*Norantza baztertzeko hitza da. Galdetzaileetatik izenak sortzeko, -ko erantsi ohi da. Adibidez, nondik galdetzailetik, nondik(ak)o ateratzen da, eta ez *nondika; norekin galdetzailetik, norekiko ateratzen da, eta ez *norekika; zergatik galdetzailetik, zergatiko, eta ez *zergatika... Horregatik ez da egokitzat jotzen *norantza. Haren ordez, noranzko da izen egokia.
Esanahiari dagokionez, noranzkoa norabide batean higitzeko dauden kontrako bi eretako bakoitza da (es: sentido / fr: sens). Norabide bakoitzean, bi noranzko daude: joatekoa eta etortzekoa.
Norabidea, berriz, norbait edo zerbait nora doan edo nondik datorren adierazten duen lerro zuzena da. Sortalde-sartalde norabidean.
Hizkera arruntean, norabide erabiltzen da maiz bi esanahiekin: norabidea eta noranzkoa adierazteko. Hizkera teknikoan edo zehaztu behar denean, ordea, ezinbestekoa da biak bereiztea.
Azkenik, ohartaraztekoa da gaztelaniazko ‘sentido’ eta frantsesezko ‘sens’ hitzek, adiera batzuetan, zentzu hitza dutela euskal ordaina baina zentzu ez dela noranzko hitzaren sinonimoa; ez da egokia, beraz, euskaraz izan ez duen adiera arrotz hori ematea zentzu hitzari [EH; Matematikako Oinarrizko Lexikoa]