Hobe izan aditza du/da erregimenetakoa da. Esaldia inpertsonala denean, da aukeraren alde egiten du. [EH]
Konplementazioari dagokionez, tradizioko ohiturak ezberdinak dira, eta, batasunerako ezer hobetsi ez bada ere, erabilera nagusia hau da:
- Hobe da inpertsonalarekin, -t(z)e aditz-izenaren alde egiten da:
Hobe izango da isilik egotea. Hobe da ez izatea, gaizki izatea baino. Hobe litzateke askatu eta lagatzea.
- Subjektu erreferentziakideekin (subjektu bera bi aditzetan), du erregimena hartzeaz gainera, aditz-partizipioaren alde egiten du:
Hobe dugu isildu, lotsagarri gelditu baino lehenago. Hobe duzu ezkondu, moja joan baino.
*Hobe esan (HOBE ≠ HOBETO). Esapide desegokia da *hobe esan; hobeki esan, hobeto esan erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak. Arrazoia zera da: adizlagun funtzioa betetzen duenez, esan aditzak hobeki/hobeto adizlaguna (NOLA) hartu behar du, ez hobe izenondoa (NOLAKOA). Hobe izan aditzarekin ez da hala (hobe hitza aditzaren parte baita hor), baina hala behar du beste aditz guztiekin.
*Hobe egin hurrengoan (> hobeto(ago)/hobeki(ago) egin).
*Hobe ibiliko zara (> hobeto(ago)/hobeki(ago) ibiliko).
*Hobe moldatuko zara bizikletarekin (> hobeto(ago)/hobeki(ago) moldatuko).
*Realak gaizki jokatu du; hobe esanda, Zaragozak ondo jokatu du (> hobeto(ago)/hobeki(ago) esanda).
Alderantzizkoa ere desegokia da (hobe izan aditzaren moldea aldatzea, alegia): *Hobeto da lan hori hobe egiten baduzu (> Hobe da lan hori hobeto egiten baduzu). ;
EUSKALTZAINDIA (1994). “Gramatika batzordearen II. Okerrak zuzenduz”, Euskera, 1994, 3: 952-953.
— “Graduazioa adieraztea: -ago (hobeago, hobetoago, hobekiago)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Esapideak: hobeto esanda / *hobe esanda”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: hobe izan (hobe da gelditu/gelditzea)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Esapideak: hobe izan (hobe dut esatea/esan/*esaten)”, Jagonet galde-erantzunak.
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal Estilo Libururantz. Bilbo: UPV/EHU (337).