Beregainak ez diren aurrizki moduko osagai hauek lotuta eta marrarik gabe idazten dira. Gehien-gehienetan maileguak dira (kanpoko hitza osorik aldatua euskarara): bioteknologia, biomasa, geologo, geotektonika, psikomotrizitate, psikoanalisi, sozioekonomiko, soziolinguista... Baina kultura-aurrizki horiek euskal hitzei lotuta (exoelkartea) ere erabil daitezke hitz berriak sortzeko. Horrela sortu dira, adibidez, hitz hauek: biodegradagarri, estralurtar, minigona, supernoba, ultraeskuindar.
Era honetako aurrizki bat baino gehiago kateatzen denean ere lotuta eta marrarik gabe ematen dira: biogeokimiko, biopsikosozial, psikosoziolinguistika...
Ez dira nahastu behar tekniko-zientifiko, politiko-ekonomiko eta gisako adjektibo-elkarteekin, horietako osagai bakoitza beregaina baita (tekniko + zientifiko), zuri-gorri den gisa berean. Halako hitz-elkarteak marratxoarekin ematekoak dira. [25. araua]
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "bio-, psiko-, sozio-", Ehulkuren aholku guztiak.