Patxi Ondarra Erdozia Bakaikun (Nafarroa) jaio zen 1925eko maiatzaren 19an eta Iruñean hil 2005eko uztailaren 30ean.
Fraide kaputxinoa, Filologia Hispanikoan lizentziaduna eta irakaslea. Euskaltzain oso 1980an izendatu zuten, Polikarpo Iraizozkoak utzitako hutsartea betetzeko.
Gizon isila eta, aldi berean, langile nekaezina eta ikertzaile sakona eta zehatza izan zen. Argitara eman zituen lan ezagunenak Arkeologiaren (Megalitika, bereziki) eta Euskararen alorrekoak dira. Azken honetan plazaratu zituen lanak, han-hemenka aurkitutako euskal testu zaharrez gain, Joakim Lizarragari eta Polikarpo Iraizozkoari buruzkoak dira aipagarrienak. Baina ez horiek bakarrik, bai baititu bertzelakoak ere, erraterako, Dialektologiaren eta Gramatikaren ingurukoak.
Horietaz gainera, Onomastika haren oso gustuko gaia zen. Horren seinale, bertzeak bertze, Lekarozko kaputxinoen komentuan irakasle izan zen 25 urteetan zehar, 1968 eta 1993 bitartean, Baztango Udaleko Artxibotik, bereziki, eta komentuko “Borda Ubillos” eta “Aita Donostia” izeneko fondoetatik ere jaso zituen datu onomastikoak ditugu.
Makinaz edo eskuz idatzi eta zenbait karpetatan bildua zuen material hori da, hain zuzen, bere azken egunak hurbil zituela konturaturik nonbait, 2005eko ekain-uztailetan Andres Iñigoren eta Paskual Rekalderen esku utzi zuena. Eta material hori bera digitalizatua, sailkatua, antolatua eta kontsultetarako egokitua da, Patxi Ondarraren jaiotzaren mendeurrenean, eta haren omenez, Euskaltzaindiaren webgunean “Patxi Ondarraren Funts Onomastikoa” izenburupean ezagutzera ematen dena.
Prestatzaileak:
2025eko abendua