dela, eta fikzioa anbiguetatez hanturiko lur hutsa, indarrean dabiltzan ideologiak kolpatzeko arriskuarekin. Hargatik, dirulaguntza horri esker izen eta talentu berriak atera dira.

3.2. Aire fresko bat

Gazte Luma sariketa, Maiatz aldizkaria, gainerako Iparraldeko eta Hegoaldeko argitaletxeak, guztiak hor dira, idazle gazteak hazten laguntzeko (eta bistan dena, Annie Etxeberri sos pixka bat irabazteko). Asko idazten da Iparraldean. Bada halako burbuila kultural bat, literatura ardatz duen mugimendu urri bat, mahai-inguruetatik mediateketan bildu irakurle talde ezberdinetara, ekintza poetiko kasik konfidentzialetan barna. Baina, masiboa ez den arren, bada beti jende interesatua. Belaunaldiak berritzen dira eta publiko berria ekartzen dute.

Gazte Lumaren bidez, jada aipatua dugun Eneko Bidegainez gain, ezagun egin dira Nora Arbelbide (Goizeko Zazpiak), Ramuntxo Etxeberri (Skyroom), Katixa Dolhare (Biribilgunea), Beatriz Urruspil (Gizaki Bakartiak), Peio Jorajuria (Jaun Martin), Eneritz Zelaia (Eta galtzen bagara zer?) eta Maialen Hegi-Luku (Girgileri Anderea). Lan horiek Iparraldeko literatura, euskal literaturaren uhin orokorrean kokatzea lortzen dute, funtsean aitzineko belaunaldietakoek erreusitu zuten maneran. Erran daiteke, mugaren bi aldeetan, tematikak kasik berdinduak direla: emakumeen egoera, gaixotasuna (bipolaritatea), intimitatea, zailtasun ekonomikoak, bakartasun soziala! Aldi berean, Iparraldeko giroaren lekukotasuna eskaintzen dute, bizi-bizian, biluz, gaur eta hemen.

Hondar urteotan, beraien zuloa egiten ari dira euskarazko literaturaren panoraman. Bea Salaberri (Donoztiri, 1979), gau-eskoletako irakaslea, blogari gisa ezagun egin zen eta handik laster Susa argitaletxean Baionak ez daki (2015) narrazio laburbilduma publikatu zuen. Halaber, Maddi Zubeldiak (Donostia, 1961) 2017an Deserria Haurtzaro oroimen liburua eskaini zigun Elkar etxean. Eneko Bidegain (1975) eta Katixa Dolhare-Zaldunbiderekin (1982) batera, Salaberri eta Zubeldiak ere, bakoitzak bere alorrean, Argia-ko, Berria-ko eta zenbait kazetetan aburu-sortzaile izanez. Bildurik, artikuluak ardura, liburu bihurtzen dira.

Iparraldeko literaturaren alorrean halako segida bat nabarmentzen da. Istanteko argazkia egiten bagenu, belaunaldiak elkarrekin bizi direla notatuko genuke, hausturak eta eskarmentuak ugariak izanez. Idazleek, eskura dute gainera, ehun urtetan baturiko euskara hizkuntz egitura bat, Hegoaldera eta 1968az geroztik Euskaltzaindiaren gomendioetara moldatzeko erraza, irakurleen mintzairari eta hauen ohitura linguistikoei hurbila. Idazleak, bestalde, eleaniztunak dira, laikoak, eskolatuak, unibertsitateetatik pasatuak, zenbaitetan politikoki eta jendartean inplikatuak, konplexurik gabeak!

3.3. Frantsesez ere

Iparraldean ekoizten den literaturaren ikuspegia ez liteke osoa ez bagenu hemen, frantsesez edo okzitanieraz egiten dena aipatzen. Edizioaren eremua osasuntsua dela dirudi. Ehunka argitaletxe biltzen dira liburu feria ezberdinetan, Saratik Kanbora, lurraldean zehar. Batzuek euskal izenak dituzte eta erdaraz publikatzen dute, besteek frantsesezko izenekin, euskarazko lan batzuk plazaratzen dituzte. Historia aztertzen dute, biografiak, autofikzio zenbait, poesia poxi bat, eta orain hain modan dagoen nobela beltza anitz lantzen da. Ateak ireki dira eta Euskal Lurraldea (surf edo gastronomia) krimenik latzenen eta detektibe uherrenen teatroa bilakatu da.

Izan dira beti frantsesez izkiriatzen zuten idazleak Iparraldean, bertan bizi edo Parisera igoak, arrakasta bila. Frantzian, komunzki, herrialdean errotzen den idazleari, provincial kalifikatibo apalesgarria itsasten zaio, Parisera doana aldiz sortzaile unibertsaltzat jotzen dela. Aipagarriak dira halatan Roland Barthes (1915-1980), Francis Marmande (1945), Frederic Arribit (1972), Xabi Molia (1977) eta nolabait belaunaldikide dugun Marie Darrieusecq (1969). Bidasoa eta Aturri artera errotzera etorri idazleak ere asko dira: Pierre Loti (1850-1923), Edmond Rostand (1868-1918) eta gaurkoan Frederic Beigbeder (1965) mediatikoa. Hauek baizik ez zerrendatzeko.

Basusarrin sorturiko Marie Darrieusecq-en nobela pare bat bada euskarara itzulia, Tom hil da (2007) eta Ahardikeriak (1996), biak Alberdanian. Bref séjour chez les vivants (2001) bere nobela sinetsezinean, hitzen gibelean Euskal Herria dugu usnatzen, airearen tentsioa, mendiak, oihanak, itsasoak, lekuak izenez sekula azalduak ez diren arren. Liburuz liburu, obra ederra osatzen ari da, Marguerite Duras eta François Saganen artean. Baionan ikusten dugu, noizean behin, irakurleekin solastatzeko soilki, bere literatura sorkuntzaren gakoak oparitzeko. Marie Cosnay (1965) aldiz kostalde honetan bizi da. Irakaskuntzan lan egiten du eta gero ezagunagoa bihurtzen ari da Parisetik pasatu gabe. Frantsesez idazten du eta duela gutxi aditek handizki estimatu zuten Ovidioren Metamorfosien frantsesezko itzulpena eskaini du. Familia, hizkuntzaren kezka eta azken urteotan etorkinen egoera ditu aztergai.

Ez ditzagula gure auzo okzitaniarrak ahantz. XX. mendean, Bernat Manciet (1923-2005) Sabresko poetak gaskoiez egin Gernika poema euskaratu zuen Luzien Etxezaharretak Maiatzen argitaratzeko. Bere aldetik, Eric Gonzalesek (1964) okzitanieraz publikatu zuen Euskal Herriaren eta Bearnoaren artean garatzen den Arantxa (1999) eleberria. Sergi Javaloyesek (1951) azkenik, Sorrom Borrom (2010) olerki luzean Aturri goraipatu zuen eta Viral (2018) bere hondar nobelan euskal politikoarekiko bere harremana harilkatzen du fikzioaren bahetik.

Iparraldeko literatura garaikidearen arrapasa agudoa egin dugu. Are xehekiago aipatzen ahalko genituen idazleak eta obrak, baina hamar orrialdeen mugan, ezinezkoa da. Praktikak, gustuak, baliabide teknikoak eta garapen pertsonalak anitzak izan dira argiki. Nahi duenak sakondu, zuzenki jotzen ahalko du, Maiatz aldizkari eta argitaletxeak berrogei urteotan metatu altxorra ustiatzera eta euskal edo liburutegi orokorren bitrinak mirestera. Testuak hor dira, artikuluak, saiakerak, poemak barreiatuak. Elkar, Susa, Alberdania, Gatuzain eta Pamiela edizioetan ere kausitzen dira, ikerketa labur honetan izendaturiko Iparraldeko izkiriatzaileen lanak, bai eta hemengo astekari, egunkari, hilabetekari ezberdinetan.

Iparraldean idazteak erran nahi du europar eredu literarioetan bezain lekuko tradizioaren gerizpean sortzea. Betidanik horrela izan da: Mosen Bernat Etxepareren liburuak ere 1545 urteetako errealitate soziopolitiko eta kulturalean landatuak ditu erroak, bai gaien tratamenduaren aldetik, bai eta liburuak egiteko teknika eta baliabide materialen partetik, soilik ehun urte Gutenbergen irakorlaren asmakizunaren ondotik. Mugimenduak jarraitzen du gaurkoan, idazle lana errazteko, autoreak aurkikuntza teknologiko ezberdinak erabiltzen baititu. Pantailaren aitzinean, bere testua idatz dezake, bakarrik publika dezake argitaletxe batetik iragan gabe, bere eguneroko blogean edo molde desmaterializatu batean, publikoarekin harremanetan dagoen bitartean!

Arazo potoloa hala ere irakurlegoarena. Iparraldeko euskara leitzen dutenen kopurua, adinaren piramideari behatzea aski zaio, apaltzen joan da eta hiztun berriak ez dira, duela bizpahiru hamarkada uste zen bezain laster hazten. Baina argi dago, literaturaren kontsumoa, edozein dela mintzaira, beti minoritarioa suertatu dela, diglosia egoera pairatzen duen euskararen kasuan are zailagoa delarik. Idazleek, hargatik, sortzen segitzen dute, publikatzen, beraientzat ez baldin bada, idazteko unean irudikatzen den irakurle bakar horrentzat bederen.

Itxaro Borda
Idazlea
2018-12-28

Azkue Biblioteka eta Artxiboa

ORDUTEGIA
9:00 - 14:00

Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.

Es bueno saber que cada vez que gastas una moneda para tu placer culpable, ayudas a alguien que lo necesita. Ice Casino es conocido por sus generosas campañas benéficas en toda Europa. ¡Pero no olvides jugar responsablemente!

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.