Euskara Batuaren Eskuliburua

izen zenbakarriak / izen zenbakaitzak

izen zenbakarriak / izen zenbakaitzak

Izen arruntak zenbakarriak ala zenbakaitzak dira. Hots, izen batzuk konta daitezke (bi etxe, hiru arkatz...), baina beste batzuk ezin dira kontatu, banakotan ezin dira bereizi, masa modura hartzen baitira (ura, olioa, irina...) edo abstraktuak baitira (maitasuna, hotza, gosea, egarria, pena, mina, poza, alaitasuna, tristura, itxaropena, gorrotoa, beldurra...).

 

Nolanahi ere, zenbakaitzetako batzuk neurgarriak dira eta beste batzuk neurgaitzak. Alegia, zenbakaitzak izan arren, batzuk neur daitezke, beste batzuk ez. Neur daitezke honelakoak: bost litro olio, hamar kilo irin... Baina kantitatea adierazi beharrean (ZENBAT galderari erantzun beharrean), intentsitatea adierazten dutenak (NOLAKOri erantzuten diotenak) ezin dira neurtu. Beldurra, zoriona, hotza, beroa eta gisako kontzeptuei ezin zaie neurri-unitaterik eta bat, bi, hiru... zenbatzailerik ezarri eta neurtu; horiekin handia, izugarria, betea, luzea edo antzeko izenondoak erabiltzea da egokia.

 

Gramatikaren aldetik kontu horrek axola handia du, esapide batzuk desegokiak baitira: *gorroto bat, *gorroto asko... / *Beldur asko diote (> Beldur handia...) / *Bide asko gelditzen da oraindik. (> Bide luzea...) / *Ez du hainbeste bero egiten (> Ez du halako berorik / hainbesteko berorik)... / *Bero asko egiten du (> Bero handia...). ( asko ≠ handia; kantitate ≠ kopuru)

 

Dena dela, izen abstraktu arruntetan, jokabide bikoitza gertatzen da: lotsa, beldur, pazientzia, indar... handia batetik, baina lotsa, beldur, pazientzia, indar... gutxi bestetik.

Adibide egokia izan liteke lan hitza. Lan handia du etxea pintatzeak diogu, baina lan handiren antonimoa ez da *lan txiki, lan gutxi baizik: Zuk lan handia egin duzu baina anaiak lan gutxi. Asko ere badagokio, jakina: Lan asko daude etxea bukatzeko: pintatzea, apaintzea, garbitzea...

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (32-35).

—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (40-41).

—(1996). "Bero, gogo, maitasun, gorroto... handia ala asko?", Jagonet galde-erantzunak.

SALABURU, Pello, KINTANA, Xabier (1984). Euskara hobean hobe. Bilbo: UPV/EHU (92).

GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (41-43).

ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (83-84). (.

EHUko Euskara Zerbitzua (2007-2008). "handi/altu; asko (kuantifikazio zehaztugabeen adierazpenak)", Ehulkuren aholku guztiak.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper