Euskaltzaindiaren Hiztegiak adierazten du gaur egun euskal hitza zein den. Duela gutxi arte, ordea, iritziak ez zeuden hain bateratuak, eta Euskaltzaindiak, afera bideratu nahian, euskal hitzei buruzko bi agiri atera zituen. Lehenengoan, 1959an, garbizalekeriaren aurka egiten zuen aldarri; bigarrengoan, 1991n, berriz, mordoilokeriaren kontra. Bi agirietan, dio euskal hitzak direla euskara bizian sustraituak daudenak, eta sustraitze hori hiru irizpide hauetan mamitzen dela: hitzaren hedaduran, hitzaren antzinatasunean eta idazle zaharrek hitzari emaniko erabileran. Hiru irizpide horietan finkatu zen Hiztegi Batua (2000-2016) eta finkatzen da Euskaltzaindiaren Hiztegia ere bere erabakietan.
EUSKALTZAINDIA (1959). “Euskaltzaindiaren agiria euskal hitzei buruz”, Euskera, 1959: 214-217.
—(1991). “Euskaltzaindiaren bigarren agiria euskal hitzei buruz”, Euskera, 1991.
MUJIKA, Alfontso (2015). "Gure hitzak", 31 eskutik.