57. arauan («Euskal herrialdeen, herritarren eta euskalkien izenak») honela datoz emanda euskal herrialdeen izenak: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Garaia), Nafarroa Beherea edo Baxenabarre (Baxenafarroa) eta Zuberoa. http://www.euskaltzaindia.eus/onomastika.
Bizkaiaren eta Nafarroa Beherearen bukaerako -a artikulua denez, hitz arrunten mugatzailearen portaera dagokie: Bizkaiko, Bizkaitik, Bizkaian, Bizkai osoan, Bizkai aldean, Bizkai inguruan (*Bizkaiako, *Bizkaiatik, *Bizkaia osoan...); orobat gertatzen da Nafarroa Beherearekin: Nafarroa Behereko, Nafarroa Beheretik, Nafarroa Beherean, Nafarroa Behere osoan, etab. (*Nafarroa Behereako...).
Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Zuberoa izenek, aldiz, berezko a dute bukaerakoa , eta kasu guztietan eutsi behar diote hari: Gipuzkoako, Gipuzkoatik, Gipuzkoan, Gipuzkoa osoan, etab.