Bai/ez erako galderetan, galde-perpausa beregaina denean, ekialdeko euskalkietan -a partikula eransten zaio aditzari. Busti zaretea? Egin duzuia? “O, Pello, Pello, astalkatu diat eta, jinen niza ohera?”.
Inoiz, aditza isilpean uzten denean, bestelako hitzei ere erants dakieke.
—Zuk egin omen duzu hori. —Nika?
—Etorriko da. —Baia?
Ez dago ezer erabakita hots-elkarketa nola egin behar den. Literatura aztertuta, badirudi, oro har, “-a + -a = -ea” egiten dela (dea, direa, zarea); “-e + -a = -ea” (zaretea, ziretea); “-o + -a = -oa / -oia” (dagoa / diroia, dakoia) eta “-u + -a = -uia / -ia” (baduzuia/dütüzia).
Mendebaldean al partikula erabiltzen da horrelako perpausetan, bereziki gipuzkeraz, nahiz joan den mendearen bigarren erdian beste euskalkietara hedatu den, eta, ondorioz, erabileraren erabileraz, baita, azkenean, euskara batura ere. Busti al zarete? Egin al duzue? . Ez dago esan beharrik, jakina, -a eta al gabe ere, intonazio-jokoz, zilegi direla esaldiak.
Sar naiteke?, Sar al naiteke?, Sartu al naiteke?: zein da egokiena?
Hirurak forma gramatikalak dira eta erabilgarriak
. Batasunari begira, sar naiteke forma da erabileran zabalduena.
EUSKALTZAINDIA (1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (498-501).
—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (440).
— “Aditzaren jokabidea: -a partikula (dea, duguia, badakizuia)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: al + ahalera (sartu al naiteke? / sar al naiteke?)”, Jagonet galde-erantzunak.