Patxi Ondarra Erdoziaren bilduma

Ondarraren bizitza eta lana
Patxi Ondarraren Funts Onomastikoa

Nafarroako Bakaikun jaio zen 1925eko maiatzaren 19an. Feliziano Ondarra eta Maria Erdozia gurasoak ere bakaikuarrak ziren. Izan zituzten sei seme-alaben artean Patxi zen zaharrena.

1937an, 12 urte zituelarik eta Espainiako Gerra Zibila puri-purian zegoela, sartu zen kaputxinoek Altsasun duten seminarioan.

Apez ikasketak egin arte ikas ibilbidea hau izan zen: Altsasun Humanitate ikasketetako bost urteak, Hondarribian Filosofiako bi lehenbizikoak, ondoren Zangozan nobiziotza urtea, handik Lizarrara joan zen Filosofiako hirugarrena eta Teologiako lehendabizikoa egitera, eta, azkenik, Iruñean amaitu zituen Teologiako hiru hurrengoak. 1949ko abenduan apeztu zen eta meza berria Altsasuko komentuan eman zuen Eguberri aitzinetik.

Hasiera-hasieratik nabaritu omen zitzaion historia eta hizkuntzak ikasteko joera berezia. Euskaraz gain latina, greziera, frantsesa eta alemana ikasi zituen eta eskatzen zuten baino maila altuagoa lortzen saiatzen omen zen bere kabuz eta, Teologia egiten aritu zen urteetan, hebreera ere nahiko ongi ikasi omen zuen. Hala aitortzen du berak, meza eman eta hurrengo urtean kaputxinoen probintzialak igorritako gutun baten erantzunean:

En Pamplona estudié mucho hebreo y leía casi sin diccionario los libros históricos. Leí el Pentateuco, Josué, Jueces, Samuel, Reyes, etc. Aspiraba a traducir con el tiempo la Biblia de las lenguas originales al vascuence... En cuanto al griego, he leído casi todo el Nuevo Testamento. El alemán, una de las lenguas más necesarias en punto a Escritura, me parece que lo entiendo con bastante facilidad. Vascuence también he estudiado mucho, aparte de ser mi lengua materna. Mi centro está aquí.

Zergatik adierazten zion bere lekua hemen zegoela? Bada, Probintzialak Txilera joateko proposamena egin ziolako eta Patxik bere burua zertarako ikusten zuen gai eta zertarako ez jakinarazteaz gain, guziaren gainetik hemen geratu nahi zuelako. Badaezpada ere, probintzialak zalantza izpirik izan ez zezan-edo, honela laburbildu zuen erantzun gutun hori:

En resumen, yo no me siento ni con aptitudes, ni con entusiasmo para los ministerios a los que me destinan y, en consecuencia, desearía no contasen con un servidor.

Hala ere, probintzialak tinko eutsi zion bere proposamenari eta Patxik hurrengo gutun batean honela erantzun zion:

Me dice que acepte sin titubeos mi destino. Digo, pues, que me resigno, nada más, a ir a Chile. No siento ninguna ilusión por ir allá. Si voy, será únicamente porque me mandan.

Hamahiru urtez irakasle aritu zen Santiago hiriburutik 25 kilometrora dagoen Paine izeneko hirian kaputxinoek zeukaten seminario txikian, hizkuntza irakasle batik bat; baina, aldi berean, batere bere gustuko ez ziren zenbait ardura ere hartu behar izan zituen ikastetxe hartan, bertzeak bertze, ikasketaburu izan zen zazpi urtez eta zuzendariorde eta diziplina prefektu bertze hiru urtez. Hala ere, Txilen emandako urte haiek aprobetxatu zituen ingelesa ikasteko, eta maila ona lortu zuen nonbait, Michigan Unibertsitateko Proficiency in English titulua eskuratu baitzuen 1961ean.

1964an, hamahiru urte segidan han egin ondoren, merezitako oporrak hartu eta hona etortzeko aprobetxatu zuen. Hasiera batean oporraldi garai horretan bere familia bisitatzera etorri bazen ere, behin betiko Nafarroan gelditu zen.

1965etik 1967 bitartean Tuteran eta Zangozan aritu zen irakasle, eta bertze bi urtez Donostian. Azken hiri horretan bere ama hizkuntza sakontzen hasteko aukera ona izan zuen eta, urte bat geroago, 1968an –apeztu zenetik 19 urte pasatu ondoren–, Lekarozera igorri zutenean, hasi zitzaion Patxi Ondarrari bere betiko asmo eta ametsak asetzeko bidea irekitzen. Orduan bai erran ahal izan zuen «mi centro está aquí». Ematen duenez, oraingo honetan aurkitu zuen leku eta gune aproposa bera gai sentitzen zen lanetan murgiltzeko, ikasten segitzeko eta ikerketan trebatzen hasteko. Lekarozko komentua, euskal kulturarekin lotura handikoa izateaz gain, zenbait euskaltzainen bizilekua ere izan baitzen, bertzeak bertze, Damaso Intzakoa eta Polikarpo Iraizozkoa euskaltzain osoena eta Arrigarai, Eusebio Etxalarkoa, Aurelio Etxarri Aranazkoa eta Jurgi Errezukoa urgazleena. 19 urte lehenago Biblia euskaratzeko asmoak urrunxko gelditu zitzaizkion nonbait eta Lekarozko ikastetxean, irakasle aritzearekin batera, alor berriak jorratzen hasi zen. Euskararen ikerketarako bere burua hobeki jantzi nahian, UNEDen matrikulatu eta lau urteren buruan, 1980an, 55 urte zituela, filologian lizentziatura lortu zuen.

Ikasketa horiek amaitzear zituela izendatu zuten euskaltzain urgazle, 1979ko abenduaren 20an, eta, zazpi hilabete geroago, 1980ko uztailaren 31n, euskaltzain oso, Jose Mari Satrustegi, Jean Haritschelhar eta Henrike Knörr euskaltzainek proposatuta, bertze kaputxino batek, Aita Polikarpo Iraizozkoak hutsik utzitako aulkia betetzeko. Sarrera ekitaldia Altsasuko kaputxinoen komentuan egin zen, 1981eko martxoaren 22an, eta hitzaldian «Polikarpo Aitak zituen euskal esku-idatzi zaharren aurkezpena» izenburuko gaia garatu zuen. Erantzule J.M. Satrustegi izan zen.

25 urte egin zituen Patxik Lekarozen, baina fraideek ikastetxe hura Nafarroako Gobernuari saldu ziotenetik, bakaikuarrak Iruñera joan nahi izan zuen eta 1993az geroztik zendu aitzineko 12 urteak, Altsasun egindako egonaldi batzuk salbu, Iruñeko San Pedro auzoko kaputxinoen komentuan pasatu zituen. Urte horietan buru-belarri aritu zen ikerketa lanetan eta bere bibliografian ikusten ahal den bezala, euskarazko testuak argitaratzea izan zuen ia-ia helburu bakarra, idatzi zituen liburu gehienak eta artikulu franko garai honetakoak baitira.

Patxi Ondarraren lanak

Aipatu dugu Lekarozen hasi zela alor berriak lantzen, eta bibliografian ikusten ahalko den bezala, nahiz eta bertze zenbait gai ere landu, bi izan ziren gehien jorratu zituenak: Arkeologia (Megalitika, bereziki) eta Euskara.

Megalitika.

Patxi, alde batetik, pertsona isila, langilea eta gauza guziei zuhurki erreparatzen ziena zen; eta, bertzetik, beti agertu izan zuen naturarekiko maitasuna eta mendizaletasuna. Bere jai eta opor egunetako atseden eta gozamenik handiena mendian ibilbide luzeak egitea izaten zen, zer ikusi eta ikasi, zer berri aurkitu bere fitxategia osatzen joateko. Mendizale ibiltari nekaezin honek, bai Baztandik hasi eta Bertizarana, Malerreka, Bortzerriak, Artesiaga, Kintoa, Lantz, Belate, Ultzama, Anue... eremuetako bidexka eta xoko guziak, bai bere sorterri inguruko Aralar, Urbasa, Altzania, Lizarrusti... mendietakoak ere, pausoz pauso ezagutzen zituen eta trikuharri, oroitarri, mugarri, monolito, cromlech, tumulu... ugari aurkitu zituen. Nafarroan urte haietan megalitikan aditu zirenekin harremanak izan zituen, bertzeak bertze, Tomas López Sellés jaunarekin eta, hain zuzen ere, 1977an López Sellés zendu zenean Nafarroako Foru Diputazioak Príncipe de Viana Erakundearen Indusketa eta Arkeologia batzordekide berria izendatu zuen Patxi Ondarra.

Alor honetan egindako aurkikuntzen lekuko dira aldizkari espezializatuetan argitara eman zituen zenbait artikulu, bost Príncipe de Vianan eta hiruna Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarran, Trabajos de Arqueología de Navarran eta KOBIEn. Guzien gainetik aipagarria, izan duen oihartzunagatik, 1973an Baztango Soralar mendian aurkitu eta izen hori daraman menhir neolitikoa, 4 metro eta 30 zentimetroko altuera, 3’5 tona, eta gizon eta emakumearen grabatuak dituena.

Euskara.

Euskaltzain izendatu berri hartan egin zitzaion elkarrizketa batean zioen euskal gauzetarako izugarrizko grina izan zuela beti eta, euskalduna eta nafarra zen aldetik, bere xede nagusia Nafarroako euskalduntasunaren erakusketa egitea zela, alegia, Nafarroan non, noiz eta nola hitz egiten zen ezagutzera ematea ondoren hartu beharreko erabakiak hartzeko.

Argitara eman dituen lanak hiru atal nagusitan sailkatzen dira: a) Joakim Lizarraga Elkanokoa, b) Aita Polikarpo Iraizozkoa eta c) Euskal testuak.

    1. Joakim Lizarraga Elkanokoa. Lekarozko hasierako urteetan Megalitikan murgildu bazen ere, ikusten ahal da berehala ekin ziela euskararen inguruko gaiei[1].

    2. Aita Polikarpo Iraizozkoa. Euskaltzaindiko aulkian ordezkatu zuen Iraizozkoaz ere lan ugari utzi dizkigu. Euskera aldizkarian lau artikulu, horietako bat sarrera hitzaldian garatu zuen gaia eta bertze bat Iraizotzen 1997an Euskaltzaindiak egin zuen Aita Polikarporen mendeurrenean azaldu zuen txostena «Aita Polikarpo Iraizozkoaren bizitza eta obrak» izenekoa. Mendeurren horren ondorioz, Euskaltzaindiak proposatuta, Nafarroako Gobernuak hiru liburutan eman zituen argitara Iraizozkoaren lanak, Hitz neurtuzko lanak batean eta Hitz lauzko lanak bertze bietan, hirurak Patxi Ondarrak prestatuak.

    3. Euskal testuak. Aipatutako bi egile horien liburuez gainera, Karmelen bertze bat ere idatzi zuen, Arakistain eta Zuzaeta karmeldarren idazlanak biltzen dituena[2]. Iñaki Caminok argitaratutako Hego-nafarrera liburuan dio Ondarra euskaltzainaren ikerketak baliabide paregabea izan direla Goñerriko euskaraz fruitu gehiago lortu ahal izateko.

Euskaltzaindian izandako ardura

Hiru batzordetan aritu zen batik bat:

  1. Dialektologia. Batzorde honetan sarrera hitzaldia egin zuen urte beretik hasi eta hamabi urtez aritu zen; horietako hamarretan, 1981-1987 eta 1989-1993 bitartean, batzordeburu izan zen, eta bertze bitan, 1987-1989, buruorde. Batzorde arduraz gain Maileguzko Hitz Berrien Azpibatzordean eta Lexiko Irizpideen Finkatze lanetan parte hartze zuzena izan zuen, baita Dialektologiarako Nafarroan egin ziren inkestetan ere. Hiztegia biltzeko zuen zaletasunaz jabetzeko aski da bere lanak ikustea. Adierazgarria da 1965ean argitaratu zuen bere lehendabiziko lana Voces vascas de Bacaicoa izan zela eta 40 urteren buruan inprimategira eraman zuen azkenekoa lan hura osatua izan zela, oraingo hau euskaraz emana, Bakaikuko euskal hitzak, esaerak etab. izenekoa.

  2. Gramatika. Batzorde honetako kide bertze hamabi urtez izan zen, 1993an Dialektologiakoa utzi zuenetik bere azken egunak arte. Patxi Ondarrak eginbehar guziak zintzoki betetzeaz gain, oso gustuko zuen Euskal Gramatika. Lehen Urratsak (EGLU) argitalpeneko materialetan gramatika-fenomeno bitxi samarrak aztertzen zirenean bereziki, berak prestatu eta argitara eman zituen Nafarroako hainbertze testutatik jaso zituen lekukotasunak proposatzea.

  3. Onomastika. Batzorde hori 1983an eratu baino lehenago osatu zen behin-behineko Herri Izendegia Lantaldeko kide izan zen eta, 2001az geroztik, berak hala eskatuta, Onomastika Batzordeko kide aholkulari. Lekarozen egon zenean datu asko bildu zituen ongi miatu zuen Baztango Udaleko artxiboan. Lan horren lekuko dugu, erraterako, 1984an argitara eman zuen “Apeo de Baztan” artikulua, Baztango XVIII. mendeko etxe izenak biltzen dituena. Artxibo hartan eta Lekarozko komentukoan egin zuen lanaren lekuko da, bere azken egunetan, Andres Iñigori eta Paskual Rekalderi iritsarazi zigun materiala.

Erran beharrik ez dago zein zehatza zen, bai agirietatik hartzen zituen datuak biltzean, bai bere mendi ibilaldietan entzuten zituen forma biziak jasotzean. Bere ustez oker jarriak ziren zenbait izenen salaketa egin zuen; erraterako, arkeologoek Abauntz izenarekin bataiatu zuten Arraizko kobazuloa Lamiñzulo zela zioen; Aralar mendian Atlantiko eta Mediterraneorako urak banantzen diren puntuan dagoen trikuharria, J. M. Barandiaranek, Ataungo ahoskeraren arabera, Argonitz izendatu zuena Arginarotz dela; eta Barandiaranek Mailarreta izenaz bataiatutako Arraiozko trikuharria, Baztango dokumentazioaren arabera Mairuilarrieta dela.

Euskaltzain nafarra

Nafarroan euskararen arrastoak aurkitzen aritzeak liluratzen zuen Patxi eta, gorago aipatu dugun bezala, euskalduna eta nafarra zen aldetik, euskaltzain izendatzean bere buruari jarri zion helburu nagusia Nafarroako euskalduntasun historikoa erakustea zen, non eta noiz hitz egiten zen eta nolakoa zen euskara hori, horren ondorioz euskara baturako behar ziren erabakiak hartzeko.

Aipatzekoa da bere kezka nagusiak euskararen egoera eta etorkizuna zirela, baina Nafarroako ikuspuntutik abiaturik. Bertze modu batera errateko, bere kezkak euskara batua eta euskara Nafarroan ziren. Pertsona isila, hitz gutikoa baina zehatza, behar baino gehiago hitz bat ere egiten ez zuena, eta hitz bat bertzea baino altuago ere ahoskatzen ez zuena. Hala ere, ohi ez bezala, erabat asaldatu eta haserre bizian jartzen zen. Behin, euskararen munduaren barrenetik batuari buruzko kritika gogorrak plazaratu zirenean, hizkuntza berria, asmatua, artifiziala, Martekoa eta abar zela zioten zenbait adierazpen eta iritzi kritiko zirela eta; bai eta Nafarroan Patxiren biziaren azkeneko 30-40 urte hauetan loratzen ari zen hizkuntza itotzeko hartu ziren neurri gogorrak ikusita, eta, bereziki, bertako hizkuntza propioari egunkarietako iritzi artikuluek erakusten zioten errespeturik ezak minduta.

Patxi Ondarra, izateko moduagatik, ez zen bere burua inola ere agerian jartzen zutenetakoa; hala ere, euskararekiko zuen kontzientzia eta konpromiso pertsonalak behin edo bertze bulkatu zuen nafar gizartearen aitzinean aurpegia ateratzera. Lingua navarrorum inoiz ez zela nafarren hizkuntza izan, nafar batzuena baizik, eta Nafarroa, Euskal Herria eta Vasconia izenak nazionalisten asmakizun berriak bertzerik ez zirela zioten artikulugileen aitzinean agertu zuen bere iritzia.

Eroriko batek eragindako zaurien ondorioz, Patxi Ondarra 2005eko uztailaren 30ean hil zen, euskaltzain oso zeneko 25 urte bete behar zituen bezperan, hain zuzen. Isil-isilik, bizi izan zen bezalaxe, eta, itxuraz, ustekabean joan zitzaigun. Berarentzat, ordea, azken ordu hori ez zen ustekabekoa eta bat-batekoa izan.

Hasieran aipatu da euskaltzain izendatu berri hartan, euskalduna eta nafarra zen aldetik, zertan saiatu nahi zuen argi eta garbi adierazi zuela. 25 urteen buruan, bere bizitzaren helmugan, Patxi Ondarra langile nekaezinak uzta oparoa utzi dio euskarari eta Nafarroari. Uzta baliagarria Euskaltzaindiaren lanetarako eta kultura ekarpen interesgarria Nafarroarentzat, bai historiaurreko megalitika aurkikuntzengatik, bai paper zahar ezkutatuetatik aterata ezagutzera eman dituen bertako hizkuntzaren ezaugarriengatik, bai Baztango Udaleko eta Lekarozko komentuko artxiboetatik jasotako datu onomastikoak haren jaiotzaren mendeurrenean eta haren omenez "Patxi Ondarraren Funts Onomastikoa" izenburupean argitara eman ditugunak.

Bibliografia

 

Laburdurak

ASJU = Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo».

BIA/BEB = Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkaria / Boletín de Estudios del Bidasoa

BRSVAP = Boletín de la Real Sociedad Vasca de Amigos del País.

CEEN = Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra.

FLV = Fontes Linguae Vasconum, studia et documenta.

PV = Príncipe de Viana.

TAN = Trabajos de Arqueología de Navarra.

 

Lanak

APECECHEA, Juan eta ONDARRA, Patxi (1994). Jesukristo, Maria eta Santuen Bizitzak. Joakin Lizarraga. Edizio kritikoa. Nafarroako Gobernua.

ONDARRA, Patxi (1965). «Voces vascas de Bacáicoa», Boletín de la Real Sociedad Vasca de Amigos del País, XXI, 3-4, 387-412.

ONDARRA, Patxi (1972). «Producción literaria de Joaquín Lizarraga (1748-1835)», FLV 11, 1972, 265-281.

ONDARRA, Patxi (1975a). «Nuevos monumentos megalíticos en Baztán y zonas colindantes», PV 138-139, 1975, 5-46.

ONDARRA, Patxi (1975b). «Nuevos monumentos megalíticos en Baztán y zonas colindantes», PV 140-141, 1975, 403-433.

ONDARRA, Patxi (1976a). «Nuevos monumentos megalíticos en Baztán y zonas colindantes», PV 142-143, 1976, 21-54.

ONDARRA, Patxi (1976b). «Nuevos monumentos megalíticos en Navarra», PV 144-145, 1976, 329-363.

ONDARRA, Patxi (1977). «La parábola del hombre y el dragón», Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 27, 377-388.

ONDARRA, Patxi (1978a). «La Escuela de gramática de Joaquín Lizarraga, en Elcano», FLV 28, 1978, 127-138.

ONDARRA, Patxi (1978b). «Manuscrito de pláticas en euskera guipuzcoano en los capuchinos de San Sebastián (I)», FLV 30, 1978, 525-546.

ONDARRA, Patxi (1979). «Manuscrito de pláticas en euskera guipuzcoano en los capuchinos de San Sebastián (II)», FLV 33, 1979, 91-119.

ONDARRA, Patxi (1980a). «Joaquín Lizarraga en el Diccionario de Azkue», FLV 34, 1980, 107-141.

ONDARRA, Patxi (1980b). «Catecismo del siglo XVIII en vascuence de Uterga (Valdizarbe)», FLV 35-36, 1980, 173-221.

ONDARRA, Patxi (1980c). «Las vascongadas de Barbarin y Corres, Navarra y Álava», FLV 35-36, 1980, 371-382.

ONDARRA, Patxi (1981a). «Polikarpo Aitak zituen euskal esku-idatzi zaharren aurkezpena», Euskera 26, 1981-2, 633-649.

ONDARRA, Patxi (1981b). «Primer sermón en vascuence navarro (1729)», FLV 38, 1981, 147-173.

ONDARRA, Patxi (1981c). «Iraizoz-ko Polikarpo Aitaren hamalaukoak», Egan 1-6, 1981, 29-32.

ONDARRA, Patxi (1982a). «Garesko euskarari buruz zerbait», Euskera 27, 1982-2, 647-653.

ONDARRA, Patxi (1982b). «Materiales para un estudio comparativo del vascuence de Elcano, Puente la Reina, Olza y Goñi», FLV 39, 1982, 133-228.

ONDARRA, Patxi (1982c). «Textos en vascuence navarro de Baztán, Nuin y Urdazubi», FLV 40, 1982, 387-401.

ONDARRA, Patxi (1982d). «Nuevos monumentos megalíticos en Navarra», PV 165, 1982, 7-29.

ONDARRA, Patxi (1983). «Hemezortzigarren eta hemeretzigarren mendeetako euskal gutun ez-ezagunak» Iker-2, Piarres Lafitte-ri omenaldia. Euskaltzaindia, 475-489.

ONDARRA, Patxi (1984a). Ongui iltzen laguntzeco itzgaiac. Joakin Lizarraga. Edizio kritikoa. Euskararen Lekukoak 10. Bilbo: Euskaltzaindia.

ONDARRA, Patxi (1984b). «Zegamako Doctrina Christiana (1741)» Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo” 18-2, 3-62.

ONDARRA, Patxi (1984c). «Apeo de Baztán (1726-1727)», Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 44, 5-48.

ONDARRA, Patxi (1985a). «Iuan de Beriain eta perpaus konposatua» Aingeru Irigarayri Omenaldia. Eusko Ikaskuntza, Cuadernos de Sección, Hizkuntza eta Literatura 4, 1985, 221-235.

ONDARRA, Patxi (1985b). «Escritos en vascuence del P. Esteban de Adoáin (1808-1880)», FLV 46, 1985, 343-405.

ONDARRA, Patxi (1985c). «La parábola del hombre y el dragón», CEEN 46, 1985, 103-108.

ONDARRA, Patxi (1986a). «Dos pláticas inéditas del P. Sebastián de Mendiburu», FLV 47, 1986, 151-165.

ONDARRA, Patxi (1986b). «Los cromlechs y túmulos de la estación megalítica de Atxuri», KOBIE (Serie Paleoantropología) 15, 1986, 229-232.

ONDARRA, Patxi (1987a). «Oieregi-ko Buenaventura Aita (1886-1956)», Euskera 32, 1987-1, 25-32.

ONDARRA, Patxi (1987b). «Textos en vascuence en el pueblo de Goñi», FLV 49, 1987, 117-140.

ONDARRA, Patxi (1987c). «Dos pláticas en vascuence del siglo XVIII», FLV 50, 1987, 281-316.

ONDARRA, Patxi (1987d). «Los altos mojones de Belate-Zahar», CEEN 50, 1987, 365-375.

ONDARRA, Patxi (1988a). «Igorre-ko Julen Aita (1898-1988)», Euskera 33, 1988-2, 483-485.

ONDARRA, Patxi (1988b). «Bertitzarana eta Malerrekako trikuharrriak», KOBIE (Serie Paleoantropología) 17, 169-179.

ONDARRA, Patxi (1988c). «Nuevos monumentos megalíticos en Navarra (III)», TAN 7, 119-143.

ONDARRA, Patxi (1988d). «Edestiaurreko oroitarriak Baztanen», Baztandarren Biltzarra, Elizondo, 36-37.

ONDARRA, Patxi (1988e). «Monumentos megalíticos en Baztán», Pueblos de Navarra hoy, Pamplona.

ONDARRA, Patxi (1989a). «Nafarroako Bertitzaranan aurkitutako euskal testuak», Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo” 23-3, 701-755.

ONDARRA, Patxi (1989b). «Los Arcos-en euskal izena Urantzia ote?», Euskera 34, 1989-2, 723-724.

ONDARRA, Patxi (1989c). «Goñerrin aurkitutako sei euskal testu (1743-1753)», FLV 53, 1989, 97-144.

ONDARRA, Patxi (1989d). «Lantz eta Ultzamako mugetan edestiaurreko oroitarri berriki aurkituak», CEEN 54, 1989, 503-519.

ONDARRA, Patxi (1989e). «Edestiaurreko oroitarri berriak Nafarroan», KOBIE (Serie Paleoantropología) 18, 1989, 167-182.

ONDARRA, Patxi (1990a). Urteko igande guzietarako prediku laburrak. Joakin Lizarraga, Elkanokoa. Edizio kritikoa. Euskararen Lekukoak 16. Bilbo: Euskaltzaindia.

ONDARRA, Patxi (1990b). «Irun eta Hendaian emandako bi euskal prediku (1831-1932) », Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkaria, 7, 1990, 7-37.

ONDARRA, Patxi (1990c). «Goñerrin aurkitutako lau euskal testu (XVIII. mendean)», FLV 55, 1990, 73-121.

ONDARRA, Patxi (1990d). «Lantz hiriko mendietan edestiaurreko oroitarri berriak», CEEN 56, 1990, 335-340.

ONDARRA, Patxi (1991a). «Noticias megalíticas en los papeles de Tomás López Sellés», TAN 10, 1991-92, 167-183.

ONDARRA, Patxi (1991b). «Amoresco eta doloresco Jesu Christoren pausoac», Memoriae L. Mitxelena magistri sacrvm, Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, Gehigarriak 14. Gipuzkoako Foru Aldundia, 301-313.

ONDARRA, Patxi (1991c). «Irun eta Oiartzungo bi testu (1832-1834)», Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkaria, 8, 103-132.

ONDARRA, Patxi (1991d). «Aita Polikarpo Iraizoz (1897-1980)» Euskera, 26, 1981-1, 495-496.

ONDARRA, Patxi (1991e). «Goñerrin aurkitutako beste sei testu», FLV 57, 1991, 131-168.

ONDARRA, Patxi (1991f). «Fr. Juan Ajuriaren idazlanak (1800-1825)», Euskera 36, 1991-3, 923-992.

ONDARRA, Patxi (1992a). «Bizkaierazko testu berri bat (1778)» Iker-6, Luis Villasanteri omenaldia. Euskaltzaindia, 367-391.

ONDARRA, Patxi (1992b). «Oieregiko testu berriak», Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, 26-1, 181-204.

ONDARRA, Patxi (1992c). «Gartzainen aurkitutako Kristau Ikasbidea», Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, 26-3, 977-1002.

ONDARRA, Patxi (1992d). «Fr. Migelek darabiltzan zenbait hitzez», Euskera 37, 1992-1, 545-555.

ONDARRA, Patxi (1992e). «Errezuko Jurgi aita (1896-1992)», Euskera 37, 1992-1, 623-627.

ONDARRA, Patxi (1992f). «Goñerrin aurkitutako testuak (IV)», FLV 60, 1992, 297-333.

ONDARRA, Patxi (1993a). «Goñerrin aurkitutako testuak (IX)», Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, 27-1, 299-320.

ONDARRA, Patxi (1993b). «José Matías de Elizalde (1776-1856), Urdazubiko monastegiko azken abatearen predikuak», Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, ASJU, 27-2, 575-611.

ONDARRA, Patxi (1993c). «Goñerrin aurkitutako testuak (X)», Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, 27-3, 903-947.

ONDARRA, Patxi (1993d). «Goñerrin aurkitutako testuak (VIII)», Euskera 38, 1993-1, 59-124.

ONDARRA, Patxi (1993e). «Goñerrin aurkitutako testuak (V)», FLV 62, 1993, 137-153.

ONDARRA, Patxi (1993f). «Hemezortzigarren mendeko bertsoak», FLV 64, 1993, 531-553.

ONDARRA, Patxi (1993g). «Edestiaurreko oroitarri berriak han eta hemen Naparroan», TAN 11, 1993-94, 31-37.

ONDARRA, Patxi (1993h). «Euskaltzaindia», La Verdad, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutietako astekaria, 1993-X-16.

ONDARRA, Patxi (1994a). «Javier Ramon de Lakoizketa Bertiz-ek izan zituen testuak», FLV 65, 1994, 161-183.

ONDARRA, Patxi (1994b). «Javier Ramon de Lakoizketa Bertiz-en euskal testuak», FLV 66, 1994, 349-369.

ONDARRA, Patxi (1994c). «Goñerrin aurkitutako testuak (VI)», FLV 67, 1994, 521-554.

ONDARRA, Patxi (1995). «Goñerrin aurkitutako testuak (VII)», FLV 68, 1995, 173-190.

ONDARRA, Patxi (1996a). «Juan Martin de Ibero (1729-1783), Izuko parrokuaren testuak (I)», Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, 30-2, 645-702.

ONDARRA, Patxi (1996b). «Juan Martin de Ibero (1729-1783), Izuko parrokua (1754-1783)», FLV 72, 1996, 235-267.

ONDARRA, Patxi (1996c). «Ollon 1777. urtean emandako testuak», FLV 73, 1996, 465-482.

ONDARRA, Patxi (1997a). Hitz neurtuzko lanak. Aita Polikarpo Iraizozkoa. Nafarroako Gobernua.

ONDARRA, Patxi (1997b). «Mendiburu gipuzkerara itzulia», Iker-10, F. Krutwig-i omenaldia. Euskaltzaindia, 279-298.

ONDARRA, Patxi (1997c). «Aita Polikarpo Iraizozkoaren bizitza eta obrak», Euskera 42, 1997, 1+2, 61-75.

ONDARRA, Patxi , UNZUETA, Antonio (1997). «Fr. Migel San Frantziskorena (Zuzaeta), Fr. Jose Jesus-Mariarena (Arakistain): XVIII-XIX. mendeetako Karmeldarrak. Idazlanak». Karmel sorta 10. Karmel: Markina-Xemein.

ONDARRA, Patxi (1998). «Juan Martin de Ibero (1729-1783), Izuko parrokuaren testuak (II)», Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, 32-1, 231-309.

ONDARRA, Patxi (1999a). Hitz Lauzko Lanak I (1927-1949). Aita Polikarpo Iraizozkoa. Nafarroako Gobernua.

ONDARRA, Patxi (1999b). «Aulestia: 1833. urteko testua», Litterae Vasconicae 7, Labayru Ikastegia, Bilbao, 9-49.

ONDARRA, Patxi (2000). Hitz Lauzko Lanak II (1928-1949). Aita Polikarpo Iraizozkoa. Nafarroako Gobernua.

ONDARRA, Patxi (2001a). «Patria Vasconum lingua», Diario de Noticias, 2001-III-27.

ONDARRA, Patxi (2001b). «Lingua Navarrorum», Diario de Noticias, 2001-VII-29.

ONDARRA, Patxi (2001c). «Nafarroa», Diario de Navarra, 2001-XI-26.

ONDARRA, Patxi (2003). «España, País Vasco, Navarra», Diario de Noticias, 2003-II-07.

ONDARRA, Patxi (2004a). «Aurkezpena» in Sakanako Hiztegi Dialektologikoa, J. L. Erdozia Mauleon. Nafarroako Gobernua – Euskaltzaindia, IX-XI.

ONDARRA, Patxi (2004b). «Bakaiku 1951», Diario de Noticias, 2004-VI-08.

ONDARRA, Patxi (2004c). «Bakaiku 1936», Diario de Noticias, 2004-VI-19.

ONDARRA, Patxi (2004d). «Provincia hermana», Diario de Noticias, 2004-VII-01.

ONDARRA, Patxi (2005). «Bakaikuko euskal hitzak, esaerak etab.» FLV 100, 2005, 481-523.

 

  1. Ikus Bibliografia.
  2. Ikus Bibliografia.

Nafarroako Gobernua
Euskaltzaindia

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus