Beti singularrean eta leku-atzizkiekin (azpian, azpira, azpitik), beste zerbaitekiko mendekotasuna edo oinarritzat hartzen den zerbait baino beherago egotea adierazteko bide bat azpi postposizioa erabiltzea da:
-(z) azpitik: Elurra egin du ehun metro(z) azpitik. Baietz hogei minutu(z) azpitik getariarrak! Bi gradu zero(z) azpitik (= zeropetik).
-z azpiko: Ez dira bi urtez azpiko haurrak onartzen. Hogei urtez azpikoentzat da. Bi urtez azpiko oilorik ez da txitan ezartzen. 17 urtez azpiko bizpahiru mutiko...
Horien ordain beteak dira behe postposizioaz eraturikoak ere:
-tik behera: Elurra egin du ehun metrotik behera. Baietz hogei minututik behera sartu getariarrak! Bi gradu zerotik behera.
-tik beherako: Ez dira bi urtetik beherako haurrak onartzen. Hogei urtetik beherakoentzat da. 17 urtetik beherako (...).
Badira bestelako egitura zuzen batzuk ere: 10 urte baino gutxiagoko umeak, 10 urtera arteko umeak eta abar.
EUSKALTZAINDIA. “Kuantifikazioa adieraztea: zero azpitik / zeroz azpitik (bi gradu zero azpitik / bi gradu zeroz azpitik) ”, Jagonet galde-erantzunak.
Elhuyar Hiztegia. “Azpi”. https://hiztegiak.elhuyar.eus/eu_es/azpi.