Zenbait arauk biltzen dute Asiako leku-izenen katalogoa: 162.ak («Anatoliako eta Hego Kaukasoko toponimia»), 164.ak («Ekialde Hurbileko toponimia») eta 171.ak («Asiako toponimia»), hain zuzen ere. Bestalde, Asiako estatu eta hiriburu guztien izenak 38. arauan daude («Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak»). Izenak kontsultatzeko biderik eroso eta lasterrena Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datutegira (EODA) jotzea da: http://www.euskaltzaindia.eus/onomastika.
Oharra: Ulertu behar da arau horietan agertzen ez diren lurralde horietako gainerako leku-izenak (arauetan, nagusi-nagusiak edo dena delakoagatik jatorrizkoan ez bezala idaztekoak direnak baino ez dira ageri), bestelako arrazoirik ez badago, jatorrizkoan bezala idaztekoak direla printzipioz, edo nazioartean ohikoa den grafiarekin idaztekoak direla euskaraz ere. Hau da, leku-izena arauetan ez badago eta modu berean idazten baldin bada ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz, hala idatziko da euskaraz ere, nazioartean finkatua dagoen grafiarekin alegia.
Gure alfabetoa erabiltzen ez den hizkuntzen eremuko leku-izen bat bada, latindar alfabetora transkribatzean ohikoa den grafiarekin idaztekoa da euskaraz. Adibidez, Japoniako Hiroshima hiria (japonieraz, 広島市), Txinako Shenzhen hiria (txineraz, 深圳市) edo Afganistango Kandahar hiria (paxtuneraz, کندهار; persieraz, قندهار).