FORMA. Euskara baturako erabakitako forma arabera da (arauera), erdarazko según/selonen kide bezala. [21. araua]
ERABILERA. a) Izen-sintagma bat behar du aurretik, beti genitiboan (-aren, -en). Hark esan zuenaren arabera gertatu dira gauzak (*esan zuen arabera). b) Ezin zaio erantsi zehar-galderarik (izan ere, zehar-galderak ezin deklina daitezke): *Iritziak franko aldatzen dira, nori galdetzen zaionaren arabera (> Iritziak franko aldatzen dira, nori galdetzen zaion). [EH]
SEGUN. Euskaran sartua da segun/selon, erregistro zaindugabean. Erregistro zainduan, egokiagoa da nola... -(e)n, zer... -(e)n egitura: segun nola den; *nola den arabera (> nola den); segun zer gai den (> zer gai den / gaia zer den).
EUSKALTZAINDIA (2005). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI (EGLU VI). Bilbo: Euskaltzaindia (297).
— “Lexikoa: arabera, arau (diotenaren arabera / *dioten arabera)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (114, 189).