Goi-irakaskuntzako maila adierazteko, lizentzia da forma batua (ez lizentziatura). Salamancan burutu zuen, gero, Filosofiako lizentzia Filologia Klasikoan. Lizentziaduna da goi-irakaskuntzako lizentzia lortu duena (onargarria da lizentziatu ere, baina Heg. marka dauka; hots, Hegoaldeko moldea da, ez orokorra). Letretan lizentziaduna. Irakasle lizentziaduna.
Kontu bertsua gertatzen da hauekin ere: diploma da titulu bat-edo baieztatzen duen agiria edo unibertsitate-gradua (ez diplomatura). Batxilergo(-)diploma. Legearen erreforma dela eta, orain arte diploma eskatu da. Eta diplomadun eta diplomatu, biak dira egokiak diploma-titulua lortu duena adierazteko. Goi-mailako batxilergoa eskatu behar zaie suhiltzaile arruntei, eta diplomaduna izatea buruei. Musika-eskolako diplomatu saridunek osatzen dute orkestra. [EH]
EUSKALTZAINDIA. “Lexikoa: lizentzia, lizentziadun; diploma, diplomadun”, Jagonet galde-erantzunak.