Azken hamarkada hauetan, tradizioan izan ez duen gehiegizko balio multzokaria eman zaio -go atzizkiari; komeni da, beraz, adiera egoki zedarritzea. Hauek dira arauak (73. araua):
1. Euskaraz askotan ez dago izen multzokariaren beharrik, nahikoa da plurala erabiltzea: ikastetxe honetako irakasle eta ikasleak (*irakaslego, *ikaslego); herri bateko biztanleak (*biztanlego)... Beste hauek ere, beraz, ez dira egokiak multzoa adierazteko: *irakurlego (> irakurleak, irakurleria), *entzulego (> entzuleak, entzuleria), *ikuslego, *euskaldungo, *langilego, etab.
2. Hala ere, izen multzokaria beharrezkoa denean, -eria atzizkia da erabiltzekoa: langileria, gazteria, biztanleria, bezeria, irakasleria, ikasleria, irakurleria, legeria, tresneria, hoditeria...
3. -go atzizkia bi zentzu hauetakoren bat ematen zaionean erabili behar da:
- Ofizioa, lanbidea adierazi nahi denean (Hegoaldeko euskalkietan -tza atzizkiaz adierazten dena): artzaingo, nekazalgo, zurgingo, itzaingo, apaizgo, elkargo, merkatalgo, udaltzaingo, kidego, etab.
- Tasun edo ezaugarria adierazi nahi denean: euskaldungo, ahaidego, etsaigo, gutxiengo, gehiengo...
EUSKALTZAINDIA (1994). LEF batzordea, “Eratorpenaz: -go”, Euskera 39, 3: 1043.1044.