Estilo-liburu asko dira komunikagarritasunaren izenean aditza aurreratzeko estrategiak defendatzen dituztenak. Estilo-arazoa denez, Euskaltzaindiak ez du horretaz ez araurik ez gomendiorik eman.
Jakina denez, euskal perpausaren barneko hitzen ordena ez-markatua SOA da
. Horrek arazoak sortzen ditu esaldi luzeetan. Aditza informazioaren zutabe izanik, hura gehiegi atzeratzeak (hortik autore batzuek atzerakarga deitzea gertakari honi) esaldia bukatu arte informazioa garaiz ezin prozesatzea dakar sarri. Hori, bistan da, oztopo da komunikaziorako. Horrelako kasuetan, hizkuntzak eskaintzen dizkigun bestelako bide batzuk erabiltzea gomendatzen dute estilo-liburuek, hala nola aditza aurreratzea, subjektua eta aditza elkarri hurreratzea, galdegaiordeak erabiltzea eta abar. Adibidez:Aditza aurreratzea:
▼XXI. mende honetan, eskolako teknologien garapenean izan ditugun aurrerapenak handiak izan direla ezin dugu ukatu.
Ezin dugu ukatu handiak izan direla XXI. mende honetan eskolako teknologien garapenean izan ditugun aurrerapenak.
Subjektua eta aditza elkarri hurreratzea:
▼Maritxuk Bartolori iturrira zihoala eta, nahi bazuen, joateko berarekin esan zion.
Maritxuk Bartolori esan zion iturrira zihoala eta, nahi bazuen, joateko berarekin.
Galdegaiordeak erabiltzea:
▼Urbieta jaunak habitatak eta espezieak identifikatzeko erabili den metodologia garatu du.
Urbieta jaunak BERRIKI garatu du habitatak eta espezieak identifikatzeko erabili den metodologia.
ZENBAITEN ARTEAN (2009). IVAPeko estilo-liburua. Gasteiz: HAEE-IVAP (127-130).
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal Estilo Libururantz. Bilbo: UPV/EHU (23).
ZUBIMENDI, Joxe Ramon, ESNAL, Pello (1993). Idazkera-liburua. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
GARZIA, Juan (2013). "Galdegaia aditzaren atzean", 31 eskutik.
—(2013). "Aditza amaieran?", 31 eskutik.