Euskarazko literaturaren historia laburra Ipar Euskal Herrian

Literatura hizkuntzak euskaraz

Beren probintzietarik kanpo erabili direnak, bost literatura hizkuntza nagusi aipa daitezke: mendebaldeko euskara, lapurtar klasikoa, gipuzkera osotua, nafar-lapurtera eta oraingo euskara estandarra edo batua.

Mendebaldeko euskara motak Bizkaian eresi zaharrak eman ditu XIV. eta XV. mendeetan; ondoren Juan Perez de Lazarraga Araban (1565), eskuizkribua 2004an deskubritua, geroago amodiozko kantuak, baita Estibalitz de Sasiola ere (1550-1611).

Lapurtar klasikoa. Iparraldean, XVII. mendean hasiz XIX. menderaino euskarazko liburugintzan nagusi zen lapurterak bazituen berezitasunak. XVIII. mendean frantsesten hasi zen eta kalkoak, hitzen maileguak agertu. Gure lehen idazleei, Joanes de Leizarraga (Jesus Christ Gure Jaunaren Testamentu Berria..., 1571) eta Petiri Axular (Gero, bi partetan partitua eta berezia, 1643), baita Bernat Etxepare (Primitiae Linguae Vasconum, 1545) ere, batzuetan “espainol” kutsua salatzen zaie. Hori landu beharra da, nahiz hirurek espainola eta frantsesa jakin.

Halere, lapurtar klasikoa Iparralde gehienean nagusi izan da (Zuberoan izan ezik). Eta XVIII. azkenean behe-nafarrerak burua altxatu zuen eta Eskualduna astekari elebidunarekin (1887an sortua) mende horren bukaeran sortu zen nafar-lapurtera, Iparraldean oraindik erabiltzen dena.

Hegoaldean, geroago aipatuko dugun sabindar garbizaleen garaian, eta baita Resurreccion Maria Azkueren eraginez ere (1864-1951), ikastola, irrati eta astekari bidez “gipuzkera osotua” izeneko literatura euskalkia ederki garatu zen eta bizi-bizia 1960ko hamarkadaraino. Oraindik ere idazle zahar batzuek gazte denborako euskara horretan idazten jarraitu dute.

Euskarazko literaturan, Iparraldeko hiztegia eta morfologia kontuan hartzen ditu Euskaltzaindiak (ikus Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak, 2016, 2. arg.). Idazleek ere, aspaldixko Iparraldeko hitzak zerabiltzaten, Josean Artze zenak eta Joxe Angel Irigarayk, eta noski Iparraldean Itxaro Bordak edo Jean-Louis Davantek, duela guti Bea Salaberrik. Batzuetan ere, Hegoaldean, Joseba Sarrionandiak edo Patxi Zabaletak, Aingeru Epaltzak, Juankar Lopez Mugartzak eta beste.

Azkenean, Mitxelenaren eta batez ere Txillardegiren oldarrarekin, UZEI, Euskaltzaindia eta idazleak euskara batuaren egitera eman ziren.

XX. mendeko bigarren zatian, unibertsitate ikasketen garatzearekin eta gizartea azkenean aldatuz, andereak gure literaturan eta Euskaltzaindian sartu ziren: Itziar Alkorta, Yolanda Arrieta, Miren Azkarate, Yolanda Elgorriaga, Enkarni Genua, Mariasun Landa, Amaia Lasa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Miren Lurdes Oñederra, Bibiñe Pujana, Eider Rodriguez, Arantxa Urretabizkaia…

Iritzia iritzi, nire aburuz ez da batere erraz bereiztea osoki Ipar eta Hego literatura bat. XIX. mendetik goiti Hegoalde euskalduna hiritartzen zen garaian, Iparralde euskalduna nekazaritza giro mantsoagoan bizi zen. Halere, XX. mendearen erditik 1980eraino, Iparraldeko idazleak Hegoaldean argitaratzen hasi ziren, Mirande eta Peillen Egan, Gernika, Euzko Gogoa aldizkarietan. Eta, ondoren, Maiatz aldizkariak eta liburuek Baionan, Senpereko Hatsa elkarteak Iparraldea iratzarri zuten.

2. Herri literatura

Herri literatura mailan arte handiagoa bada. Literatura kultuak Iparraldean ez badu irakurle asko, antzerki herrikoiak entzuleak baditu. Bi higikunde ikusten dira Nafarroa Beherean. Libertimenduak, toberak egiteko ohidura berriz piztu da; antzerki komikoa eta tragikomikoa garatzen ari dira (Mattin Hirigoyen, Antton Luku, Pantzo Irigarai).

Pastoralak

Bigarren mundu gerlatik landa, Zuberoan, berriz Etxahun Irurik nekez pizturik atxiki duen pastoralaren argia, eta XX. mendeko bukaeran eta XXI. mendean bizi-bizirik iraun du. Jean-Louis Davant, Junes Casenave Harigile, Pier-Pol Berzaitz, Jean Mixel Bedexagar, Jean Bordaxar, Patrick Quéheille, Maite Iturbide, Joana Etxart eta abar horretan saiatu dira.

Pastorala azkenean eszenografia bat da, salmodia eta kantuak, dantzak tartekatzen dituenak. Halere, orain arte, gehienak eliza antzerkiak dira. Bada idazle bat antzerki mota hori laikotu nahi izan duena, Titika Rekalt (Oierkoren trajedia, 2006, Belagileen trajeria, 2009). XVIII. mendetik pastorala aldatu da. Lehenak Santuen, profeten eta errege katolikoenen ohoretan ziren. Ondoren, Frantziako erregeak. XX. mendeko bukaeran, euskal kontzientziak garatzearekin, Euskal Herriko errege-erreginak, andre eta jaun famatuak eta azkenik antifaxistak eta baita abertzaleak ere (José Antonio Agirre lehendakaria, Telesforo Monzon...) agertu dira.

XX. mendean, pastoral bat bi egunetan eman zitekeen, baina telebistak eta musika komediek ekarri dute kantuen izurritea. Askotan, kantuak ez duelarik gaiarekin ikustekorik. Pastoral batzuk ideiak gogoan idazten dira, baina besteetan, turistak biltzeko eta ez aspertzeko, dantza anitz eta kantu franko tartekatzen da.

Hegoaldeko herri literaturan pastoralak bere etxe-sartzea egin du eta Nafarroan hiru eman dira azken urte hauetan.

Bertsolaritza

Sendoki, baina ez Hegoaldekoaren suarekin, bertsolaritza berpiztu da Iparraldean. Lehendabiziko entzuleak eta bertsogileak aldatu dira: oraingo bertsolariek bigarren mailako edo unibertsitateko ikasketak egin dituzte.

Eta entzule frankok ere bai. Gaiak munduari irekiak eta hizkuntza ia batua darabilte. Bertsolarien artean, emakumeak agertu dira eta txapelketetan lehen hamarretan beti badaude (Maialen Lujanbio, Miren Amuriza eta beste). Ohar gaitezen, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendareno hastapenean, bi emazte bertsolarik arrakata izan zutela Iparraldean: Mariana Hargain eta Mariana Etxegarai (Aña Deabrua ezizenez).

Nolanahi, herri literaturan ez da etenik izan, kontalariak lokarriak izaki.

3. Euskarazko literaturaren historia eta ideien bilakaera

Euskararen erabilerak literatura kultuan gorabeherak izan ditu eta nolabait gizartearen krisialdiekin loturik.

Lehen krisialdia: Jaunen gerrak

Ipar eta Hegoaldean, Erdi Aro azkenean. XIV eta XV. mendeko urteetan Ahaide Nagusi noble batzuk burgesen menperatu nahiz ibili zirenak: agaramontar eta beaumontar Nafarroan eta Iparraldean, Oinaztar eta Ganboar Hegoaldean. Ordutik, hogei bat eresi zahar eta olerki heldu zaizkigu (Bereterretxe (1445), Beotibar (1321), Arrasateko erreketa eta beste). Andrezkoek idatziak izan dira bost, Lasturko Miliaren ahizpa, Butroeko alaba, Peru Gartziaren arreba eta Santxa Ozaeta. Baina, andreen kasuan, beti susmoa da ez dituztela haiek idatzi: honela gertatu zitzaion Louise Labbé, Lyoneko andre olerkari handiari.

Bigarren krisialdia: Protestantismoa Iparraldean

Erreforma hori Zuberoan eta Nafarroa Beheran sartu zen XVI. mendeko bigarren erdian eta euskaraz baliatu bere ideiak ezagutarazteko. Erran bezala, Joanes Leizarraga higanot artzainak Testamentu Berria itzuli zuen (1571), baita Kalbinen ideiak ere, abezedario bat euskarazko eskoletan erabiltzeko. Poeta protestante bat, Beltran Zalgize, Leizarragaren garaian olerkari omen zen. Haren idazki horiek galdu ziren. Erasoengatik, zenbait protestante erudituk, Ezponda bi anaiak, Jakes Belakoak, ihesi egin eta frantsesez idatzi zuten.

Sukarraldi horren eta Trentoko kontzilioaren eraginez, Kontrarreformako euskal idazle katolikoak euskarazko liburuak egiten hasi ziren eta hamar bat idazle agertu zen. Baina gehienak latinezko eta frantsesezko erlijio liburuen itzultzaile hutsak izan ziren. Alabaina, elizgizon horien artean, saiakera egile on bat Axular nafarra izan zen bere Gero liburuarekin (1643), eta Etxeberri Ziburukoa bere Noelak olerkiekin (1631).

Orduan, XVII. mendean, Iparraldeko Elizak erlijio liburu politika bat abiatu zen, XX. mende azkeneraino iraunen duena. Jakina nihil obstat behar zuten liburu horiek, kalbinismoz kutsatuak ziren. Beraz, Iparraldean berrogei bat titulu argitaratu ziren, % 98 eliza liburuak: katxiima, itzulpen eta sorkuntza gutxi, literatura izena merezi dutenik. Horietan jadanik aipatu Petiri Axular nafarra eta Joanes Etxeberri Ziburuko lapurtarra, Donibane Lohizuneko eskolakoak izan ezik. Hegoaldean, Inkisizioaren suak eta harresiak aizolbean ezarri zituen.

Eta laikoek zer?

Agintari lotsagarriak. Euskal Herriaren batasun ezak ez zituen lagundu idazle laikoak, eta salbatu diren testu gehienak eskuizkribuak dira. Literatura zaharra garatu den herrietan, printze edo errege gorte bat bazegoen. Eta jaun handi horiek gutxi edo anitz liburugintza laguntzen zuten. Euskal Herriak izan dituen errege eta printzeek ez zekiten euskararik, eta latinetik herri hizkuntzetara igaro zenean, jaun handi horientzat eta haien administrazioentzat aiseago izan zen latinetik auzo erromantzetara joatea.

Liburu gisa, Bernat Etxepare nafarraren poemak Etxauz apezpikuaren babespean argitaratu ziren 1545ean. Beste bi laiko Hegoaldean eskuizkribu gisa doi-doia salbatu dira Arabako Juan Perez de Lazarraga, Larreako jaunaren olerkiak eta antzerki zati bat 1565. urte inguruan, baita Estibalitz de Sasiola andrearen poemak. Geroko mendean, Arnaut Oihenart zuberotarrak Atsotitzak eta neurthitzak bere moltsatik ordaindu zuen 1657. urtean. Eta gero laikoek isilaldi bat izan zuten. Eta hori Jusef Egiategik, filosofian euskaraz saiatu zenak, deitoratzen zuen (1785).  XX. mendean argitaratu ditugu haren lanak.

Hirugarren krisialdia: Ideia liberalak - Ilustrazioa, Frantziako Iraultza

Hegoaldean, garai horretan, Inkisizioaren harresi gibelean, euskal idazle laikoak ez ziren gure mintzaira idaztera ausartzen, ezta apaizak ere XVIII. mende erdiraino katixima (dotrina) idazteaz kanpo erlijio irakurgairik ematera. Baina irakurtzen zekianak auzoko hizkuntzak irakur zitzakeen.

Ilustrazioa (fr. Les Lumières) horiek kezkatzen hasi zen. Manuel de Larramendik bere gramatika (El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Vascongada, 1729) eta hiztegia egin ondoren (Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence, Latin, 1745), Hegoaldeko apaizak akuilatuak izan ziren erlijio irakurgai hobeak ematera. Orduan, euskalki bakoitzak prosista onik eman zuen: Sebastian Mendiburu, Pedro Antonio Añibarro, eta beste batzuk XIX. mendean. Hegoaldean, inkisizioak bizi-bizirik irauten zuen. Larramendik hitz berri asko asmatu zituen, eta nahiz Juan Ignacio de Iztuetak (Gipuzkoa), nahiz Jusef Egiategik (Zuberoa), erabili zituzten.

Iparraldean, Frantziako Iraultzaren kontra satirak idatzi baitziren, batik bat bi apezek idatzi zuten iraultzaileen ideien kontra, Salvat Monhok eta Jean-Baptiste Kamusarrik. Monhok, Iraultzaren aurka idatzi ondoren, Bonaparteren alde idatzi zuen elizak berriz ireki zituelako eta konkordatu bat sinatu. Gero, aita santua preso eduki zuenean, berriz aurka jarri zen.

Bertsolariek materialkiago beren miseriak kontatu zituzten. Hasieran, militarki goraipatu zuen baigorriar batek nola Madrilen 1808ko maiatzaren 2an espainolak tirokatu zituen. Beste batek Errusiako Napoleonen porrota kontatzen, lapurtarren exodoa Gaskoinia izterbegira Napoleonen armada galduarekin Senpereko Domingo Bidartek bertsotan eman du, edo Joanes Etxeto “Katxo” hazpandarrak 1819 aldeko miseriak. Joanes Elissaldek, berantago, korsikar txikiak bere balentriekin egin kalteen bertsoak ondu zituen.

Bide horretarik, ondoren, Mixel Elizanburu fraideak panfleto bortitza idatzi zuen Framazonak eta Frantziako hiru errepubliken ixtorioa (1890). Emmanuel Intxauspe zuberotar kalonjeak Uskaldunaren gutuna 1855ean lehentze argitaratu zuen eta azkenean “Erlijionearen etsaiak” panfletoan bi etsai ikusten dizkio Elizari: mahometanoak eta higanotak. Gero, hirugarren errepublikaren garatzearekin, beste etsai bat gaineratu dio zortzigarren argitalpenetarik landa, “Hargin Beltzak”, framazonak. Hor daude Charles Maurras frantses eskuin muturraren hiru etsaiak.

Laugarren krisialdia: Karlistadatik nazionalismora

Gerla horien ondotik, Hegoaldean euskararen kontzientzia bat sortu zen eta, armak utziz eta lumak hartuz, antzerki herrikoi bat abiatu zen Gipuzkoan, XIX. mendean, idazleekin (Ricardo Baroja) eta lan oparoekin.

Iparraldean, lore jokoek euskal kantugintza eta bertsogintza lagundu zituzten. Baina benetako kanbioa Sabino Arana Goirirekin XX. mendean emango da, kristau nazionalismoa (Jainkoa eta Lege zaharra) aldarrikatzen zuelarik, literatura hizkuntza “garbi bat” eskaintzen eta asmatzen zuelako. Sarritan, autore zaharrak ez ezagutuz, hitzak asmatzen ibili zen eta izenak itzultzen. Halere, horietarik batzuk errespetuz gorde ditugu: antzerki, arkatz, batzoki, beribil, hegazkin, ikastola, jaurlaritza, olerki, euskararen joeretan direlako; gero izenetan, Edurne, Irune, Jasone, Zorne, Gotzon, Jon, Kepa, Koldo.

Euskal mota horrek Hegoaldean idazle zenbait eman ditu, hala nola Lauaxeta poeta handia (1905-1935). Baina, laster, euskara hobeki zekien Azkuek abiatu zuen literatura hizkuntza berri bat gipuzkera osotua eta literatura euskara horrek idazle berri gehiago eman zuen: Andima Ibinagabeitia, Xabier Lizardi, Orixe, Jokin Zaitegi, baita garai batean Jon Etxaide, Juan Luis Lekuona, Luis Mitxelena, Gregorio Arrue, Jon San Martin. Iparraldean, Jon Mirandek bere poema gehienak hizkera horretan idatzi zituen eta Txomin Peillenek bere prosak. 1930etik 1960ko hamarkadaraino bizi-bizirik iraun zuen eta zahar batzuk zerabilten. Garai haietan, idazleen gehiengoa % 80-90 elizgizona zen (Ipar eta Hegoaldean), orain % 14 dira. Ulergarria da: Elizarekin estatu espainolak sinatu konkordatuak apaiz eta fraideak euskara ikasteko eta argitaratzeko apur bat gerizatzen zituen.

Bosgarren krisialdia: Kostunbrismotik modernismora

Jadanik euskaldunen erdiak baino gehiago hiritar izaki, kostunbrismoak eman eredu baserritar, folkloriko, zintzo, katoliko eta kontserbadorearekin aspertuak ziren. Euskal kostunbrismoaren lehen eredua Juan Antonio Mogelen Peru Abarka laborari katoliko eta zintzoa vs Barbero hiritar euskaraz gaizki berba egiten duena (Peru Abarca, 1802), Benedicite zer ez dakiana eta kristau otoitzak ere ez, hots konbertitu behar den ardi galdu hiritarra.

Hain zuzen, denbora berean, Iparraldean Mixel Elizanburu fraideak Lehenagoko euskaldunak zer ziren (1889) liburuarekin eskema berdin-berdina ematen digu. 

Txomin Agirreren Joanes artzaia (Garoa, 1935) vs ezkonarreba galegoa ardi beltz ezin zuritua eta bere Kresala eleberrian (1906) Ameriketan aberastu den euskaldun indiano fede galdu, dirudun eta parranda egilea, deabrua. Gutxi edo aski, 1960ko hamarkadaraino kostunbrismo manikeoak iraunen du.

Iparraldean kantuetan agertzen da binomio etsai hori, Luis Ligetxen paristarra eta baserritarra, baita Yolanda eta Kaiet eleberrietan. Geroago, Eñaut Etxamendik, Itxaro Bordak eta Mikel Zaratek laborari munduaren errealitatea kontatuko digute.

4. Euskarazko literatura garaikidea

Lehen higikundea (1948-1965)

1948tik 1965. urtearen bitartean izan zen. Hiritarrek hiri nagusietarik modernismoa abiatu eta kostunbrismoarekin urratuz, modernismoa abiatu zen Parisen, Bilbon eta Donostian.

Parisen, Jon Mirande (1925-1972) zuberotar ipuin beltz eta olerki erotiko idazleak 1950etik aurrera euskal literaturan debekatu gaiak erabili zituen: Soneto, suizidioaren askatasunaz (1948). Garaiko gizartearen zurikeriak salatzeko eta ipurtzurien eskandalizatzeko erailketaren, mozkortzearen eta pedofiliaren graziak goraipatu zituen, baita jende behartsuen miseria (“Merry Christmas”, 1949), Kristoren kontrako olerkia (“Jesu Ben Jose”, 1949).

Ondoren, Bilbon, Gabriel Arestik (1933-1975), bide beretik abiaturik, bere lehen poemak 1954.urtean Euzko-Gogoa aldizkarian publikatu zituen. Oraingo gizarte poesiara eta marxismora igaro zen, Harri eta Herri (1964) edo Harrizko Herri Hau (1970) publikatuz, poesian Blas de Otero eta Miguel Hernández eredutzat harturik eta, antzerkian, Bertold Brecht.

Donostian, Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” (1929-2012) Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin modernismoan sartu zen 1957 urtean, europar mailako eleberri existentzialista sortu zuen eta euskara batuaren langile handienetarik izan zen.

Hiru horiek kontserbadore kristauek gaitzetsi zituzten eta idatziz salatu alegia “gazteria usteltzen zutela”, hots Frantzian ehun urte lehenago Baudelaire eta Flaubertekin gertatuak euskaldunen artean berritzen.

Bigarren higikundea: literatura modernoa

Frederik Krutwigen (1921-1998) Vasconia marxista saiakerak berotuak (1963), euskaltzale asko marxista bilakatu ziren eta batzuk ETA higikundean sartu, euskaldun gizarte katoliko zintzoan, batean, artzainak eta ardiak gorritu ziren: Bitoriano Gandiaga, Manex Erdozaintzi Etxart, Jose Azurmendi eta Xalbador Garmendiaren gizarte arazoez testuak alde batetik, filosofiaz Piarres Aintziart eta soziopolitikaz Lopez Adan “Beltza”.

Garai horretan Bernardo Atxagak bere Etiopia poemarekin (1978) eta Ziutateaz eleberriarekin (1976), Joseba Sarrionandia bere erbesteko eta kartzelako olerkiekin nazioarteko mailara heldu ziren eta agertu.

Gero, Franco diktadorea hil ondoren, kultura mundua baikor eta emankor izan zen: Euskal Herriko Unibertsitatea Goio Monrealen taldeak sortu, Nafarroakoa gero ere. Arrasateko unibertsitate pribatua eta Deustukoa gaurkotu zituzten, diktadorea hil ondoren. Iparraldean ere euskal ikasketak garatu ziren abertzaleen eta ezkerreko zenbaiten eraginez. Baionako eta Bordeleko Unibertsitatean euskal ikasketak ireki ziren Jean Haritschelhar eta Julian Ajuriagerraren eraginez, baina euskal hizkuntza, literatura eta zibilizazioari mugatua. CNRS delakoak Iker ikertegia Baionan antolatu zuen, eskola bateko amerikar linguistikaz arduratzen dena eta apur bat literaturaz.

Jadanik, euskara batua abiatua zen eta UZEI-k unibertsitatetarako entziklopedia eta hiztegiak argitaratu zituen, euskarari jakintza guzietan 150.000 hitz gehiago eskainiz.

Horiekin orokin eta hamar bat argitaletxe sortuz, azkenean andreak ere askatu ziren eta modernismo bidean idaztera eman. Hegoaldean: Katixa Agirre, Yolanda Arrieta, Yolanda Elgorriaga, Josune Etxebarria, Mirari Gartzia de Cortazar, Maite Gonzalez, Lurdes Iriondo, Tere Irastortza, Arantxa Iturbe, Mariasun Landa, Amaia Lasa, Eukene Lizeaga, Laura Mintegi, Miren Agur Meabe, Josune Muñoz, Bibiñe Pujana, Eider Rodiguez, Gotzone Sestorain, Arantxa Urretabizkaia, Amaia Zubiria, Itziar Zubizarreta eta beste.

Iparraldean: Henriette Aire, Daniela Albizu, Maddi Anduetza Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda, Pantxika Erramuzpe, Luisa Giltzu, Amaia Hennebutte, Arantxa Hirigoyen, Laurence Larre, Mari Luisa Lehorburu, Marijan Minaberri, Rakel Pardo, Maddi Pelot, Maripi Solbes, Graxi Solorzano, Marikita Tambourin, Mari Treku, Josiane Valencia eta beste.

Zernahi erranik ere, kantitatearekin kalitatea ere iritsi da 1980 hamarkadetan gora eta euskal argitalpenak urtean hamar liburutik bi milatara altxatu dira, literaturak % 20-25 atxikitzen duelarik. 1980.urtetik 2000. urteraino urrezko urteak izan ditugu. Ez naizelarik idazle nasaiena hirurogei urtez, 23 literatura liburu eta 30 ikerketa lan eman ditut, erran nahi baita hiru mendeez egin zena bezainbeste. Urrezko garai horretan egun guziz, egunero, hiru mendeez bezainbeste liburu argitaratzen zen Euskal Herrian.

Oraingo idazle gehienak irratietan eta prentsan agertzen dira. Bagenuen ETB1 delakoan “Sautrela” emanaldia. Kendu digute. Literatura ez da errentagarri, salbu inprimatzaileentzat. Idazle batzuek prentsa zerbitzua eta kudeatzaile onak badituzte eta horiek dira kanpotar hizkuntzetan itzultzen direnak. Ez da hemen lekua bizirik diren literatura higikundeen luzaz aipatzeko, Joan Mari Torrealdai gureak oso ongi egiten baitu.

Iparraldean, laster berrogeita hamar urte izanen duen Maiatz aldizkariak irauten du eta liburu argitalpena badu. Hegoaldean, Egan (1948) aldizkariak 70 urte ospatu ditu. Karmeldarren Karmele aldizkari zaharrenak literatura ere publikatzen du; Jakin-ek (1960) nahiago ditu saiakerak argitaratu. Susa (1980), Behinola (1999), Hegats (Euskal Idazleen Elkarteko aldizkaria), Euskaltzaindiaren Erlea (2009), ITU taldearen Lekore (2016) gazte literatura aldizkariak badira ere.

Iparraldean, 1982an hasirik, Luzien Etxezaharretak besoen puntan eta buruaren gainean daramatza Maiatz, aldizkaria eta argitaletxea: 95 liburu eta 65 aldizkari eman ditu. 1999. urteaz geroz, sekulako lan ederra egin du poesiaren alde Auxtin Zamorak Senpere aldetik bere Hatsa elkartearekin eta poesia urtekariarekin, haur gazte eta helduak bilduz, urtero ehun bat testu labur argitaratuz.

5. Euskararen oztopoak historian zehar: liburugintza politikak

Elizaren botere hori aitzakia edo estakuru, biltzarrek eta batzarrek XIX. mende azkeneraino ez dute pilik emango idazleek erakutsi idazkiak liburu bilaka zitezen. XVII. mendean, Domingo Bidegarai fraideari eskolarako bi liburu argitaratzeko Nafarroa Behereko biltzarraren dirua hil eta gero heldu zitzaion eta haren lana galdu zen. Mende berean ez zuen zori hobea izan Mongongo Dassantza lapurtarrak bere albaitari lanekin. XVIII. mendean, Lapurdiko biltzarrak Etxeberri Sarakoari irakaskuntzako liburua argitaratzeko laguntza ukatu zion. XVIII. mendean, Jusef Egiategik (1785) ez zuen mezenasik lortu Frantziako Iraultza iritsi zelako. XIX. mendean, aldiz, Louis-Lucien Bonaparte linguistak zuen lehen eskola liburuak argitaratzea bultzatu eta garai berean Bizkaiko batzarrek eta Gipuzkoakoek liburu zenbait lagundu zuten (Artxu, Goihetxe, Iturriaga.)

Badirudi sorginen aurka egin ziren auziekin liburua, non ez zen erlijiozkoa, kalte sortzailea izan zitekeela eta laikoek ez idazteko estakuru bat gehiago bazuten. Euskarazko pentsaera luzarorako, katolikoa eta apostolikoa izango da. Elizak, sotilki jokatuz, Iparraldean lehenik eta Hegoaldean geroago liburu argitalpen politika bat eduki du gaur arte. Gai profanoez apaizek edo galtzadunek idatzitakoak eskuidazki gisa edo kopia moduan XIX. eta XX. mendeetan atzeman dira eta zenbait argitaratuz salbatu: Etxeberri-Sara, Pedro de Lazarraga, Larreako jauna, Estibalitz de Sasiola, Juan Antonio Mogel, Egiategi eta beste, Euskaltzaindiaren ardurapean.

Euskara batuak ekarri dizkio literatura idazleari grafia bat, gramatika bat eta hiztegi bat. Baina denek ez dute baliatu, Iparraldean euskalki eta azpieuskalki bakoitzak grafia eta hitz ezberdinak asmatzen hasi da, batzuetan ezagutzen ez zuten Iparraldeko hitza bazter utzirik. Batik bat leku, etxe eta jende izenetan anabasak jarraitzen du.

Halere, argi dago nafar-lapurterak euskara batuaren elementuak hartu dituela grafiaz kanpo. Baina alderantziz, euskara batuan hastapenean aditzean eta hiztegian Axularren lapurteraz baliatu bazen, argi dago azken hamar urteetan Iparraldeko ekarpenei atea ireki diela eta idazleek, batik bat poetek ipar eta ekialdeko euskaretan indarra edo goxotasuna ematen dietn hitzak mailegatzen dituztela. Hala nola Josean Artze zenak eta Jose Angel Irigaraik. Prentsan ere horrelako elkar trukaketak irakurtzen dira. Honela erdietsiko dugu gure buruetarik irauten duen muga erauztea.

Badakigu Hegoaldean, euskara koofiziala izatez, Euskaltzaindiaren gomendioak errespetatuagoak direla. Iparraldean, euskarak ez du benetako nortasunik eta Euskaltzaindia ez da erakundea, interes publikoko elkartea baizik. Halere, Hegoaldeko anaiek gure kultura, ekintzak, bekak, literatura sariak, ikastolak, argitalpenak ederki laguntzen dituzte. Eta Iparraldean Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Kultura Erakundeek liburugintza laguntzen dute.

Jakina, euskarazko literaturak ez bazituen ukan argitaletxe dinamikoak (Elkar, Erein, Euskaltzaindia, Maiatz, Pamiela, Susa, Txalaparta, Utriusque Vasconiae) 1980. urtetik aurrera eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza, ez genuen inoiz hartu atzerapena ezabatuko. Iparraldeko franko oldar horretaz baliatu gara argitaratzeko.

Txomin Peillen
Euskaltzain emeritua
2018ko otsaila

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper