Alegia diskurtso-markatzailea -(e)la menderagailuarekin zein hura gabe erabiltzen da: Argiaren zalea da, alegia, ez duela beste zuhaitzen itzalik nahi. Gauza bat da arrantza, astoarena, alegia, eta bestea arrantza, itsaso-erreketako arrainena. [EH]
Birformulatzaileen sailekoa da, hau da bezala. Batzuetan, aurreragoko atal batean adierazitakoa argitzeko edo osatzeko erabiltzen da: Eskutitz-sail bat zen, gutun-sail bat, alegia. Beste batzuetan, azaldu nahi denari sarrera emateko: Zera adierazi dio, alegia, ez dadila hemendik aurrera bere andregaiarekin joan.
Puntuazio-arazoak sortzen ditu sarri. Zenbaitetan koma soil bat jartzea aski bada ere (esaterako: Eskutitz-sail bat zen, gutun-sail bat, alegia), beste zenbaitetan, estilo-liburu gehienen ustez, egokiago izan liteke puntuazio zorrotzagoa erabiltzea (puntu eta koma; bi puntu; puntua). Adibidez: Justiziaren sinboloa, balantza alegia, ezin ordezka liteke beste edozein gauzakiz; orga batez, adibidez > Justiziaren sinboloa —balantza, alegia— ezin ordezka liteke beste edozein gauzakiz; orga batez, adibidez. Besterik gabe idatzi nuen, ez zidan lan handirik eman alegia > Besterik gabe idatzi nuen; ez zidan lan handirik eman, alegia / Besterik gabe idatzi nuen. Ez zidan lan handirik eman, alegia.
EUSKALTZAINDIA. “Birformulazioa: alegia ”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (26-27).