Euskara Batuaren Eskuliburua

zenbaki ordinalak

zenbaki ordinalak

ORTOTIPOGRAFIA. Ordena adierazteko erabiltzen dira [18. araua]. Zenbaki kardinalei -garren atzizkia erantsiz lortzen dira. ( zenbaki kardinalak)

• Letraz idazten direnean, honela: [ZENBATGARREN?] bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren (*bostgarren, *boskarren), seigarren... hogeita batgarren... ehungarren... milagarren... bi milagarren... milioigarren (*milioi batgarren)... bi milioigarren... miliargarren = mila milioigarren... Saileko lehen kidea modu hauetara eman daiteke: lehen, aurren, lehenengo, lehenbiziko, lehendabiziko, estreinako...

  • Zenbakiak —erromatarrak nahiz arabiarrak— digituz erabili nahi badira, -garren atzizkiaren tokian puntua jarri behar da. Marratxorik erabili gabe erantsi behar zaio kasu-atzizkia. Honela:

XXI. mendea / hogeita batgarren mendea (*XXI.gn mendea, *XXIgarren mendea, *21gn. mendea)

10. mendea / hamargarren mendea / X. mendea

2. etxea / bigarren etxea

1. solairua / lehen, aurren... solairua; 1.ean, 1.etik

3.ak esan du / hirugarrenak esan du (*3.-ak esan du)

Bengoetxea VI.a, Alfontso II.ak, Karlos V.ari eta abar ( zenbaki erromatarrak)

I. kapitulua, III. kapitulua

2. eta 3. ataletan / 2 eta 3. ataletan; X., XI. eta XII. mendeetan / X, XI eta XII. mendeetan

Filipe V.arekin iritsi ziren borboiak Gaztelako Koroara.

Oharra: Ebatzi gabeko hitzarmen edo konbentzioa da. Ezin dira gaitzetsi 1.an edo 1.tik aukerak ere, lehenengo(an), lehenengo(tik)... moldean ere irakur baitaitezke, eta ez bakarrik lehen(ean) edo lehen(etik) gisara. Ez da berez ordinalen auzia, konbentzio lexikala baizik.

 

Batzuetan, hurrenkera edo ordenaren ideia garbi izan arren, ez da ordinala erabiltzen, kardinala baizik; halakoetan, dagokion izenaren (edo dena delakoaren) ondotik ematen da hura. Esate baterako: EGLU III, Matematika II, Eraztunen Jauna I, II, III, etab. Izan ere, horrelakoak ez dira ordinal modura irakurtzekoak, baizik kardinal modura: «EGLU bost», «Matematika bi»...

Ohituraz, zenbait egoera edo kasu berezitan, zenbaki ordinalak adierazteko, zenbaki erromatarrak erabiltzen dira berariaz. ( zenbaki erromatarrak)

 

JOSKERA. Komeni da zehaztasun batzuk egitea alfazenbakizkoen egitura sintaktikoaz. Euskaltzaindiak horri buruz ez du berariazko araurik eman, baina badira ohitura egin batzuk.

 

- Alfazenbakizko aposizioek, izendapenak direnez, ez dute erabiltzen ordinalik. Egitura hau dute: <izena [+ izena]>. Halatan, Seat 850 [autoa], Loiola 93 [ekitaldia], N1 [errepidea], 3B [gela]... eta gisakoak ezin dira eman ordinalekin. EGLU III [gramatika-obra], Matematika II [irakasgaia], Eraztunen Jauna I, II, III [nobela] eta gisakoak ere ez dira ordinalekin erabiltzen. Nolanahi ere, aposizio-egitura utzita, «EGLUko 3. liburukian» moldera esatea zilegi da, nahiz ez den ohikoa; baina hor jada ez da aposizioa, baizik eta beste egitura bat.

- Beste egitura hori <adj. ordinala + izena> da. Euskarak, zenbakituta dauden objektuetan, egitura hori erabiltzeko joera du, inguruko erdarek baino gehiago. Honatx adibide batzuk:

- Urteak: 2017. urtea erabiltzen da eta ez *2017 urtea, nahiz sintagma konplexuagoetan ordinala kendu egiten den: 2017ko martxoan eta ez *2017.eko martxoan.

- Lege-artikuluak: molde estandarra 3. artikulua da (Euskaltzaindiaren 18. arauak dio...; legearen 6. artikulua), nahiz aposizioan emaniko 3 artikulua ere ulergarria den. Artikuluaren azpiko mailara pasatzean, ordea, aposizioa erabiltzen da: 6.2 artikuluak dioenaren arabera... (horrek ez du inola ere eragozten, jakina, nahi bada “legearen seigarren artikuluko 2. apartatuak dioenaren arabera...” esateko aukera); 6 bis artikulua (egitura horretan ez dago lekurik ordinalentzat: ?6. bis artikulua).

- Helbideak: solairuetan ordinalak erabiltzen direnez, bi ordinal segidan ez agertzeko, normalena eraikinaren zenbakia biluzik esatea da: Aizkorri (kalea) 86, 1.a (edo Aizkorri (kaleko) 86 (zenbaki)ko 1. solairuan bizi naiz).

- Pilotan: frontoiko koadroetan, bi moldeak ikusten dira —7. koadroa / 7 koadroa—, baina prentsa idatzian ordinala da nagusi (7. koadroa; zazpigarren koadroa).

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1991). Euskera. XXXVI (2. aldia) (790).

—(1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (209 eta hur., 131-136).

ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (40-41).

ZUBIMENDI, Joxe Ramon (2004). Ortotipografia. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (47-48).

ZENBAITEN ARTEAN (2005). Onomastika. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (89).

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper