behar izan

behar izan

Hiztunak, derrigortasuna adierazteko erabiltzen dituen ezaugarri morfosintaktiko eta bestelakoen artean, behar izan aditz modala da erabilienetako bat. Euskara batuari begira, 113. arauan dago azaldurik aditz horren erregimenari buruzko Euskaltzaindiaren gomendioa. Horixe bakarrik dago arautua. Baina, erregimenaz gainera, aipa daitezke beste zenbait kontu ere tradizioan ondo finkatuak daudenak.

 

ERREGIMENA

Du laguntzailea gomendatzen da arau orokor modura euskara baturako, laguntzen duen aditza da erakoa izan nahiz du erakoa izan: ibili behar du, erosi behar du.

• Bi salbuespen onartzen dira:

- Datiboarekin, zaio gisa jokatzen da: ibili behar natzaio, mintzatu behar natzaizu.

- Hizkera batzuetan, da laguntzailea hartzen du: joan behar naiz, ez zara ikaratu behar.

Arauak berariaz aipatzen ez duen arren, zentzu inpertsonala duenean, da erakoa da jokoa: Kontuz ibili behar da gizon horrekin. Hara joan behar da. Liburuak saldu behar dira.

 

ADITZAREN FORMA

• Partizipioari eransten zaio: ibili behar du, erosi behar du.

• Gertakizun-aspektua markatzeko tradizioko molde nagusia -ko aspektu-marka aditz modalak berak hartzea izan da: beharko (nahiz behar izango ere ageri den noizbehinka): iritsi beharko du / erosi beharko du.

• Alegiazkoa bi moldetan eman daiteke (-ko/-Ø): hurbildu/erosi behar balu (erabiliena tradizioan) = hurbildu/erosi beharko balu.

 

KONPLEMENTAZIOA

“Zuk egitea / egin dezazun behar dut”. Parekoak dira bi esaldiak, eta biak zuzenak, era jokatugabean (aditz-izenarekin) nahiz jokatuan (subjuntiboarekin).

• Subjektu-erreferentziakidetasuna gorde beharra dago (nahi izan aditzak ere ohi duen bezala): Zuk hara joan behar duzu (subjektu bera dute bi aditzek: ZU) ≠ Zu hara joatea behar dugu (aditzen subjektuak ezberdinak: ZU joan; GUK behar). Nik egin behar dut ≠ Zuk egitea behar dut.

 

EGITURA MORFOSINTAKTIKO BATZUK

*Ez daukazu zertan kezkatu beharrik, *Ez duzu zertan etorri beharrik moduko egiturek ez dute tradiziorik. Bakoitza bere aldetik egokia den bi aukeraren (Ez duzu zertan etorri / Ez duzu etorri beharrik) gurutzaketa okerretik sortzen da akatsa; bi egiturak elkarrekin nahasi gabe jokatu behar da, galdetzailea (ZERTAN) eta behar izan aditza bateraezinak dira eta. Hau da:

*Ez duzu zertan etorri behar / Ez duzu zertan etorri(rik).

*Ez duzu zertan etorri beharrik / Ez duzu etorri beharrik.

*Emaitza onak izateko, ikasi nahi behar duzu moduko esaldiak ere ez dira zuzenak; izan ere, ezin dira bi aditz modal (nahi izan eta behar izan) metatu. Beste era batera moldatu izan da euskal hiztuna informazio hori emateko. Adibidez, honela: Emaitza onak izateko, ikasteko gogoa izan behar duzu. ( aditz modalak)

Zuzenak dira, ordea, egitura hauek:

1. Nahi izan behar duzu. Hor, nahi izan aditza dago jokoan (‘etorri behar duzu’ esaldian etorri aditza dagoen bezala); ez da ari nahi aditz modal gisara.

2. Emaitza onak izateko, ikasi nahiA behar(ko) duzu. Baina gure harremana ona izan dadin, zeuk ere nirekin egon nahiA behar(ko) duzu. Horietan ere ez da aditz modal bat; izen bat baizik.

• Aditz-perifrasiaren ordenamenduari buruz, ahal izan aditzarekin bezala ( ahal izan) —ez hala nahi izanen kasuan—, askoz egokiagoa da Etorri behar duzu? galdetzea Behar duzu etorri? baino.

Behar izan aditzak, nolabaiteko inpertsonaltasuna tartean denean (irudipenezko zentzuan), zalantza eragiten du era honetako esaldietan: Egon behar du hara doan bideren bat / Egon behar du hara doan bideren batek. Gogorra (izan) behar du bakarrik bizitzea/bizitzeak. Moduren bat/batek egon behar du hau konpontzeko. Zergatik egon behar du lege bat/batek gizonezkoentzat, eta beste bat/batek emakumezkoentzat? Argentina(k) lurralde zabala izan behar du. Ederra izan behar du horrela bizitzea(k).

Bi moldeak ageri dira tradizioan, eta bi moldeak dira zuzenak. Baten alde egitekotan, esan behar da, tradizioaren arabera preseski, normalagoa dela subjektua absolutuan (NOR kasuan) ematea, eta ez ergatiboan.

Behar izan aditzak —eta baita nahi izanek ere—, egitasmoak-eta adieraztean, ohikoa du modu hipotetikoa erabiltzea: ditu ≠ lituzke, zait ≠ litzaidake...

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia (behar izansarrera).

—(1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (448-453).

—(1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (124).

—(2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (68, 509, 551, 581, 599).

—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (417-420). ).

—(1994). Gramatika batzordea, “*Ez daukazu zertan negar egin beharrik”, Euskera 39: 941-946.

— “Aditzaren jokabidea: behar izan, ezin izan, balio izan, bizi izan, ahal izan, nahi izan (behar izango / beharko…)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: behar izan (behar lukete / beharko lukete)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: behar izan (zuk egitea / egin dezazun behar dut)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: behar izan + zertan (ez duzu zertan etorri behar / *ez duzu zertan etorri beharrik; ez daukat zertan zu engainatzen ibili / *ez daukat zertan zu engainatzen ibili beharrik)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: nahi izan + behar izan (*ikasi nahi behar duzu)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: ahal izan (joan daiteke / joan ahal da /  ahal da joan)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: nahi izan, behar izan (nahi nuke, nahiko nuke / beharko nuke, behar izango nuke)”, Jagonet galde-erantzunak.

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (214-216).

KING, Alan (1994). “Aditz modalen erabilpena dela eta”, Euskera 39: 1009-1021.

MUJIKA, Alfontso (2013). "Merezi du saiatzea, moduren bat egon behar duelako nire zalantza argitzeko", 31 eskutik.

GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (63).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper