Euskara Batuaren Eskuliburua

aditza esaldiaren hasieran?

aditza esaldiaren hasieran?

Euskararen joskera, oro har, postposizioetan oinarritua egonik, eta postposizioak aditzari lotzen zaizkionez, ez da harritzekoa perpausaren amaieran egotea maiz aditza. Perpaus guztiak ez dira mendekoak, ordea.

Bestalde, hitz-ordenaren jokoan, funtzio gramatikalek ez ezik funtzio informatiboek ere (eta, oro har, estiloak) eragin handia dute testuan; sarritan, funtzio gramatikalen gainetikoa. Horrek eraginik, badira molde batzuk aditza aurrean darabiltenak.

 

ADITZ TRINKOAK ( aditz trinkoak (sintetikoak))

 

AGINTE- ETA GALDE-PERPAUSAK

Aginte-perpausetan, aditza aurrean jartzeko joera du euskarak. Horixe da gehienetan, gainera, aginte-perpausaren eta baiezko perpausaren arteko aldea, idatzizkoan betiere, noski (ezen ahozkoan intonazioaz ere balia baikaitezke). Hala gertatzen da adizki trinkoekin eta adizki ez-jokatuekin egindako perpausetan: Etxean zaude, Hona zatoz [baiezko perpausak]; ‖Zaude etxean!, Zatoz hona! [aginte-perpausak]. Bakoitzaren sinonimo bat eman [hori da egin beharrekoa: ...]; ‖Eman bakoitzaren sinonimo bat [egin hau: ...]. Film hori ikusi [egin beharrekoen zerrenda bateko puntu bat; hau da, adierazpen-perpausa].  Ikus(i) film hori! [egin hau: ...; hau da, aginte-perpausa].

Erregela hain estua ez bada ere, berdintsu moldatzen dira aditz jokatuzko aginte-perpausak ere, enfasia ekintzan jarri nahi bada behintzat. Goza ezazu liburu honetaz (edo Liburu honetaz, goza ezazu). ( agintera)

Galde-perpausetan ere, aditzak adierazten duenaren baietza edo ezetza bada kontua, aurrean kokatzen da aditza. Horrekin batera, al partikula erabiltzea ere lagungarri gerta daiteke, perpaus luzeetan bederen. Ibil (al) daiteke autoa gurpil karratuekin? Izan (al) daiteke zatiketa baten hondarra 6? ( ahal ≠ al; -a galde-partikula)

Perpausaren beste sintagma bat baldin bada galdegai, aditzaren aurretik doa hura: Antzarak ikusi (al) dituzu? (‘antzarak’ da kontua). Ikusi (al) dituzu antzarak? (‘ikusi’ da kontua).

 

ADITZA AURREAN KOKATZEKO JOERA DUTEN BESTE ESALDI-MOTA BATZUK

- BAI galdegaia dutenak: Ikusi dut (, bai/dagoeneko,) film hori. Badut film horren berri. Joango naiz (, bai,) film hori ikustera.

- Aditza galdegai dutenak: Ikusi egin du, azkenean, filma. Jakin daki horrek, gero, zinemari buruz!

- IZAN/EGIN/EGON... aditzekin antolaturiko lokuzioak: Garbi dago ikustekoa dela film hori. Merezi du film hori ikustea. Dei egiten diot mundu guztiari film hori ikus dezan. Beharrezkoa da... Kontua da... Asmoa dugu...

- Narrazio-kateak: Jakin dut film hori emango zutela; erosi dut txartela; ikusi dut, eta esango dizut egia (...).

- BEHAR/NAHI... aditz modalez osatuak: Ikusi behar dut/duzu film hori. Nahi nuke ikusi film hori.

- Ahalerakoak: Egin nezake kritika gogor bat film horri buruz.

- Osagarri jokatua daukatenak: Esan/Adierazi/Jakin/Ikusi... duzu bihar emango dutela film hori. Agindu/Eskatu nion bi sarrera eros zitzala film horretarako.

- Osagarri jokatugabea daukaten asko: Erabaki dut film hori ez ikustea. Espero dut gogoko izatea film hori. Ausartu naiz film hori ikustera. Ikusi zaitut film horretarako sarrerak erosten.

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (5-7).

—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (2-4).

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (77-79).

GARZIA, Juan (2013). "Aditza amaieran?", 31 eskutik.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper