Euskaltzaindiak ‘geroaldi arkaikoa’ (nahiz Iparraldean bizirik dirauen oraino) esaten dion aditz-paradigman jasorik du Euskaltzaindiak adizki hau (Euskal aditz batua, 62. or. ‖ (http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/6833.pdf)). Ez da ahalezko forma (ez da nahastu behar daiteke formarekin), supositiboa (ustea adierazten duena) baizik. Ez da erabiltzen aditzoinarekin (*gerta dateke). Adibideak: Hasia dateke, hurbildu dateke... (hasiko zen, hasia izango da; hurbilduko zen, hurbildua izango da esanahiekin). Molde bereko supositiboak dira hauek ere: erosi duke (erosiko zuen, erosia izango du). Zorte txarra dukezu, jauna. Arimaz aski egiteko badukegu orduan.
Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibideei erreparatuz gero, aditz nagusi gisa ageri dira bereziki ‘geroaldi arkaiko’ deituriko moldeok: Hiltzailea urrun dateke engoitik. Filosofia dateke fundamentalismoaren aurkaririk handiena. Pagatzeko ahala dukezun arteraino. Zer on dukegu igurikitzeko harengandik? Baina badira partizipioarekin (Uraren bidea segituz ediren dukezu xerkatzen duzuna (‘aurkituko duzu beharbada’)) eta baita aditz-izenarekin ere (Zer txalo nasaiak!, ez dukete beharbada guztiek begi onez ikusten ohoratze hori (‘dute ikusiko’)).
Honela ageri da kontua EGLU II liburukian (134. or.): “Eman den irudian pare-parean jarri ditugu da eta dateke edo du eta duke. Berdin-berdin zen eta zatekeen edo zuen eta zukeen ere. Zein da horien guztien arteko diferentzia tempusaren kontuaz gain? Segur aski ere, desberdintasun bat baino gehiago dago, baina bat bakarrik aipatuko dugu hemen: etorri da diogunean badakigu zerbait gertatu dela, ziur gara horretaz, eta baieztapena besterik ez dugu egiten; etorri dateke diogunean, ordea, ez gara batere segur mintzo: agian etorri da, baiezkora makurtzen gara, baina ez dugu segurtasun osorik inondik ere”.
EUSKALTZAINDIA (1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (134, 429-430).
EHUko Euskara Institutua (2012). Sareko Euskal Gramatika. (SEG). “Menturazkoaren aditz-aldiak”.