ERREGIMENA. Esanahi bera izanik ere (finean aditz bera baitira), badute desberdintasunik. Jarraiki ekialdeko tradiziokoa da batez ere, eta da/zaio erregimenetakoa da. Apaiz gaixoa jarraiki zaio gillotinaren gaineraino. Jarraitu, berriz, mendebaldekoa da (duela berrehun urtetik honakoa), eta du/dio erregimenetakoa: objekturik ez badago, du (Lanean jarraitzen du); objektua baldin badago, dio. *Bidea jarraitu du (> Bideari jarraitu dio).
Ez da egokia, beraz, *Ni bideari jarraitu natzaio (> Nik bideari jarraitu diot), du/dio aditza baita jarraitu. Ni bideari jarraiki natzaio, berriz, egokia da, jarraiki aditza da/zaio baita. Biek (bai jarraituk bai jarraikik) dute sinonimo segitu aditza , baina horrek ez ditu haien erregimenak pareko. [EH]
ADITZ TRINKOA. Aditz trinko gisa ere jokatzen du jarraikik, baina beste aditz batzuen analogiaz-edo sortu diren *darraiote, *darraiozu eta gisakoak ez dira forma arautuak. Da/zaio sailetakoa denez, beste era honetara moldatzen da: Polizia lapurrei darraie. Ni narraio San Gregorioren kontseiluari. (Euskal aditz batua, 104]
JARRAIKI, ADITZONDO? Ez da forma egokia aditzondo gisa erabiltzeko: *Zuri jarraiki iritsi dira gailurrera (> Zuri jarraikiz/jarraituz/jarraika iritsi dira gailurrera). [EH]
KALKOA. Erdarazko ‘con’/‘avec’ preposizioen eraginez eginiko esaldi kalkatu batzuek ez dute testigantzarik literaturan, molde berriak dira. Adibidez: ?Lanarekin jarraitu du serio-serio (> Lanean jarraitu du serio-serio (‘zertan’ jarraitu). Lanari jarraitu dio serio-serio (‘zeri’ jarraitu)). ?Yes (bai) botoia sakatu, eta instalazioarekin jarraituko dugu (> Yes (bai) botoia sakatu, eta instalatzen jarraituko dugu (‘zertan’ jarraitu)). Antzeko arazoa dute beste zenbait aditzek ere (hasi, amaitu...).
EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: segitu (du/dio)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: (trinkoak) jarraitu, jarraiki (darraio, ninderraion)”, Jagonet galde-erantzunak.
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "jarraitu", Ehulkuren aholku guztiak.
EHUko Euskara Institutua (2012). "bidea jarraitu / bideari jarraitu", Kalkoen Behatokia.