Idazleen ohiturak ez doaz beti ildo beretik, baina joera nagusia honako hau da:
Azkenaldi honetan eta azkenaldian esapideek ‘azken boladan, oraintsu honetan, azken garaian’ adierazten dute, azkenaldi hitzak ‘azkeneko aldia, hondarraldia’ adierazten baitu. Itota zebilen azkenaldi honetan. Azkenaldian erabili eta erabilarazi nahi izan duen euskara-moldea. Burdin Aroaren azkenaldian.
Azken aldian esapideak, berriz, zenbait bider errepikatzen den zerbaiten azken gertaeran-edo adierazten du (‘azken etapan, azken fasean, azkeneko aldian’). Itxura hobea zenuen ikusi zintudan azken aldian. Berarekin egondako azken aldian bailara guztia elurtua zegoen. Hiru aldiz etorri zen, eta azken aldian kontatu zion guztia. [EH]