(es) ‘tras preposizioa + aditza’ edo (fr) ‘après’, ‘à la suite de’ esapideek kalko desegokia eragiten dute sarri: denborazko edo lekuzko testuingurua emanarazten du (ondoren, ostean), NOLA gertatu den adierazi beharrean. Hala denean, estilo-liburu gehienen ustez, askoz egokiagoa da <partizipioa + -TA/-IK> egitura erabiltzea.
?Langile bat hil da, teilatutik erori ondoren (> Langile bat hil da, teilatutik erorita/eroririk).
?Emakume bat larri zauritu da, kamioi batek azpian harrapatu ostean (> Emakume bat larri zauritu da, kamioi batek azpian harrapatuta/harrapaturik).
?Finalerako txartela lortu zuen atzo, Altunari 22 eta 20 irabazi ondoren (> irabazita/irabazirik).
?Gutxienez 65 pertsona hil eta 335 zauritu dira hainbat bonba lehertu ondoren (> lehertuta / leherturik / lehertzearen ondorioz).
HAEE-IVAP (2005). “Erdal gerundioa euskaraz”, IVAPeko estilo-liburua. Gasteiz: HAEE-IVAP (134).
EiTB (2012). Euskarazko albistegietarako esku-liburua (II).
EHUko Euskara Institutua (2012). "Ondoren, ostean: partizipioa + ostean; ondoren / partizipioa + -TA", Kalkoen Behatokia.