KALKO DESEGOKIA. Soziatibozko (-ekin) esapide desegokiak egiten dira sarri gaztelaniaren eta frantsesaren interferentziaz edo (‘acabar con...’, ‘en finir avec...’).
*Arrazakeriarekin amaitu/bukatu behar da (> Arrazakeria baztertu egin behar da).
*Aktibitate horrekin amaitzean/bukatzean... (> Aktibitate hori amaitzean...).
*Afariarekin amaitu/bukatu zuen (> Afaria bukatu zuen. Afaltzen, dena jan zuen).
*Gai horrekin amaitzeko/bukatzeko... (> Gaia amaitzeko... Gaiari amaiera emateko...).
KONPLEMENTAZIOA. Bukatu eta amaitu aditzek, tradizioan, erregimen bat baino gehiago onartzen dute aditz-izenarekin. Amak bukatu zuenean garbitzez, hartu zuen palankana...; Esatez bukatu baino lehen; Jaten bukatu arte; Arrautza jatez/jatea bukaturik.
AMAITU eta ZENBAKIAK (edota bukatu, hasi). Instrumental mugagabea (-z), soziatibo (-ekin) mugatu zein mugagabea eta inesibo singularra (-an) balia daitezke zenbakiekin. 7.750 zenbakia zeroz/zero(a)rekin/zeroan amaitzen/bukatzen/hasten da.
EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: jarraitu, bukatu (*gai horrekin), ahaztu (gai horrekin)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: bukatu (idazten/idaztea bukatu)”, Jagonet galde-erantzunak.
—(1987-2005). Orotariko Euskal Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (117, 181).