Hizkuntzalaritzan, hizkuntza batek beste hizkuntza baten hitz edo esamolde bat itzuliz sortzen duen forma da kalkoa. Adibidez, telefono hitza mailegua da (bere horretan hartzen da elementua); urrutizkin, berriz, kalkoa (beste baten eredutik berera egokituriko, itzuliriko egitura). Kalkoa berez ez da baztertzekoa, baina bai tentuz neurtzekoa. Ez da baztertzekoa, berez, kalko batzuk egokiak izan litezkeelako, hizkuntzak beretzat naturaltzen dituen neurrian (esaterako: (informatikako) sagu, diru beltz, (kafe) ebaki, argi berdea eman...); baina badira kalko desegokiak ere: hizkuntzaren sistemari erasaten dioten haiek (*laburmetraia ; *ilea hartu ; [hondartzara goaz] *beltzak ipintzera; *gertaera berri batzuk eman dira , eta horiek dira baztertzekoak. Euskararen kasuan, zuhurtziaz begiratzeko kontua da, hizkuntza gutxitua izateaz gainera, inguruan indar handiko hizkuntzak baititu.
GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (13-23).