Adizlagunek, sistemaz, ez dute lekurik izen-sintagma baten barnean. Alegia, ez dira zuzenak, esate baterako, *Seme-alaben gurasoengana begirunea galtzen ari da. *Euskararen aldera atxikimendua hoztu zaio moduko perpausak; gurasoengana eta euskararen aldera adizlagunak direnez, ez dute tokirik izen-sintagman (‘solte’ ageri dira izen-sintagman). Bi irtenbide daude: a) izenlagun bihurtzea osagarri horiek: Seme-alaben gurasoenganako begirunea... / Euskararen alderako atxikimendua...; b) adizlagun gisara eman nahi baditugu, aditzarekin egoki uztartzea: Seme-alabek gurasoengana zuten begirunea...; Euskararen aldera zuen atxikimendua...
Baina zilegi ez ezik ohikoa ere bada osagarriren bat solte uztea aditz-isiltze edo elipsia gertatzen den kasuetan: izenburuetan, irudi-oinetan, sintaxitik bereizitako zerrendatzeetan... Horietan ez dago izen-sintagmarik. Egokiak dira izenburu edo irudi-oin hauek:
Eguzkizaleak hondartzan
Alice lurralde miresgarrian
Descartesi sarrera / Sarrera Descartesi
Eskualdeen parte-hartzea Europaren eraikuntzan
Egonaldiak familia euskaldunetan
Bideoaren funtzioak hezkuntzan
Bidaia Erresuma Batura
Jakina, izenburu horiek, gero, ezin dira txertatu beren horretan testu jarraitu batean; moldatu egin behar dira. Adibidez: *Eguzkizaleak hondartzan eibartarrak dira (> Hondartzako eguzkizaleak eibartarrak dira). *Bidaiak Erresuma Batura asko balio du (> Erresuma Batura bidaiatzeak asko balio du; Erresuma Baturako bidaiak asko balio du). *Egonaldiak familia euskaldunetarako izena emateko epea laster zabalduko da (> Familia euskaldunetan egonaldiak egiteko...).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (89-90).
GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (86-89).
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal Estilo Libururantz. Bilbo: UPV/EHU. (229-231).