Euskara batuaren historia Ipar Euskal Herrian

Berrogeita hamar bat urtez euskara batuak bere bidea egin du; Ipar Euskal Herrian ere bai. Haren beharra ez da eztabaidatua orain euskaraz idazten dutenengan eta gizarte-alor anitzetan sartua da, idatzia baina ahozkoa ere. Halere, oraino, klixe edo aitziniritzi batzuk bizi dira han-hemenka, bereziki euskara erabiltzen ez dutenengan. Beraz, egokia da euskara batua ontsa aztertzea ulertzeko zer den, zergatik sortu den, zertan den, etab. Testu honetan haren historia Ipar Euskal Herrian kontatuko dugu, laburki.

Historia hori azaltzeko, badakigu XX. mendea arte euskarazko dokumentu idatziak urriak direla. Interesgarriak izan daitezkeenak erlijio-liburuak eta itzulpenak dira nagusiki (Sarrera honetan Ipar Euskal Herrian euskarazko literaturaren historia laburra artikulua). Ikusiko dugun moduan, lurralde horretako idazleek liburuen aitzinsolasetan beren euskaraz idazteko aukerak eta zailtasunak usu aipatzen zituzten. Aipamen horien bidez historia hori kontatuko dugu. Bistan da mendeetan zehar Iparralde eta Hegoaldeko idazle eta intelektualen artean harreman eta elkarrekiko eragin batzuk izan ziren. Baina hemen Ipar Euskal Herrikoak bakarrik aipatuko ditugu.

Oro har, erranen nuke Ipar Euskal Herrian euskara batuaren historia luzea dela, anitzek pentsatzen duten baino luzeagoa. Era batez XVI. mendean hasi da, Joannes Leizarragarekin.

1. XVI. mendea: Joannes Leizarraga

Leizarraga

1545ean Bernart Etxepare apezak argitaratu zuen Linguæ Vasconum Primitiæ liburuan, euskaraz inprimatu den lehen liburuan, euskara “berze lengoajiak bezala hain eskribatzeko hon dela” aldarrikatzen zuen eta frogatu zuen. Baina 1571n Joannes Leizarraga apez erreformatuak Jesus Christ Gure Jaunaren Testamentu Berria liburuaren aitzinsolasean euskaraz idazteko zailtasuna azpimarratzen zuen:

(...) batbederak daki heuskal herrian kuasi etxe batetik berzera ere minzatzeko maneran zer diferentia eta dibersitatea den: razoin hunegatik sensu egiazkotik aldaratu gabe, lengoajeaz den bezenbatean ahalik gehiena guziei adi eraziteari iarreiki izan gaitzaitza, eta ez xoil edozein leku iakineko lengoaje bereziri.

Beraz, XVI. mendean jadanik, Leizarragak tokiko euskara ezberdinen gainetik beste bat xerkatzen zuen, euskara bat denentzat ulergarria, euskara batu mota bat. Bistan da erramolde hori orduko testuinguru soziolinguistikoan kokatu behar dela.

2. XVII. mendea: Axular, Juan de Tartas, Arnaud Oihenart

Pedro Agerre Azpilkueta “Axular” (1643)

Axularrek ere, bere Gero, bi partetan partitua eta berezia liburu famatuaren «Irakurtzailleari» atalean (1643), euskararen aniztasunari lotu zaion idazteko zailtasuna aipatzen zuen :

Badakit halaber ezin heda naitekeiela euskarako minzatze molde guztietara. Zeren anhitz moldez eta diferentki minzatzen baitira euskal herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian, eta bertze anhitz lekhutan (…) Finean bat bederak bere gisara, anzura eta moldera. Eztituzte euskaldun guztiek legeak eta azturak bat, eta ez euskarazko minzatzea ere, zeren erresumak baitituzte diferent (...)

Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzeses, edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak.

Aipamen horretan, Axularrek arrazoiz erraten digu euskara, ordu arte guti idatzia baitzen, inguruan dituen beste hizkuntzak bezala landua ez dela. Axulerren nahia egiazki gauzatuko da XX. mendeko bigarren zatian: euskarazko literatura nazioarteko mailako literatura bilakatuko da, genero denetan obrak emanez euskara batuaren hedapenarekin.

Juan de Tartas (1666)

Hogei urte berantago beste elizgizon batek, Juan de Tartasek, Onsa hilceco bidia liburuaren «Iraccurtçaliari» aintzinsolasean (1666) hau idazten zuen:

Ene euskara, eta lengajia eztakit aprobatia izanen denez, bai, ala ez, badu orotarik zerbait, zuberoak, Basanabarrek, eta lapurdik emandrauko zerbait, baina ez oro, aruen egindut neure pieza pobria, hanko lengajia ezpada aski eder, hanko euskarak, du ogena, eta ez euskaldunak.

Hots, idazteko, Tartasek Arüeko (Zuberoa) tokiko hizkeraren muga azpimarratzen du eta Iparraldeko hiru probintzietako euskalkiak baliatzen ditu. Hor ere, Leizarragaren kasuan bezala, ez dugu erranen euskara batua bilatzen duela, baina bai bere tokiko hizkeraren gain euskara zabalago bat bederen.

Arnaud Oihenart (1657)

Arnaud Oihenart legelari eta politikariak bere Les proverbes basques recueillis par le Sr d'Oihenart (Oihenart jaunak bilduriko euskal erran zaharrak) liburuaren aitzinsolasean (1657), euskara idazteko ortografia landu eta arrazoituren lehen saiakera eskaintzen du. Hori idazten zuen frantsesez: “Badira bizkitartean latin alfabetoan euskararako sobera diren letra batzuk, eta beste batzuk eskas direnak”. Eta ondotik hautatu zuen sistema ortografikoa zehazki azaltzen zuen, euskararen aniztasun fonetikoa kontuan hartzeko nahian.

Hemen ere ez dugu erranen euskararen ortografia sistema batu bat badugula, baina helburu horretan lehen saiakera, euskararen ahoskeren aniztasuna kontuan hartzen saiatzen zena. Hego Euskal Herrian, aldiz, euskarazko literatura-ekoizpena ahulagoa zen ordu arte eta holako gogoetarik ez zen agertzen.

3. XVIII. mendea: Etxeberri Sarakoa

Joanes Etxeberri Sarako medikuak Laburdiri euskararen hatsapenak eskuizkribuaren «Eskuara guztietan bat da» atalean hau idatzi zuen 1712an:

Orai bada konsidera badetzagu Eskualdunen arteko sinifikantzak, izenen deklinazinoak, berboen konjugazinoak, eta mintzatzeko manerak, kausituko tugu batzuek beraktsu (sic) direla Eskual-herrian, zeinek egiten baitute hitzkuntzaren izaitea eta batasuna (...).

Eskuara bere baitan bat dela, eta bertze zein nahi hitzkuntzetarik berezia.

Aipamen horretan, Leizarragak, Axularrek edo Tartasek egin zuten bezala, Joanes Etxeberrik bere aldetik ez du euskararen aniztasuna aipimarratzen. Euskararen beste aldea, batasuna deitu duena, nabarmentzen du, euskalki eta hizkeretan berdinak diren formak edota adierak. Aniztasun horrez gain euskararen unitatea aldarrikatzen du, XIX. mendetik at euskara aztertuko duten hizkuntzalariek baieztatuko duten gisan. Emeki-emeki oraingo euskara batura eramanen duten ideien eta gogoeten ibilbidea agertzen da.

4. XIX. mendea: Agosti Xaho, nafar-lapurtera

Agosti Xaho (1845, 1856)

Aipatuko dudan XIX. mendeko Ipar Euskal Herriko autorea Agosti Xaho izanen da (1811-1858). Argitaratzen zuen Ariel aldizkarian, frantsesez hau idatzi zuen, bere ustez euskarazko literaturan indarrean zen anarkia ez onartuz:

Akademia arauemailerik ez baitugu, jaun ikasiek eta goiko elizjendeak, herriaren aldeko maitasun gutienik balute, elkar ontsa adostu beharko lukete gure nazio literaturaren parte batean indarrean den anarkia geldiarazteko. (Ariel, 20, 1845/02/16)

Euskararen batasuna ez baldin bazuen aldarrikatzen, ortografia batu baten beharra azpimarratzen zuen ere eta bakarra proposatzen zuen.

Orain arte inprimatu diren liburu euskaldun denetako ortograa okerra eta baldarra dela erakusten ahaleginen dugu. Guk proposatzen dugunak euskalki denen ezberdintasunerako balio du. (ibid.)

La Guerre des alphabets liburuxkan (1856), frantsesez ere hau zioen:

Nafar-zuberotarrean agintaldian zakitzat izan dadin, lapurteran zazkiat, gipuzkeran zakizkit, bizkaieran zakidaz, etab. ez da inporta: euskalkien aberastasunak eta ezberdintasunak ez dute deus aldatu behar gure ortografia nazionalaren batasunean eta erregulartasunean.

Bere garaian Agosti Xaho aitzindariak euskararen akademia bat, ortografia batu bat ez baldin bazituen ezagutu, bidean ziren amets horiek mende bat hartuko dute oraino gauzatzeko.

Baina oraidanik, historia horren azken etapak kontatzeko, Iparraldeko eta Hegoaldeko ahaleginak ez bereiztea hobe da, bi lurraldeetako euskal idazleek eta intelektualek gero eta gehiago elkarrekin lan eginen baitute.

Nafar-lapurteraren papera XIX. mendearen bukaeratik eta XX. mendearen erdira arte

Euskalari batzuen ustez, oraingo euskara batu modernoa baino lehen, beste bat izan zen indarrean Ipar Euskal Herrian XIX. mendearen bukaeratik Bigarren Mundu Gerlaraino. Estandar mota hori aurki zitekeen Euskalduna aldizkarian, ondotik Gure Herrian, Jean Etxepare medikuaren liburuetan (Buruxkak, 1910, eta Beribilez, 1931) edo Elizaren dokumentuetan. Bistan da zuberera aparte egoten zen.

Baina hori baietatzeko, gaia ikertu beharko litzateke sakonki. Dokumentuak baditugu, baina hizkuntzalarien, soziolinguisten, literaturan adituen, historialarien ekarpenen beharra bagenuke ontsa ulertzeko zer neurritan Ipar Euskal Herrian garai hartan euskara batu bat indarrean zen. Euskara batu bat edo euskara mota bat nagusitzen zen? Bigarrena gehiago, ene ustez. Zein ziren euskara horren ezaugarri linguistikoak? Pierre Lafittek bere 1944ko gramatikan aipatzen zuen nafar-lapurtera literarioa ote zen (Grammaire basque (Navarro-labourdin littéraire)? Non, noiz, nola erabilia zen? Zein funtziotan, zein erregistrotan?

5. XX. mendea: ibilbidearen azken etapak

Euskaltzaindiaren sortzea (1919) eta euskara batuaren bila: Pierre Broussain eta Arturo Campión (1920)

1919an sortu bezain laster, Euskaltzaindiak ikerketa, txosten eta bilkurak egin zituen euskararen batasunaz. Urte bereko bere lehen estatutuetako 6. puntuan hau idatzia zen:

Ekingo du euskalgi oroen odolez azitako euskal-eredu bat gertutzen, itzez, itz-yoskeraz ta idazkeraz albait erabatetsuena, euskaldun guziak idatz-irakurketan erabiltzekoa.

Hastapenetik ere mugako bi aldeetako euskaltzainak izendatu zituen, elkarrekin lan egin zezaten. Adibidez, euskaltzain kideek galdaturik, 1920ko apirilean, Pierre Broussainek, Hazparneko mediku eta politikariak, eta Arturo Campiónek, Iruñeko idazle eta politikariak, idatzi zuten Informe de los señores académicos A. Campión y P. Broussain a la Academia de la Lengua Vasca sobre unificación del euskera txostena beste euskaltzainei aurkeztu zieten Donostian. Baina, euskara batuaren sortzeko prozesuan, Euskaltzaindiak kontrako indarrak bazituen kanpoan eta barnean, eta 60ko hamarkada arte aitzinamendu ttipiak izan ziren euskararen estandardizazioaren alorrean.

Baionako lantaldea (1963-1964)

Euskara batuaren sortzeko, urrats erabakagarria Baionan 1963-1964 urteetan izan zela erran daiteke. Euskara batua lotua da Euskaltzaindiak antolatu zuen Arantzazuko Biltzarrarekin (1968), baina aitzinetik bilkurak egin ziren euskara batuaren oinarriak lantzeko eta horietan sartzen dira Baionan izan zirenak.

Hain zuzen, 1963ko udazkenetik 1964ko uda arte, Jose Luis Álvarez Enparanza «Txillardegi» euskalariaren eta politikariaren gidaritzapean, zortzi hilabetez, aste oroz, zortzi euskaltzale bildu ziren Baionako Cordeliers karrikan lan egiteko. Euskaltzale ausart horiek ziren: Txillardegi beraz eta Eneko Irigarai (ETA, ETAren lehen heriotza-atentatua 1968koa da), Jesus Solaun eta Telesforo Monzon (EAJ/PNV) denak Hegoaldetik joandako iheslariak, Jean-Louis Davant (Enbata) eta Iparraldeko hiru elizgizon, Piarres Andiazabal, Roger Idiart eta Jean Hiriart-Urruty. Beste batzuek ere batzuetan parte hartu zuten lan horietan.

Euskara batzeko bidean, lana zen ortografiaz, aditzaz eta izenaren deklinabideaz bereziki proposamen sinple eta zehatz batzuen egitea. Taldearen lanaren fruitua ber gunean, 1964ko agorrilaren 29 eta 30ean, etorri ziren Euskal Herri osotik berrogei bat euskaltzaleei aurkeztu zieten eta 1968ko urrian, Arantzazun, Koldo Mitxelena euskaltzainak txosten batean aurkezturik, Euskaltzaindiak proposamenak onartu zituen. Baiona’ko Biltzarraren Erabakiak izenburuarekin 1966an argitaratu ziren. Hona, proposamen linguistiko  horiek baino lehen, dokumentuan agertzen zen aldarrikapena:

Baiona'ra euskaldun idazleak eta irakasleak bildurik, hona hemen Biltzarrak ontzat eman dituen puntuak.

Batasunari buruz, euskaltzale guziei erabaki hauek betetzen hasteko eskatzen diegu; eta bereziki Euskaltzaindiari egiten diogu dei bat, bere aipamen guziaz gure erabaki hauek aztertu ondoren onar ditzan.»

Behar ere, galdetu bezala, Euskaltzaindiak proposamen horiek aztertu zituen. Zer iraganen zen Baionako lantaldeak bere proposamenak mahai gainean ez baldin bazituen ezarri eta, bistan da, lau urte berantago Pierre Lafitte euskaltzainaren bidez Koldo Mitxelenak Euskaltzaindiaren Arantzazuko jardunaldira ez bazituen ekarri? Beste batzuek bezala uste dut denbora gehiago galduko zela euskararen batasunaren bidean. Zenbat ez dakit. Baina segur aski anitz eta gehiegi.

Arantzazuko Biltzarra (1968): Euskaltzaindiaren engaiamendu erabakigarria

Euskararen batuaren historiaren narrazioan, 1968ko urriko Arantzazuko Euskaltzaindiaren VII. Biltzarra mugarri gisa emana da. Eta hori argia da. Orduan Baionako proposamenak onartu ziren, besteak beste.

1964-ean Baiona'n egin zen biltzarraren erabakiak hartzen ditut oinarritzat, punturik gehienak astiroago ukituaz (K. Mitxelena, Ortografiaz txostena, 1968, Arantzazuko Biltzarra).

Eta urrunago joatea erabaki zen. Ondotik hamar urte hartu zuen Euskaltzaindiak batasunerako erabaki horiek gizartean zer harrera zuten ebaluatzeko. Bergaran, 1978ko irailean, ebaluazio hori egin zuen Euskaltzaindiak VIII. Biltzarrean eta beste proposamen batzuk, h letraz edo bustiduren ortogtafiaz, adibidez.

Arantzazuko eta Bergarako ondorioez gauza anitz erranik izan dira. Halere uste dut oraino euskararen aro garaikide hau ontsa aztertua ez dela. Gure aldetik, aurkezpen honetako azken lana izanen da erakustea pixka bat Ipar Euskal Herrian euskara batuaren harrera eta bilakaera nola gauzatu diren. Labur izateko gisan eta atzerapen edo ikerketa faltarengatik, adibide bakan batzuk bakarrik emanen ditugu.

6. 1968tik landa euskara batuaren sartzea eta bilakaera Iparraldeko euskal komunitatean

Hori da. Holako ikergaiak mota anitzeko ikerketak galdetuko lituzke euskara batuaren harrera eta bilakaera ontsa ulertzeko. Har ditzagun lexikoaren eta ortografiaren kasuak xehetasunetan sartu gabe.

Lexikoaren kasua: mugaren bi aldeetako harremanak

Hegoaldetik Iparraldeko euskara batura

Hona luzatuko ahalko genukeen zerrenda bat, Hegoaldeko hizkeretan hartu izan diren izen eta aditzak edukitzen dituena. Orain, bistan da, Hegoaldetik jinik ere, euskara batuarenak dira, Iparraldekoak bezala. Behar-beharrezkoak bilakatu dira, usuenik egiazko euskal sinonimorik ez baitzuten Iparraldeko euskalkietan. Latinari, frantsesari edo gaskoiari mailegu batzuen lekua hartu zuten.

Izen batzuk: aldizkari, antzerki, antzoki, arduradun, argazki, atzerri, aurrezki, baserri, batzorde, egoera, egoitza, egunkari, ekoizpen, eleberri, erakunde, eskubide, garrantzi, geltoki, giro, haurtzaindegi, hegazkin

Aditz batzuk: arduratu, atzerriratu, aztertu, bultzatu, erabaki, harpidetu, idatzi, izenpetu, lortu, ulertu, zapaldu

Iparraldeko gaur egungo ikastoletako haur bati edo AEKko ikasle heldu bati izen eta aditz horien gehiengoa ez zaie batere arrotz. Alderantziz, oso arruntak dira orain. Latin, gaskoi eta bereziki frantses mailegu zenbait ordezkatu dituzte denbora gutitan, Ipar Euskal Herrian erabilia zen euskara aberastuz. Hori da euskara batuaren iraultzaren alde baikorretarik bat. Laster euskara bizi modernoaren hizkuntza-beharrei moldatu zaie, euskalduna euskaraz bizi dadin eguneroko eremu eta ekintza denetan (hezkuntzan, administrazioan, lanean, aisialdietan, komunikabideetan, teknologia berrietan…). Bistan da, euskararen erabilera Ipar Euskal Herrian beste aztergaia da. Dena den, erran dezakegu gaur egungo euskaldunak hizkuntza bat tresnatua duela euskaraz bizitzeko.

Iparraldetik euskara batura

Baina beste norabidean ere hitzek bidaiatu dute. Euskara batuari Ipar Euskal Herriko euskalkien ekarpen nabariena lexikoari egin zaiona da.

Euskaltzaindiak 2016an publikatu duen Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bigarren argitaraldian, euskara batuaren hiztegia denez, 2.743 sarrera badira Ipar. laburdurarekin (Iparraldea). Gainera, 56 Lap. laburdurarekin (lapurtera) badaude, 47 BNaf. laburdurarekin (behe-nafarrera) eta 357 Zub. laburdurarekin (zuberera). Beraz 38.878 sarreratarik (gehi 7.302 azpisarrera), 3.203 Iparraldekoak dira: sarreretarik % 8,24. Horrek erran nahi du hitz horiek lehen Hegoaldean ez zirela erabiliak, bainan euskara batuaren lexikoan daudela orain. Eta Hegoaldeko euskaldunen lexikoan sartzen dira, gero eta gehiago. Euskara «amankomuna» aberastu dute, lexiko batua handituz.

Euskararen ortografiaren bateratzea

Arantzazuko Biltzarraren ondorioetan ere, Ipar Euskal Herrian euskararen ortografiaren bilakera eta finkatzea aipa daitezke. Emeki-emeki baina aski laster ortografia batua Iparraldeko idazleek bereganatu eta erabili zuten. Irakaskuntzan ere Hezkuntza nazionalak onartu zuen eta irakasleak, gutxi gorabehera, hasi ziren erabiltzen. Hona adibide batzuk:

ch > x Idazleek, kasik denek, frikari txistukari sabaikaria idazteko, ch frantses grafia utzi zuten x erabiliz: etxe *etche-ren ordez, etxeak *etcheak-ren ordez.

ph, th, kh > p, t, k Aski ahoskatuak izanik ere Iparraldean, Zuberoan bereziki, kontsonante herskari hasperendunak idazteko erabiliak ziren ph, th eta kh grafiak p, t, k hasi ziren idazten sistematikoki: apeza *apheza-ren ordez, beti *bethi-ren ordez, ikusi *ikhusi-ren ordez.

h hizkia kendu zuten hitz batzutan ala nola *hainitz hitzean, ainitz edo anitz idatziz. Baina zailago izan zen hitzaren barnean h kentzea. Adibidez eri hitzak bi adiera baditu: eskuaren zatia (*erhi idazten zena) edo gaixotasuna ukatea (eri idazten zena). Bi homonimo baditugu, bi homografo, ahoskeran bereizten zirenak. Bistan da, usuenik, testuinguruak anbiguotasuna desagerrarazten du. Era orokorragoan, kontuan hartu behar dugu hizkuntza baten ortografiak ahoskeraren ahostasunaren aniztasunaren kopia zehatza ezin duela egin. Hau da nazioarteko alfabeto fonetikoaren papera. Iparraldeko euskalkien idazteko ere, ortografia batu hori gero eta gehiago erabilia izan zen eta da. Kasu adierazgarriena da zubereraren oraingo ortografia. Euskara batuarena da, letra bat gehiago baliatuz, ü, [y] soinua idazteko.

Atal hau bukatzeko, azpimarratu nahi nuke nola euskara batuaren ortografiaren finkatzea urrats handia izan zen, euskararentzat eta hobe erranik euskal hiztunentzat. Ortografia den-dena ez da finkatua; gauza ttipi batzuk oraino dilindan daude. Baina, oro har, orain, Agosti Xahoren ametsa gauzatu dela erran dezakegu (ikus gorago). Daukagun ortografia hori egokia da, aski erraza ikasteko eta irakasteko. Frantsesaren ortografiari konparatzen baldin badiogu, zinez errezagoa. Eta ahoskerari hurbilagoa ere bai.

Ipar Euskal Herriko euskara batu berezi bat

Euskara batua gauza konplexua da, askotarikoa da eta aldakorra, gizarte-fenomeno anitz bezala. Hizkuntza arautuak denak bezala, idatzizko forman eta gehiago ahozko forman gauzatzen denean, euskara batua ez da batere monolitikoa. Eta Ipar Euskal Herriko kasuan, Iparraldeko euskara batu bat sortzen ari dela uste dut, frantsesaren (euskaldun elebakarrik gehiago ez da) eta Iparraldeko euskalkien eraginarengatik.             

Oro har, euskara batu hori idatzia denean, Euskaltzaindiaren arautegia aplikatzen da, ortografia, hitz berriak eta aditz arautua baliatuz. Baina Iparraldeko lexikoa eta erramoldeak atxikiz. Eragin hori fonetikan eta prosodian agertzen da gehiago, frantsesaren (euskaldunek denek frantsesa ezagutzen dute orain) eta batzuetan euskalkiengatik, eta hori, bistan da, hiztunaren arabera. Euskara hori batuagoa da idatzian ahozkoan baino, lurraldeko fonetika eta prosodia atxikitzen baitira ahoskatua denean. Hots, eta berriz ere, Iparraldeko euskara mota hori ez da osoki arautua, ez eta uniformea. Hiztun bakoitzak berea badu, hori idiolektoa deitzen da, eta mintzatzeko orduan moldatzen du solaskidearen arabera.

Azken hitza

Ikusi dugun bezala, historian zehar Ipar Euskal Herriak euskara batuaren sortzean eta garapenean parte hartu du. Orain, gero eta gehiago, euskaldunen arteko harreman fisiko eta birtualen bidez, aldatzen, aberasten den euskara batua, mugaz bi aldeetako ekarpenek moldatua da. Baina, tokiko ñabardura eta berezitasunekin.

Nahi ala ez, Mendebaldeko gizarte modernoan euskaraz bizitzeko, euskara estandarizatu bat behar zuten euskaldunek. Eta hori ez da egin euskalkiak baztertuz. Alderantziz. Baina, bizitzeko, euskalkiek eta tokiko hizkerek beharko dute haiek ere beren funtzioak eta erabilera-eremuak atxiki edo aurkitu. Nahi ala ez, euskaraz bizitzeko erregistro ezberdinak ere beharrezkoak izanen dira (euskara batua, biziguneko euskalkia bat baldin bada, tokiko hizkera, etxekoa, adiskideekikoa, etab.), erregistro formalak eta arruntak... alabari idazteko eta hiriko auzapezari idazteko, adibidez, hizkuntza mota berdina erabili behar ez baita.

Jean-Baptiste Coyos
Euskaltzain osoa
2019-12-08

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper