Euskara Batuaren Eskuliburua

pertsona-izenordain arruntak / pertsona-izenordain indartuak

pertsona-izenordain arruntak / pertsona-izenordain indartuak

Pertsona-izenordain arruntak hauek dira: ni, hi, gu, zu eta zuek (eta gaur egun baztertu samar dauden berori eta beroriek). ( berorikako tratamendua)

Euskaltzaindiaren 5. araua taula hori osatzera etorri zen: alegia, NOREN kasuan nireeta nere formen artean zegoen erabilera-zalantzan, nire (eta baita eneere, maila jasoan bederen) erabiltzearen aldeko hautua egitera. Eta, jakina, nire aukera, paradigma osoari aplikatu behar zaio: niretzat, nirekin, niregana, etab. ( ni pertsona-izenordain arrunta)

Hirugarren pertsonan ez dago pertsona-izenordainik. Berez erakusleak diren hau, hori, hura..., hauek, horiek, haiek... determinatzaileak erabiltzen dira funtzio horretarako. ( erakusleak; hura/bera (haiek/berak))

 

Pertsona-izenordain indartuak ere badira, euskalkien eta euskalki-aldaeren arabera aski ezberdinak. Hiru molde indartu hauek dira, esaterako, ni izenordain arruntaren ezagunenak: neu, nihaur eta nerau.

1. perts. sing.: neu, nihaur, nerau; neuk, nihaur(e)k, neronek; neuri, nihauri, neroni...

1. perts. plur.: geu, guhaur, gerok...

2. perts. sing.: heu, hihaur, herori... zeu, zuhaur, zerori...

2. perts. plur.: zeuek, zuihauk, zerok...

Ez dago oraingoz forma hobetsirik euskara baturako, nahiz neu/geu sistema ari den nagusitzen. Horien paradigmak EGLU-I, Eranskinak, 118. orrialdean daude.

 

Noiz erabili behar dira forma indartuak? Euskaltzaindiak ez du araurik eman, eta, beraz, ez dago auzia estu hartzerik. Ekialdean, forma indartuak erabiltzeko ohitura ez dago hain errotua; mendebaldean, bai. Mendebaldeko ohituran, badirudi izenordain indartua erabiltzen dela izenordaina bera galdegai denean ( galdegaiaren legeak) edo nolabaiteko kontrakotasuna markatu nahi denean:

Neuk esan nion, ez bestek.

Ez ekarri besterik, geu aski gara.

Badirudi neure begietan daukadala oraintxe.

 

Arazorik behinena genitiboaren forma soilen eta indartuen artean dago, noiz erabili behar den bakoitza: nire/neure, hire/heure, haren/bere... ( genitibo bihurkaria: nire/neure; haren/bere)

 

Noiz erabili behar dira forma arruntak? Kasu hauetan:

• bokatiboetan: Zu (*zeu), adiskide(a), zaude geldi! ( bokatiboa)

• ezezko perpausetan: Ez zaitez [zu/*zeu] gurekin sartu.

Salbuespenez, ere, behintzat eta gisako lokailuekin, joan daiteke modu indartuan, nahiz eta arruntak maizago ageri diren: Neuk, behintzat, / Nik, behintzat, ez dut horrelakorik entzun.

• zati-galderetan (hots, galdetzaile bidez eginiko galderetan): Nor ote naiz ni (*neu)? (salbuespena da galderazko perpausa bai/ez erakoa denean; orduan badu tokia: Neuk esan behar al diot?).

 

Pertsona-izenordaina, indartua zein arrunta, kalkoa baino egokiagoa da honelako esapideetan:

?Ni pertsonalki ados nator zuk diozunarekin (> Ni (neu) ados nator zuk diozunarekin).

?Nik pertsonalki nahiago izaten dut zinemara joan (> Nik (neuk) nahiago izaten dut zinemara joan).

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (53-58).

—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I eranskinak (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (113-125).

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper