Exonimoa kanpoko toki edo pertsona baten izenak hartzen duen bertsio edo moldea da. Euskal Herri inguruko exonimo batzuk 149. arauan daude jasota. Bost eskualde hauetakoak dira: Landak/Landes , Bearno/Biarno , Aragoi , Errioxa eta Burgos. Beste batzuen artean, honako izen hauek ageri dira: Akize (Dax), Oloroe (Oloron), Ortheze (Orthez), Jaka (Jaca), Naiara (Nájera), Donemiliaga Kukula (San Millán de la Cogolla)...
Zerrenda horretan aipatzen ez diren izenak hizkuntza ofizial propioaren arabera erabili ohi dira euskaraz ere (Laruns, Tarazona, Haro, Santoña...). Hala ere, euskal jatorriko inguruko herri-izenak grafia ofizialean zein euskal grafian eman daitezke, hala nola Ezkarai (Ezcaray, Errioxa).
Inoiz hala erabili izan badira ere, ez da egokia izen hauek honela ematea: *Kalagorria (Calahorra, Errioxa) eta *Ozkabarte (Santo Domingo de la Calzada, Errioxa).
Izenen forma arautua kontsultatzeko biderik eroso eta lasterrena Euskal Onomastikaren Datutegira (EODA) jotzea da: http://www.euskaltzaindia.eus/onomastika.