AHOSKERA. Ahoskera zainduan, j letraren ahoskera oinarrizkoa [y] da: jaia [yaya], jaio [yayo], jakin [yakin], jan [yan], jaso [yaso], jendarme [yendarme], jende [yende], Josu [yosu], jota [yota]... [87. araua]
Badira, hala ere, inongo euskalkitan [y] ahoskatzen ez direnak, eta, beraz, salbuespen gisa, beste ahoskera bat dagokienak euskara estandarrean ere. Euskaltzaindiaren oniritzia duen Hezkuntza Saileko EIMAren estilo-liburuak dakartza, besteak beste, jarraibide hauek:
a) -aje amaiera duten hitzak ez dira berdin ahoskatzen Hegoaldean eta Iparraldean, eta inon ez dira [y] ahoskatzen. Hegoaldean, [x] ahoskera belarra dute (es: jamón bezala), eta Iparraldean, berriz, [Ʒ] ahoskera sabaiaurrekoa (fr: jambon bezala): adaje, bisaje, engranaje, fuselaje, garaje, ilaje...
b) Badira Hegoaldeko hitz batzuk gaztelaniazko ahoskera belarra [x] ((es: [jamón] bezala) dutenak beti:
aje (ondoez, akats, bestondo), almeja (itsas molusku), alproja (alfer, pikaro), antiojo (betaurreko), antoju (apeta/nazka), aparejadore (arkitekto tekniko), apareju (aparailu), azuleju (adreilu-mota), bentaja (abantaila), borraja (landare-mota), dejada (pilota-jokoko jokaldi), erloju (ordulari), errejidore (zinegotzi, Hist.), esajerazio (gehiegikeria), esponja (belaki), gajo (gaixo, errukarri), forja (burdin jotze), hereje (heretiko), ijito (buhame), jela (izotz, horma), jenio (aiurri), jertse (trikota), jipoi (zafraldi), jira (bira), jota (kantu zein dantza, baina ez alfabetoko letra), kalejira (biribilketa), majo (bapo, ederki), kojo (herren), koneju (untxi), kontzeju (udal edo auzo-batzar), korrejidore (erregearen ordezkari), mejoratu (hobetu), moja (lekaime), mondeju (hestebetea), paje, traje (jantzi-mota), zirujau, etab.
Horietako batzuek Heg. marka daramate Euskaltzaindiaren Hiztegian. Molde horietakoen artean dago bejon- esapidea ere (bejondeizula...).
Atzerriko izenen kasuan, arautua dago (158. araua, «Kanpoko leku-izenak euskaraz ahoskatzeko irizpideak»]. Jatorrizko grafiaz idazten badira, jatorrizko ahoskeraz ahoskatzea da arau orokorra. Badaude aldeak (esaterako, gaztelaniazko Jaen, Guadalajara, Badajoz eta antzekoak, zeinak [x] ahoskatzekoak baitira; eta badira bestelako batzuk ere, baina molderik estandarrena [y] balioa da, euskarazko [yon, yadanik] bezala: Abuja, Anjou, Jena, Jersey, Jura...
IDAZKERA. Hitz mailegatuak. Forma bat baino gehiagotara moldatu izan ditu eta moldatzen ditu euskarak, eta, sarritan, hiztegiz finkatzekoak dira. Hala ere, sail nagusi batzuk taxutu daitezke (ikus sarrera hau ere :
a) Kontsonante baten atzetik bada, j idazten da (subjektu, adjektibo, objektu, objekzio, subjuntibo, adjazente, adjuntu, disjuntu, injektibo, konjuntzio, aljebra...).
b) Bokal artean:
• batzuek i egiten dute (horietan, es: y, eta fr: j): proiektu, proiekzio, proiektatu, proiektibo, eiakulazio...
• badira x bihurtuak ere: fluxu, konplexu, luxu, baxu, paradoxa, kaxa, kexa...
• sail berezi bat osatzen dute -aia/-aje atzizkidunek: masaje, erreportaje, ilaje, lumaje...
• asko dira j egiten dutenak: (hitz arruntak) ajustatu, almeja, apareju, bentaja, bijekzio, bujia, erloju, esajerazio, imajinazio, kontzeju, mujahidin, ojibal, pijama, torloju...; (leku-izenetatik eratorriak) sarajevoar, tajikistandar, castejondar, azerbaijandar...
c) Hitz-hasierakoek ez dute zalantzarik eragiten: joule, juliotar, janbo...
Bada, azkenik, berariaz aipatu behar den beste arazo bat, j letra dela eta: euskal izen berezi batzuen idazkera okerra. Esaterako, Iosu eta Yosu idazkerak ez dira arauzko euskal grafiak; Josu da forma arautua, eta idazkera horri arestian aipatu dugun oinarrizko ahoskera dagokio: [y], alegia. Oinarrian soinu hori zuela XX. mendearen hasieran asmaturiko izena da Josu (Luis Eleizalde, Deun-Ixendegi euzkotarra obran jasoa. Bilbo, 1910). Ez da zuzena Yosu euskal izena erdal grafiaz —y— ematea ; Iosu forma idatzia ere ez da egokia, ez baitu jasotzen euskal ahoskera-moldea [yo.su], baizik eta euskaraz ohikoa ez den ahoskera batera behartzen [i.o.su]. Beste hauek ere arazo bera daukate, eta grafia-forma desegokiak dira gorriz daudenak: *Ion/*Yon, *Ione/*Yone, *Iulen/*Yulen, *Ioseba/*Yoseba, *Iasone/*Yasone... Honela dira: Jon, Jone, Julen, Joseba, Jasone...
EUSKALTZAINDIA (1996). “Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak”. Bilbo: Euskaltzaindia.
ZALBIDE, Mikel (1994). “Maileguzko hitzen zenbait muga-arazo”, Euskera 39, 3: 1063-1085.
ALBERDI, Andres (2014). Ahoskera. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (24-25).