Izenordain elkarkari honek kasu-marka guztiak har ditzake, ergatiboarena (NORK kasua) izan ezik: *elkarrek forma ez da existitzen. (Ikus azpian, elkaren deklinabide-taula). Elkar(en)gana saileko formak (izen bizidunen atzizkiak, alegia ) erabiltzen dira erreferentea izen bizigabea denean ere: Bi sateliteak gero eta urrunago daude elkarrengandik. [EH]
Esaldi trakestzat jo behar dira bide okerreko berrikuntza hauek: *Elkar etorri dira (> Elkarrekin...), *Elkarrik bazkalduko dugu (> Elkarrekin...). *Ez dute elkar hitz egiten (Ez diote elkarri... / Ez dute elkarrekin...). Horietan guztietan, beste edozein izenordainek hartuko lukeen kasu-marka hartu behar du elkarek. Adibidez: nirekin joan > elkarrekin joan; niri (nirekin) hitz egin > elkarri (elkarrekin) hitz egin...
Zuzentzekoa da numero-komunztadura ere era honetakoetan (singularra baitagokio beti): Ikasitakoaren berri ematen diote (*diete) elkarri. Elkar ikusiko dugu (*ditugu).
Elkar izenordainak elkarrekikotasuna adierazten du —alegia, A-k B-ren egintza jasaten du, eta B-k A-rena (Nik zu ikusi, zuk ni ikusi = elkar ikusi). Horrelakorik ez denean, desegokia da elkar erabiltzea: *Guztiok elkarren desberdinak gara (> Guztiok desberdinak gara).
NOR-NORK (du erregimeneko) aditz-sistemaren ordez NOR sistemarako (da erregimenerako) joera gero eta handiagoa da, baina egoki da elkar izenordainarekin osaturikoari (du, NOR-NORK) ematea lehentasuna. Esaterako: ▼Asko maite gara / Asko maite dugu elkar. ▼Bihar ikusiko gara / Bihar ikusiko dugu elkar.
Bata bestea moldea ere erabiltzen da elkarrekikotasuna adierazteko. Elkarri begira daude = Bata besteari begira daude. Bata bestetik bereizteko, egokia da = Elkarrengandik bereizteko, egokia da.
ELKAR kasuz kasu |
|
---|---|
(Bizidun gisa deklinatzen da beti) |
|
NOR | elkar |
NORK | Ø |
NORI | elkarri |
NOREN | elkarren |
NOREKIN | elkarrekin |
NORENTZAT | elkarrentzat |
NORTAZ | elkarrez |
NORENGAN | elkarrengan |
NORENGANDIK | elkarrengandik |
NORENGANA | elkarrengana |
NORENGANANTZ | elkarrenganantz |
NORENGANAINO | elkarrenganaino |
NORENGATIK | elkarrengatik |
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (63-66).
—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (68-70).
—(1994). “Gramatika batzordearen II. Okerrak zuzenduz”, Euskera, 1994, 3: 955-956.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (102).
EHUko Euskara Zerbitzua (2007-2008). "elkar", Ehulkuren aholku guztiak.