Berariazko aparteko araurik ez du eman Euskaltzaindiak historiako eta historiaurreko aroez, ezta geologiako era eta periodoez ere. Nolanahi ere, izen horiek sarri ageri dira Euskaltzaindiaren Hiztegian (eta baita Euskaltzaindiaren zenbait arautan ere). Hezkuntza Saileko EIMAko estilo-liburuan ere adierazita daude (Zientzia eta Teknirakako Euskara Arautzeko Gomendioak, ‘Taula estratigrafikoa’, 173. or.).
Historiako aroak
Historiaurrea
Antzinaroa
Erdi Aroa (Goi Erdi Aroa / Behe Erdi Aroa)
Aro Modernoa
Aro Garaikidea
Historiaurreko aroak
Harri Aroa
Paleolitoa (Goi Paleolitoa, Erdi Paleolitoa, Behe Paleolitoa)
Mesolitoa
Epipaleolitoa
Neolitoa
Eneolitoa
Metal Aroa
Brontze Aroa
Burdin Aroa
Bi ohar:
1. Izen guztiek -a artikulua daramate. Beraz, izen arruntek bezala hartzen dituzte kasu-markak, eta artikulua galdu egiten dute: Historiaurretik Erdi Arora (*Historiaurreatik Erdi Aroara); Neolitoa, baina Neolitoko (*Neolitoako); Burdin Arotik Metal Arora (*Burdin Aroatik Metal Aroara)...
2. Izenak dira Mesolitoa, Neolitoa eta gainerakoak. Horien adjektiboak dira mesolitikoa, neolitikoa eta antzekoak. Hartara, baliokideak dira, adibidez, Neolitoa eta Aro neolitikoa; baina ez Neolitoa (iz.) eta neolitikoa (adj.) Adibideak: Neolitoan (Neolitikoan) gertatu zen hori. Aztarna neolitikoek agerian uzten dutenez, antzinatik bizi izan da hor jendea.