Euskara Batuaren Eskuliburua

bezala

bezala

Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman bezalari buruz. Komeni da, hala ere, esatea ez dela egokia gaztelaniazko ‘como’ edo frantsesezko ‘comme’ guztiak bezalarekin ordezkatzea; euskarak baditu molde propio egokiak horretarako. Berez, konparazio-hitza da bezala, eta konparazio-perpausetan erabiltzekoa; hortik kanpo, kalko-arriskuagatik, tentuz neurtzekoa da.

- Atribuzio-perpausetan ( atribuzio-perpausa: mugagabea eta mugatua), sobera egoten da normalean, eta, molde horretakoetan, ez erabiltzearen aldeko hautua egina dute estilo-liburu askok (nahiz literatura-tradizioan presentzia oso ugaria duen euskalki gehienetan, OEHn ikus daitekeen bezala; horren adibide dira Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri diren hauek, esaterako: Guraso bezala duten erantzukizuna. Hiruretan Lizardik du agian idazle bezala entzuterik handiena):

Soldadu bezala joan zen.

Ameriketara joan zen artzain bezala.

Bost urtez aritu zen Donostian irakasle bezala.

Faborito bezala ikusten dut Irribarria.

Aurrelari bezala (aurrelari-lanetan) jardun du.

Pailazo bezala mozorrotu da / Pailazoz mozorrotu da. ( mozorrotu)

- Izaten da arriskua -tzat prolatiboaren ordez bezala (eta legez, gisa eta antzekoak) neurriz kanpo erabiltzekoa ere. Jo, eduki, hartu eta tankerako aditzek -tzat eskatzen dute gehienbat, ez bezala.

?Tonto bezala hartu naute (> Tontotzat hartu naute).

?Nagusi bezala (kontsideratzen) daukate (> Nagusitzat daukate).

?Gizonezkoenak bezala hartzen dira (> Gizonezkoen (gauza)tzathartzen dira). ( -tzat kasua)

- Ez da egokia deritzon / esaten zaion / delako esan nahi delarik, ‘bezala ezagutzen den’ esapideaz baliatzea. ( delako/izeneko/deritzan...)

*Orixe bezala ezagutua (> Orixe izenez ezagutua).

*Zetaren Ibilbidea bezala ezagutzen den bideak... (> Zetaren Ibilbidea esaten zaion bideak...).

*Sara bezala bataiatu zuten (> Sara izenez bataiatu zuten).

*Superman bezala ezagutzen den droga hau... (> Superman izenez ezagutzen den droga hau / Superman delako droga... / Superman esanda ezagutzen den...).

Zalantza egon liteke deklinabideari dagokionez (halako izenez ala halako izenaz?). Biak zuzenak izanik ere, idazleek gehiago jotzen dute mugagabera (izenez). ( ezagutu)

- Adibideei sarrera emateko funtzioan, (es) ‘(tales) como’ edo (fr) ‘comme’ esapideen ordainetan, bezala(ko) baino egokiagoak dira honako hauek: besteak beste, esate baterako, eta antzeko, hala nola... ( hala nola; bezala/bezalakoa)

?Gure lorategietan, txantxangorria eta zozoa bezalako txoriak izaten dira (> Gure lorategietan, txantxangorria, zozoa eta antzeko/halako txoriak ibiltzen dira / Gure lorategietan, zenbait txori-klase ibiltzen dira, hala nola txantxangorria eta zozoa / Gure lorategietan, zenbait txori-klase ibiltzen dira; esate baterako, txantxangorria eta zozoa).

- Zenbaitetan gisa eta moduan/modura erabil daitezke egokiago haren ordez, nahiz bezala ere gramatikala izan.

Oroigarri bezala eskaini dio ‖ǁ Oroigarri eskaini dio / oroigarritzat / oroigarri gisa / oroigarri moduan. Antolatzaile bezala da ona ‖ǁ Antolatzaile gisa(ra) / moduan(ra) da ona.

 

Kalko-arriskuak badakar kontrako gertaera ere, ordea: behar izanda ere, bezala ez jartzea.

*Realak partida galdu zuen, eta, hori gutxi balitz, bi txartel gorri atera zizkioten (> Realak partida galdu zuen, eta, hori gutxi balitz bezala (hori nahikoa ez eta / hori gutxi ez eta / hori nahikoa ez zela), bi txartel gorri atera zizkioten).

*Lanik gabe geratu da eta, hori gutxi balitz, hanka bat galdu du istripu batean (> Lanik gabe geratu da eta, hori gutxi balitz bezala (eta hori nahikoa ez dela, eta hori gutxi ez eta), hanka bat galdu du istripu batean). ( konparazio-perpausetako arazo batzuk)

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (371).

— (1994). “Gramatika batzordearen II. Okerrak zuzenduz”, Euskera, 1994, 3: 965.

— “Aditzaren jokabidea: hartu (oinarritzat hartu / oinarri bezala hartu)”, Jagonet galde-erantzunak.

GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (73).

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (50, 110, 187).

EHUko Euskara Institutua (2012). "bezala konparaziozko esaldietatik kanpo", Kalkoen Behatokia.

EHUko Euskara Zerbitzua (2015). "bezala: kalko okerra", Ehulkuren aholku guztiak.

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal Estilo Libururantz. Bilbo: UPV/EHU (317).

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper