Euskara eskuz esku

Euskara batua, euskalkiak eta frantsesa Ipar Euskal Herrian:
2018ko inkesta soziolinguistikoa

Sarrera: inkestaren zergatiak

Euskara Batuaren EskuliburuaEuskararen biziberritzea bidean dago azken hamarkada hauetan, nahiz Hego Euskal Herrian, nahiz Ipar Euskal Herrian; eta dinamika horretan euskara batua tresnetarik nagusi bat bilakatu da. 1960ko hamarkadan hasiz, Euskaltzaindiak euskararen forma idatzi estandar bat garatu du (euskara batua), haren ortografia finkatuz, adizkiak, lexiko amankomuna eta zientzia-alor zenbaitena, euskal eta atzerriko izen berezi ohikoena, etab. Hizkuntza estandarizatu denak bezala, euskara batu hau uniformea ez da. Orain, administrazioetan, komunikabide handietan, irakaskuntzan ―ama-eskolatik unibertsitatera―, literaturaren zati handian erabilia da Hego Euskal Herrian; baina Ipar Euskal Herrian ere. Euskalki ezberdinetako euskaldunen arteko elkar-ulertzea ahalbidetzen du. Gainera ama-hizkuntza bilakatu da euskara galdu zuten lurralde eta hiri handietan.

Gaur egun Ipar Euskal Herrian euskara batuaren, euskalkien eta frantsesaren arteko harremanak ulertzea lagungarria izanen zaio Euskaltzaindiari; baina ulermen hori beharrezkoa da ere euskararen alde eramaten diren hizkuntza politiken eraginkortasuna indartzeko.

Galdera anitz badira. Adibidez, zein da, hurrenez hurren, euskara batuaren, euskalkien eta frantsesaren lekua, euskaldun denak elebidunak direla jakinez? Ipar Euskal Herrian erabilia den euskara batuaren forma zein da? Noiz erabilia da? Zein elkarbizitza mota du euskalkiekin eta zein geroa dute euskalkiek euskara berri horren ondoan? Oro har, zein da euskararen geroa nagusitzen den frantses hizkuntza nazionalaren parean, ingelesa aipatu gabe?

Konplexu, aldakor eta guti ikertua den errealitate soziolinguistiko hori ulertzen saiatzeko, galdera horiei erantzuten ahalegintzeko, inkesta bat euskaraz eraiki dugu. 13 galdera idatzien erantzunak posta elektronikoz itzuli ziren (30 inkestatu) eta, bestetik, erantzunak elkarrizketa grabatuen bidez bildu ziren (10 elkarrizketatu). Hona emaitza nagusiak, baina lehenik inkestatuen profila azal dezagun. Ikus ere Sarreran euskara batuari buruzko argibide-testuak.

Inkestatuen profila

Inkestaren helburua ez zen euskara batuari buruz edo euskalkiei buruz han-hor Ipar Euskal Herrian entzuten ditugun sentimenduak, aitziniritziak, edo klixeak biltzea, batzuetan euskara ezagutzen ez dutenen bidez hedatuak.

Gure xede-taldea ezberdina zen, euskararen profesionalena zen: irakasleak, idazleak, kazetariak, lurralde-kolektibitateetan lan egiten duten euskara teknikariak, itzultzaileak... Euskararen transmititzaile publikoak dira; erabiltzaileei hizkuntza-eredu bat eskaintzen diete. Era orokorrean hizkuntzaren preskribatzaileak dira, zuzenki, irakasleak bezala adibidez, edo zeharka, kazetariak bezala.

Atxiki ditugun 40 inkestatuen ezaugarri nagusiak hauek dira. 14 emazte eta 26 gizon dira, 35-90 urte bitartekoak. 32 sortu dira Ipar Euskal Herrian, horietarik 15 Nafarroa Beherean; baina kostaldean, Lapurdin, nagusiki bizi dira (24 inkestatu), bereziki Baiona-Angelu-Biarritz hirigunean. 35ek euskara lehen hizkuntza jaso dute (ezaugarri hori garrantzitsua da inkestaren emaitzen ondorioak ateratzeko mementoan). 13 irakasle dira, 6 idazle, 6 kazetari, 6 euskara teknikari, 4 itzultzaile eta 5ek kulturan euskaraz lan egiten dute.

Inkestaren emaitzak

3.1. Zazpi galdera itxien erantzunak (bai-ez) eta inkestatuek emendatu dituzten iruzkinak

1. galdera: Zure ustez Iparraldeko euskara batu berezi bat ba ote da orain?

Bai: 23 (% 57,50). Ez: 11 (% 27,50). Bai eta ez: 3 (% 7,50). Erantzunik ez: 3 (% 7,50).

Baietz erran eta iruzkinak egin dituztenek, Herria astekariari, Berria egunkariko Ipar Euskal Herriko Hitza gehigarriari, ikastolei eta gau eskolei esker estandar mota bat badela erraten dute edo sortzen ari dela, Hegoaldekoari konparatzen baldin badiogu. Baina nahaste bat da, frantsesak eta Ipar Euskal Herriko euskalkiek kutsatua. «Bai eta ez» erran dutenen artean, hona baten aipamena: «Zaila zait bai ala ez biribil erantzutea, joera nagusi bat badela erranen nuke, bai, baina ez dakit Donapaleun eta Hendaian “iparraldeko batu” bera baliatzen den, ez dut uste».

 

2. galdera: Baietz erantzun baldin baduzu, uste duzua euskara batu idatzi bat badugula orain Iparraldean? BAI baldin bada, zoin dira haren ezaugarriak?

Bai: 20 (% 50,00). Ez: 3 (% 7,50). Bai eta ez: 5 (% 12,50). Erantzunik ez: 12 (% 30,00).

Euskara batu idatzi berezi bat badela erran dutenek (% 50ek) euskara batuaren arautegia (Euskaltzaindiarena) aplikatzen dela uste dute, hitz berriak eta aditz arautua baliatuz, aldiz Iparraldeko lexikoa eta erramoldeak atxikiz. Horrengatik Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko idazleak ezberdintzen ditugu.

 

3. galdera: Halaber, 1. erantzunean baietz erran baldin baduzu, orain Iparraldean ahozko euskara batu mota bat badela uste duzua? BAI baldin bada, zoin dira haren ezaugarriak?

Bai: 20 (% 50,00). Ez: 6 (% 15,00), Bai eta ez: 2 (% 5,00). Erantzunik ez: 12 (% 30,00).

Baietz erran dutenek uste dute euskara batu hori gehiago markatua dela idatzian ahozkoan baino. Bertako fonetika eta prosodia atxikitzen dira, zubererakoak aparte egonez. Frantsesaren eta euskalkien prosodiek eragina handia dute ahoskeran.

 

4. galdera: Euskara batuak kalteak ekartzen ote dizkie Iparraldeko euskalkiei?

Bai: 3 (% 7,50). Ez: 32 (% 80). Bai eta ez: 3 (% 7,50). Erantzunik ez: 2 (% 5,00).

Gehiengo handiak ezetz erantzun du. Euskara batuak berak euskalkiei ez die kalterik egiten, baina gaizki erabiltzeak bai, euskalkiak murritzak eta okerrak direla pentsatzeak edo Hego Euskal Herriko berezitasunak egiazko batua direlako usteak ere bai. Aldiz, frantsesak kalte egiten die. Euskara batua euskalkien kontrakoa dela «auzi faltsu» bat da, bakoitza behar den egoeran erabiltzen baldin bada.

 

5. galdera: Iparraldeko hizkeren berezitasunak zaindu behar ote dira? Zergatik?

Bai: 37 (% 92,50). Ez: 0 (% 0). Bai eta ez: 2 (% 5,00). Erantzunik ez: 1 (% 2,50).

Hemen baiezkoaren aldeko ahobatezkotasuna handia da (% 92,50). Gehienik erabilia den kalifikatzailea «aberatsa, aberastasuna» da. Baietz erran duten 37 inkestatuetarik 21ek hitz hori erabili dute (aberastasuna, aberasten, aberatsa, aberatsago etab., altxor bat ere bai). Iparraldeko euskalkiek euskara batua elikatzen dute. Nortasun markatzaileak dira, mintzatzeko plazera ematen dute, belaunaldien arteko komunikatzeko baliagarriak direlarik. Baina ez dira aski zainduak eta pobretzen ari dira.

 

6. galdera: Hizkuntza aniztasuna baliagarria ote da euskararentzat?

Bai: 35 (% 87,50). Ez: 1 (% 2,50). Bai eta ez: 0 (% 0). Erantzunik ez: 4 (% 10,00).

