Izenek eta izenondoek ez dute genero gramatikalik izaten euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez duten bezala. Egia da bereizkuntza egiten dela hitz banaka batzuetan (hitz ezberdinak dira, hala ere, eta ez hitz baten genero-aldaerak): esate baterako, lehengusu/lehengusina, jainko/jainkosa, printze/printzesa eta antzeko bikoteetan; baina bide mugatua da hori . Aktore izendatzen dira gizonezkoak nahiz emakumezkoak (*aktoresa), eta psikologo, orobat, gizon nahiz emakumeak (*psikologa).
Ohitura orokor gisa, hitz bat bera erabiltzen da euskaraz genero-bereizketarik gabe: ume, haur, txakur, mediku, dendari, abokatu..., arra ala emea den bereizi gabe.
Arestian esan bezala, ezberdina da gaztelaniaren eta frantsesaren jokamoldea. Gaztelaniaz, adibidez, genero-desberdintasunaren marka -o edo -a morfema erroari gehituz lortzen da (maestro/maestra). Euskarak ez dio bide horri jarraitzen. Izen-bikoteen bidea aukeratu du, inguruko hizkuntzek baino areago: seme/alaba; jaun/andre; osaba/izeba; suhi/errain; zaldi/behor; anaia/arreba/neba/ahizpa; mutil/neska; aitona/amona... Pluralean eman behar direnean, gainera, bikote horiek elkarrekin eman behar dira: aita-amak [edo gurasoak] , aitona-amonak (≠ aitonak), seme-alabak (≠ semeak), osaba-izebak (≠ osabak)... Lotura-marratxoa behar-beharrezkoa da bikote horietan.
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (36-37).
—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (51-52).