Galdera hau 5. galderari hurbila zaio eta baiezkoaren aldeko ahobatezkotasuna aski handia da (% 87,50). Hau azpimarratzen dute inkestatu batzuek: garrantzitsua da bizpahiru tresna ukaitea (euskara batua, euskalkia, tokiko hizkera, familiakoa…), erregistroak. Hemen ere batek baino gehiagok aberastasun nozioa aipatzen du.

 

7. galdera: Beharrezkoa ikusten ote duzu euskara batuaren izatea Iparraldean? Zergatik?

Bai: 38 (% 95,00). Ez: 0 (% 0). Bai eta ez: 1 (% 2,50). Erantzunik ez: 1 (% 2,50).

Kasi gehiengo osoa batuaren beharrezkotasunaren alde dugu (% 95), inkestatu horietarik anitz lehen-hizkuntzaz euskalkidun izanik ere (% 87,50). Inkestatuen ustez, euskara batua beharrezkoa da Ipar Euskal Herrian elkar ulertzeko, euskalkidunekin, Hegoldekoekin eta diasporarekin. Bigarren arrazoia da, oraingo bizi modernoan hiztunen beharrei erantzuteko, hizkuntza denak estandarizatuak direla (irakaskuntzan, administrazioetan, hedapen handiko komunikabideetan, teknologia berrietan, zientzietan…). Zergatik ez euskara?

Nehork ez du erran IEHn euskara batua izatea beharrezkoa ez dela. Hori litzateke, behar bada, inkesta honen ekarpen nagusiena.

 

3.2. Sei galdera irekien erantzunak

8. galdera: Zoin dira euskara batuari lotuak diren arazoak Iparraldean?

Galdera honen formulazioa ez da neutroa. Ipar Euskal Herrian euskara batuarekin arazorik badela pentsaraz lezake, baina, bistan da, inkestatuak arazorik ez zela erantzun zezakeen, batzuek egin duten bezala. Iruzkinen multzo osoa sei «arazo» mota ezberdintan sailka daitezke.

- Arazoa frantsesa da (eta gaztelania), ez euskara batua.

- Euskara batua Iparraldekoa ez da, urruna da eta gaizki aurkeztua.

- Euskara batua ez da ezagutua Iparraldean, ondorioz nahasten tokiko euskararekin.

- Euskara batua arazoa da euskaraz eskolatuak ez direnentzat (nagusiki adineko jendea).

- Euskara batuak euskalkiak ahul litzake.

- Euskara batuaren “musika” ezberdina da. Azken ohar hau bi inkestatuk bakarrik egin dute.

 

9. galdera: Iparraldean egiten diren huts moten artean, zoin dira larrienak, zure ustez? Zoin dira ohikoenak?

Ikusi dugun bezala, era batez inkestatu denak euskararen preskribatzaileak baitziren, helburua zen euskararen kalitatea nola ikusten zuten erran zezatela. Euskararen balizko puristek, garbizaleek, arauzaleek beren ikusmoldea eman zezaketen, baina bai ere eskalaren beste buruan “huts” nozioa bera dudan ezartzen zutenek edo hutsik ikusten ez zutenek.

Halere, gehiengoak hutsak aipatu ditu, batzuetan hamar bat ezberdin. Hauek dira bi aipatuenak. Bata da frantsesaren eraginari lotuak diren hutsen multzoa (itzulpen zuzenak, kalkoak, maileguak...). Inkestatu batek idatzi du: «Hutsak egiten dira frantsesez pentsatzen delako eta gero euskarara itzultzen.» Bestea da kasu ergatiboaren ez ematea (edo gaizki).

 

10. galdera: Zuk, euskara batua non, noiz eta norekin baliatzen duzu? eta 11. galdera: Eta zure euskalkia non, noiz eta norekin baliatzen duzu?

Euskara batuaren erabilera aipatuenak dira, alde batetik Hegoaldean eta Hegoaldekoekin (inkestatuen % 52,77), eta, bestetik, lanean (% 50).

Suposa genezakeen bezala, euskalkia da, bat menderatzen dutenen kasuan bederen, hurbiltasunaren hizkuntza: familia, ahaidetasuna, adiskideak, auzoak herri txikietan, adinekoak. Neurri urriagoan erabilia da ere lanean, lankideen artean. Baina euskara batua da haien lan-hizkuntza.

 

12. galdera: Zure ustez, zoin da euskara batuaren eta euskalkien geroa Iparraldean?

Hemen, bistan da, nehork ez baitaki zuzen zer gertatuko den, helburua zen berriz ere usteak, sentimenduak biltzea, optimistenak eta pesimistenak, euskara batuzaleenak eta euskalkizaleenak, etab. 39 erantzun dutenetarik 5ek erran dute ez zekitela eta beste 5ek ez dute erantzun argirik eman.

Euskara batua indartuko dela da inkestatuen gehiengoak aurreikusten duen bilakaera nagusia: 34 inkestatuetarik 19k. Horietan 11k uste dute ber denboran euskalkiak ahulduko direla eta 3k desagertuko direla. Ondoko iritzia da elkarrekin biziko direla, 5 inkestatu. Gero biak ahulduko direla, 4 inkestatu. Azkenik, euskalkiak eta euskara batua desagertuko direla, 1 inkestatu.

 

13. galdera: Zerbait gehiago errateko ba ote duzu euskara batuari eta euskalkiei buruz Ipar Euskal Herrian?

Azken galdera ireki horrek inkestatuari parada ematen zion erran nahi zuena emendatzeko eta anitzek baliatu dute, hain zuzen 33 inkestatuk. Inkestaren ikergaiaren interesa haientzat erakusten digu. Batzuetan orrialde erdikoak, eta iruzkin horiek laburblitzea hemen ezinezkoa da.

Beraz batekin bakarrik buka dezagun: «Ene ustez gerla faltsua da. Eztabaida ideologikoa. Euskara batua, orain ulertzen dugun bezala, euskalki bat gehiago da. Batua euskalkien gainean dagoela sinesten baldin badugu eta euskalkiaz (ba al dago horrelakorik?) mintzo direnak gaitzestera heltzen bagara, orduan galdua da euskara bera».

 

Inkestatik atera daitezkeen ondorio nagusiak

Gaur egun euskara batuaren, Ipar Euskal Herriko euskalkien eta frantsesaren arteko harremanak aztertzea ikerlan konplexua da. Inkesta soziolinguistiko honen bidez erantzun-elementu batzuk ekartzen saiatu gara, hizkuntza-ekosistema horri buruzko ikerketak urriak direla jakinez.

Inkestaren hamahiru galderei berrogei lekukoen erantzunak bilduz, teorikoki bostehun eta hogei erantzun eskura genitzakeen. Hona halere emaitza nagusi batzuk:

  • Lekukoen % 95ek inguru Ipar Euskal Herrian euskara batua beharrezkoa dela pentsatzen dute.
  • % 92,50ek baino gehiagok lurralde horretako hizkeren berezitasunak zaindu behar direla uste dute. Kontraesanik ez da bi iritzi hauen artean.
  • % 80k baino gehiagok euskara batuak euskalkiei kalterik ekartzen ez diela.
  • Erdiak baino gehiagok euskara batu berezi bat badela orain lurraldean, frantsesaren eta lurraldeko euskalkiengatik.
  • Inkestatuen arabera, Ipar Euskal Herrian euskara batua ez da ongi ezagutua, euskalkiekin nahasten da eta euskaraz eskolatuak ez diren euskaldunentzat zalantzazkoa da.
  • Baina lehen arazoa lurralde horretan osoki nagusitzen den frantsesa da. Euskaran berean ere eragina du.
  • Nagusiki, euskara batua Hego Euskal Herrian eta Hegoaldekoekin erabilia da. Lan-hizkuntza da ere. Aldiz, euskalkia, bat menderatzen dutenen kasuan, hurbiltasunaren hizkuntza da.
  • Geroan, oraingo bilakaera hau jarraikitzen baldin bada, familian eta eskolan guti transmitituak baitira, euskalkiak ahulduko direla eta euskara batua indartuko dela da inkestatuengan aurreikuspen hedatuena.

 

Inkestari buruz gehiago jakiteko hona bi artikulu

  1. Euskera 2018, 63-2, “Euskara batua eta euskalkiak.... dialektologian inkesta
  2. Euskera 2019, 64-2, “Euskara batua eta euskalkiak.... inkestaren bigarren zatia”

Atari bibliografikoa

baliabideak

Azkue Biblioteka eta Artxiboa

Azkue Biblioteka eta Artxiboa
ordua

ORDUTEGIA

Azkue Biblioteka eta Artxiboaren jendaurreko ordutegia:

9:00 - 14:00

Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.